Edukira joan

Parasitismo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizkarroitasun» orritik birbideratua)

Eltxoa bizkarroi hematofagoa da, aldi berean akaroen ostalaria izan daitekeena.

Parasitismo edo bizkarroitasun deritzo bi organismoren arteko elkarrekintza biologiko mota bati, zeinean organismo batek, parasito edo bizkarroiak, onuraren bat lortzen duen eta bestea, ostalaria, kaltetuta irteten den [1] [2]. Ostalariaren barruan bizi diren parasitoei endoparasito deritze, eta kanpoan bizi direnei, ektoparasito.

Parasitismoa espezie batek bere biziraupen-gaitasuna handitzeko beste espezie batzuk erabiltzean datzan bizimodua da. Izan ere, bizkarroiak oinarrizko beharrak asetzen ditu: elikadura-beharrak eta ugalketarako barreiadura, adibidez. Aldi berean, parasitoak kaltea eragingo dio ostalariari.

Parasitismoa organismo baten bizitza osoan zehar gerta daiteke edo bizi-zikloaren aldi jakin batzuetan soilik. Parasitoa den espezieari abantaila nabariak ekarriko dizkion momentutik aurrera, prozesu itzulezin bihurtzen da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen zaie ondorengoei. Horren ondorioz, aldaketa fisiologiko eta morfologikoak jasaten ditu bizkarroiak.

Bizkarroiak ere organismoak direnez, ostalari izan daitezke hirugarren espezie batentzat. Bizkarroi bat parasitatzen duen bizkarroiari, hiperparasito esaten zaio. Ostalaria hiltzen duen parasitoari, aldiz, parasitoide esaten zaio [3].

  • Mikroparasitoak txikiak eta oso ugariak dira, ostalariaren barruan ugaltzen dira kasu askotan, ostalariaren zelulen barruan. Hori dela eta, eragina dute ostalariaren metabolismoan, eta antigorputzen erreakzioak eragiten dituzte.
  • Makroparasitoak ostalaritik kanpo edo ostalari barruan ugal daitezke. Batzuetan ostalaritik kanpo ateratzen diren fase infekziosoak ekoizten dituzte, beste ostalari batzuk infektatu ditzaketenak.

Animalia ia guztiek bizkarroiak dituzte, eta baita landare askok ere. Bizkarroi ugarienak talde hauetako kide batzuk dira: zestodoak (tenia, esaterako), nematodoak (Trichinella spiralis eta filariak, besteak beste), intsektuak (zorriak, eltxoak...), kopepodoak, beste platelminto batzuk.... Ornogabeen aldean, ornodun gutxik praktikatzen dute parasitismoa.

Bizkarroi hitza eskuarki ez zaie organismo oso txikiei (mikrobioei) aplikatzen. Onddoak, bakterioak eta birusak ez dira bizkarroitzat jotzen, parasitismoa gauzatu arren: tamainaren kontua besterik ez da [4]. Mikrobioak, beraz, ez dira bizkarroiak ikertzen dituen zientziaren (parasitologia) ikergai; mikrobiologiak ikertzen ditu.

Koeboluzioa eta koespeziazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parasitoak ostalariaren erantzun immunitariora moldatu behar duen moduan, ostalariak ere parasitoaren bizi-ziklora moldatu behar du; izan ere, parasitoak presio ebolutiboa ezartzen dio ostalariari. Ondorioz, paraleloki eboluzionatzen dute: koeboluzioa. Koeboluzio erlazio estu hori dela eta, parasitoak oso espezifikoak izan ohi dira. Parasito askok berariazko parasitismo-harremana dute espezie jakin batekiko.

Hortaz, badira parasito ugari, batez ere mikroorganismoak, ostalari jakin batekiko ebolutiboki moldatu direnak. Interakzio horietan, bi espezieek paraleloki eboluzionatu eta, erlazio egonkor bat sortu dute, zeinetan ostalaria ez den berehala hiltzen. Mekanismo horren bidez, patogeno asko parasito bihurtzen dira.

Kasu batzuetan ostalari-parasito harremana are estuagoa izan daiteke, eta koespeziazioa gerta daiteke. Koespeziazioa gertatzen denean, erlazio parasitiko estua milioika urtean luza daiteke. Kasu horietan, parasitoaren filogenia aztertuz, haren ostalarien filogenia uler daiteke.

Geneen eta funtzioen galera eboluzioaren ondorioz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora luzean zeharreko koeboluzioa gertatzen den kasuetan, nahiko arrunta da sinplifikazioa edo erredukzio organikoa gertatzea. Ostalaritik kanpo bizi ahal izateko ezinbestekoak diren gene, ezaugarri edo funtzioak galtzen dira batzuetan, eta horren ondorioz, derrigorrezko parasito bihurtzen dira organismoak.

Defentsa-mekanismoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organismo ostalarien artean ohikoa da eboluzioan zehar defentsa-mekanismoak garatzea. Ostalariaren immunitate-sistemak parasitoak igortzen duen seinalea (antigenoa) ezagutu eta erantzun espezifikoa ematen dio, parasito motaren araberakoa. Landareek adibidez, toxinak ekoizten dituzte onddo eta bakterio parasitoak aldentzeko, edota belarjaleek jan ditzaten ekiditeko.

Immunosahiespena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parasito mota guztiek sortzen dute ostalariak ezagut dezakeen seinalea edo antigenoa. Hori dela eta, erantzun bat emateko ahalmena izan dezake ostalariak. Beraz, parasitoek arrakasta lortuko dute eboluzioan zehar baldin eta sortzen duten antigenoa immunitate-sistemari gailentzen bazaio, eta arrakastak lotura zuzena izango du sistemak antigenoa ezagutzeko ahalmenarekin. Immunitate-sistematik ezkutatzeko parasitoek erabiltzen dituzten mekanismoei inmmunosahiespena deritze.

Mekanismo horien adibidea da mimetismo antigenikoa, parasitoek ostalarienak bezalako antigenoak ekoiztean datzana; beste adibide bat da aldaketa antigenikoa: bizi-zikloan zehar antigeno desberdinak ekoiztea ostalarian dagoen bakoitzean. Horrela lortzen dute parasitoek organismo ostalariaren immunitate-sistemak bere antigenoekin nahastea, horiek ez ezagutzea eta erantzunik ez sortzea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Parasitismo ZT Hiztegi Berria, Elhuyar
  2. Dualde, V.: Biología, Curso de orientación Universitaria Ed. Ecir (1987) 604-605 orr. ISBN: 84-7065-128-5
  3. Stevens, Alison N. P. (2010) Predation, Herbivory, and Parasitism Nature masterclasses
  4. Curtis, H.: Biología, Ed. Omega (1972) 837 orr.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]