Canaletto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Canaletto
Giovanni Antonio Canal.jpg
Bizitza
Izen osoaGiovanni Antonio Canal
JaiotzaVenezia1697ko urriaren 18a
Herrialdea Veneziako Errepublika
HeriotzaVenezia1768ko apirilaren 19a (70 urte)
Familia
AitaBernardo Canal
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Bernardo Canal
Ikaslea(k)Bernardo Bellotto
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, akuafortista, artista grafikoa eta draftsperson (en) Itzuli
Lantokia(k)Venezia
Erroma
Venezia
Britainia Handia
Venezia eta Londres
Lan nabarmenakView of the Grand Canal (en) Itzuli
InfluentziakGiovanni Paolo Pannini
MugimenduaRokokoa
Genero artistikoaveduta (en) Itzuli
paisaia margolaritza

Musicbrainz: 79e2feb3-1d6f-4d6e-9854-d025efb8240c Discogs: 2273497 Edit the value on Wikidata
Entrance to the Grand Canal, Venice, Canalettoren margolana.

Canaletto —jaiotzako izena: Giovanni Antonio Canal— (Venezia, Italia, 1697 - 1768ko apirilaren 19a) margolaria, marrazkigilea eta grabatzailea izan zen. Canalettoren pinturaren ezaugarri nagusiak perspektiba eta konposizioa dira. Gaiei dagokienez, Veneziako, Londresko eta Ingalaterrako landa-giroko paisaiak adierazten dituzten obrak dira bereziki aipagarriak: xehetasun handikoak eta oso giro berezikoak dira. Lan horiei esker, itzal handia izan zuen Canalettok ondorengo paisaia-margolarietan. Canaletto Veneziako paisaia-margolaritzaren bultzatzailea izan zen, eta garai hartako artista gailenetakotzat zuten. Eragin handia izan zuen, besteak beste, Belloto, Guardi eta Marieschi margolariengan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita eszenografoa zuen, eta hari laguntzen jardun zuen oso gaztetatik, anaiarekin batera, Venezian eta Erroman (1719-120). Antzerkirako eszenografia-lanen bidez, ospe handia lortu zuen, eta jarduera hartan ikasi zituen, hain zuzen, margolaritzan bereizgarri izan zituen perspektibaren eta konposizioaren erabilera. Irudietan, bikain bateratu zituen ikuspegien osotasuna eta xehetasunen adierazpena. Trebetasun handia erakutsi zuen ikuspegien banaketa egiteko, eta perspektiba oso landua zuen. Margolaneko termino guztiak, urrunekoak eta hurbilekoak, behar bezala egokitzen zituen, kromatismo bikain eta garbitasun harrigarriz.

1720an, Veneziara itzuli zenean, alde batera utzi zuen eszenografia, eta hiriko ikuspegien margolaritza hasi zen lantzen, antzinateko arkitektura-osagaiak agertzen ziren ikuspegiena, hasieran batez ere.

Hainbat lan egin zuen Europako bildumazaleentzat, ingelesentzat bereziki, eta horrek eraman zuen Ingalaterrako eta, batez ere, Londresko ikuspegiak margotzera. Maisutasun handiz islatu zituen arkitektura-osagaiak, argi-itzalen arteko kontrastea eta lainoen eta lanbroaren efektuak. Obra aipagarriak ditu Veneziako lau ikuspegiak (1725-1726; Pillow bilduma, Montreal), San Marko plazaren ikuspegiak (1726-1727; Windsor-eko gaztelua), Carita Eliza San Vitalko marmol-lantegitik (National Gallery, Londres), Ubide Handia Rialto inguruan eta Eskaleen ibaia (Crespi bilduma, Milan), eta abar.

Bucintoro Molora bueltan Igokunde Egunean, Canaletto
Bucintoro Molora bueltan Igokunde Egunean, Canaletto

1730 ingurutik aurrera, ikuspegi idealak alde batera utzi, eta ikuspegi errealak egiten hasi zen batez ere. Argitasunari dagokionez, irudi argiagoak margotu zituen. Orduan erdietsi zuen Canalettok bere lorpen handienetakotzat hartu den argi fenomenologikoa: errealitatea ahalik eta xehetasun handienaz islatzeko argi egokia. Berezitasuna zuen, orobat, kamera optikoa erabili izana espazioaren errealitatea islatzeko eta ahalik eta margolan arrazional eta objektiboenak egiteko. Teknika horrekin leiar batek irudia proiektatzen du beira esmerilezko pantaila batean, eta margolana egiteko oinarri gisa erabiltzen da irudi hori. Horretaz gainera, formula zientifikoak erabili zituen irudiak eta arkitektura-osagaiak marrazteko.

Canalettok harreman estua izan zuen Joseph Smith bildumagile eta kontsularekin. Canalettoren hainbat obra esportatu zuen Smithek Ingalaterrara, eta hari eskaini zizkion Canalettok San Marko plazaren ikuspegiak eta 1740 inguruan egindako Paduako eta Brentako hogeita hamaika grabatuko saila, besteak beste.

1740an, Austriako Ondorengotzarako Gerra zela-eta, Veneziako bisitari-kopuruak nabarmen egin zuen behera, eta enkarguak urritu egin zitzaizkion Canalettori. Hori dela eta, Ingalaterrara aldatu zen Canaletto 1746an. Hamar urte egin zituen han, nahiz eta tarteka bidaiak egin zituen Veneziara (1750 eta 1753 urteetan). Londresen lan egin zuen oro har, eta Tamesis ibaiaren eta landa-eremuen ikuspegiak margotu zituen batez ere (Tamesis ibaia Whiteball Richmond Housetik ikusita, Badminton House, Warwick gaztelua, eta abar).

1755ean, Veneziara itzuli zen, eta behinola izandako ospe bera izan zuen. Ezagutze ofiziala ere lortu zuen: 1763an, Akademiako kide izendatu zuten, eta urte hartan bertan Pittori kolegioko priore egin zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Canaletto Aldatu lotura Wikidatan