Arrola (Gipuzkoa)

Koordenatuak: 43°04′06″N 2°22′28″W / 43.06828°N 2.37457°W / 43.06828; -2.37457
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrola
Datu orokorrak
Garaiera904 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak43°04′06″N 2°22′28″W / 43.06828°N 2.37457°W / 43.06828; -2.37457
MendikateaSatuiko mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa

Arrola (904 metro) Satui mendilerroko gailurra da. Antzuolako udalerrian kokatua (Debagoiena) eta herriko tontorrik altuena da. [1] Izen ohikoena Arrola den arren, tontor hau aipatzeko hainbat deitura erabiltzen dira: Arrola, Arrolagaña, Arrolamendi, Arrolamendi punta. [2]

Antzuolako Arrola mendi elkarteak ere izen bera darama. [3]

Arrola gaina (904 metro)

Katastro eta Antzuolako udal artxiboaren dokumentuen arabera, Arrolagaina dagoen inguruari, Irimoegibarrena auzoan kokatuta dagoen udalerriko eremu hori, Iraikorta edo Irikorta bezala ere ezagutzen da. Herritarren lekukotzetan horixe jasotzen da: "Arrola izena dauka, baina gure gazte denboran beti Irikorta bezala ezagutu dugu, idixen korta, asko ibiltzen zala edo". [4][5]

Arrola gainean bi herrik egiten dute muga, Legazpik eta Antzuolak; horregatik kokatzen da bertan 3 (L) eta 54 (A) zenbakiak dituen mugarri partekatua. [6]

Mendigain honen 60 bat metrora, urte osoan agortzen ez den Irikorta izeneko iturria dago. 1988ko urriaren 22an bertan kokatu zuen Arrola Mendizale Elkarteak herritar askoren laguntzarekin. [7]

Ugariak dira garai batean inguru honetan jardundako ikazgileen oroitzapenak eta lekukotzak. Antzuola ere txondor ugari piztu izan ziren, batez ere Arrola-Koroso inguruan. Txondorrak eraikitzeko oinarriak eta baita ikatz aztarnak ere aurki daitezke bertan. [8]

Irikorta iturria (1988ko urriaren 22an). Arrola Mendi Elkartea.

Irikorta inguruko hegazkin istripua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1921eko maiatzaren 19an eguraldi eskasa zegoen; behe laino handikoa. Danbateko handia entzun zuten Arrola inguruko ikazgileek 14:00ak inguruan. Herriko apaiz eta medikuari deitu zieten, baina alferrik, danbatekoaren lekura iritsi zirenerako hilda topatu zutelako hegazkin gidaria.[9]

Hil agiriko datuen arabera, 27 urteko gaztea zen hegazkin pilotua. Andrew Haig Forson Bretaina handiko Albert E. Danson hegazkin konpainiarentzat lan egiten zuena. Sondika eta Derio artean, Bizkaian, dagoen Bretaina Handiko kanposantuan hilobiratu zuten bere gorputza. [9]

Istripuaren unean, Lasarten zegoen aerodromotik[10] Madrilera zihoan `Bristol Tourer´ izeneko hegazkin mota batekin. Bayo izeneko dirudun madrildar bati hegan irakasteko asmoz.[9]

Artzain bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrola gainak badu beste berezitasun bat antzinara garamatzana, eta artzaintza jardunarekin lotzen dena. Artzaintzari esker sortu ziren Gipuzkoan lehendabiziko bideak, eta ondoren baita biziguneak ere. Artzaintza eta nekazaritzak Gipuzkoa bera sortu eta antolatzea ere ekarri zuten. Hala, udalerritik (Arrola, Trekutz eta Gorlatik) pasatzen da antzinako garaietara eramaten gaituen artzain bidea, hots, Aizgorritik hasita, Udana mendatera, Arrola gainera, Deskarga mendatera, -Trekutz-Gorla eta Elosu gainera, eta hemendik Karakatera zihoan bidea; eta horren lekuko dira, hasteko, han eta hemen banatutako Satui-Arrolamendiko monumentu megalitikoak.

Antzuolako udalerrian, baina, tumuluak dira nagusi, ez trikuharriak edo dolmenak. Trikuharriak eta tumuluak Eneolitos eta Brontze garaikoak (Kristo aurreko 2500-1000 urtekoak) omen dira. Tumuluetan ere hildakoak lurperatzen omen zituzten. Arrolamendin aurkitzen diren tumuluen lehendabiziko datuak 1951ekoak dira, eta Jesus Elosegik, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, aurkitutakoak dira. Bertako baserritarrek hainbat ipuin eta usadio egozten dizkiete tumulo hauei: (1)"Arrolamendi eta Elosuko jentilek oso harreman onak zeuzkaten, eta elkartean erabiltzen zituztela euren ondasunak (harriak)". (2)"Arrolamenditik Elosuraino 100 kiloko harriak botatzen zituztela onden (jaurtigailuen) bitartez". (3)"Napoleonen soldaduek Espainiako soldaduez inguraturik, Arrolamendiko tumulo honetan urrezko txanponez betetako kutxa bat lurperatu omen zuten. Kutxarik ez da aurkitu baina bai bertako harriak Koroso inguruan dagoen txabola eraikitzeko". [11] Izan ere harri pila hauek erabiltzen zituzten ertzainek txabolak-eta egiteko.

Antzuolako udalerrian dauden aztarna arkeologikoek muga egiten dute inguruko udalerriekin:

  • ARROLA I (Tumulua). Legazpiko udalerriarekin mugarri egiten du, eta 872 metrora dago. Ez zen bertan ezer aurkitu.
  • ARROLA II (Tumulua). 762 metrora dago, Antzuolako udalerrian. Bertan ere ez da ezer aurkitu.
  • ARROLA III (Tumulua). 750 bat metrora dagoen tumulo honetan ere ez da ezer aurkitu. Berez, Legazpiko udalerrian dago.
  • TREKUTZ edo `MEAKA´(Tumulua). 690 metrora dago. Guztiz txikituta dagoen monumentu megalitikoa da. Gorlarako bidean dago, Gaztelumendi elkartearen eremuan. 1921ean aurkitu omen zuen Jose Migel Barandiaranek, eta ez du inoiz indusketarik izan.

Ondoren, Trekutzetik Gorlara bitartean ez badago ere aztarna arkeologikorik, argi dago Aizgorritik datorren artzaintza-bide honek bete-betean bat egiten duela Dolmenen ibilbidearekin (Pr-Gi 94)[12] edo garai hartako artzainek kostaldera joateko erabiltzen zuten ibilbidearekin. [13]

Mendi igoerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://antzuola.eus/antzuola/datu-orokorrak
  2. «Arrola - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-07).
  3. «Arrola mendian egin diote ongi etorria 2023ari antzuolarrek - Antzuola» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-07).
  4. Plano partzelarioak. .
  5. Pavo, Kristina. (2005). Onomasticon vasconiae, 25. Antzuolako Toponimia. Euskaltzaindia ISBN 8495438224..
  6. Mojones de Anzuola y Legazpia.. .
  7. Irikorta iturria (Arrola Mendizale Elkartea). .
  8. TXONDORRAK ETA IKAZGILEAK (II). (Noiz kontsultatua: 2023-07-10).
  9. a b c La Correspondencia de España : diario universal de noticias: Año LXXIV Número 23033 - 1921 mayo 20.. .
  10. «Historia | Donostiako Aireportua | Aena» www.aena.es (Noiz kontsultatua: 2023-07-10).
  11. «Inguruko auzoak; artzaintza - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-14).
  12. «Dolmenen Ibilbidea» Debabarrena Turismoa (Noiz kontsultatua: 2023-08-14).
  13. ARTZAIN BIDEAK: MONUMENTO MEGALITIKOAK. (Noiz kontsultatua: 2023-08-14).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]