Antoine Berman

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antoine Berman
Bizitza
JaiotzaArgenton-sur-Creuse1942ko ekainaren 24a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParisko 18. barrutia1991ko azaroaren 22a (49 urte)
Hezkuntza
HeziketaParis 8 Unibertsitatea 1981) doctorate in France (en) Itzuli
Hezkuntza-mailadoctorate in France (en) Itzuli
Tesi zuzendariaHenri Meschonnic (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
alemana
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea, filosofoa, idazlea, literatura-kritikaria, hizkuntzalaria eta unibertsitateko irakaslea

Antoine Berman (Argenton-sur-Creuse, Frantzia, 1942ko ekainaren 24a - Paris, 1991ko azaroaren 22a) filosofoa, hizkuntzalaria eta itzulpen ikasketen teorialari eta kritiko frantsesa izan zen eta Latinoamerikako literatura eta Alemaniako filosofia frantsesera itzultzen zituen. Gaur egungo itzulpen ikasketetan figura garrantzitsutzat jotzen da. Itzulpen teoria asko dauden modura, itzulpenaren kritikarako metodo ezberdin asko egon daitezkeela esan zuen eta ondorioz, “itzulpenaren analitika negatiboa” deituriko eredu propio bat sortu zuen, azterketa psikoanalitiko baten bidez.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoine Berman Limogesetik gertu dagoen Argenton-sur-Creuse hiri txikian jaio zen eta Bigarren Mundu Gerra eta gero, aita poloniar-judua eta ama franko-jugoslaviarra zituela, haren familia Paristik gertu finkatu zen. Berman Lycée Montmorencyra joan zen eta geroago filosofia ikasi zuen Parisko Unibertsitatean, non bere emazte Isabelle ezagutu zuen. 1968an bere emaztearekin Argentinara joan eta 5 urte igaro zituzten bertan. Parisera bueltatu zenean, Berman Centre Jacques-Amyoteko zuzendaria izatera heldu zen, baina ez zen katedradun izatera iritsi. Horrez gain, 1984an Filosofiako Nazioarteko Elkargoa sortu zenetik, ikerketa-programa bat zuzendu zuen eta urte horretan bere lan teorikorik handiena argitaratu zuen, L'Epreuve de l'étranger. Culture et traduction dans l'Allemagne romantique: Herder, Goethe, Schlegel, Novalis, Humboldt, Schleiermacher, Hölderlin.  Berman gaixorik hil zen 49 urte zituela, eta bere azken unea iritsi arte asko idatzi zuen. Bere lanen ondorioz, nazioarteko "erreferente" mailara iritsi zen, eta aintzatespen hori are nabarmenagoa izan zen Pour critique des traductions: John Donne deituriko hil ondorengo argitalpenari esker.

Pentsamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoine Bermanek bere egin zuen Jean-René Ladmiralek 1979an sortu zuen traduktologia terminoa, eta bereizketa bat ezarri zuen testuak aztertzeko ikuspuntu linguistikoaren eta traduktologikoaren artean (nahiz eta biak elkarren osagarri direla aldarrikatu zuen). Garrantzitsua da nabarmentzea, XVIII. eta XIX. mendeetan, Frantzian frantses hizkuntza eta kultura erdigunean jarriz egiten zela itzulpena, eta alemaniar erromantikoek, aldiz, oso bestelako ikuspegi bat planteatzen zutela, izan ere, azken horiek itzulpenaz baliatzen ziren beraien ama hizkuntza bermatu eta zabaltzeko. Ondorioz, Bermanek Alemaniako teoria erromantikoak aztertu eta Friedrich Schleiermacher eta Walter Benjaminen tradizioan kokatzen dela esan daiteke, hain zuzen ere, lehenengoaren hitzaldi bat itzuli baitzuen (Des différentes méthodes du traduire) eta bigarrenak idatzitakoari buruz hitz egiten baitu bere lan batean (L'Âge de la traduction. La tâche du traducteur de Walter Benjamin, un commentaire). Horrez gain, beste idazle askoren artean, Bermanek Friedrich Hölderlin, Sofoklesen itzultzailea eta poeta, aztertu zuen eta aipatu beharra dago Bermanen liburuko izenburuan azaltzen de “L'épreuve de l'étranger” esapideak idazle horren poema bati egiten diola erreferentzia.

Bermanek La traduction comme épreuve de l’étranger liburuan itzulpena erronka bat dela esaten du bi zentzutan: alde batetik, erronka bat da xede-kulturarentzat, testu arrotzaren arroztasuna esperimentarazten diolako eta beste alde batetik, sorburu-testuarentzat ere erronka bat da, bere jatorrizko testuingurutik erauzten duelako.

Bermanek Mendebaldeko kultura gehienetan gardentasunaren ideian oinarritzen den itzulpengintzaren diskurtsoa dela nagusi salatzen du eta jatorrizkoaren arroztasuna ezabatu eta testua xede-hizkuntza eta -kulturara moldatzen duen metodo etnozentrikoa bultzatu izan dela. Bermanen ustez, itzultzeko modu horrek testuak erabat deformatzen ditu.

Hori dela eta, beharrezko deritzo itzultze-ekintzaren helburu “etikoari” buruzko hausnarketa bat egiteari eta helburu horrek “arrotza arrotz moduan hartzea” izan beharko lukeela uste du. Hala ere, helburu hori zapuzten duten hainbat indar deformatzaile daudela dio Bermanek.

Itzulpenaren analitika negatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hori dela eta, itzulpenak berezko dituen deformazio-joera “unibertsalak” aztertzen ditu eta itzultzaile oro horien menpe dagoela esaten du. Menpekotasun horretatik askatzeko, eta itzultzaileak indar horien kontzientzia har dezan, ezinbestekoa da itzultzailearen lanen azterketa psikoanalitiko bat egitea eta “itzulpenaren analitika negatiboa” deituriko azterketa bat egiten du Bermanek.

Hortaz, Mendebaldean nagusi izan den itzulpenaren ikuspegi platoniko baten ondorio diren eta prosa literarioan diharduten honako 12 indar deformatzaileak zerrendatzen ditu:

Arrazionalizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puntuazioa berregituratuz, esaldiak eta esaldi zatiak berrordenatuz eta elementu konkretuak abstraktu bihurtuz, jatorrizkoaren egitura sintaktikoak aldatzea.

Argitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizkoan guztiz argi ez dagoena argiago jartzea edo modu indefinituan dauden elementuak modu definituan jartzea. Bi mota bereizten ditu:

Manifestatzea (positiboa): Jatorrizkoan ageri-agerian ez zegoen zerbait itzulpenean “berez” agertzea. Bermanen ustez hori da itzulpenaren ahalmen gorena.

Esplizitatzea (negatiboa): Jatorrizkoan argi egon nahi ez zuen hori itzulpenean argi jartzea.

Luzatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neurri batean, aurreko bi joeren ondorioz, itzulpen orok jatorrizkoa baino luzeago izateko joera du. Izan ere, bi joera horiek jatorrizkoan “tolestuta” zegoena “destolesten” dute baina hori hitz-jario alferrikakoa baino ez da eta ez du ezer eransten. Gainera, jatorrizkoaren erritmoa hausten du.

Edertzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizkoa estilo “dotoreago” batean berridaztea. Bermanen aburuz, joera hau da nagusi itzulpen klasikoan eta jatorrizkotik abiatuta (eta horren kaltetan) egiten den “estilo-ariketa” horrek jatorrizkoaren ahozko erretorika deuseztatzea dakar.

Pobretze kualitatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizkoan soinu aldetik aberatsak diren hitz edo espresioak, edota espresio “ikonikoak” (irudi bat iradokitzen dutenak), itzulpenean adierazpen-aberastasun gutxiagoko baliabidez ordezkatzea.

Pobretze kuantitatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bariazio lexikalaren galera, hau da, jatorrizkoan adierazle bat baino gehiagoren bidez adierazten den zerbait itzulpenean adierazle bakarraren bidez ematea.

Erritmoak deuseztatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta beste genero batzuetan, adibidez, poesian, erritmoak garrantzi handiagoa izan, prosan ere ezinbestekoa da erritmoa mantentzea. Askotan, ordea, puntuazioa edo hitz-ordena aldatuz hautsi egiten da jatorrizkoaren erritmoa.

Testuaren azpiko esanahi-sarea deuseztatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obra literario orok dimentsio ezkutu bat edo “azpi-testu” bat du bere azpian. Hori dela eta, bakarka esanguratsuak ez diruditen hainbat hitzek sare moduko bat osatzen dute, testuari batasun-zentzu bat ematen diona. Beraz, hitz horiek modu isolatuan itzuliz gero, hau da, beren arteko lotura hori egin gabe, testuaren zutabe nagusietako bat deuseztatzen da.

Testu barruko sistematismoak deuseztatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizkoak sistematikoak izan ohi dira esaldiak eraikitzean, hau da, esaldi motak hautatzean. Aldiz, itzulpenetan, irakurketa “ulergarriago” egiteko, askotan, sistematismo horiek ez dira mantentzen eta ondorioz, jatorrizkoaren sistematismoa hautsi eta testu inkoherente bat sortzen da.

Sare bernakularrak deuseztatzea edo exotizatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nobela batzuetan, “hizkera bernakularrak” ager daitezke, hitz edo espresio “erregionalak”, dialektoak etab. Horrelakoek testuan kontatzen den istorioan garrantzi handia dutenez, horiek ezabatzea jatorrizko lanaren testualitatearen aurkako eraso larria da.

Lokuzio eta esamoldeak deuseztatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prosa literarioak kultura jakin batean ondo errotatutako hainbat eta hainbat irudi, lokuzio, esamolde eta abar izaten ditu bere baitan eta horiek beste hizkuntza batera itzultzean, joera nagusia xede-kulturan baliokidea den beste esamolde batez ordezkatzea da. Hori etnozentrismotzat jotzen du Bermanek eta halako esamoldeak hitzez hitz itzultzearen aldekoa da. Bermanen aburuz, gugan badago “esamolde-kontzientzia” bat, ezezaguna edo arrotza egiten zaigun pasarte bat esamolde bat dela ohartarazten diguna. Horrela, gainera, xede-hizkuntzako esamoldeen zakua aberastu egingo dela aipatzen du.

Hizkuntzen gainjartzea ezabatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obra literario gehienetan, hizkuntza edo hizkera bat baino gehiago ageri ohi da (dialekto, soziolekto, hizkuntza… ezberdinak), elkarrekin edo elkarri gainjarrita eta itzulpenak hizkuntzen gainjartze hori ezabatzeko joera duela esaten du Bermanek.

Analitika negatibo hori osatzeko, itzulpenaren analitika positiboa proposatzen du Bermanek, zeina joera negatibo horiek neutralizatzen edo haien eragina gutxitzen saiatu izan diren jardueren analisia den. Horretarako, “itzulpen literala” proposatzen du baina hori ez dela “hitzez hitzezkoa” azaltzen du. Izan ere, hitza (mot) eta letra (lettre) desberdintzen ditu, eta itzulpen literala lan literarioaren “letra”-ri lotua dagoela dio. Bermanentzat, testu baten zentzua itzultzea baino garrantzitsuagoa da testu horren “letra” itzultzea, horri esker lanei berezkoa zaien esanahia agerian jartzea eta xede-hizkuntza positiboki transformatzea lortzen baita.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berman aktiboa zen zirkulu filosofiko eta literarioetan eta bere eragina filosofiaren eta psikoanalisiaren esparruan ere nabaritu zen. Hala ere, itzulpen ikasketetan izan du eragin handiena, gehienbat gaztelaniadunen artean. Bestalde, nahiz eta testuinguru anglo-amerikarrean Lawrence Venuti estatubatuar teorialariaren lanak eragin handiagoa izan, aipagarria da Bermanek Venutirengan eragin handia izan duela, izan ere, azken horrek Bermanen artikulu garrantzitsu baten ingeleseko itzulpena egin eta berak ere arrozte-estrategia aldarrikatzen baitu.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • L'épreuve de l'étranger. Culture et traduction dans l'Allemagne romantique: Herder, Goethe, Schlegel, Novalis, Humboldt, Schleiermacher, Hölderlin, Gallimard, Essais, 1984.
  • Pour une critique des traductions : John Donne (hil ondorengo obra), Gallimard, Bibliothèque des idées, 1995.
  • La traduction et la lettre ou l'auberge du lointain, Seuil, 1999.
  • L'Âge de la traduction. La tâche du traducteur de Walter Benjamin, un commentaire, Presses universitaires de Vincennes, 2008.
  • Moi, le Suprême (Augusto Roa Bastosen Yo, el supremo-ren itzulpena). Pierre Belfond, Le Livre De Poche, Buenos Aires, 1979.
  • Lettres à Fouad El-Etr sur le romantisme allemand. Paris: PUF, 1991.
  • Jacques Amyot, traducteur français, Essai sur les origines de la traduction en France. Belin, 2012.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • BERMAN, Antoine (1985). “Translation and the trials of the foreign” [itz. Lawrence Venuti], in Lawrence VENUTI (arg) (2000) The Translation Studies Reader. Londres & New York: Routledge, 284-297.
  • MENDIGUREN, Xabier (1992). Itzulpengintza historia eta teoria. Donostia: Elkar, 377-387.
  • MUNDAY, Jeremy. (2016) Introducing Translation Studies: Theories and Applications. Londres & New York: Routledge, 149-151.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]