Garralda

Wikipedia, Entziklopedia askea
Garralda
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Garralda 03.jpg
Herriko eliza eta inguruko etxeen ikuspegia.
Flag of None.svg
Bandera

Garraldako armarria
Armarria


Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
MerindadeaZangozako merindadea
EskualdeaAezkoa
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofizialaEscudo de Aezkoa.svg Garralda
AlkateaFrancisco Juamperez Huarte
Posta kodea31692
INE kodea31115
Herritarragarraldar
Geografia
Azalera21,2 km²
Garaiera843 metro
Distantzia50 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria191 (2020: Green Arrow Up.svg 1)
Dentsitatea8,77 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 21,33
Ugalkortasuna[1]‰ 30,3
Ekonomia
Jarduera[1]% 77,78 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 5,6 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 30,05 (2010)

Garralda[2] ([garalða]) Nafarroa Garaiko ipar-ekialdeko udalerria da, Aezkoa ibarrean dagoena, Zangozako merindadean, Iruñetik 58 kilometro ipar-ekialdera eta Donibane Garazitik 38.1 km hegoaldera.

2017an 184 biztanle zituen.[3] Aezkoako bigarren herririk populatuena da, Orbaizetaren ondoren, eta azalerari dagokionez hirugarren zabalena.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garralda Aezkoako hego-mendebaldean dago, 846 metroko garaieran. Orbaizetarekin du muga iparraldean, Aria eta Ariberekin ekialdean, Auritzekin mendebaldean, eta Artzibar eta Orotz-Betelurekin hegoaldean. Matzurri errekak zeharkatzen du herria, eta Iratirekin egiten du bat handik kilometro batera. Bortz auzo ditu: Elizamendia, Eskortealdea, Soroa, Tufarreta eta Xotoa.[4] Auritz eta Izaba lotzen dituen NA-140 errepideak zeharkatzen du herria.

Bertzela, Garraldako mendiek 1.000-1.100 metro altuera daukate: Arregia (1.095 m), Bultzarregi (1.079 m), Aritzoiana (1.071 m), Erodoa (1.046 m), Zelaia (1.036 m), Okelamein (1.031 m) eta Zurzeta (1.022 m).

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aezkoako gainerako herriek bezala, mendialdeko klima ozeanikoa dauka (Cfb) Köppen sailkapenaren arabera.[5] Urteko batez besteko tenperatura 7-9 gradu artekoa da, eta prezipitazioa 1.600-2.000 mm artekoa. Urtean 120-140 euri-egun izaten dira.[6]

Berezko landaredia pagadiek (basoen %61,5) eta hariztiek (basoen %29,5) osatzen dute. Pagadiak Artzibarko mendilerroaren iparraldean daude, eta hariztiak udalerriaren hegoaldean eta hego-ekialdean. Landatutako pinuen azalera nahiko txikia da, zuhaitz azalera guztiaren %2,4 baino ez. Herriaren inguruan belardiak, alorrak eta baratzeak daude.[6]

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraldako hirigunea 15 auzotan banatzen da:[7]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan Aezkoako herri guztiekin batera ordaintzen zuen urteroko petxa. Horrezaz gainera, beste ordainketa bat egin behar izaten zioten koroari, “ehiztariak” izateagatik. 1434an, Joan II.a erregeak Garraldaren esku utzi zuen Adasa mendia, urtean hiru kahiz eta bi gaitzeru gari ematearen truke.[8] Errege horrek berak kaparetasun pribilegioa eman zien aezkoar guztiei 1462an.[6]

Konbentzio Gerraren garaian (1793-1795) suntsitua izan zen. 1845 arte, Aezkoako alkateak eta herritarrek aukeratutako erregidore batek gobernatzen zuten herria. Urte horretan, Aezkoako udala desegin zelarik, udalerri independente bilakatu zen. 1850ean eskola zegoen, urtero 704 errealeko saria jasotzen zuena. 1898ko irailaren 5ean, sute handi batek erabat kiskali zuen herria, lehorte luzearen ondorioz. Ez zen hildakorik edo larriki zauriturik egon, baina kalteak nabarmenak izan ziren: 67 etxe, 17 borda eta 14 bihitegi suntsiturik, 24 etxe salbu gelditu zirelarik. Berreraikitzea oso luzea izan zen, eta ondoko urteak biziki gogorrak gertatu ziren. 1905etik aurrera, arront emigrazio handia izan zen Argentina eta Kaliforniara; bost urtez 99 garraldar joan ziren harantz.[9]

XX. mendearen amaieratik euskara berreskuratzeko prozesua eredugarria izan da herrian.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aezkoako gainerako herriek bezala, Garraldak biztanle anitz galdu ditu XX. mendearen erdialdetik hona; 1950ean 434 bizilagun zituen, eta 184 besterik ez 2017an.[3]

Garraldako biztanleria
Datu-iturria: www.ine.es

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011n Agrupación Oxarta aurkeztu zen udal hauteskundeetara, eta zerrenda horretako Edurne Pedroarena Galdeano hautatu zuten alkate, 81 botorekin.[10] 2015eko maiatzean ez zen hautagairik aurkeztu; hori dela eta, abenduan egin behar izan ziren hauteskundeak. Orduan Agrupación independiente Aranea aurkeztu zen, eta Francisco Juamperez Huarte hautatu zuten alkate.[11]

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003-2007 Alejandro Beltzuntze Lerindegi
2007-2011 Alejandro Beltzuntze Lerindegi
2011-2015 Edurne Pedroarena Galdeano Oxarta
2015-2019 Francisco Juamperez Huarte Aranea

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaletxea eraikin moderno eta bakartua da. Mendi-mazel batean dago eta bi solairuko harrizko egitura du. Bost arkuz osatutako atari zabala dauka, eta balkoi handi bat lehen solairuan. Balkoiaren gainean harriz eginiko udal armarria dago. Hirugarren solairuan ganbara dago; bertan leiho txikiak eta erlojua daude.

  • HELBIDEA: Petra Machin kalea z/g

Azpiegitura eta garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autobuses Artieda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autobuses Artieda autobus konpainiak Garralda Iruñearekin batzen du. Autobus lineak honako ibilbidea egiten du:

Condaren lineak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Conda autobus konpainiaren Orbaizeta eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Lineak honako ibilbidea egiten du:

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko jaiak irail lehenengo asteburuan ospatzen dira, Joan Ebanjelariaren omenez.[6]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraldako Lina Lerindegi[12] (Ahotsak[13][14] proiekturako)
Sakontzeko, irakurri: «Euskararen Foru Legea»

Garralda Aezkoako lau herri euskaldunenen artean dago. Nafarroako Foru Komunitateko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. 2010ean egindako inkestaren arabera, herriko euskal hiztunak %30 inguru ziren.

Bertzela, herriko jatorrizko uskara aezkera euskalkiaren mota bat da, nafar-lapurtera eta ekialdeko nafarreraren arteko mintzoa.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • San Juan Ebanjelaria eliza, 1912-14 bitartean eraikia, landa-neogotiko estiloan. 1898ko suteak lehengo eliza gotikoa erraustu zuen. Oraingoa errepide bazterrean eraiki zen, Victor Eusa arkitektoaren proiektuari jarraiki. 1953an estalkia aldatu zitzaion.[15]
  • Gurutzea. Modernoa da, 1929. urtekoa, baina azpioinarri erromanikoa du. Jatorrizkoa Konbentzio gerran suntsitu zuten.
  • Iturriak:
    • Iturrialdea, Erdi Arokoa, herriaren iparraldean; herriko zaharrena da.
    • Arostegi Iturria: sutearen ondoren herria berreraikitzen lagundu zuenaren omenez egina.
  • Masamigel etxeko garaia.
  • Herriaren ondoan Arrigorri haitza dago, behatoki eder bat duena (Ariztokia/Arrigorri). Bertan izan ziren burdin meategien ustiapenagatik izan dezake izen hori. Bertatik, Oroz-Beteluko hariztia, Aribe, Aezkoaren zati zabala, Pirinioetako tontorrak eta Irati ibarra (iparretik hegoaldera) ageri dira. Hegaztiak, sai-arreak bereziki, behatzeko leku ederra da.
  • Kutxategileen leizea, ezpel zuhaixkaz inguratua, ezpelezko goilarak egiten ziren lekua.
  • Trikuharriak: Etxoltxarraldea I (egoera onean) eta Etxoltxarraldea II (egoera txarrean).

Garraldar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "1898, Garralda" (Xamar, P. Mandazen Fundazioa 1998).
  • "Garralda 1898-1980" (Juan Carlos eta Jose Etxegoien, Garraldako Udala 2016). Argazki liburua.
  • "Etxera bidean" (Xamar, Pamiela 2018).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
  3. a b Navarra: Población por municipios y sexo. 2017. ine.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-10).
  4. Garralda. elinberri.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  5. Nafarroako meteorologia eta klimatologia: Pirinioaldea. meteoeu.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  6. a b c d Garralda. enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  7. «Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura» idena.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-23).
  8. Etxegoien, Jose. Adasa. valledearce.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  9. Arrizurieta, Irene. Suak eramandako 1898ko Garralda. Nafarkaria, 1998-09-04, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  10. Elecciones locales Parciales 2011: Garralda. elecciones.mir.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  11. Consistorios y concejos se forman en el Pirineo. Diario de Noticias, 2016-01-24, noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  12. «Lerindegi, Lina - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  13. «Txikitan euskaraz, orain erdaraz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  14. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  15. Garralda. Atlas online del patrimonio histórico cultural de Navarra, lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  16. «Último adios al Hermano Ginés», SIC aldizkaria, 2011-07-10.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa