Arrola mendi elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrola mendi elkartea
Datuak
Motaelkartea eta Bidezidor kirola
HerrialdeaEuskal Herria
Historia
Sorrera1972

Arrola mendi elkartea Antzuolan 1972an sortutako mendizale elkartea da[1]. Mendizaletasunaren inguruan herriko komunitatea elkartzeko espazio gisa sortu zen.[2] Ordutik, elkarteak hainbat gora behera izan dituen eta ia desagertzeko zorian egon zen arren[3], bere helburu soziala betetzen jarraitzen du.[2]

Sorreraren testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ofizialki, 1972ko azaroan sortu zen Arrola Mendizale Elkartea, baina aurretikoak dira lehen urratsak, eta elkartearen sorrera ulertzeko, beraz, beharrezkoa da garaiko testuingurua ezagutzea eta ulertzea. Izan ere, Francoren diktadura garaia zen; alegia, pertsonen eskubideak zapalduta, zentsura mota guztiak martxan zeuden eta errepresioa sistematikoa zen.

Hala ere, 1960tik aurrera, mirari ekonomikoa deitu izan dena hasi zen[4], hala nola turismoa sustatuta, atzerrian lan egiten zutenen diruak itzulita, eta kanpoko inbertsioei ateak zabalduta. Egoera honek aldarrikapen sozialak gero eta ugariagoak izatea eragin zuen, tartean politikoak ere azalduz. Elizaren inguruan sortutako Ekintza Katolikoa erakundeak ere gero eta iritzi kritikoagoa zuen, eta hala zen Antzuolan ere[5]. Erakundea oso zabalduta zegoen Europan eta Espainian, eta elizaren doktrina sozialean oinarrituta, gizarte ekintza ezberdinak bultzatzen saiatu zen. Bazuen lotura sindikatu katolikoekin ere, HOAC eta JOC bezala ezagutu direnekin, eta, beraz, langileen egoeraz ere arduratzen zen. Horiek ere frankismo garaian ekin zien lehen urratsak emateari, eta 1950eko hamarkadatik aurrera hasi ziren lehendabiziko fruituak ematen[1]. Antzuolaren kasuan, kooperatiba desberdinak sortu zituzten: 1958an, San Jose Kontsumo Kooperatiba[6], eta, 1959an, Goizper[6]. Garai honetan oposizioa ere sendotzen hasia zegoen langile mugimenduan, ikasleen sektore batzuetan eta mugimendu abertzaleetan. Erregimenaren aldekoen artean, beraz, ahulguneak ere azaltzen hasi ziren 1960ko hamarkadaren azken urteetan, 1969an gorte frankistak Juan Carlos erregegai bezala berretsi arren. Grebak gero eta ugariagoak izan ziren, elizaren esparruan ere aldaketak sumatzen ziren, eta sindikatuak eta alderdi politikoak ere prestatzen ari ziren diktadorea hil ondorengo egunerako.

Urte horietan jazotako gertaerengatik, ordu hartako Euskal Herriko eta Antzuolako giro soziopolitikoa konplikatua zen. Hala ere, testuinguru trakets horretan, eta herriko gazteek antolatzen zituzten mendi irteerak eta lehiaketak bideratzeko sortu zen Arrola Mendizale Elkartea.[1]

Elkartearen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ARROLA mendi elkartearen kideak eta euskal mendi federazioko lehendakaria (1997-11-22). Arrolaren 25. urteurrena (1972-1997) ospatzen. Goitik eta esker aldetik hasita: J. Navarro, P. Iriondo (Euskal Mendi Federazioko lehendakaria), J. Lizarralde, J. Kortabarria, B. Lete, T. Larrea. Makurtuta eta ezker aldetik hasita: J. I. Jauregi, F. Lizarralde, M. Guridi, Mª J. Arbulu eta L. Iturbe. Argazkia: Mari Paz Ugalde.

Mendi elkartea, aldez aurretik mendiarekin loturiko ekintzak antolatzen eskarmentua zuen talde baten egitasmoa izan zen, eta horiek antolatutako jarduerek justifikatu zuten herrian mendiaren inguruko elkarteren bat sortzeko nahia [1]. Gainera, ordurako Euskal Herrian ugariak ziren herrietan antolatutako mendi elkarteak, eta ARROLA sortu aurretik ere Antzuolako hogei bat herritar joanak ziren Bergarako (Gipuzkoa) Pol-Pol elkartearekin mendira. Mendi irteerak eta antolatzen zituen talde hark, baina gertuan baziren gehiago ere, Gipuzkoan: Arrasaten, Besaide; Oñatin, Aloña Mendi; Azkoitian, Anaitasuna; Azpeitian, Lagun Onak; eta beste hainbeste.[1]

Dena dela, horrek ez du esan nahi Antzuolan ez zenik mendiaren bueltan ekintzarik antolatzen. 1972ko azaroan sortu zen ofizialki Arrola elkartea, baina dagoeneko bide bat egina zegoen herrian[1]. Mendiak kalean nabaritzen ez zen askatasun sentsazioa zekarren, eta horrek bide ematen zuen aldarrikapenerako eta elkartzeko espazio bat izateko ere.[1]

Tomas Larrea elkarteko kidea zena izan zen mendi federazioarekin egin beharreko harremanaren bideratzailea. Izan ere, ordu hartan Pako Iriondo zen "Federacion Vasco-Navarra" bezala ezagutzen zen izeneko mendi federazioko lehendakaria, eta aurrez ezagutzen zuten elkar. Are, berarekin izandako harremana estua izan zen hasieratik: Pako, Elgoibarkoa (Gipuzkoa) zen, eta makina bat bidaia egin zituzten bertara, eta baita Oñatira (Gipuzkoa) ere, estatutuak idazteko eta mendira joateko beharrezkoak ziren baimenak eskuratzeko, eta, aldi berean, egin beharrekoen informazioa eta aholkuak eskuratzeko. Elkartearen estatutuak idatzita bidali ziren eta 1973ko martxoaren 2an onartu ziren Madrilen. Espainiako Kluben eta Kirol Elkarteen erregistroan. Berau izanik erregistroaren data ofiziala. [7]

Bazkide eta federatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BAZKIDETZA (1973-2022). Iturria: ARROLAren Artxibo Historikoa: Batzar Orokorrak eta aktak
Federatuak (1992-2022). Iturria: ARROLAren Artxibo Historikoa: Batzar Orokorrak eta aktak

Bazkidetza kopuruaren bilakaerari dagokionez, eta hasierako datuei begiratuz gero, 236 bazkide eta federatu zituen ARROLAk 1973an. 2022an, 469 bazkide dira, baina 71 dira soilik federatuak, bazkideek eta federatuek ez baitute adierazten mendiarekiko atxikimendu bera: batzuk, bazkide dira baina ez dira federatzen; beste batzuk, federatzea erabakitzen dute, mendian era aktiboan ibiltzeko ohitura dutelako.

Bazkideetan ez bezala, federatutako kopuruetan beste jarrera bat dago, oso gutxi direlako federatzen diren bazkideak; gainbehera nabarmena da, grafikoan ikusi daitekeen bezala, 1990eko urteetatik gaur arte. 1998an jotzen du goia federatuen kopuruak, eta jaitsiera mantsoa da ordu geroztik. Egun, afiliazioa kopuru txikietan mantentzen bada ere, COVID-19ak (2020-2022) sortutako izurritearen ondorioz, eta fenomeno hau ohikoa izan da mendi elkarte guztietan, igo egin da federatutakoen kopurua.

Aitzuri (Aketegi) buzoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzuolatik kanpo ere aurkitu daitezke ARROLA elkartearen aztarnak. Horietako bat Aizkorrin dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mendi gailur garaienean, Aitzurin (gaur Aketegi bezala izendatua); hain zuzen ere, 1551 metrotan.

ARROLAk ere, beste mendi elkarte askoren eran, bere buzoia jarri nahi izan zuen inguruko mendi gailurren batean, eta horretarako harremanetan jarri zen mendi federazioarekin. Haren irizpideetako bat izan zen buzoirik ez zegoen mendi batean ipintzea, eta ordu hartan federazioko lehendakaria zen Pako Iriondok aholkatu zuen Mugarriluzen jartzea. Hala ere, otsailean, ARROLA zaleak Aizkorrin, Aitzurin, egon ziren, eta ohartu ziren ordurako martxarik ez zuen Txantxiku-Txoko elkarteak jarrita zuen buzoia guztiz apurtuta zegoela. Beraz, aukeratzat hartu, eta Oñatiko Aloña Mendi elkartekoei jakinarazi zitzaien; beraiek arduratu ziren ea ARROLAk bertan buzoia jartzeko aukerarik ote zuen baieztatzeko kontsulta egiteaz. Izan ere, Txantxiku-Txoko elkarteak buzoia berrizteko asmoa aurrez adierazia zuen, nahiz eta Aloña Mendik ez ikusi arazorik ARROLAk jar zezan bertan, edo, bestela, Aitzabalen. Azkenean, gure elkarteak buzoia Aitzurin jartzeko baimena jaso zuen.[8]

Diseinuari dagokionez, Juan Jose Legorburuk eginikoa da, tornulari lanetan aritzen zena Goizper kooperatiban. Gerbasio Legorburuk utzitako txistu eta danbolin bat oinarri hartuta, eta Goizperrek emandako materialari esker ekin zion lanari; azkeneko ukitua Anjel Mari Del Tesok eman zion, altzairu herdoilgaitzez, purua, 18/8ko lehengaia erabilita. Xaflako letrak Eliseo Garciak egin zituen ELAY-ko tresneria erabiliz. [9]

Aitzuriko buzoia garraiatzen (1975-12-14). Argazkia: Benito Ramirez

Baina buzoian badu bitxia den beste istorio bat ere, eta bere gainaren neurriarekin lotuta dagoena. Izan ere, Aitzurin buzoia jarri zenean, mendi gailurrak 1.526 metroko altuera zuela aipatu zen. Gainera, ordu hartako txostenetan, hala nola liburuetan, agertzen zen Aitzuri baino, Aketegi zela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendirik altuena, 1.549 metrorekin. Hala ere, datuak datu, zalantza zegoen ea zein izango ote zen bietatik altuena, eta horregatik ekin zioten ikertzeari. Garai hartan altimetro zehatzik eta GPSrik ez zegoenez, sistema artisau bezain zientifiko bat erabili zuten, vasos comunicantes legea aplikatuz. Horri esker, bertaratutakoak ohartu ziren Aitzurik Aketegik baino bi metro gehiago zituela, ordura arteko usteen kontra. Beraz, buzoiaren plakari ere altuera zehatza jarri zitzaion: 1.551 metro. Ordutik, Aitzuri da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendirik garaiena.

Baina bada toponimo honi buruz argitu beharreko kontu bat, zeresan bat baino gehiago ekarri duena. Aitzuri, edo jatorriz Aitxuri, ez omen zaio gailur honi deitzen, baizik eta Aizkorriko mendilerroak duen beste gain bati, inguruan dagoen eta 1.507 metro dituen Aitzabal tontorrari. [10]

Aitzuri (antzinako plaka)

Mendikat iturriaren arabera, Aitzuri bezala ezagutzen dena, jatorrian, Aketegi tontorra da, eta, ondorengoa, puntu geodesikoa duena, Aketegi erpina, 1.549 metrorekin. Are gehiago, bada Aketegiri buruzko informazio gehiago ere:

Aizkorri eta Gipuzkoako mendirik garaiena da eta bere gainean seinale geodesikoa ezarri baitzen (1549). Egindako neurri zehatzenek, ordea, Gipuzkoako mendien bigarren posizio altimetrikoa ekarri zuten, eta Aketegik (1551) aurrera hartu. Hala ere, bi tontorrak oso gertukoak dira, jaitsiera txiki batek (1536 m) bananduak aurkitzen direlarik, eta minutu gutxiren buruan batetik bestera pasa ahal izateko aukera dago.

Beraz, ez Aitzuri, Aketegi omen da ARROLAk jarritako buzoiaren tokia. Hemen adierazi behar da Aitxuri toponimoa (eta ez Aitzuri) ez dela kota horretarako dokumentatzen, Aizkorri aurreko gailurrerako baizik (mendigoizale taldearentzat Aitzabal deitua). Eremu honetan agertzen den hitz bakarra Aketegi da, gaur egun deitzen ditugun bi tontorrei erreferentzia eginez, beraz, Aketegi (1551 m) eta Aketegi erpina (1549 m).

Aitzuritik Aketegira (mendigaineko plaka)

Urteetan zehar aztertu da gaia, hala nola lekuko izenen azterketak eginda, eta baita lur hauek sarritan zapaldu dituzten artzainak elkarrizketatuta ere, eta bat datoz esatean inguru hau betidanik ezagutu dela Aketegi bezala, eta, Aitzuri, Aizkorriko Santa Kristo aurretik dagoena dela.

Azkenean, 2017ko martxoaren 22an Olatzagutian (Nafarroa) egindako bilkura batean eman zuen ontzat Euskaltzaindiaren Onomastikoa Batzordeak gailur horretarako Aketegi izena. Euskal Mendi Federazioak eta Mendizale Ehundunen Anaidiak ere aintzat hartu zuten erabaki hori.

Beraz, ez Aitzuri edo Aitxuri, jatorriz Aketegi du izena mendi tontor honek, nahiz eta 1963tik eta ia gaur arte horrela ez ezagutu. Hala ere, ohitura hau aldatzeko lan handia egin behar da; izan ere, oraindik ere, ofizialak eta ez ofizialak diren hainbat dibulgazio eta erakunderen dokumentutan, Aitzuri bezala azaltzen da izendatuta gailurra.  

Jatorrira jauzi egin eta izena berreskuratzeko pedagogia horretan, ARROLAk ere gaizki ulertua zuzendu nahi izan zuen 2021eko abenduaren 18an. Dagoeneko apurtuta zegoen plakatxoa berriztu eta aldatu zuen, eta, beraz, bertan dago berreskuratutako jatorrizko izena ere: Aketegi.[11]

Finalista eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteko ekintzarik garrantzitsuenak ez zuen zerikusirik ohiko mendi irteerekin, baizik eta hasiera batean Koroson, eta ondoren baita beste toki batzuetan ere, hala nola San Martzialen eta Trekutzen, egiten ziren ospakizunekin. Eta horren adibide nagusienetariko bat da gerora Finalista Eguna izan zena, aisialdia eta herria kohesionatzeko sortua.

Egitasmo honen lehenbiziko aztarnak, aipatu bezala, Koroson daude, eta ez da kasualitatea, ARROLA elkartea sortu aurretik ere herriko gazteriak bazuelako ohitura ingurune horretan mendikoak zein beste era batekoak ziren ekintzak antolatzeko; esate baterako, Azaldittako/Lizargarateko erromeria.

Finalista egunean Arrolak banatutako dominak. Goikoa 1973koa; azpikoa, 1974koa.

Korosoko finalista eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendira joatea, garai batean, bazen herritarrak kohesionatzeko eta askatasun sentsazioa sentiarazteko modu bat ere, ariketa fisikoa egiteaz harago. ARROLA sortu aurretik ere ospatzen ziren mendian egiteko jarduerak, eta, gure kasuan, Koroso zen elkartzeko gunea. Orain arte jasotako informazioaren arabera, 1969ko uztailaren 13an ospatu zen lehendabizikoz mendi jaia, meza eta guzti, eta aitzakia 1969ko ekainaren 15ean egin zen herri mailako aurreneko ibilaldi neurtua izan zen.

1972ko maiatzaren 28an ere gauza berbera egin nahi izan zen, herri mailako beste ibilbide neurtu bat, norabide honekin: Herriko Plaza, Gorla, Trekutz, Irimo, Santa Barbara, Deskarga, Arrola, Koroso eta Lizargarate. Halere, dirudienez, jaia eta meza ez ziren ospatu, gobernu zibilak ez zuelako onartu, eta ezta 1973koa ere.

Hala ere, egun horrek bestelako aitortza bat lortu zuen ARROLA mendizale elkartearen sorrerarekin batera; Finalista egunak, alegia. Esaterako, 1974ko irailean egindako ospakizunean, 1973an egindako mendien dominak banatu ziren, eta bertan izan zen Euskal Mendi Federazioko Pako Iriondo ere. Dominak, berriz, hiru kategoria kontuan izanik banatu ziren urte hartan.

Trekutzeko finalista eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finalista egunean, dominak eta jaia bera ospatzen hasi aurretik, meza izaten zen. Trekutzen (1986ko iraila)

Ohituraz, iraileko bigarren asteburuan ospatu izan da Trekutzeko jaia. Lehendabiziko erreferentzia 1981ekoa da, irailaren 6an egindakoa, eta egunaren egitura berbera izan zen, aurrez mendi ibilbide bat egiten bazen ere. Urte hartan, Deskarga, Irimo eta Gaztelugain igaro zituzten, eta, ostean, salda eta txorixoa dastatu zituzten. Meza ere egon zen, 13:00etan, eta bukatu bezain laster domina banaketa egin zen. Bazkaria eta festa egin ziren ondoren.

Hurrengo urtean ere ospatu zen jaia, 1982ko irailaren 12an, eta oso jendetsua eta “askotarikoa” izan zen. Antzuola, Irimo eta Trekutz zeharkatu zituzten lehenbizi mendiz, eta dagoeneko errotuta zegoen ohiturari eutsiz, salda eta txistorra banatu zituzten azken geltokian. Ez ziren falta izan meza eta dominen banaketa ere, eta ostean bazkaria eta festa egin zituzten, Bazterretxe eta Lizaso trikitilariek girotuta.

Hala ere, 2010eko hamarkadarekin batera gainbehera hasi zen. “Jende gutxi eta umerik ez” izan zen lehen urte hartako ondorioa. Hurrengo egindako bilera batean pentsatu zen zerbait egin zitekeela haurrak urreratzeko, txartelak eskaini edo dominen banaketarekin hastea berriro, esate baterako, baina ez zen aurrera egin asmoarekin, eta eguna galtzen hasi zen pixkanaka.

Testuingurua aldatzen zihoan, eta hori nabaria zen Finalista egunean ere. 2013ko irailaren 15ean ospatu zenean, adibidez, bazegoen berrikuntza bat: jendea ez zen soilik oinez joaten, gero eta ohikoagoak baitziren mendiko bizikletak. Beraz, Antzuola, Arrola eta Trekutz arteko ibilbidea bi eratara egin zen, eta, guztira, 33 lagunek hartu zuten parte, seik bizikletaz eta 27k oinez.

2014ko irailaren 21eko Finalista eguna ere hanka-motz gelditu zen: goiz erdikoa izan zen, ibilbidearekin eta salda eta txistorraren banaketarekin. Eta 2015ean ere horixe antzeman zuten: “Goizeko irteeran jende gutxik hartu zeban parte (6); gero saldia ta hartzera jende gehixao agertu zan, umiekin itxeko buelta haundixa dalako. Danera 20 heldu ta 10 ume”.[12]

Gaur egun, nahiz eta urteren batean jaia berpizteko saiakera bat egon, ez da ospatzen.

Urteberri eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilak 1, Arrolara joateko eguna. Argi-leku txabolan, 1981. urtean.
2022ko urtarrilaren 1ean egin zitzaion omenaldia Jose Lizarralde “Zupide”ri, ia urtero bere gain egon delako Arrolak urteko lehen egunean ospatzen duen salda eta txistorraren antolaketa.

Jakinekoa da Antzuolan, Urteberri egunarekin batera, Lizargaratera joan, eta salda eta txistorra hartzeko aukera dagoela. Urtarrileko lehen egunean errepikatzen den ekintza bat da, dagoeneko tradizio ere bihurtu dena. Baina noiztik dator? Eta Lizargaraten egin al da betidanik?

Alboko herrietara erreparatuz gero, bergararrek Itsumendira igotzeko ohitura zuten (eta dute) Urteberri egunean, eta, urretxuarrek, berriz, Irimora. 1974an ARROLA zaleek ere erabaki bat hartu zuten, hain justu, urteko lehen eguna Arrolan hastea eta txistorra jana Koroson antolatzea. Koroson, baina Oñatiko udalerrian dagoen Argilekuko txabolan hasi ziren egiten ospakizuna. Azken urteotan, ordea, egokitasuna eta erosotasuna gogoan, erabaki da Lizargarateko aterpera lekualdatzea, nahiz eta oraindik ere Oñatiko udalerriarena izan. Dena dela, jendeak ez du hutsik egiten!

Lerro batzuk gorago aipatu bezala, Argilekuko txabola aukeratu zen Korosoren ostean Urteberriari hasiera emateko, baina, horrekin hasi aurretik, batzordeak teilatua eta tximinia konpontzea erabaki zuen 1985eko apirilean.

Baina erosotasunarengatik, 2017tik aurrera Oñatiko udalerrian dagoen Lizargarate baserrian eta elkartean ospatzen da urteko lehendabiziko eguna, Antzuolako mugarria bi pausutara egonda.

Herritarren artean, beraz, egun ondo errotuta dago urtarrilaren 1eko eguna, lehenengo Arrola gainera joatekoa, eta, ostean, Lizargaraten salda eta txorizoa jatekoa. Eta horren lekukoa da urtero etortzen direnen datuak jasotzen direla koaderno batean. [13]

Kanpaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzasun (Gorlan) egindako bigarren kanpaldia eta parte-hartzaileak (1973ko ekaina 29/30).

ARROLA sortu eta gutxira egin zen lehenbiziko kanpaldia, 1973ko maiatzaren 1eko zubian, Durangoko Tabira mendi elkarteak Mugarrikolandan antolatutakora,  hain justu ere. Bertara joan omen ziren Joxe Lizarralde, Felix bere anaia, Lorenzo Iturbe, Mari Carmen Larrañaga, Pilar Aranguren eta Begoña Lete. Pasatutako egunetan inguruko mendiak igo zituzten: Mugarra, Belatxikieta, Arrietabaso…

Bigarren kanpaldia, Kostaldeko Mendi Elkarteena, 1973ko ekainean egin zen Altzasun, Gorlan. Antolatzaileak, Pol-Pol elkartea eta Euskal Mendi Federazioa. ARROLAtik azpiko argazkian ikusten den neska-mutil eta arduradun joan ziren bertara. [14]

Pako Iriondo, Euskal Mendi Federazioko lehendakaria hitz egiten, Aita Lasaren omenaldian, Urbian (1974. urtea)

Urtebeteren ostean, 1974an, Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko buruak ARROLAri gonbidapen bat egin zion; federazioak bere 50 urteko existentzian sekula antolatu gabeko kanpaldi bat prestatzeko, zehazki. Urbian ospatzea zen asmoa, eta herrialdeen arteko gazte eta gaztetxoen arteko lehendabiziko kanpaldia izatea. Hain justu, Primer Campamento Regional Infantil y Juvenil en la Campa de Urbia izenpean antolatu zen; 50 bat herritarreko taldea ibili zen antolatzen, eta Hego Euskal Herriko 72 elkarteri bidali zitzaien gonbidapena. Ekainaren 29an eta 30ean egin zen kanpaldi hori.

Ekintza oso arrakastatsua izan zen, ARROLAk bikain gainditu zuen, eta denak gustura joan ziren. Guztira, 520 gaztetxok hartu zuten parte, Hego Euskal Herriko 31 elkartetatik etorritakoak. ARROLAk, berriz, 48 gaztetxo eraman zituen bertara, eta guztira 138 kanpin denda jarri ziren.

Kanpaldian, bazegoen ekitaldi bat benetan hunkigarria izan zena ere. Federazioak eta mendi elkarteek 1974ko ekainean Zumaian (Gipuzkoa) eginiko batzar batean erabaki zuten Aita Lasari omenaldi bat egitea. Urbian dagoen ermitan 25 urte betetzen zituen kapilau lanetan, eta oñatiarrei ideia ona iruditu zitzaien hura omentzea. Are, aitortza ekitaldia aprobetxatu zuten ermitaren mende erdia goraipatzeko ere, 1924an inauguratu baitzuten.

"Arrola" txistulariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzuolako jaiak, 1975. urtean. Jose Inazio Jauregi “Barberito” Arrola eta herriko txistularien “alma materra” txistua joten, herriko umeekin herriko jaietan.

Bitxikeria ugari utzi ditu bidean zehar mendi elkarteak azken 50 urteotan, eta horietako bat da herriko txistulariekin duen harremana. Hain zuzen, 1974an ARROLAk eginiko gastuetan lau txistu konpontzeko 600 pezetako ordainketa bat ageri da, eta horrek adierazten du elkarteak bere gain hartu zuela herrian txistulariak edo txistulari talde bat sustatzeko zeregina. Urte bat beranduago, 1975ean, 21 neska-mutil ari omen ziren txistua jotzen ikasten, eta ordurako baziren bospasei ikasi zutenak.  

1976an, elkartean, txistularien aparteko gastua dago, kaikuak erosi zitzaielako, eta 21.900 pezeta ordaindu zituztelako. 1977an, berriz, ARROLAren batzorde berriko kideen artean, Bittor Arbulu izendatu zen txistularien kudeatzailetzat.

Baina hasiera guztiek behar dute bultzatzaile bat, txistuaren eta txistularien gaia bultzatzeko alma mater bat; kasu honetan ere, egon zen. Jose Inazio Jauregi Barberito izan zen horren arduraduna, 2020ko maiatzaren 7an hil zena. Txistua biziberritu eta errotu egin zuen, eta herriko belaunaldi berriengan ere utzi du bere ondarea; txistua suspertzea ez ezik, herrian errotzea eragin du.

Pixkanaka autonomia hartzen ere hasi ziren, batik bat 1979tik aurrera, aparteko elkarte bat osatzen. 1979an, udaleko diru laguntzen banaketan, Antzuolako txistulariei ekarpena egin zitzaien, 20.000 pezetakoa. ARROLAn, berriz, 1980ra arte mantendu zen musikari horiekin jatorrizko lotura, eta batzordekideen artean pertsona bat mantentzen saiatu ziren txistulariekin harremanak zutik jarraitzeko. [15]

Ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizargarate, 1978. urtea.

Mendi elkarte baten ohiko zeregina adin ezberdinetakoei zuzendutako mendi irteerak antolatzea da, eta batetik bestera joateko, garraiobide ezberdinak erabiltzen dira. Gaur egun, garraio pribatua da nagusi elkartetik egiten diren irteeretan, baina hasierako irteerak antolatzen zirenean ez zen horrela izaten. Mendira zihoazen pertsonen kopuruak handiak ziren, garraio pribatua ere urriagoa zen, eta, beraz, autobusa eta trena erabiltzen ziren herritik kanpora egiten ziren irteeretarako.

Aldi berean esan genezake Arrolaren kasuan mendi irteerak eta mendiarekin edo naturarekin loturiko ekintzak ugari izan direla. Esan nahi da, mendian ibiltzeaz gain natura zaintzeko eta kontzientziazioa sustatzeko ekintzak ugari antolatu izan direla. Bata zein besteari erreparatuz, beraz, hauek dira aipatu beharrekoak:

Ohiko inguruko mendi irteerak.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973an, esate baterako: Mugarra, Aranguren, Ganboa, Samiño, Gorbeia, Urbia, Ernio, Besaide, Txindoki, Andarto, Irimo, Arrola… eta, udaran, Pirinioetara. Baina zeharkaldiak ere antolatu ziren. Lehena, Maltzagatik Antzuolara egin zen, Karakate, Irukurutzeta eta Elosu igaroz, eta, ondoren, beste batzuk etorri ziren: Gatzaga-Arantzazu, Lizarrusti-Aralar edo Antzuola-Itziar. Irteera hainbat, partekatuak izaten ziren hasieran: Lagun Onak eta Aloña Mendirekin batera; gero, beste mendi elkarte bat ere batu zen ekintza partekatuetara: Azkoitiko Anaitasuna. 1976an, hainbat ekintza elkarrekin eginez: Irumugarrieta, Echo ibarra, Izaba, Gredos, Belate-Saioa, Reinosa, eta Abadiñotik Arrasatera arteko zeharkaldia, Alluitzetik eta Anbototik igaroz. Are, gerora ere jarraitu zuten harremanarekin, hala nola 1982an egindako irteeretan: Aralarrera joan ziren martxoaren 8an; Oizera eta jolas parkera maiatzaren 16an; kanpaldia egin zuten ekainaren 10etik 14ra; eta, Orixolera joan ziren urriaren 17an. Gaur arte, beraz, inguruko mendiak eta zeharkaldiak izan dira protagonistak.

Pirinioetara irteerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizara-Candanchu zeharkaldia, 1995eko ekainean.

Euskaldun eta mendizale oro erakarri izan dute Pirinioek urteetan zehar. Zalantzarik gabe, gazteentzako ere erakargarriak dira 3.000 metrokoak edo handiagoak diren mendi gailurrak, baina arriskutsuak ere badira zenbaitentzat, batez ere teknikoki prestatuta ez daudenentzat.

Pirinioetara joateak xarma izaten jarraitzen zuen, eta egun ere hala da. Orduan, herritar askok zuten ohitura irteera bakoitzean izena emateko. Aste Santuan Izabara antolatu ohi ziren irteerak, eta, udaran, Pirinioetako beste tokiren batera, Frantzia edo Espainia aldera. 50 urteotan mendi ibilbide dezente egin dira inguru horietan, baina ez horrenbeste Espainiako gainontzeko mendizerretan; Europako mendietako, Alto Carrioneko (Palentzia), Neilako aintziretako (Burgos), Moncayoko (Zaragoza-Soria) eta Gredosko (Avila) gainak, aldiz, igo dira behin edo behin.

Covid-19[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin dugu alde batera laga Covid-19ak elkartean (gizartean, oro har) bere dinamikan izan zuen eragin negatiboa, urtebeteko etenaldia suposatu zuelako. Hala, 2020an zehar egindako ekintzak mugatu zituen. Are gehiago, Arrolaren bizitzan edo historian lehen aldiz, urtarrilaren 1ean Lizargaraten ospatzen den urtebeberriaren salda eta txorizoa ez zen ospatu, elkarte guztiak itxita zeudelako, Lizargaratekoa barne.

COVID-19ak irteerak mugatu zituen (Antzuolako Baztarriña baserriak, 2020/07/19)

Beste ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrolaren 50 urteurrena (1927-2022) bete den honetan, atzera begiratuz gero, ugariak eta ezberdinak idan direla antolatutako ekintzak konturatzeko aukera dago:

  • Sorosmen ikastaroak. Nahasgarriak dira datuak, baina Antzuolako udalean jasotako akten arabera, 1973an egon zen lehen sorospen ikastaroa egiteko asmoa, azaroan eta abenduan. Espainiako Gurutze Gorriaren aholkularitzarekin egin nahi zen, eskoletako gelan, eta udalak ez zuen horretarako oztoporik jarri. [16]Are, ikastaroa egin zutenek diploma bana ere jaso zuten aitortza gisa. Dena dela, horrez gain, ziurragoa izan zen beste ikastaro bat egin zen 1974ko maiatzean, Guillermo Moreno herriko medikuarekin eta Guillermo Mauleon praktikantearekin. Ordu hartan, DYA sortu zuen Juan Antonio Usparitza medikuak banatu zituen diplomak, eta Juan Maria Errasti Pol-Pol mendi elkarteko lehendakaria izan zena ere sari banaketak egon zen.
  • Argazki ikastaro eta lehiaketa. 1975ean egon zen lehenbizikoz interesa herrian argazki lehiaketa bat antolatzeko, orain arteko datuen arabera, bederen: “Primer concurso de fotografía local”. [17]1988an, berriz, ARROLAko aktei esker jakin daiteke argazki ikastaroa egin zela, jende aldetik arrakastatsua izan ez bazen ere. Azken urteetan, ez jarraian baina, udako mendi oporraldiarekin loturiko lehiaketak ere antolatu dira.
  • Mendi asteak. Mendi asteei dagokienez, abenduan hasi ziren antolatzen, eta lehenbizikoa 1975eko abenduaren 14tik 19ra egin zen. Eta badu arrazoi sinboliko bat ere, une hartan baitzen jartzear Aitzurin ARROLAk eginiko buzoia. Gerora ere beste horrenbeste jarduera antolatu dira Mendi astean zehar; ohiko ekintza bihurtzeaz gain, herritarren aldetik ere erantzun ona du.
Eskolen arteko ibilaldi neurtua Mutrikun, 2013. urtean.
  • Ibilaldi neurtuak eta orientaziozkoak. Antzuolarrok mendian ibiltzeko ohitura ARROLA sortu aurrekoa dugu, izan ere jakin badakigu ere 1969ko ekainaren 15ean antolatu zela lehendabiziko martxa herrian, bertako gazte batzuei esker. Makina bat neska-mutiko joan ziren bertara, eta handik hilabetera, uztailaren 14an, martxa horren sari banaketa antolatu zen Koroson, aurretik lekuan bertan meza egin ondoren. 1972ko maiatzaren 28an ere antolatu zen, eta herriko plazatik abiatu zen orduan ibilaldia: Gorla, Trekutz, Irimo, Santa Barbara, Deskarga, Arrola, Koroso eta Lizargarate izan zituen helmuga. Sari banaketa, ohikoa zen eran, beste egun baterako utzi zen, baina urte honetan sorpresa bat egon zen, uztailaren 16rako antolatuta zegoen jaia bertan behera utzi baitzuten. Goiko agintariek ez zuten baimenik eman: “Se suspende por orden gubernativa el festival y misa de campaña que se iba a celebrar en Koroso”.[17] Orientaziozkoa, rrakastatsuena-edo, 1975eko apirilaren 20an Antzuolan eginikoa da, itsasalde mailako mendi elkarteentzat antolatua izan zena. Eskoriatzako, Aretxabaletako, Arrasateko, Oñatiko, Bergarako, Elgetako, Soraluzeko, Eibarko, Zumaiko, Ondarroako, Azpeitiko eta Azkoitiko mendizaleak gerturatu ziren. Hala ere, eguraldi txarra egin zuen, lainotsua eta euritsua izan zen, eta, ondorioz, jendea galdu egin zen. Gorlatik Irimoko lehen gainera arte joan behar ziren parte hartzaileak, baina batzuk Aizpurutxoraino heldu ziren, bidea hori ez bazen ere. Hala ere, gaur egun, tradizio handiko batzuk izan ezik, desagertzear daude era honetako martxak.
  • Marrazki lehiketak. Marrazki lehiaketak ere egin izan dira elkartearen historian zehar, arkatza, papera eta orria eusteko egurrezko xafla bat erabiliz. Lehenengoa, 1974ko urriaren 12an egin zen, San Martzialen. 94 gaztetxok hartu zuten parte, hiru kategoriatan banatuta. Asentzio Zubillaga, Alex Mujika eta Josu Zabalo izan ziren irabazleak, eta maila handiko marrazkiak egin omen zituzten. Gainera, marraztu beharrekoa ere aurrez zehaztuta zuten: San Martzialeko ermita.
  • Mendi eta futbol irteera. Irteera guztien artean, ordea, bazegoen arrakastatsua zen bat, mendi igoeraren batekin loturarik ez zuena: Donostiara, Atotxara egiten zen irteera, Erreala ikustera. Elkartea sortu geroztik egiten zen ohiko irteera bat zen, eta 1974ko aktetan dagoeneko jasota dago zer nolako interesa pizten zuen: “Erreala ikusteko Orio-Donostia zeharkaldia egitea, gero arratsaldez futbol partida ikustera joateko”[1]. [17]Ez zen azkenekoa izan. 1975ean 118 pertsona joan ziren partida ikustera, eta debalde. Eta baita urte bat igaro ostean ere. Aiako Harriak izan ziren lehen helmuga, eta, arratsaldean, Errealaren eta Malagaren arteko partida ikusteko aukera egon zen, dohainik. Guztira, 118 ume eta hamasei nagusi egon ziren irteera hartan. Urte batzuk geroago ere ekintza berberarekin aurrera jarraitzen zuten, eta 1989ko azaroan, adibidez, Errealaren eta Logroñesen arteko partida izan zen protagonista. 126 pertsonak eman zuten izena, baina bada ordu hartako ohartxo bat ere: “Jende gehiena ez da ondoren ARROLAk antolatutako irteeretara etortzen”. [17]Esate baterako, 2003an futboleko irteerekin aurrera egiteko arazoak zeuden. Bada, hori izan zen antolatutako azken irteera, hurrengo urteetan ez baitzen gehiago egin.
  • Mendi eskia. 1984an, gazteak erakartzeko asmoz, orientazio ikastaroaz gain, ARROLAk erabaki zuen eskiatzeko aukera ere ematea. Lehendabiziko irteera Gorlara egin zen, 1985eko urtarrilean, elurra egin zuelako, eta Trekutzen ere egin zuten saioren bat. Aralarrera ere joan ziren Eibarko taldearekin batera. Hala ere, eskiatzeko garaian, otsailean, bazegoen ohitura Candanchura joatekoa, eta urteko bidaiarik arrakastatsuenetako bat izaten zen. Horren adibide da 1980ko hamarkadaren amaieran pare bat autobus betetzen zirela; ostatua, berriz, Eskolapioetan hartzen zen. Dena dela, irteerek aurrera egin ahala kezkak ere agertu ziren: “Jendea halako irteerekin nekatuta dagoela dirudi, eta, gainera, garestiegia ez ote den ari ziren pentsatzen. Aztertu beharra dago”.[17] Irteerarengatik, nagusiek eta bazkidek 2.500 pezeta ordaindu behar zituzten, eta, bazkide ziren gazteek, 1.550. Geroztik, ugaldu da eskiatzeko zaletasuna, eta dagoeneko bakarka zein taldeka praktikatzen den kirol mota bat da. Beraz, urteak igaro dira ARROLAk ez duela era honetako irteerarik antolatzen, ez bada 2022an Belaguara eskiatzera joateko antolatukoa.
Arrolazaleak Zerainen (2009/11/19)
  • Irteera turistikoak. ARROLA mendi elkarteak ere ez dio uko egin alde kulturalari, oro har mendi irteerak sustatu baditu ere. Hala, irteera turistikoak antolatu izan ditu urteetan zehar, Euskal Herria bera ezagutzea helburutzat hartuta. Besteak beste, Santimamiñera (Bizkaia), Lizarrara (Nafarroa), Bakiora (Bizkaia), Lekeitiora (Bizkaia), Uztaritzera (Lapurdi), Bilboko jolas parkera eta Arabako Errioxara antolatu zituen. Lehendabiziko irteera elkartea sortu eta gutxira antolatu zuen; hain justu, 1974ko uztailaren 28an. Santimamiñera joan ziren, kobazuloa ikusi zuten, eta, ostean, Bermeon (Bizkaia) bazkaldu zuten. 1985eko abuztuaren 15ean, Errioxara egin zen. 46 pertsona elkartu ziren, eta hainbeste jende izanda, ekintza oso defizitarioa izan zen. Gainera, bazegoen beste kezka bat ere irteera mota honekin: “Kontuan izanda ez dela mendi irteera bat, eta batzuk irteera honetara soilik etortzen direla”. [17]Bada, badirudi hausnarketa horrek eragina izan zuela ondorengo urteetan, 1990etik aurrera ez antolatzea erabaki baitzen.
  • Antzuola-Donostia zeharkaldia. Urteetan zehar egin dira mendi zeharkaldiak ere, eta horietako batzuk urtero errepikatu izan dira. Horietako bat da Antzuolatik Donostiara bitartekoa. Hasiera batean, eta ia era anonimo batean, herritar talde bat hasi zen ibilbide hau egiten; areago, badago N-1 errepidea jarraituz zeharkaldia egin duenik ere. Hala ere, ohitura hau errotzen hasi, eta mendi ibilbideetan eskarmentua zuten herritar batzuek, hango eta hemengo bideak uztartuta, ibilbide osoa osatu zuten. Behin hori eginda, ARROLAk bere gain hartu zuen ibilbidea urtero errepikatzearen ardura. 2003an egin zen ustez azken zeharkaldia, eta dirudienez joan zirenen kexa batzuk ere egon ziren; besteak beste, kexu ziren ARROLAk ez zielako laguntzarik eman.
  • Beste ibilbide batzuk. Bazen, beraz, Antzuolatik Donostiara arteko mendi zeharkaldia egiteko ohitura, baina baita beste zenbait ere, inguruko mendi elkarteetakoekin batera egiten zirenak: Gipuzkoako itzulia (1986). Ur mugen ibilbidea (1987-88). Erromesen ibilbidea (1992). Bost hiriburuen arteko ibilbidea (1992-93).
  • Mendi bizikleta. Mendiaz gozatzeko erak aldatu egin dira, eta egun ingurura begiratzea besterik ez dago zerk agintzen duen ikusteko. Gero eta ugariagoak dira bi gurpilen gainean –edo gehiagotan– dabiltzan pertsonak, hala nola mendi bizikleta lagun dutenak. Eta egoera honek ere eragina izan du ARROLAk antolatutako ekintzetan. Elkartearen batzordeak aldatzean, beraien aisialdiarekin lotutako jarduerak proposatu eta antolatu ohi dituzte. 1990eko hamarkadaren hasieran, esaterako, herrian gero eta zaletasun handiagoa zegoen mendiko bizikletarekiko, eta ekintzen artean beti antolatzen zen bizikletaz mendira joateko irteeraren bat. 1998ko ekainean antolatu zen lehendabizikoz irteera bat mendiko bizikletan. Urbasara joan ziren, Nafarroara, eta bizikletak Goierri autobus konpainiak zituen organ edo karroan eraman zituzten. Gainera, garraio enpresak ere lehen aldiz garraiatu zituen bizikleta batzuk. Bizikletan egindako irteerak, ordea, ez ziren asko izaten.
Andoain-Leitza, Plazaola trenbidean (2014/11/01)
  • Perritxikoak: bilketa eta erakusketa. Orain entzutetsua ez bada ere, bazen urteetan zehar ARROLAren izaerarekin oso lotuta egon zen jarduera bat: perretxiko bilketa eta ondorengo erakusketa. Sarri, sofistikatuak ere izaten ziren, adituen bitartez egiten zirelako bi jarduera horiek. 1987ko urrian, esate baterako, 27 mendizale ibili ziren perretxiko bilketan goizetik, eta, arratsean, Bergarako Pol-Pol elkarteko bost adituren laguntzarekin sailkapena egin zuten; eskertzeko, afari batera gonbidatu zituzten Arin jatetxean. Eta hurrengo egunean, domekan, erakusketa egin zen. Hala ere, egiari zor, poliki-poliki ekintza hau ere desagertzen joan zen egutegitik, eta gaur egun ez da gai honi lotutako ezer antolatzen. Azkenekoa, 2015ean antolatutakoa izan daiteke.
  • Herriko iturriak zaintzen. Mendi elkartearen DNAn dago herriko ondarea zaintzeko nahia, bai, behintzat, natura ondarea, eta, beraz, ARROLAk zenbait konponketa lan egin ditu. Esaterako, sorreratik zaindu ditu herriko iturriak, eta zeregin honek ospea eman dio; mendi federazioak txalotu izan du egindako lana. Izan ere, ez dira gutxi orain arte zaindutako iturriak.[18] Ez soilik zaindu, baita berriak jarri ere. Irikorta iturria da horren erakusle. 2018an bete zituen Irikortako iturriak 30 urte. ARROLA mendizale elkarteak jarri zuen Arrola gainaren azpian, eta gaur egun ere, ez bada udako garai lehor bateko egun batzuetan, ura dario. Hala ere, misteriotsua da ur honen jatorria; izan ere, mendi gailurra metro gutxitara dago, eta, beraz, ez da jakinekoa nondik iristen den. Bat baino gehiago harrituko da iturri honek dituen harlanduzko egiturarekin eta askarekin ere. Baina ez da harritzekoa harridura hori. Izan ere, ez dira bertan egindakoak, baizik eta Ondarra-Kalegoiko –jatorrizko izena– labaderotik ekarriak; egun, Ondarretik Ibarrondo auzora joateko bide ertzean zegoena. Labaderoa bota zenean, 1986an, Irikortan jartzeko hautua egin zuen ARROLAk, 1988ko urriaren 22an. Gutxi gorabehera, 1988ko maiatzaren aldera hasi zen, eta erabaki zen egin beharrekoaren laburpen bat jasotzea eta hori udalari aurkeztea. Dena den, mendizale elkarteak ez zuen gasturik egin nahi izan proiektu honetan, ez bazen eskulana eskaintzea. Ofizialki, urriaren 22 hartan amaitu ziren lanak, baina beranduago jarri zen iturriaren norabidea adierazten zuen seinalea. 1989ko urtarrilaren 3an izan zen hori, eta Arrola gainean kokatu zen; are, egun ere zutik dago. 1990eko urtarrilaren 1ean, berriz, antoxina eta katea jarri zitzaion iturriari, 690 pezeta ordaindu ostean. Hala ere, urtarrilaren 5erako antoxinaren katea lapurtuta zegoen! Gaur egun osasuntsu dago iturria eta lehorte handienetan ere ura dario.
Irikorta iturria jartzen (1988ko iraila).
  • Mendia zaintzen. ARROLAk betidanik izan du berebiziko sentsibilitatea ingurumenarekin, eta batik bat mendiko naturaren egoerarekin. Izan ere, elkartearen helburua ere bada mendiek bere baitan gordetzen dituzten natura balioak zaintzea eta transmititzea, eta, noski, horren bitartez mendizaleak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea. Horretarako, makina bat ekintza antolatu eta egin dira, bakarrik edo herriko eskolarekin, nahiz beste erakunde publiko batzuen laguntzarekin; Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Deba Garaiko Mendizale Elkartearekin edo herriko udalarekin, adibidez. Hala mendiak garbitu, antzinako bideak berreskuratu, zuhaitzen eguna antolatu, txabolak egokitu ...
Arrolaren rokodromoa (2023ko maizean)
  • Eskalada eta rokodromoa. 1980ko urteetan ageri da batzordekideen artean interesa lehendabizikoz. Ikastaroak antolatu zituzten ordu hartan, baina 1990eko hamarkadara arte ez omen zuen argirik ikusi. Jabi Mujika antzuolarrak ondo gogoan du hori: “Hasiera batean, jarduera berezia zen; ez zen larregi sustatzen ez mendi elkartean, ezta federazioan ere. Gainera, batzuk gaizki ikusten zuten kirol mota hau. Entzunda gara mendi federaziotik zeintzuk ote ginen gu mendiak burdinez betetzeko”. [19] 1990eko urriko aktetan, ordea, irakurri daiteke elkartean eztabaida bat egon zela, eta zenbaitek adierazi zutela zerbait egin behar zela eskalada sustatzeko; bada, horretarako lehen erabakia izan zen Bergarako Pol-Pol mendi elkartearekin ikastaroren bat antolatzea. Dena dela, badirudi asmoak luze jo zuela, 1991ko martxoan aukera posibletzat ikusten denera arte. Elkarte horrek monitoreak zituela aprobetxatuta, urte bereko maiatzaren 29an, 30ean, 31an eta ekainaren 1ean egitea aurreikusi zuten. Jon Lazkano Bergarako eskalatzaile ospetsuarekin antolatu zen eskolako haurrentzako ikastaro bat herri horretako rokodromoan. Saioak 50.000 pezetako kostua izan zuen, eta oso ekintza arrakastatsua izan omen zen. Lan horren ostean, 1998a berezia izan zen, batik bat bi arrazoiengatik. Batetik, urtero egiten den batzarkideen artean aldaketak egon ziren, eta rokodromoaz arduratzeko partaide bat izendatu zen: Zigor Perez. Bestetik, rokodromoaren obrak hasi ziren, eta 1998ko otsailean inauguratu zen Maristetako komentu zaharreko areto batean. Baina komentua bota ondoren, jarduna moteldu egin zen, eta 2022ko urtarriletik aurrera Eguzki auzoan dagoen gazte-txokoan kokatuta dago rokodromo berria.

Arrola 50 urte (1972-2022)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrola, 50. urterako logotipoa.

2022an 50 urte (1972) ospatu ditu Arrola mendi elkarteak. Oier Peñagarikanok egindako logotipoa eta kamisetak izan ziren urte osoko "bidelagunak". Aldi berean ugariak izan ziren antolatutako ekintzak; era askotakoak eta herritarrek parte-hartutakoak, labur bilduz hauetan oinarritzen direnak: [20]

  • Urtarrilak 1: Urtero Lizargaraten egiten den urteberriari ongietorria egin zitzaion. Berezia, dena den: urtero antolaketaz arduratzen den Joxe Lizarralde "Zupideri" omenladia egin zitzaiolako. Guztira 98 salda bero eta txistorra mutur banatu ziren urtarrilaren 1ean, eta estatistikari kasu eginez gero, ia banaketa handienetakoa. Beraz, pozik jendeak horren ondo erantzun duelako, nahiz eta aurretik jakin ez egun horretan Joxe Lizarralde omenduko genuela. Beraz, badago herritarren artean egun honekin lotutako atxikimendua.
  • Otsailak 12-13, Belaguara eskiatzera. Aspaldi antolatu gabeko elur irteera antolatu zuen Belaguara. Bertara, 19 arrolazale joan ziren, eta eski nordikoaz, mendi ibileraz nahiz elur-erraketaz disfrutatzeko gai izanez eta inguruak eskaintzen dituen paregabeko txokoez disfrutatuz. Otsailak 17, Jokin Lizeagaren hitzaldia. Mendi lasterketen inguruan ekitaldi pedagogikoa eta aldi berean hunkigarria eskaini zigunTorresoroan; izan ere, ez dugu ahaztu behar Jokinek 2018an istripu larria izan zuela mendian (Trail Pastores de Portudera 2018 ). Harrez gero bere gorputzarekin zein buruarekin etengabeko lehian ari da, baina aldi berean lasterketetara bueltatzeko irrikitzen dago. [21]
  • Martxoak 13, Zuhaitz eguna: Aspaldiko ohitura bat berreskuratuz, 50 + 1 haritz eta pago (50 urte iragana eta 1 urte etorkizuna adieraziz) landatu ziren Jentilaitz izeneko herriko lur sailean. Hogeita lau arrolazale (heldu eta ume) elkartu ginen horretarako. Ondoren salda eta txorizoa Lakiriolako Kimu Berri elkartean hartu genuen. Landatutako eremua itxitura baten bitartez itxi zen, eta Arrolaren helburua izango da sartutako zuhaitzak ondo ernal daitezela eta bere hazkundea urtez urte zaintzea. Aldi berean Lakiriolako iturriaren itxitura ere egin zen urtean zehar.
Zuhaitz eguna Jentilaitzen (22/03/13)
  • Martxoak 24, liburuaren aurkezpena. Aurten Arrolak 50. urteurrena ospatzen du, eta aspaldiko ohitura bat berreskuratu du: zuhaitz eguna eta landaketa. 50 + 1 haritz eta pago (50 urte iragana eta 1 urte etorkizuna adieraziz) landatu dira Jentilaitz izeneko herriko lur sailean. Hogeita lau Arrola zale (heldu eta ume) elkartu gara horretarako. Ondoren salda eta txorizoa hartu dugu Lakiriolako Kimu Berri elkartean. Landatutako eremua itxitura baten bitartez itxiko da, eta Arrolaren helburua izango da sartutako zuhaitzak ondo ernal daitezela eta bere hazkundea urtez urte zaintzea.[22]
  • Apirilak 30, Nerbioi ibaiaren iturburuak. Ibilbide zirkularra, 23 kilometro luzera duena baina desnibel gutxikoa (400 metro). Helburua Nerbioaren iturburuak ezagutzea. Untzaga auzotik (Araba) hasi eta bukatu da ibilbidea, eta Delikako ur jauzia, Nerbioiaren jaiotza eta Santiago eremua ezagutu dira, bertako errekak, pagadiak, iturburuak, otsotegiak, begiratokiak ... aztertuz. Bukatzeko, baina, Goiuri edo Gujuliko ur jauzi ederra ere bisitatu dugu.
  • Ekainak 11, "txistu eta kantuz, mendira". 16 txistulari, 20 abeslari eta 90 bat ikuslek hartu zuten parte ekitadi eder honetan. Saioan Arrolaren ereserkia ere aurkeztu zuen, Joxe Ramon Vitoria arrasatearrak egina. Herritarrek herritarrentzako prestatutako ekitaldi erakargarria bezain hunkigarria izan zen, batez ere Jose Inazio Jauregi "Barberito"-ri zenari omenaldia eskaini zitzaiolako. [23]
  • Uztailak 2, Gorla aisigunearen txukunketa. Antzuolako herriak badauka udalerrian zabalduta aisialdirako hainbat gune. Euretako bat agerian baina aldi berean ezkutuan geratzen den Gorlakoa, umeentzako jolasgune eta guzti. Aldi berean, hamarkada batzuk badira bertan herriko Udala eta Arrolak landatutako lizar, pago eta haritz ugari. Beraz, Arrolaren 50. urteurren honetan ezin hutsik egin auzo lan honetan, tartean Gorla Elkarteko partaideak izanda, gainera! Auzolanak badu xarma berezi bat beste inon topatzen ez dena (hamarretakoa kenduta): proiektu komun baterako talde lan motibatua izatea.
Gorlako aisigunea txukuntzen Gorlako elkartekoekin batera (22/07/02)
  • Irailak 17 eta 18, Pirinioetara. Panticosa eremua izan da helburu, "Casa de Piedra" izeneko aterpetxea erdigunea hartuz. Hamasei herritar, hamasei arrolazalek hartu dugu parte irteeran.
  • Iraila-Urrian zehar, Igiraingo iturria konpontzen. Arrolaren zereginetako bat ere bada mendiko iturriak zaintzea. 2022an Igiraingo edo Iraingo iturria egokitu da. Dirudienez, agorraldiaren eta iturburutik beheko iturrira datorren tutua metal uraren eta beste sedimentuekin beteta egotearren eraginez, aspaldi honetan ez zerion urik.
  • Urriak 4, mendi sorospenari buruz, hitzaldia. Mendiko lehen sorospenaz eta segurtasunaz jardun zuten Ane Motoso Bergarako mendi gidariaren eskutik izan zen hitzaldi interesgarria.
  • Urriak 8, Arrola eguna. Ekintza nagusiena "Arrola Eguna" izan zen. Jende ugari elkartu ginen herriko plazan oinez, mendi bizikletaz edo antxintxikaz Arrolan elkartzeko. Ondoren, salda beroa Lizargaraten, Joxe Lizarralde "Zupidek" prestatuta. Gero herri bazkaria. Ondoren dantza saioa.
Arrola eguna ospatzen Arrola gainean (22/10/08).
  • Azaroak 4, Unanu-Beriain-Euskal Herriko erdigunea-Goñi. Zeharkaldia izan da. Guztira 17,5 kilometro eta 950 metroko desnibela, sei ordu eta erdi erabiliz. Sokogune batean dago Euskal Herriko erdigunea. Hemendik, zeharkaldi aparta egiten da Goñiko mendi gainetara. Behin gaineko behatokiaz disfrutatu ondoren, Goñira jaitsi gara (161 bizilagun).
  • Abenduak 15, mahaingurua eta erakusketa. Nola gaude, zer egiten dugu eta nora goaz mendi elkarteok bailara mailan? Hiru galdegai hauek erantzuten saiatu ziren Debagoieneko mendi elkarteko ordezkari batzuk (Bergarako Pol pol, Oñatiko Aloñamendi, Elgetako Kantsatzeke, Aramaixoko Orixol, Arrasateko Besaide eta Antzuolako Arrolamendi Elkartekook. Ondoren, "Mendian gora" izeneko erakusketa inauguratu zen Olarango erakustokian. Bertan, Arrolaren 15 minutuko bideoa ikusteko aukera ere egon zen. [24] [25]
  • Abenduak 17, Otsaurte-Arantzazu zeharkaldia. Otsaurtetik hasi, Aizgorriko ermita eta Aketegi-Aitzuritik pasatu, Urbiara joan eta Arantzazun bukatu. Aizgorrira, gainera, ez ohiko igoera egin dugu, Sancti Spiritus ermitatik gora, eta Aizgorri-Zegama maratoiaren marka horiak jarraituz. Hori bai, behatoki aparta da ibilbide osoa, izan ere paisaia ikusgarriak eskaintzen ditu.
Otzaurte-Arantzazu zeharkaldian, Aitzuri-Aketegi gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g «50. urteurrenerako gertu daude Arrolako mendizaleak - Antzuola» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-11).
  2. a b Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo. (2022). Arrola 50 urte, mendiz mendi. Arrola mendi elkartea, 68 or. ISBN D. 221-2022..
  3. «Arrola mendizale elkartea desagertzeko arriskuan dago - Antzuola» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-11).
  4. Espainiako mirari ekonomikoa. 2019-12-14 (Noiz kontsultatua: 2023-07-11).
  5. KOOPERATIBISMOAREN HASIERA ANTZUOLAN. (Noiz kontsultatua: 2023-07-11).
  6. a b SAN JOSE OBRERO KONTSUMO KOOPERATIBA. (Noiz kontsultatua: 2023-07-11).
  7. Arrolaren Artxibo Historikoa: Aktak.
  8. Arrolaren Artxibo Historikoa: Aktak
  9. Jesus Azkarate, Angel Mari del Teso eta Juan Jose Legorbururi, eskerrik asko.
  10. Aketegi eta Aizkorri artean dagoen tontortxoa da. Garai batean Aitzabal izenez ezaguna, 2017ko toponimia aldaketaren ostean Aitxuri izenez birbataiatua. Izan ere, hainbat hamarkadaz goragoko tontorrari deitzen zitzaion Aitxuri (eta buzoiak ere halaxe zioen). 2017ko izen-aldaketaren ostean, Aketegi-Aitxuri-Aitzabal berrizendatu egin dira (ikus Pyrenaica 266, 2017ko 1.).
  11. Euskaltzaindia.Toponimia..
  12. Arrolaren Artxiko Historikoa. Aktak.
  13. Joxe Lizarralde "Zupidek" urtero jasotzen du akta koaderno batean. Iturria: ARROLAren artxibo historikoa. Koadernoa.
  14. Migel Anjel Elkoroberezibar. Serafin Esnaolaren bideoak...
  15. Antzuolako Artxibo Historikoa, 30 liburu sorta, 1978 a 1985 akta eta akordioen liburua, 30. Liburua, , 1979-09-17ko akta.
  16. Antzuolako Artxibo Historikoa. 29. liburu-sorta, 1973. urteko korrespondentzia.
  17. a b c d e f Arrolaren Artxibo Historikoa. Aktak.
  18. Antzuolako Artxibo Historikoa. 16. akta liburua (1938-45).
  19. Jabi Mujikaren testigantza.
  20. Arrolaren 50 urteko ibilbidea irudietan. .
  21. Jokin Lizeagaren hitzaldia. .
  22. Mendiz mendi, Arrola 50 urte. .
  23. Txistu eta kantuz mendira.. .
  24. "Zertarako gaur mendi elkarteak" mahaingurua. .
  25. "Mendiak gora" erakusketa.. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]