Belate (kontserbazio bereziko eremua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Belate

Belate (kontserbazio bereziko eremua) is located in Euskal Herria
Belate (kontserbazio bereziko eremua)
Belate (kontserbazio bereziko eremua)
KokalekuaNafarroa Garaia
Azalera26.067 hektarea
IzendapenaKontserbazio bereziko eremua
Izendatzea2014
Webguneahttps://espaciosnaturales.navarra.es/eu/belate

Belate Nafarroa Garaiko naturagune babestu bat da, 2014an kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatua izan zena. Nafarroako ipar-mendebaldeko muturrean kokatua, eragin atlantikoen eta mediterraneoen elkargunea da, eta herrialdeko aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude bertan.[1]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatek 26.067 hektarea ditu Anue, Basaburua, Baztan, Bertizarana, Donamaria, Eratsun, Esteribar, Ezkurra, Beintza-Labaien, Lanz, Oiz, Saldias, Ultzama eta Urrozko udal mugapeetan, Atlantiko-Mediterraneo uren banalerroan: ipar isurialdeko urak Bidasora eta, ipar-mendebaldeko muturrean, Leitzaranera doaz; hegoaldekoak, berriz, Argaren arrora, Basaburua eta Ultzama erreken bitartez.

Saioa (1.418 m), Xuriain (1.411 m), Okolin (1.358 m) eta Gartzaga (1.294 m) dira mendirik garaienak. Belate mendatetik ekialdera gailurrak apalagoak dira, 1.000 metro ingurukoak: Txaruta (1.082 m), Garmendia (1.056 m), Soratxipi (1.069 m), Larremear (991 m) eta, mendebaldeko muturrean, Ireber (1.206 m).[2]

Landaredia eta interes komunitarioko habitatak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belateko landare formazio ugari interes komunitarioko habitatak dira, eremuko azalaren erdia ia-ia egiten baitute. Intereseko 20 habitat inbentariatu dira, eta horietako 6 lehentasunezkoak dira. Bere adierazgarritasunagatik, pagadi azidofilo atlantikoak (EU kodea: 9120), ameztiak (EU kodea: 9230), txilardi atlantikoak (EU kodea:4030) eta larre azidofilo menditarrak (EU kodea: 6230*) nabarmentzen dira. Belatek, halaber, Nafarroako gaztainadi zahar onenetarikoak dauzka (EU kodea: 9260).[1]

Belateko zohikaztegia

Garrantzizkoak dira oso, bere banaketa puntualagatik eta ezohikotasunagatik, zohikaztegiak, eremu higroturbosoak eta ibai ertzeetako eta hezeguneetako komunitateak. Izan ere, Nafarroan hobekien kontserbaturik dauden zohikaztegiak (EU kodea: 7140) eremu horretan daude: Belate, Baltsagorrieta eta Gesaleta.[1]

Geologiaren, edafologiaren eta topografiaren aldetik dituen konplexutasunari eta aniztasunari esker, toki jakin batzuetan landare komunitate bereziak daude, hala nola urkidiak, mendi-hegaleko haltzadiak eta haginadiak (EU kodea: 9580*). Dibertsitatea handitzen duten habitat horiek direla-eta bereizten dira Belateko pagadiak Nafarroan dauden besteetatik.[1]

Ongi kontserbatutako erreken sare aipagarria dauka. Haietako zenbaitetan haltzadi kantauriarrak (EU kodea: 91E0*) daude. Erreketan eta, halaber, pagadietako laiotz batzuetan, megaforbio komunitateak (EU kodea: 6430) agertzen dira: tamaina handiko belarren eremuak, Nafarroan oso ohikoak ez direnak.[1]

Flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intereseko flora espezie andana biltzen da bertan. Honako hauek dira aipagarrienak: Soldanella villosa, Hymenophyllum tunbrigense eta Hydrocotyle vulgaris iturburu eta erreketan; Pinguicula lusitanica, Carex hostiana, Lycopodiella inundata, Eriophorum angustifolium, Eriophorum latifolium, Rhynchospora alba eta Carex brizoides ingurune higroturbosoei lotuak; Narcissus asturiensis subsp. jacetanus, Narcissus pseudonarcissus subsp. nobilis, Erodium manescavii, Agrostis truncatula subsp. commista, Arnica montana eta Pseudorchis albida, larreei eta txilardiei lotuak; eta Baldellia ranunculoides eta Illecebrum verticillatum, idoietako edo hezeguneetako ertzeetan, Angelica razulii megaforbio komunitateetan, eta Gentiana burseri subsp. burseri harkaiztietan.[1][2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Belate, espaciosnaturales.navarra.es