Arnas aparatuaren fisiologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arnas hartze eta arnasbotatzearen mugimenduak; diafragma, berde kolorean

Arnas aparatuaren fisiologia arnasketa fisiologikoaren azterketan datza. Bi arnasketa mota daude: arnasketa fisiologikoa, zeinean organismoak biriken bidez oxigenoa (O2) hartzen duen ingurugirotik eta karbono dioxidoa (CO2) kanporatzen duen, eta arnasketa zelularra, zelula barruan gertatzen dena eta prozesu katabolikoa dena (molekula organiko bakunak -glukosa, adibidez- zelula barruan oxidatzen dituena, energia kimikoa -ATP- lortzeko)

Artikulu honek gizakian burutzen den arnasketa fisiologikoaren kontzeptu nagusiak azalduko ditu.

Funtsa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arnas aparatuaren zeregin nagusia odola aire atmosferikoarekin harremanetan jartzea da, odol horrek oxigenoa hartu eta karbono dioxidoa kanpora dezan.

Giza organismoan arnas aparatuak atmosferako oxigenoa hartzen du (oxigenoa ezinbestekoa da zelulak burutzen dituen prozesu katabolikoetan) eta karbono dioxidoa (zelularen prozesu katabolikoetan sortutakoa) kanporatzen du. Esan liteke arnasketa gas trukaketan datzala (oxigenoa hartu eta CO2 kanporatu). Gas trukaketa hori biriketako albeoloetan burutzen da.

Gas trukaketa albeoloetan: oxigenoa biriketatik odol-kapilarretara eta karbono dioxidoa odol-kapilarretatik biriketara

Arnasa hartzerakoan jasotzen den oxigenoa biriketara iristen da, eta hortik odolera pasatzen du (biriketako albeoloetan); gero, aorta arteriaren bitartez, eta kapilarren bitartez, garraiatua izaten da eta ehun eta zeluletara heltzen da, arnasketa zelularrean erabilia izateko.

Zelularen katabolismoan sortzen den CO2-k kontrako bidea egiten du: odol-kapilarrek hartzen dute zeluletatik eta biriketetaraino garraiatzen dute odolean, bertatik kanporatua izateko arnasa botatzerakoan.

Gure organismoan arnasketak lau fase nagusi ditu:

  • arnas hartzea, biriketako albeoloetara iritsiko den oxigenoa hartzen duen prozesua
  • oxigenoa eta karbono dioxidoaren gas trukea, albeolo eta odolaren artean burutzen dena
  • arnasbotatzea, albeoloetatik kanpo aldera airea (eta CO2) ateratzen duena
  • zelula eta odolaren arteko gas trukaketa (O2 eta CO2-rena)

Arnasketa prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure birikak, arrainen zakatzen antzera, hodi kapilarren sare zabal batez inguraturik daude. Kapilar horien barnean odolak zirkulatzen du, oxigenoa eta CO2 garraiatzen duena.

Biriketan 700 milioi inguru albeolo daude (birika bakoitzean 350 milioi), ia 1002-ko azalera dutenak. Albeoloak zaku oso txikiak dira (0,1 mm-ko diametroa), kapilarrez inguratuta, bronkioloen amaieran daudenak. Bertan burutzen da oxigenoa eta karbono dioxidoaren gas trukea.

Bronkioloak eta albeoloak -pilota txikien itxurakoak-

Arnasketa prozesua nerbio-sistema autonomoak kontrolatzen du (enbor entzefalikoak eta bizkarrezur-erraboilak). Hortik diafragmara eta saihets arteko muskuluetara doazen nerbio-bulkadak bidaltzen ditu. Arnas hartzean, diafragma uzkurtzen denean kaxa torazikoa zabaldu eta bolumen handiagoa hartzen du [1] (diafragma jaisten da eta saihets-hezurrak igo). Horrek torax barruan presio negatiboa sortzen du, presio atmosferikoarekiko. Ondorioz, kanpoko airea organismo barrura sartzen da.

Arnasbotatzea, aldiz, prozesu pasiboa da: arnas hartzean parte hartzen duten muskuluak lasaitu egiten baitira. Honenbestez, toraxaren bolumena jaisten da, biriketako presioa handitu eta aireak kanpora atera behar du.

Gas trukea albeoloetan eta zeluletan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albeoloetan, aireztapenari esker, gas trukea burutzen da. Kontuan hartu behar da gasak beti presio handiagoko tokietatik presio txikiagokoetara pasatzen direla, difusioaren ondorioz. Albeoloak hodi kapilarrekin harremanetan daude. Arnasa hartzerakoan albeoloetan oxigenoaren presioa handia da (100 mm. Hg), eta kapilarretan txikia (40 mm. Hg). Beraz, oxigenoa albeoloetatik kapilarretara mugituko da (albeolo eta kapilarren mintzak oso meheak dira). CO2-ren mugimendua kontrako norabidean izango da, kapilarretatik albeoloetara, gas horren presioa handiagoa delako kapilarretan albeoloetan baino [2].

Kapilarretan sartzean, oxigenoa odoleko hemoglobinan finkatzen da, eta modu horretan garraiatzen da ehun eta zelula guztietara. Hemoglobina odoleko eritrozitoetan dagoen proteina garraiatzailea da [3].

Ehunetan eta zeluletan, albeoloetan gertatzen den antzeko fenomenoa badago, baina alderantziz: zelula barruan oxigeno gutxi eta karbono dioxido ugari dago (azken hau zelularen katabolismoan sortutakoa) eta, hortaz, oxigenoa hemoglobinatik askatzen da eta zelula barrualdera pasatzen da, CO2k zeluletatik odolera pasatzen duen bitartean.

Oxigeno ugari duen odola, ehunetara joaten dena, arterietan garraiatzen da (aorta arterian, adibidez). Karbono dioxido ugari duen odolak, biriketara joaten dena, zainetan bidaiatzen du (kaba zainean).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aldaba, J.; López, P; Pascual, M.; Urzelai, A.: Biologia-Geologia, 1. Batxilergoa, Elkar (2013)
  2. Ganong, W.F.: Manual de Fisiología Médica, Ed. El Mundo Moderno (1980), 568-569 orr.
  3. Ganong, W.F.: Manual de Fisiología Médica, Ed. El Mundo Moderno (1980), 572-574 orr.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]