Edukira joan

Arratoi-belarri ertain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arratoi-belarri ertain
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaMyotis
Espeziea Myotis blythii
(Tomes, 1857)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Habitatlarre-belardi
Eguneko zikloagaueko

Arratoi-belarri ertaina (Myotis blythii) vespertilionidae familiako saguzarra da, Eurasian bizi dena[1].

Tamaina handiko saguzarra da, Myotis myotis generokidearen oso antzekoa, kopetako orban zuririk ez duen kasuetan, batez ere. Banaketa zabala du baina ez da oso ugaria, eta Euskal Herrian ez dira kolonia asko aurkitu[2]. Iberiar penintsulan 50 kumatze-kolonia ezagutzen dira eta zaurgarri kontsideraturiko espeziea da. Urte luzetan zehar zenbait autorek M. myotis espeziearen subespezie kontsideratu dute, M. myotis oxygnathus izenarekin.

Arratoi-belarri handiaren (M. myotis) oso antzeko espeziea da, baina tamaina apur bat txikiagoa du. Besaurrearen luzera 50,5–62 mm bitartekoa da, eta pisua 18,0–29,5 gramo bitartekoa. Bi ezaugarrietako balioak M. myotisenarekin gainezartzen dira, eta ondorioz, beste ezaugarri batzuetara jotzea ezinbestekoa da identifikazioa burutzeko. Saguzar arratoi-belarri ertainen %95ek, gutxi gorabehera, orban zuri bat ageri ohi du kopetan. Gainerakoan, kolorean zein kranioaren egituran oso antzekoa denez, orbanik ez duten aleekin identifikazioa asko zailtzen da.

Europan Mediterraneo inguru guztian eta erdialdeko Asian hedaturik dagoen espeziea da. Hegoaldeko muga Mediterraneo itsasoak, Arabiako basamortuak eta Himalaia mendikateak jartzen dute. Iparraldean, berriz, Suitza, Austria, Eslovakia, Kaukaso mendikateak eta Gobi basamortuak mugatzen dute. Ekialdeko muga Txina eta Kaxmirren du.

Iberiar penintsulan duen banaketa ez da guztiz ziurra, urte luzetan zehar identifikazioarekin izandako arazoek asko zaildu baitute espeziearen egoera zehatza zein den jakitea. Euskal Herrian Araba eta Nafarroan aurkitu izan dira kolonia ugarienak, baina Bizkaian[3], Gorbeiako mendigunean[4], Arratia-Nerbioien, Durangaldean, Enkarterrian, Gernikan, Bermeon, Plentzian eta Mungian; eta Gipuzkoan[5], Aizkorrin, Deba Garaian, Goierrin, Tolosaldean eta Urola Kostan ere ikusi da (Balcells, 1971).

Estepa eta larreetako espeziea da, sekundarioki segalarre eta larre artifizialetara hedatu dena. Gordeleku gisa lurpeko zuloak erabiltzen ditu, leizeak nagusiki. Kumatze-kolonia gehienak 600 metrotik behera aurkitu izan diren arren, Espainiako Erdialdeko Sisteman 1.380 metrora aurkitu da bat. Ale bakanak 2.100 metroko altueraraino behatu dira, Sierra Nevadan.

M. myotis generokideak ez bezala, saguzar arratoi-belarri ertainak ortopteroz elikatzen dira –matxinsalto eta kilkerrak-, batik bat. Hauen ehizarako gleaning teknika erabiltzen du, landare-hostoen gainean pausaturik dauden intsektuak harrapatuz. Kakalardoak ere espezie honen dietaren parte dira, eta hauek ehizatzeko hawking teknika darabilte, zuhaitzen adaburuak baino gorago ehizatuz.

Ugalketa eta ontogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumatze-kolonia handiak eratzen ditu, abuztu bukaeran sakabanatzen direnak. Hala ere, ez da oso ondo ezagutzen arratoi-belarri ertainaren fenologia, baina uste da Myotis myotisenaren antzekoa izango dela.

Arratoi-belarri handien emeak taldekoiak dira eta milakako taldetan batzen dira kumatze garaian. Esan bezala, abuztuan bost emerainoko harenak sortzen dira, kumeak babesteko. Garai honetan zehar, ez dira babeslekuetatik gehiegi aldentzen. Deskribatu den biziraupen maximoa 13 urteetakoa da.

Europan eta Asian aldizkako migratzailetzat hartzen den arren, Iberiar penintsulan ez da horrelako portaerarik behatu. Espezie honen ohiturak nahiko ezezagunak dira, baina arratoi-belarri handiarenaren antzekoak direla pentsatu ohi da. Hala ere, inguru askotan nitxo ekologiko berberak betetzen dituztenez, pentsatzekoa da lehia ekiditeko diferentzia garrantzitsuak izango dituztela, elikadurarena esaterako.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumatze garaian, maiz Rhinolophus ferrumequinum, Myotis myotis edota Miniopterus schreibersii saguzarrekin batera ikus daitezke arratoi-belarri emeak.

Bere predatzaile nagusien artean Coluber hippocreppis sugea, eta hontz zuria daude.

Azkenik, arratoi-belarri ertainaren zenbait parasito deskribatu dira: Ixodes vespertilionis kaparra, Ischnopsyllus sp. arkakusoak, Penicillidia dufori dipteroa eta Molinostrongilus alatus nematodoa. Ez da amorru kasurik deskribatu espezie honetan.

Antzeko espezieak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Myotis myotis: Kopetan orban zuririk ez dutenen kasuan, belarria eta tragoaren biometriak hartzea beharrezkoa da identifikazio zuzena egiteko. Saguzar arratoi-belarri handiren belarria eta tragoaren oinarria, arratoi-belarri ertainarena baino handiagoak dira. M. blythiiren kasuan belarriak 16 mm zabal x 24,5 mm luze baino txikiagoak izan ohi dira, eta M. myotisen kasuan handiagoak.

Identifikazioa burutzeko besaurrearen eta belarriaren luzeraren arteko erlazioa ezartzen duen ekuazio hau erabili ohi da: Z = 0,433 · besaurrea + 3,709 · belarria. Z < 0,3 den kasuan M. blythii espeziea kontsideratzen da, eta Z > 0,3 denean berriz, M. myotis. Honez gain, goiko hortzeria-zerrendaren luzera ere neur daiteke. CM3 < 9,4 mmbada, M. blythii, eta CM3 > 9,4 mm bada, M. myotis. Hala ere, bi espezie hauen arteko identifikazio zuzena egiteko Dietz & Helversenen Europako saguzarren gakora jotzea gomendatzen da[6].

Kontserbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arratoi-belarri ertaina EAEko espezie mehatxatuen katalogoan 'Kaltebera' kategorian sailkatuta dago[7] eta Nafarroakoan 'Galzorian' kategorian. Bere populazioen tamaina Euskal Herrian ezezaguna da, baina oso txikia dirudi[8].

Iberiar penintsulan ugaritasun ertaineko espeziea da; hori, ordea, identifikatzeko duen zailtasunaren ondorio izan daiteke [9]. Iberiar Penintsulako populaziorik garrantzitsuenak Cadizeko kostaldean aurkitzen dira, eta hauetan egin dira jarraipen gehienak. Azken urteotan, populazio hauen tamaina %80 murriztu da eta egun Iberiar Penintsulan 50 kolonia ugaltzaile baino ez dira ezagutzen, denetara 20.000 ale inguru daudela estimatzen delarik[10].

Espezie honen mehatxurik handienak babeslekuetan eragindako eragozpenak dira, bereziki handitzen ari den espeleoturismoaren ondorioz. Gainera, zenbait babesleku desagertu egiten dira, hauen itxiera desegokiak direla eta, edo meategien kasuan, segurtasun neurriengatik. Oso espezie taldekoia dela eta, populazioen tamainan ematen den edozein murrizketa gainditzea zaila suertatzen zaio arratoi-belarri ertainari. Azkenik, bere harrapakinak diren ortopteroen kontra erabilitako pestizidek osasun arazo garrantzitsuak eragiten dizkiete.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. www.iearn.hu: Lesser Mouse-Eared Bat
  2. Agirre-Mendi, P. T.. (1998). «Contribución al conocimiento de la corología de los murciélagos (Chiroptera, Mammalia) en la Comunidad Autónoma del País Vasco (sierra de Cantabria)» Zubia: 16..
  3. Pérez de Ana, J. M. (1995-1996). «Observaciones de quirópteros en Álava y Vizcaya» Est. Mus. Cien. Nat. de Álava (10-11): 327-328..
  4. Balcells, E.. (1971). «Murciélagos y otros animales guanobios de Itxina (Vizcaya)» Kobie (3): 1-3..
  5. Aihartza, J. R., E. Imaz & J. M. Totorika. (1997). «Distribution of bats in Biscay (Basque Country, northern Iberian Peninsule)» Myotis (35): 77-88..
  6. Arlettaz, R. (1995). Myotis myotis and Myotis blythii, ecology of the sibling mouse-eared bats. Martigny: Horus Publishers.
  7. Bea A. (1999). Arriskuan dauden EAEko ornodunak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua.
  8. Aihartza, J. R., Garin, I. y Goiti, U.. (2001). Propuesta de plan de acción de los murciélagos de la CAPV. .
  9. Arlettaz, R., Ruedi, M. & Hausser, J. (1991). «Field morphological identification of Myotis myotis and Myotis blythii (Chiroptera, Vespertilionidae): a multivariate approach» Myotis (29): 7–16..
  10. de Paz O., Alcalde J.T. (2000). Catálogo Nacional de Especies Amenazadas. Propuestas. Barbastella, 17-21 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]