Biorremediazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hau bezalako petrolio-isurketak garbitzeko erabiltzen da, besteak beste, biorremediazioa

Biorremediazioa ingurumen kutsatu bat izaki bizidunen bidez deskutsatzean oinarritutako prozesua da. Kutsadura kentzeko gehien erabiltzen diren eragileak mikroorganismoak, onddoak, algak, landareak eta horien entzimak dira. Lurzoru edo ur kutsatuak garbitzeko erabiltzen dira batik bat eragile horiek [1].

Biorremediazioaren bidez lortzen da, esaterako, itsasoetako petrolio-isurketak garbitzea, petrolioaren hidrokarburoak degradatzen dituzten bakterio bereziak erabiliz (Pseudomonas, Acinetobacter...). Sarritan bakterio horien hazkuntza areagotzeko elikagai inorganikoak (nitratoak, sulfatoak...) gehitzen zaizkio isuriari [2].

Bioteknologiak ingenieritza genetikoaren ahalmenak aprobetxatzen ditu genetikoki eraldatutako bakterioak edo landareak sortzeko, konposatu toxikoak edo kutsazaileak hobeto degradatu/eraldatzen dituztenak.

Aplikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolio-isurketak garbitzeaz gain, arlo hauetan ere aplikatzen da biorremediazioa:

  • metal astunez (beruna, kadmioa...) kutsatutako lurzoruak garbitzeko. Genetikoki eraldatutako landareak erabiltzen dira horretarako, metal horiek xurgatzen dituztenak [3]. Landareen erabilerari biorremediazioan fitorremediazio deritzo.
  • pestizidak eta herbizidak degradatzeko. Konposatu xenobiotiko horiek lurzoruko bakterio eta onddo batzuek oxidatzen dituzte, CO2-a arte.
  • klorodun konposatu organiko toxikoak, lurzoruan meta daitezkeenak, erremediatzeko (poliklorobifeniloak, esaterako). Bakterio espezifikoak erabiltzen dira [5]

Mikroorganismoek molekula kaltegarri batzuk guztiz mineralizatzen dituzte (hauek oxidatzerakoan, CO2 eta H2O agertzen dira). Baina hori ez da oso ohikoa. Gehienetan substantzia kaltegarriak eraldatzen dituzte, molekularen forma ez-toxikoak agertuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 173-175 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:697 orr.
  3. Meagher, RB «Phytoremediation of toxic elemental and organic pollutants». Current Opinion in Plant Biology, 3, 2, 2000, 153–162 orr. DOI [1]
  4. Brim, H., McFarlan, S. C., Fredrickson, J. K., Minton, K. W., Zhai, M., Wackett, L. P., Daly, M. J. (2000). «Engineering Deinococcus radiodurans for metal remediation in radioactive mixed waste environments». Nature Biotechnology 18 (1): 85-90
  5. lurzoruak deskutsatzeko teknika berri bat garatzen ari da burdinazko nanopartikulak eta biorremediazioa uztartuta

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]