Atari:Iruñea/Iruñea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iruñea

Iruñea (gaztelaniaz Pamplona) Nafarroako hiriburua da. 201.311 biztanle ditu (% 8,65 euskaldun). Euskal Herriko hirugarren hiririk handiena da. Herrixka baten gainean, Ponpeio erromatar jeneralak sortu zuen hiria, Kristo aurreko 74. urtean, Pompaelo izenarekin; geroago, Nafarroako Erresumaren hazia izanen zen Iruñeko Erresumaren hiriburu bihurtu zen. Eusko abertzaleentzat, Iruñea da Euskal Herriko hiriburua.

Herritarrei iruindar esaten zaie; edota, maila apalagoan eta gizonezkoei baino ez, iruinxeme.

Hiriak euskara batuan Iruñea du izena, Euskaltzaindiak hala arautu baitu. Udalak, ordea, beste bi hauek ditu onartuak izen ofizialtzat: Pamplona gaztelaniaz eta Iruña euskaraz. Bukaeran -a artikulua du Iruñea izenak, hau da, Iruñean, Iruñera, Iruñetik eta Iruñeko deklinatzen da NON, NORA, NONDIK eta NONGO kasuetan.

Izenaren etimologia oso eztabaidatua da, argia ez delako. Irun- erroarekin erlazionatua agian, Runa (bertatik igarotzen den ibaiaren antzinako izena, egun Arga ibaia) izenarekin akaso, hiri izan dezake erroan; Euskal Herrian adibideak badira: Irun, Irunberri, Iruña Oka.

Iruñerria eskualdean dago. Mugakideok ditu: Berriozar, Antsoain eta Ezkabarte iparraldean; Berriobeiti ipar-mendebaldean; Ezkabarte, Atarrabia eta Burlata ipar-ekialdean; Orkoien eta Oltza zendea mendebaldean; Atarrabia, Burlata eta Aranguren ekialdean; Zizur Nagusia eta Zizur zendea hego-mendebaldean; Zizur eta Galar hegoaldean; eta azkenik, Aranguren hego-ekialdean.


...gehiago irakurri