Amandre Santa Ines

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amandre Santa Ines
Bizitza
JaiotzaArrasate, 1570
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaValladolid, 1607 (36/37 urte)
Hobiratze lekuaSan Joan Bataiatzailearen eliza
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
JarduerakMomia
Amandra Santa Ines fededunei erakutsia, 2018ko azaroan.

Ines Ruiz de Otalora edo Amandre Santa Ines (Arrasate, 16. mendeko 2. erdia - Valladolid, 1607) Arrasateko emakume bat izan zen, Espainiako Gortearekin harremana zuten familiekin lotua. Hil ondoren Arrasaten hobiratu zuten, eta bere gorpu erdi momifikatua herri sinesmenen bidez gurtua izan zen, Amandre Santa Ines izenarekin. Hala ere, ez da santutegi kristauan santu edo dohatsu izendatutako pertsona.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume hau Ruiz de Otalora leinukoa zen, Aretxabaletako leinu bat hain zuzen, Urkulu inguruko Otalora dorretxearen beheko Otala-azpi etxekoa. Baina Ines jaio zenerako, Arrasaten ezarria zegoen familia[1].

Haren aita Miguel Ruiz de Otalora Espainiako Felipe II.aren erreinauldian Indien Kontseiluko lehendakaria eta Nafarroako erregeordea izan zen. Ama Katalina Zuazu Lazarraga arabarra izan zen, lur eta jabetza ugariren jabea. Ines hirugarren alaba izan zen bost senideren artean. Litekeena da umezain batek hazi izana Ines gurasoak Gortean izaten baitziren, garaiko beste arrasatear batzuk bezala, adibidez Esteban Garibai edo Rodrigo Okariz. Azken hau Errege Etxearen grefier edo idazkariorde zen Valladoliden, eta berarekin ezkondu zen Ines. 1600 eta 1607 urteen artean Valladoliden bizi izan zen eta etendako zenbait haurdunaldi izan zituen. Erregearen Gortea 1606. urtean Valladolidetik Madrilera joan zen, baina Ines Valladoliden geratu zen, beharbada gaixo eta bertan hil zen 1607. urtean[2].

Amandre Santa Ines momia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testamentuan adierazi zuen Inesek Okariz familiak Arrasateko parrokian zuen kaperan hobiratua izan nahi zuela, baina gorpuaren garraioa ez zen berehalakoan posible izan eta Valladolideko San Frantzisko komentuan ehortzi zuten. Urte batzuen buruan Inesen nahia betetzeko atera zuten Valladolideko hobitik Arrasatera eramateko, baina orduan konturatu ziren gorpuzkiak guztiz usteldu gabe, momifikatuta zeudela[2].

Harrezkero, San Joan Bataitzailearen kaperan izan zen bitartean, Arrasateko herrian gurtze herrikoia hasi zen, emakumezko hura santua zelakoan eta otoitz eginez gero indar sendagarria zuelakoan. Amandre Santa Ines esaten zaio Arrasaten, amandrea delarik errespetuzko forma, sinonimoa bai amonarena eta baita ama-pontekoarena.

Bereziki, gaueko amesgaizto eta loaren gaixotasunengatik babesten omen zituen fededunak Amandre Santa Inesek. Inguma gaueko jeinu gaiztoaren kontrako laguntza ematen zuen[3], eta otoitz-kantu bat eskaintzen zitzaion:

Amandre Santa Ines / bart einjot amets, / ona bada, bion partez / eta txarra bada, inondako bez

Kantu honen aldagaiak aurkitu izan dira Gipuzkoako zenbait herritan, hala nola Bergara, Azkoitia, Ataun, Mutriku, Beizama edo Bidanian, eta baita Garain ere (Bizkaia)[3][4].

Elizako kaperako gurtze honek mendeak iraun zituen, baina elizgizon batek eten nahi izan zuen. 1946. urtean, orduko Arrasateko parroko Jose Luis Iñarrak, gorpuzkiak Okariz kaperatik atera zituen, hura santua ez zelakoan eta sineskeria zelakoan gurtzea[2]. 1989. urtean, ordea, elizako berregite lan batzuetan hilkutxa berreskuratu zen, eta Paco Etxeberria forentseak zuzendutako azterketa baten ondoren, bere ohiko kaperara itzuli zuten Amandrea. Harrezkero, tarteka, kutxa ireki eta herriaren bistan erakutsi ohi dute momia elizan[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «OTALORA, Inés Ruiz de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-25).
  2. a b c «Amandre Santa Ines momia, bizidunen artera itzuli da - Mondraberri» www.mondraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-25).[Betiko hautsitako esteka]
  3. a b (Gaztelaniaz) «Una 'amandre' de 405 años» El Diario Vasco 2012-10-28 (Noiz kontsultatua: 2019-05-25).
  4. Mikelena, Pello. (2019T09:09). «Ze ona! Umetan amesgaiztoak uxatzeko (Mutrikuko aldaera): "Amandre Santa Ines, nik ein det gaur ames. Ona bada, bixon partez eta txarra bada, dijuala bere bidez"» @Pellomik (Noiz kontsultatua: 2019-05-26).
  5. «Amandre Santa Inesen bisita komentatuko irudiak - Arrasate» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-25).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]