Andatzako Orreagako kolegiataren mugarriak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Andatzako Orreagako kolegiataren mugarriak Andatza mendian Orreagako kolegiataren jabetzako lurrak izandakoen mugan kokaturiko mugarri multzoa da. Orreagako ikurra, gurutzea eta makulua, landuak dituzten 7 mugarri daude: Illunbe (ez dago jatorrizko kokapenean[1]), Igartzazabal, Baztarsaitxo (Juanasoro), Enuto, Etumetako Mugarriluze, Ondabardibiribil eta Sariagoikoetxea. Gurutze landua duten 3 mugarri daude: Beloztegi, Puela eta Sagatzu.[2] Artikutzako mugarrien antz handia dute.[1]


Mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Maria Mutiloa Poza historialariak 1976ko "Roncesvalles en Guipuzcoa" liburuan dionez, ezin izan zuten Orreagako Kolegiataren Andatza-Irisasi mendiko presentziaren hasiera argitzen duen dokumenturik aurkitu.[3] Orreagako monasterioaren jabetzaren jatorria XIII. mendearen hasieran Hernando Blancafort zaldunak egindako dohaintza dela dio Javier Ibarra Murillo historialariak 1936ko "Historia de Roncesvalles" liburuan.[3] Ziurra dena da 1249an Orreagako Kabildoak lur zati bat zuela Iria izeneko lekuan (jatorrizko eskuizkribuan "Idia" jartzen du).[3]

1368an Iruñeko Bikario Jeneralak Orioko bizilagun batzuk Iria eta Andatzan hartutakoa itzultzera zigortu izanak Orreagako monasterioa ordurako mendiaren jabe zela adierazten du.[3] Urte berean beste auzi bat izan zen Orreaga eta Gil Lopez Oñaz eta beste kapare batzuen artean Andatzako belardien aprobetxamendua zela eta. Gil Lopez Oñazek ez zuen nahi Orreagako Kolegiataren behiak saroitik kanpora ateratzerik, larreak bere eta beste kapare batzuen erabilerarako nahi baitzituen. Erregearen Gipuzkoako Alkateek Orreagaren aldeko epaia eman zuten.[4]

1350 inguruan Orreagako priore Antso Gartzia Etxaguek eta Zizurkilgo bizilagunek akordioa izenpetu zuten Andatzako lurren inguruan.[5]

1368tik aurrera Orreagaren Andatzako jabetzen aipamenak ugaritzen dira: erosketak, salmentak, alokairuak, Apezpikutzaren epai eta jakinarazpenak, adostasun eta hitzarmenak, baina ez dute esplizituki zehazten zein ziren lurren mugak.[3]

1388, 1400 eta 1406an Orreagak Atxegako jaunarekin egindako hitzarmenetan Izaur eta Lipuzal lekuak aipatzen dira, Maria Teresa Idayaga eta Miguel Urbietari erositako lurrak eta baita Atxegak, Orreagak eta Aginaga eta Usurbilgo herritarrek egurraren, larreen eta uraren gainean zituzten eskubideak ere.[3]

Orreaga eta Zizurkilgo komunitatearen artean gatazka sortu zen mendiaren jabego eta mugen inguruan eta epaiketara jo zuten Zizurkilgo auzotarren eskaeraz. 1389ko azaroaren 6an emandako epaiak aurrez hartutako erabakiak deuseztatu zituen eta eztabaidagai ziren mugarriak kendu eta berriak jartzeko agintzen zuen. Mugarri berrien iparraldea, goialdea, Orreagaren esku geratu zen eta hegoa Zizurkilgo bizilagunentzat. Ondorioz, Zizurkilgo komunitateak abeltzaintzarako erabiltzen zuen eremua murriztu zen eta lursail handia pribatizatu zen Orreagaren mesedetarako. Zizurkilgo artxibategian gordetzen da epaiketaren ebazpen originalaren pergaminoa. Agiriak jasotzen dituen hainbat toponimo (Orericuebirivilla, Numito, Etumeta, Arrimunoa, Ondaerdibirvill, Çiorça, Ollanerreca...) ezagunak dira gaur egun ere [6] Toponimo horiek erakusten dute 1350 inguruan Orreagako prioreak eta Zizurkilgo bizilagunek sinaturiko akordioarekin alderatuz Zizurkili esleitutako lursailak murriztu zirela. Gaur egun Aiakoak diren Johanes Aroça (Arotza), Idoya (Idoiaga) eta Loaraçu (Logaratzu) eta Usurbilgo Ayzaga (Atxega) ustiatzeari uzteko agindua jaso zuen Zizurkilek eta zedarritze hauen harriak eta lekukoak erauzi zituzten. Ezarri zen behin-betiko mugaketako toponimoak: Arrimuñoa (Armuñoa), Ondaerdibirvill (Ondardibiribil), Ondaerdi (Ondardi) eta Çiorça (Ziortza) Usurbil, Aia eta Zizurkilen gaur egungo mugan daude edo Zizurkil barnean (parentesi artean gaur egungo leku-izenak). Lehen akordioaren eta bigarren epaiaren artean gizarte-mailako desberdintasun adierazgarri bat dago: aurrenekoan San Millango Rodrigo Zizurkilgo komunitatearen maila berean dago, baina 1389akoan ez da ageri. Dirudienez honek Ahaide Nagusi hauen eta Zizurkigo biztanleen arteko erlazioan aldaketa garrantzitsuak adierazten ditu. Horren ildotik, bi urte beranduago Zizurkildarrek Tolosako hiribilduko biztanle izatea eskatu zuten. Eskualdean zegoen gizarte-hierarkizazioa ere nabarmentzen da epaian. Gizarte-mailako bereizketa adierazten dute "gizon on" eta lagunei kontsultatzeak eta lekuko gisa agertzen direnen izenek: Martin Gonzalbez Atxega jauregiko ezkutari eta edukitzailea, Paris etxeko Otsoa (Urdaiagako burdinolen jauna), bere semea (Migel Martinez Aizarnakoa) eta suhia (Migel Yvaynes Gaztainagakoa), eta Martin Bizkarrakoa, Migel Martinez Blastegikoa eta Pero Sanchez Isabakoa, ezkutariak. Bereizte handia dago gizon hauen eta abeltzaintzan, nekazaritzan, errotetan edo burdinoletan lan egiten zuten biztanle gehienen artean.[5]

1419ko urriaren 26an Orreagak Orioko María Miguel Reiztari Andatza mendia erosi zion 80 florinen truke.[3]

XV., XVI. eta XVIII. mendeetan zehar jabetza zabaltzen joan zen, María Miguel Reiztaren ondorengoekin, Atxegako jaunarekin eta Aginaga, Orio eta Usurbilgo biztanleekin izandako hitzarmenen, lagapenen eta sententzien bidez.[3]

1573. urtean Garraldako abadea zen Orreagako monasterioko kalonjeak Iria-Andatzako jabetzen balorazioa egin zuen mugarriak pertsonalki egiaztatuz. Hauek dira zerrendatzen dituen jabetzak:[3]

  • Saroiak: Nagusiak hauek ziren: Ylumbe (Illunbe)[7] baserri ondokoak, Armyamategui (Armiarmategi)[8], Joanesaroe (Juanasoro)[9][10], Nenuto (Enuto)[11], Ondaerdi (Ondardi)[12], Oyardo (Oiardo)[13], Boyoca eta Agaramunde (Agamuno)[14].[3] Bestelako jabetzak zerrendatzean beste saroi hauek ere aipatzen ditu: Calamusaroe (Kalamusoro)[15][16], Begoça (Berorza)[17], Beisiguisaroe eta Sarasu-ko (Saratsu)[18].[3][19][20] Horietatik gehienak toponimo ezagunak dira[19][20] (parentesi artean gaur egungo leku-izenak).
  • Mintegiak

1577an Orreagak Iria eta Andatza mendiak Donostiako Juan López (Peres) Aguirre eta Alzegari, Felipe II.a Espainiakoaren baimenarekin, 12.500 dukateko enfiteusi-zentsuarekin saldu zizkion baina salerosketa ez zen gauzatu kontratuko baldintza batzuk ez betetzearen ondorioz. Saltzeko saiakeraren arrazoia Aginaga, Orio eta Usurbilgo herritarrekin izandako auziak izan daitezke. Aginagako Komunitateak enkante publikoan erosteko eskaera ere ez zen gauzatu.[3]


Igartzazabalgo mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igartzazabal baserriaren atzeko belardiaren mugan dago. Hareharrizko blokea da eta Orreagako Santa Maria Kolegiataren ikurra du bi aldeetan. Ondoan MP (Mendi Publikoa) 33 mugarria dauka.[1]

Illunbeko mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Illunbe baserriaren eta adingabeentzako Irisasi zentroaren arteko bihurgunean dago. Alde batean Orreagako Santa Maria Kolegiataren ikurra du, bestean U letra. Mugarria zaharra da, baina dirudienez 1977an ekarri zuten bertara beste nonbaitetik. Ondoan Espainiako Mendietako Oihanzaingoaren mendeurrenaren oroigarri bezala jarri zuten harria dago. Oroigarriak "CENTENARIO DEL CUERPO DE GUARDERIA FORESTAL 1977" dauka idatzita.[1]

Juanasoroko mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia (Zubieta) eta Usurbil arteko mugan dago, Juanosoro izeneko lekuan. Orreagako Santa Maria Kolegiataren ikurra du aldeetako batean eta goiko aldean lursailen banaketa adierazten duen marrak dauzka. Hareharrizko blokea da. Ondoan MP (Mendi Publikoa) 64 mugarria dauka. Urte batzuez Usurbilgo Udaletxean gorde zuten (1996an han zegoen)[21] baina ondoren berriz ere bere lekuan jarri zuten.[1]

Etumetako Mugarriluzeko mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etumeta izeneko lekuaren behealdeko muinoan dago. Orreagako Santa Maria Kolegiataren[22] ikurra du aldeetako batean eta bestean U letra, Usurbil eta Zizurkil udalerrien arteko mugarria ere badelako. Harearrizko blokea da. Ondoan MP (Mendi Publikoa) 72 mugarria eta beste bi mugarri ditu.[1]

Ondardibiribileko mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondardibiribil izeneko muinoaren gainean dago. Orreagako Santa Maria Kolegiataren[22] ikurra du hego ekialdeko aldean eta ipar mendebaldekoan beste gurutze bat[23] eta U letra, Usurbil eta Zizurkil udalerrien arteko mugarria ere badelako. Ondoan MP (Mendi Publikoa) 74 mugarria dauka.

Puelako mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puelaberri baserritik gertu dago, bidearen ertzean. Hareharrizko blokea da eta ipar mendebaldeko aldean kontrajarritako bi triangelu isoszelek biribilean amaitutako besoekin osaturiko gurutzea dauka. Gurutzearen gainean "ANO 1854" idazkia dauka. Goiko aldean lau lursailen banaketa adierazten duen gurutze bat dauka.[1][23]

Sagatzuko mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puelaberri baserria baino 200 metro gorago dago. Hareharrizko blokea da eta hego ekialdeko aldean kontrajarritako bi triangelu isoszelek biribilean amaitutako besoekin osaturiko gurutzea dauka. Gurutzearen gainean "ANO 1854" idazkia dauka zerrenda batean.[23] Goiko aldean lau lursailen banaketa adierazten duten bi marra dauzka. Ondoan MP (Mendi Publikoa) 52 mugarria dauka.[1]


Enutoko mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoan MP 70 mugarria dauka.

Beloztegiko mugarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurutze landua dauka. Ondoan MP48 (Mendi publikoa) mugarria dauka.[24]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h Josu Tellabide Azkolain, Asier Agirresarobe Azkue «Usurbilgo ondarea ezagutzen - Kultura baten aztarnak paisaian», Noaua Kultur Elkartea - Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba - Usurbilgo Udala, 2009
  2. Agirresarobe, Asier; Alonso, Joseba; Castro, Javi. (2019). Usurbilgo mugarriak eta Andatzako errotarri-harrobiak. Usurbilgo Udala.
  3. a b c d e f g h i j k l (Gaztelaniaz) María., Mutiloa Poza, José. (1976). Roncesvalles en Guipuzcoa. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa ISBN 8472312801. PMC 432730845..
  4. (Gaztelaniaz) Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los parientes mayores guipuzcoanos (1265-1548). Gipuzkoako Foru Aldundia 2000 PMC 47684101..
  5. a b Mora Afán, Juan Carlos. (2005). Zizurkilgo historia: bailaratik hiribildura (1186-1615) = Historia de Zizurkil: del valle a la villa (1186-1615). Aranzadi Zientzia Elkartea ISBN 9788493321154. PMC 904724909. Noiz kontsultatua: 2019-09-16.
  6. Zizurkil 1615 - Hiribildu baten eraketa. Hernandorena Kultur Elkartea, 8-9 or..
  7. «Illunbe» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  8. «Armiarmategi» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  9. «Juanasoro» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  10. «Juana Sarobe» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  11. «Enuto» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  12. «Ondardi» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  13. «Oiardo» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  14. «Agamuno» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-17.
  15. «Kalamusoro» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  16. «Kalamusaroe» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  17. «Berorza» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-17.
  18. «Saratsu» Usurbilgo Toponimia Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  19. a b 1965-, Zaldua Etxabe, Luix Mari,. ([2006]). Saroiak eta kortak : mendialdeko antzinako gizartearen oinordeak. L.M. Zaldua ISBN 8461115643. PMC 433548943. Noiz kontsultatua: 2018-10-12.
  20. a b Tellabide Azkolain, Josu. «Artzaintza eta saroeak» Usurbilgo baserriak eta baserritarrak Noiz kontsultatua: 2018-10-17.
  21. Tellabide, Josu. (1996). «Juanasoro» Irutxulo (88): 33. Noiz kontsultatua: 2018-03-30.
  22. a b (PDF) Zizurkilgo mapa toponimikoa. Noiz kontsultatua: 2018-03-10.
  23. a b c Aguirre Miramón, Severo. (1872). «El monte Irissasi, su historia y actual estado» Revista Forestal: económica y agrícola (Madrid) V Noiz kontsultatua: 2018-03-06.
  24. Agirresarobe, Asier; Alonso, Joseba; Castro, Javi. (2019). Usurbilgo mugarriak eta Andatzako errotarri-harrobiak. Usurbilgo Udala, 28 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andatzako Orreagako kolegiataren mugarriak