Leitzaran

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leitzaran
Datu orokorrak
Motaibai
Luzera42 km
Geografia
Hidrografia
Arro hidrografikoaOria basin (en) Itzuli
IturburuaLeitza
Bokalea
()
Oria

Leitzaran[1] Oriaren eskuinaldeko ibaiadar bat da, Nafarroa Garaiko Leitzan sortu eta Gipuzkoako Berastegi, Elduain eta Andoain zeharkatzen dituena. 36 km luze da eta 124,04 km²ko arroa drainatzen du[2]. Urteko batez besteko emaria 4,61 m³/s da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leitzaran ibaiaren iturburua Uitziko gainetik hurbil dago. Ibai burutik Leitzan Gorriztaran errekarekin batzen den tokiraino Erasote izena hartzen du. Aresotik hurbil Astomela erreka hartu eta gero, Berastegin (Gipuzkoa) sartzen da[3]. Handik aurrera Elduaindik igaro eta Villabona eta Andoainen arteko muga egiten du. Azken herri horretan Oriara isurtzen da. 36 kmko luzera eta 124,04 km²ko arroa (%44 Nafarroan eta %56 Gipuzkoan) ditu[4].

Arroaren zati handiena Bortziriko Mazizoa deitutako egitura geologikoan kokaturik dago. Mazizo hau hertziniar orogenian tolestutako karboniferoko materialez (arbel eta hareharriez, batez ere) osaturik dago. Leitzaranen ibilbidea oso bihurgunetsua da, meandro ugarirekin[4].

Gipuzkoako aldean Adarra-Mandoegi mendilerroak banantzen ditu Leitzaran eta Urumearen arroak. Mendilerro honetatik bereizirik dagoen Altzadi gainak (1.011 m) Leitzaranen Gipuzkoako eta Nafarroako zatiak banatzen ditu. Mendebaldean, berriz, uren banalerroaren lehen gaina Arizmendi (489 m) da, eta Uzturre-Ipuliño mendilerroarekin batzen da Belabietan (687 m)[4].

Hidrometria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leitzaranen emaria 1995tik neurtua izan da Andoainen (Oriara isuri baino 1,5 km gorago)[5]. Gune horretan, drainatutako eremuak 110,01 km² ditu, arro osoaren % 89. Urteko batez besteko emaria 4,61 m³ segundoko da. Emari handiena otsailean du (7,45 m³/s), eta txikiena irailean (1,35 m³/s).

Leitzaranen batez besteko emariak (/s), Andoainen neurtuak
Datuak: 1995 eta 2014 artean

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leitzarango informazio panela.

Nahiz eta hutsa eta jenderik gabea iruditu daitekeen, gizakiaren aztarnak nabarmenak dira. Uren banalerroko mendi eta lepoetan Historiaurreko monumentu asko dago: trikuharri, tumulu, menhir eta harrespilak. Izan ere, Leitzaran harrespilen banaketaren muga da: ipar eta ekialderantz ugariak dira; hego eta mendebalderantz, berriz, bat ere ez da[4].

Ibai bazterrean, aipagarria da burdinolen bidez egindako ustiapena. Lehenengo arrastoak K.a. IV. eta III. mendeetan datatu dira, Burdin Aroan, Erromatarrak Euskal Herrira iritsi aurretik[6]. Garai horretan haizeolen bidez lantzen zuten burdina. Historian zehar, gutxienez 22 burdinola izan dira Leitzaranen. Dokumentaturik dagoen zaharrena Andoaingoa da, 1364an eraikia. Plazaola eta Barrenola, ziur asko, 1400eko martxan zeuden. Azkenak 1860 aldean itxi ziren[4].

Burdin harria, askotan Somorrostrotik ere ekartzen zen, baina haranaren goialdean meatzeak izan ziren. Bizkotxeko meategietatik minerala garraiatzeko, 1902-1904 bitartean Andoaineraino iristen zen trenbide bat eraiki zen. Geroago trenbidearen bi muturrak Iruñea eta Lasarteraino luzatu ziren; Lasarten Ferrocarriles Vascongados-ekin batzen zen, Donostiarainoko zerbitzua eskainiz. Donostia-Iruñea burdinbidea, Plazaolako trena edo Tren-txikia ere deitua, 1914 eta 1953 bitartean ibili zen. Gaur egun trenbidearen hainbat tarte berreskuratzen ari dira aisialdian erabiltzeko, Plazaolako bide berdea esaterako[4].

Ibaiaren urak errotak eta zentral hidroelektrikoak mugitu izan ditu. Hauetako batzuek funtzionatzen jarraitzen dute.

Ingurunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leitzarango paisaia.
Puntu horretan, Andoainen, Leitzaranek (ezkerrean) Oriarekin bat egiten du.

1995eko irailaren 29an Gipuzkoako aldeko Leitzaran ibaiaren harana Biotopo Babestu izendatua izan zen. Leitzaran ibaia eta bere ibaiertza dira babesturiko guneak, hasi Nafarroako mugatik eta Andoaingo herriaren sarreraraino, eta baita Maloko zein Ubaran ibaiadarrak ere. Ibaiertzeko haltzadi eta hariztiak dira, bertako naturaltasunaren adierazgarri, nahiz eta arroa, pinu-landaketa handi bat izan eta inongo babesik ez jaso[7]. Horrezaz gainera, 1997an Natura 2000 sarean sartua izan zen.

Leitzaranen Gipuzkoako haltzadi oligotrofo hoberena dago. Mehatxatutako landareei dagokienez, aipagarrienak Soldanella villosa, Trichomanes speciosum, Cicerbita plumieri, Drosera intermedia eta Saxifraga clusii dira. Errekan bizi diren arrainak amuarrain arrunta, loina arrunta, Luciobarbus graellsii, Phoxinus bigerri, Barbatula quignardi eta ibai-aingira dira. Azken urte hauetan, Gipuzkoako Foru Aldundia izokin arrunta berriz sartzeko lanean ari da. Garrantzi handiko beste espezie batzuk, europar bisoia, Pirinioetako desmana eta piriniotar uhandrea dira[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia: 166. araua: Euskal Herriko ibaiak.
  2. Leitzaran Hercules.cedex.es
  3. Río Leizarán Enciclopedianavarra.com
  4. a b c d e f El río Leitzaran y su valle: Descripción general Leitzaran.net
  5. Leitzarango aforalekua. Datu historikoak 4.gipuzkoa.net. 2014ko urriaren 29an kontsultatua
  6. (Gaztelaniaz) Salvador, Joseba. (2023-03-28). «Encuentran restos de la actividad metalúrgica del Leitzaran previa a la llegada de los romanos» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-04-01).
  7. Aitor BENGOA: 15 ingurune babestu Argia.eus. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratua
  8. Kontserbaziorako helburuen eta neurrien agiriak: ES2120013 Leitzaran ibaia Ingurumena.ejgv.euskadi.net

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]