Campylobacter jejuni

Wikipedia, Entziklopedia askea
Campylobacter jejuni
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaEpsilonproteobacteria
OrdenaCampylobacterales
FamiliaCampylobacteraceae
GeneroaCampylobacter
Espeziea Campylobacter jejuni
[[|]]
Datu orokorrak
Gaixotasunacampylobacteriosis (en) Itzuli
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Campylobacter jejuni Proteobacteria filumean eta Campylobacter generoan sailkatzen den bakterio bat da, gizakiak infektatzen dituena gastroenteritis akutuak sortuz.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Campylobacter guztien antzera bakterio Gram negatiboa da eta S-itxurako morfologia helikoidala du. Flagelo bat edo bi ditu, polarrak (bakterioaren muturretan daudenak), mikrobioari mugikortasuna ematen diotenak[1].

Bakterio mikroaerofiloa da, oxigeno gutxiko eta CO2 handiko atmosferan hazten dena, eta termofiloa: laborategian 42º C-tan kultibatzen da [2]. Oxidasa eta katalasa (+) da. Nitratoak erreduzitzen ditu.

Kapsula bat dauka, bere birulentzia areagotzen duena [3]

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterio honen gordailu nagusia hegaztien eta beste animalien (behi, ardi, txerri...) heste-traktua da. Gizakia bakterioa duten animalien okela edo esnea jaten duenean kutsatzen da.

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Campylobacter jejunik sortzen duen infekzioa (gastroenteritis) ur edo elikagai kutsatuen bidez harrapatzen da[1]. Bakterioek sortzen dituzten gastroenteritisen artean, C. jejunik eragindakoa ohikoenetako bat da, batez ere umeek harrapatzen dituztenen artean. Herrialde garatuetan, bakterio hori da beherakoen kausa nagusia, Salmonellak, Shigellak edo Escherichia colik baino kasu gehiago sortzen dituelako [4]. Bestalde, Elikagaien Ziurtasunerako Europako Agintaritzak Europar Batasunean 9 milioi kanpilobakteriasi kasu inguru egon zirela 2011an kalkulatu zuen [5].

Bakterioak gastroenteritis akutua eragiten du gizakian. Beherakoak (sarritan odoltsuak) eta tripako mina dira sintoma nagusiak. Sukarra ez da kasu guztietan agertzen. Campylobacter jejuni hesteetako mukosara atxikitzen da eta bi enterotoxina ekoizten ditu, gaitzaren sintomatologia eragiten dutenak.

Pertsona gehienengan gastroenteritis mota hau ez da larria, eta berez sendatzen da astebeteko epean, immunitate-sistema bakterio patogenoari gailentzen zaionean. Umeak, adineko jendea eta immunitate-sistema ahula dutenak dira hainbat konplikazio eduki ditzaketenak, eta holako kasuetan antibiotikoen erabilpena gomendatzen da: eritromizina edo tetraziklinak, esaterako.

Kasu oso berezi eta urrietan, mimetismo antigenikoaren bidez, Campylobacter jejuniren infekzioak gaixotasun autoimmune batzuk piztu ditzake: Guillain-Barré sindromea edo artritis erreaktiboa, adibidez [6].

Gaitzaren diagnostikoa eta prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koprokultibo batek agerian jar dezake bakterioaren infekzioa. Gorozkien lagina hazkuntza-ingurune hautakorretan jarri eta 42 °C-tan eta atmosfera mikroaerofilo batean kultibatzen da. Bertan hazitako kolonia tipikoak behaketa mikroskopiko batekin eta proba immunologikoen bidez konfirmatzen dira.

Gaitzaren prebentzioari dagokionez, kontuan hartu beharreko aholkuak hauek dira:

  • Elikagai guztiak, batez ere oilaskoa eta hegaztiak, ondo kozinatu behar dira, tenperatura egokietan, beroak balizko bakterio patogenoak hil ditzan.
  • Esne pasteurizatua eta ur kloratua soilik edan
  • Zeharkako kutsadura saihestu, sukaldean higiene-baldintza zorrotzak ezarriz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Basaras, M.; Umaran, A.. Mikrobiologia medikoa. EHU, 204-205 or. ISBN 84-8373-658-6..
  2. Ingraham, J.L., Ingraham, C. Introducción a la Microbiologia Vol. 2, Ed. Reverté, (1998) ISBN 84-291-1871-3
  3. Alexander C. Maue, Krystle L. Mohawk, David K. Giles et Frédéric Poly, « The Polysaccharide Capsule of Campylobacter jejuni Modulates the Host Immune Response », Infection and Immunity, vol. 81, 3 zk.,‎ 2013-03-1, 665–672 orr.
  4. Salmonella, Ejemplos The free Dictionary
  5. EFSA Panel on Biological Hazards (BIOHAZ) (2011-04-01). "Scientific Opinion on Campylobacter in broiler meat production: control options and performance objectives and/or targets at different stages of the food chain". EFSA Journal. 9 (4): n/a
  6. Forbes B., Sahm D., Weisfeld A.: Diagnóstico Microbiológico Ed. Panamericana (2004), 495 orr. ISBN: 84-7903-810-1

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]