Arrazismoa Euskal Herrian
Artikulu honek Euskal Herrian arraza artean dauden erlazioak ikertzen ditu. Faktore hauek eskualde batetik bestera aldatzen dira. Horregatik eskualdeka ikertu dira, egoera zehatzago bat eta eskualde arteko ezberdintasunak ikusi ahal izateko. Arrazismoa oso gai zabala denez, ikerketa hau atzerritarrekiko arrazakerian zentratuko da, kolorea eta kulturari dagokionez gauzatzen den arrazakerian hain zuzen.
Gaur egungo egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrazakeriaren egoera Euskal Herrian zein den identifikatzea ez da erraza, ez baitago tresnarik ehuneko ehunean ezagutzeko. Badaude inkesta batzuk gaur egungo egoera zein den jakin ahal izateko eta inkesta hauek esaten dute euskal jendartea ez dela arrazista. Euskal Herrian identitatearen ikuspegi irekia nabarmentzen dela dio Aztiker-ek egindako galdeketak.[1]
Azterlanak emandako datuen arabera 2016.[2] urtean Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 143 eraso kontabilizatu ziren. Arabiarren eta beltzen aurkako erasoak izan ziren gehienbat. 2016. urtean 143 eraso horietatik 129 delituak izan ziren eta 14 arau-hauste administratibo.
2017. urtean berriz, arrazakeriarekin loturiko kasuek gora egin zuten. 146 eraso zenbatu ziren EAEn, horietatik 124 delituak izan ziren eta 22 arau-hauste administratiboak. Urte hartan, Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako politika sozial eta lanpostuetako kontseilariak, euskal jendartea “solidarioa eta ez arrazista” zela adierazi zuen. Nafarroan berriz, 2017. urtean 100.000 pertsonako 2 salaketa gauzatu ziren. Lan sektore arloan gertatu ziren gehienbat.
Denbora aurrera joan ahala salaketak areagotzen joan dira datuen arabera. Igoera hori gertatu da, orain salaketak jartzeko erraztasun handiagoak daudelako.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrazakeria aldatuz joan da urteetan zehar. Ikuspegiko[3] zuzendaria den Gorka Morenok dioenez, 1998an EAEko biztanleen %1 inguru soilik zen atzerritarra. 2008an zenbaki hori gutxi gorabehera sei aldiz handitu zen eta 2018rako herritarren ia ehuneko hamarra Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira.
Ikuspegik, argitaratutako azken datuen arabera, immigrazioak BPG-aren aldaketekin zerikusi zuzena du, 2015ean egindako BPG[4] ikerketak immigrazioaren ikerketek emandako kurbarekin berdindu egiten baitira.
Ikerketen arabera, kasu askotan, etorkinak prestakuntza gabeko lanetan aritzen dira eta egoera prekarioetan.
EAEko DBE-a[5] Espainiako edozein eskualdetan (Madrilen adibidez) baino altuagoa izan arren, immigrazio tasa baxuagoa dago. EAEn Alemaniaren antzeko DBE-a dago, Madrilgoa baino hamar aldiz handiago gutxi gorabehera. Hala ere, Madrilgo biztanleen %18 atzerritarra da eta EAEn aldiz %9,6. Ikerketen arabera egoera hau nekazaritza, turismoa eta eraikuntza dela eta gertatzen da, hauek baitira etorkinak gehien bilatzen dituzten sektoreak, Euskal Herriak ordea prestakuntza duten langileak behar ditu gehienbat, eskualde industrializatua baita. Honek beste eskualde batzuk baino immigrazio gutxiago egotea eragiten du.
Euskal Herrian urtean diru laguntzaren aurrekontuen erdia inguru etorkinek jasotzen dute. Marokoarrak dira diru gehien jasotzen dutenak, denetara 35 milioi euro inguru. Aljeriarrak bigarrenak dira, 12 milioi eurorekin. Nigeriarrek eta pakistandarrak 10 milioi euro baino gutxiago jasotzen dituzte.
Ekonomiari dagokionez krisirik ez dagoenean etorkinenganako onarpen gehiago dago. Magrebtarrak onarpen gutxien duten atzerritarrak dira. Aldiz, zenbat eta antzekotasun gehiago izan Euskal Herriko ekonomia sistemarekin, orduan eta onarpen gehiago dute. Azkeneko galdeketen arabera argentinarrak eta txiletarrak dira onarpen gehien duten etorkinak.
Immigrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990eko hamarkadan Euskal Herrian immigrazio mota berri bat sortu zen. Europa kanpoko etorkinak hasi ziren heltzen. Lehenbizi Nafarroa eta Arabara immigratu zuten nekazaritza arloan lan egiten hasteko. Immigrazio kasu berri honek jarrera arrazistak bultzatu zituen. 2000. urtetik aurrera Euskal Herri osora zabaldu zen. Ipar Euskal Herrian egoera guztiz desberdina izan da, immigrazioaren hedapena ez baita hain handia izan.
2001etik 2010era %279,1 igo zen bataz besteko etorkinen hazkundea, 55.442 pertsonetatik 210.160 pertsonetara EAE-en eta Nafarroan. Erroldaren datuek diotenez, etorkin gehienak Marokotik datoz. Ondoren daude Errumaniatik datozenak. Alde handia dago herrialde bakoitzeko zenbakien artean. Sexuaren araberako aldea nabarmena da: %80-a gizonezkoak dira.
Erlijioa eta Multikulturaltasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristautasuna da euskal lurraldean fededun eta jarraitzaile gehien dituen erlijioa. 2000. urtetik 2012. urtera arte milaka etorkin Islamdarren gorakada izan zen, eta horrek bi erlijioen arteko elkarbizitzan gora-beherak handitu zituen. 2012an eta 2017an immigranteen kopuru altuena erregistratu zen Euskal Herrian[6].
2019an Euskal Herriko biztanleriaren %9,4-a atzerrian jaiotakoak dira. Herrialde multikulturala bihurtu da urteetan zehar.[7]
Jarrera arrazista duten pertsonek ez dituzte ulertzen eta onartzen kanpotarrek dituzten ohitura eta pentsaera desberdinak. Azal kolorea, kultura desberdintasuna eta otoitz egiteko edota janzteko ohitura desberdintasuna da zenbait pertsonetan jarrera arrazista izateko arrazoia.
Islamdar erlijioaren ohiturak arrotzak direnez, elkarren arteko konfrontazioak eragiten dira, emakumeen egoera, janzkera eta elikadura ohiturak desberdinak direlako besteak beste. Jokaera arrazistak dituztenek, beren erlijioak kanpotarrenak baino eskubide eta onarpen gehiago izan behar duela aldarrikatzen dute[8].
Arrazismoaren aurkako erakundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian dagoen arrazismoari aurre egiteko daude Sos Arrazismoa [9], Cimade[10], Cear[11] eta Ongi Etorri Errefuxiatuak[12] bezalako erakundeak. Gizarteko eremu politiko eta sozialeko jarrera arrazistak salatzen dituzte eta egoera desberdinei buruzko informazioa ahalbideratzen dute.
SOS Arrazakeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]SOS Arrazakeriak, Informazio eta Salaketa Bulegoaren bitartez, doako aholku juridikoak ematen dizkie arrazakeriak eta xenofobiak eragindako bazterkeria egoeren biktima izan direnei. Egoera arrazistak salatzen dituzte eta gizartea sentsibilizatzen dute, hainbat ekintza eta multimedia dokumenturen bitartez.
Cimade
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cimade erakundeak, 100.000 pertsona baino gehiago laguntzen eta aholkatzen ditu urtero. Immigrante, errefuxiatu eta babes-etxearen beharra duten pertsonei laguntza legala eskaintzen die, haien eskubideak bermatzeko. Migrazioaren inguruko informazioa eskaintzen dio iritzi publikoari, besteak beste prentsa eta gizarte mugimenduen bitartez.
Cear
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cear erakundeak, 1979. urtetik errefuxiatu, herrigabe eta migratzaileen eskubideen alde egiten du. Cear-eko babes guneetan ostatua, atentzio psikologikoa eta juridikoa eskaintzen dizkiete errefuxiatuei. Gizartean eta instituzioetan errefuxiatuen egoera zabaltzeko helburua dute, integrazio soziala eta laborala bultzatzeko. Errefuxiatuen eskubideak urratzen direnean, auzitegian salatzen dituzte.
Ongi Etorri Errefuxiatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ongi Etorri Errefuxiatuak[13] plataformak errefuxiatuek bizi duten egoeraren inguruko informazioa ematen du, eta jendea hausnartzera bultzatu nahi du. Hainbat erakundek eta pertsonak osatzen dute. Adar bat badauka Bizkaian, beste bat Gipuzkoan eta hirugarren bat Araban.
Beste batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gipuzkoako hainbat herritan Auzoko[14] proiektua martxan jarri dute, kanpotarren eta euskaldunen arteko elkarbizitza eta kohesioa hobetzeko. Egitasmo honetan jatorri askotako herritarrak elkartzen dira elkar ezagutu dezaten eta euskararen bitartez kohesioa eta elkarbizitza hobetzeko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Berria.eus. «Euskal jendartea ez da arrazista» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El Gobierno Vasco asegura que en Euskadi no hay ni habrá racismo pero los datos demuestran lo contrario» Ikusle 2018-09-03 (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ «Ikuspegi | Observatorio de Inmigración» www.ikuspegi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «PIB de España - Producto Interior Bruto 2018» datosmacro.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) r01epd0122e4edf39923e0db0b11fff216b637726, r01epd013585e617101f1fff01fe05cc4e331e666. (2014-04-07). «¿Qué es la Renta de Garantía de Ingresos?» www.lanbide.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ «Ikuspegi | Observatorio de Inmigración» www.ikuspegi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La inmigración en Euskadi representará cerca del 10 % de la población en 2019» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ (PDF) [http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/tratados_internacionales/eu_tratados/adjuntos/3.7.Arrazismoa_Arraza-bereizkeria_Xenofobia_aurkako_munduko_Konferentzia.pdf Arrazismoa, Arraza-bereizkeria, Xenofobia eta horiekin lotura duten Intolerantzia moduen aurkako munduko Konferentzia. ].
- ↑ (Gaztelaniaz) «Federación SOS Racismo: Página oficial. Desde 1995 frente al racismo y xenofobia» Federación SOS Racismo (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ (Frantsesez) «La Cimade» www.lacimade.org (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ cear.es. .
- ↑ admin. «Azala» Ongi etorri Errefuxiatuak (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ admin. «Azala» Ongi etorri Errefuxiatuak (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
- ↑ Auzoko | Aniztasunean elkarbizitza euskaraz!. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).