Edukira joan

Borsippa

Koordenatuak: 32°23′31″N 44°20′30″E / 32.391997222222°N 44.341688888889°E / 32.391997222222; 44.341688888889
Wikipedia, Entziklopedia askea
Borsippa
Datuak
Eskualde kulturalBabiloniar Inperioa
Koordenatuak32°23′31″N 44°20′30″E / 32.391997222222°N 44.341688888889°E / 32.391997222222; 44.341688888889
Map
Historia
GaraiaAntzinako Ekialde Hurbila
KulturaBabiloniar Inperioa

Borsippa[1] (sumerieraz: BAD.SI.(A).AB.BAKI; akadieraz: Barsip eta Til-Barsip)[2] antzinako Mesopotamiako (egungo Irak) hiri garrantzitsu bat izan zen, laku baten ertzean eraiki zena, Babiloniatik 18 kilometro inguru hego-mendebaldera, Eufrates ibaiaren ekialdeko ibarrean. Bere egungo izena, Birs Nimrud da. Babiloniar mitologiako jakinduriaren jainkoa zen Naburen eta honen paredroa zen Tashmetumen hiria izan zen.

Borsippa, ohi, Babiloniarekin lotuta, sumertar pizkundetik Seleukotar Inperioa garaira arte datatutako testu ezberdinetan aipatzen da, baita testu islamiar primitiboetan ere. Hala ere, paleobabiloniar garaian (K.a. II. milurtekoaren lehen erdian) hasten da garrantzitsua izaten, Babiloniako erresumaren gune garrantzitsu bihurtuz, oso antzinatik herri honen mende dagoelarik, une bakar batean ere botere autonomorik izan gabe. Hammurabik, bertan, hiriko tenplu nagusia zen Ezida berriztu zuela ezagutzen da.

Borsippa, hala ere, historikoki zein arkeologikoki, K.a. I. milurtekoan ezagunagoa da. Bere garaiko jazoera politikoak pairatzen dituen arren (aramearren eta kaldearren ordainarazpena, asiriar inbasioak, matxinadak, etab...) bertako jainkoa zen Nabugatik garrantzia hartzen du ("Marduken semea" deitua, Babiloniako jainko babeslea zena), garaiko jainkorik gurtuenetako bat, bereziki asiriar eta babiloniar erregeen aldetik. Hiri santu bihurtzen da, erromesaldi toki garrantzitsua. Ezida eta bere zigurata, Eureminanki izenekoa, Babiloniako errege kaldearrak izan ziren Nabopolassar eta bere seme Nabukodonosor II.ak zaharberritu zituzten, bi hauek, modu esanguratsuan, Naburen omenezko izen teoforoak daramatzatelarik.

Aztarnategi arkeologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tell hau oso antzinatik ezagutzen den arren, Borsippan eginiko lehen indusketak, 1852 eta 1854 artean izan ziren, Jules Oppertek zuzendutako talde batek zehazki. Henry Rawlinsonek, hiria identifikatu zuen 1855ean. Hormuzd Rassam bertan egon zen 1879 eta 1882 artean, bertan, legez kanpoko indusketak eginez. Indusketa hauen ondorioz, Borsippan jatorria zuten astronomiari administrazioari eta legeei buruzko taulatxo kuneiforme ugari, merkatu beltzean berreskuratuak izan dira. Robert Koldeweyk laburki industu zuen 1902an, eta bere gune sakratuaren perimetroa mugatu zuen. Hala ere, 1980rarte ez zen beste talderik joan bertara, urte horretan, E. Trenkwalderrek zuzendutako Innsbruckeko Leopold-Franzens Unibertsitateko arkeologo austriar batzuk joan ziren arte, modu zientifikoagoan induskatuz.

Aztarnategian, zigurataren hondakin ikusgarriak nabarmentzen dira. Nabukodonosor II.aren idazkun batek, errege honek Naburen tenplua nola berritu zuen kontatzen du, "zazpi esferen tenplua", "lapis lazuliko adreiluz", honek, inongo zalantzarik gabe, tenpluari, itxura gogoangarri bat eman ziolarik. Arkeologo austriarrek, Nabukodonosorrek eraikitzea agindu zuen zigurata, K.a. II. milurteko dorre txikiago baten hondakinak erabiliz eraiki zela adierazi dute. Behin amaitu zenean, 63 metroko garaiera zuen, eta zazpi terraza zituen; gaur egun, oraindik, bere hondakinak, inguruko lautadarekiko 47 metro altxatzen dira. Bere indusketan aurkitutako idatzitako harri fundatzaile batek, Nabukodonosorrek, Borsippako zigurata, honetaz bere zimenduak baino geratzen ez direlarik, Babiloniakoaren diseinu beraren arabera eraikiarazteko zuen nahia kontatzen du. Erregeak, Naburen dorrea zerura iritsiko zela esan zuen, errege honen beste idazkun baten arabera, adierazpen honek, denbora batez, oker, arkeologoei, Itun Zaharrean agertzen den Babelgo dorrearen hondakinen aurrean zeudela sinetsarazi zielarik.

K.a. 539an Babiloniako erresuma erori eta Persiar Inperioa sortu ondoren, Borsippak, hiri garrantzitsu izaten jarraitu zuen. Artxibategi administratiboak, Xerxes I.aren erregealdian sortu zen matxinada erreprimitu ondoren amaitzen dira, tenplukoak, seleukotar garairaino iristen diren arren. Estrabonek, hiria, K.a. I. mendearen amaieran bisitatu zuen, Apolo (Nabu) eta Artemisa (Tashmetum)en gurtza existitzen zela aipatuz, baita, hirian, xaguxar ugari zeudela ere. Borsippan aurkitutako ezagutzen den idazkunik berriena, IV. mendean datatua dago. Ondorioz, hiria, bertako biztanleek, Kristo ondorengo lehen milurtekoaren erdialde inguruan utziko zuten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]