Donostiako ikastolen historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostiako ikastolak» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Donostiako lehenengo ikastola Migel Muñoak sortu zuen Kanpandegi kalean 1914an. Bertan, neska zein mutilek ikasten zuten, beraz ikastola mistoa zen. Beranduago hedatu ziren ikastolak erdi aldera, zein Gros auzora. Erdialdeko ikastola Etxaide kalean zegoen, eta Grosekoa berriz, Peña y Goñi kalean. Ikastola hauek 1936ko gerratean desagertu egin ziren. Gaur egun, Donostiako auzo bakoitzean gutxienez ikastola bat dago, eta aldi berean, eskola publiko guztietan euskaraz irakasten da.

1936.ko gerra aurreko ikastolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migel Muñoak 1914an sortutako ikastolak aurrera jarraitu zuen eta beranduago beste bi ikastola zabaldu ziren, bata Etxaide kalean «Arantzazu-ko Ama Birjinaren Ikastola»[1] erdi aldean, eta bestea berriz, Gros auzoko Peña y Goñi kalean. Ikastola hauek izan ziren hasiera batean euskarari ahotsa eman zioten eskolak eta ikastola deitura hartu zutenak Donostian.

Gerra ondorengo hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francoren diktadurapean debekatua zegoen euskaraz hitz egitea. Egoera zail hartan, euren ardurapean hasi ziren ikasle gaztetxoei euskaraz irakasten Donostian magisterio ikasia zuten zenbait emakume. Lehena Elbira Zipitria (1945-46an: bere lehen ikasleak Xabier Garaialde eta Patxi Iriondo izan zituen), ondoren Maria Dolores Goia (1951an)[2], Itziar Arzelus (1953an), Karmele Esnal (1955an), Jone Forkada (1955), MªKarmen Mitxelena (1957), Mª Karmen Lasarte (1957), Koro Gonzalez Galarraga (1960an), Miren Egaña (1964an) Arantza Gonzalez Galarraga (1967an), Kontxita Beitia (1965), Izaskun Busto, Koruko Aldanondo eta beranduago beste batzuk ere bai.

Kontuan hartu behar da benetako ikastolak ez baziren ere, parte zaharreko zenbait ikastolen osagarri zirela: Faustina Karril eta Felitxu Eraso. Faustina Karril Arozenak (1953an), gaurko haurtzaindegiaren parekoa antolatu zuen Donostiako kaian zuen lokal batean; naturarekin oso lotuta lan egiten zuen, haurrak Gaztelura eramaten baitzituen egunero. Felitxu Erasok berriz, frantsesa irakasten zien Elbira Zipitriaren ikasleei. Goizeko Zipitriaren ikasleak arratsaldez egiten zuten frantsesa eta alderantziz.

Parte zaharreko eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko udan Elbira Zipitriak ikastaro berezi bat eman zuen, irakasle zirenentzat edo izango zirenentzat. Ikastaroa, abuztuan eman zuen Felitxu Eraso frantsesekoak erabiltzen zuen lokalean, Mari kalea eta Koruko Amabirjinaren kantoian zegoen etxeko behe-solairuan, gaur eraikin berri bat dago bertan. Ikastaro hori arratsaldeko 6etatik 8tara izan zen abuztuan, eta bertan Zipitriak, batez ere, gramatika eman zuen. Bertara onartuak izan ziren: Maria Dolores Agirre Aizpuru, Errezil, 1904 -1997 (Academia Lengua y Declamación, Donostiako Udala); Mª Dolores Goya Mendiola, Donostia, 1913-1986 (Karkizano Ikastola 1951-70); Karmele Esnal Zulaika, Orio, 1932 - 2012 (Buen Pastor, Santo Tomas Lizeoa 1997); Mª Karmen Mitxelena, Usurbil, 1938 (Orixe); Miren Egaña Goya, Donostia, 1946 (Karkizano Ikastola 1964-75); Mª Carmen Lasarte; Izaskun Busto; Mª Carmen Iriondo; Markel Izagirre; Manuel Mª Hernandez eta Faustino Lasagabaster.

Aldi berean Elbira magisterio titulua zuen irakasle bat hartzen hasi zen urte osoan zehar berekin praktikak egiteko. Gerora parte zaharreko irakasle ari ziren gehienek gehi magisterio bukatu berria zuten beste batzuek Orixe ikastola sortu zuten, 1969tik aurrera.[3]

Groseko hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Karkizano kaleko Ikastolako ikasleak, 1958ko Gabonetan.

Karkizano kaleko ikastola 1951n, Maria Dolores Goia donostiarrak zabaldu zuen bere etxean.[4]

Hasieran Parte zaharrekoekin gertatzen zen bezala, hamar haurrek hartzen zuten eskola goizean eta beste hamarrek arratsaldean, saio bakoitzak bi ordu zituen. Urte batzuk beranduago Miren Egaña Goia donostiarra magisterio bukatu berritan ikastolan hasi zen lanean, 1964an. Handik gutxira euren azpiko bulegoak izandako bi lokal alokatu eta ikastola etxetik kanpora atera zen. Ikasle kopurua jada handitzen hasia bazen ere, gehiago handitu zen eta, gainera, ikasleak goiz eta arratsaldez joaten hasi ziren. Aldi berean orduz kanpo, eta horrela nahi zuten gurasoen 6 urtetik aurrerako seme-alabek, frantsesa ere ikas zezaketen, Parte zaharrean egiten zuten antzera, Miren Egañak Eskola Frantsesetan ikasi baitzuen eta frantsesa bai baitzekien.[5] Ikastola hau beste guztiak bezala mistoa zen eta auzoan zehar, hirian zehar haurrekin maiz ibiltzen zen Egaña, egun batean okindegi bat bisitatuz, beste batean lantegi bat, Lurdes txiki, Cristina Enea parkera oinez joanaz ikasleekin. Oltra Moltók, Gipuzkoako Gobernadore Zibil zenak, 1968an mehatxatu zituen ikastolak eta azkenean legeztatuarazi zituen. Artean zenbait gurasoren laguntzarekin, Kontxita Beitia pasaitarraren gidaritzapean, Grosen ikastola handi bat behar zela eta, Zurriola ikastola zabaldu zen 1968an. Bi ikastola hauek, Karkizano kalekoa eta Zurriola, alegia, San Inazio parrokiaren menpe legeztatu ziren 1969an.

Erdialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karmele Esnal oriotarra, lehenbizi Pedro Egaña kalean eta gero Artzai Onaren zabalgunean aritu zen 1955az geroztik. Karmelek praktikak eginak zituen Elbirarekin, beste herri batzuetatik etorriko zirenentzat bidea zabalduz. Santo Tomas Lizeoa zabaldu zuten batxilergoa ikasi ahal izateko Bizkaia pasealekuan 1960an, Koldo Mitxelenak, Jose Migel Zumalabek, Carlos Santamariak, Lasartetarrak, Juan Goia hernaniarrak beste batzuen artean. Ikastolak bide berri bat egiten hasi ziren, kultur munduko pertsonak inplikatuz, baita gurasoak ere. Loistarain baserria erosi zuten Ibaetan, eta bertan eraikin bat egin zuten. 1965ean joan zen Karmele Esnal Santo Tomas Lizeora lanera eta bertan jardun zuen 1997an jubilatu zen arte.

Amara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amarako haurrek bazuten euren ikastola erdialdean, baina hiria handituz joan zen eta auzo berria Anoetaruntz zabaltzearekin batera urruti geratzen ari zen erdialdetik. Koro Gonzalez Galarraga donostiarrak 1960an Bizkaia pasealekuan zegoen Lizeoko gela bat alokatu zuen haurrei klasea euskaraz emateko. Han jardun zuen 1967arte. Orduan, Baleazaleen kalean, Amarako gurasoekin batera, pisu bat erosi eta bertara joan zen lanera. Hurrengo urtean Arantza Gonzalez Galarraga donostiarra batu zitzaion eta 1968an bertan ikastola sortu zuten gurasoen laguntzarekin, Isabel II. kalean, gerora Ikasbide ikastola izenez legeztatuko zena, 1969an.

Antiguo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakintza ikastola guraso elkarteak sortu zuen 1967an, eta aurrekoek izan zituzten arazo berak izan zituzten, Gipuzkoako gobernadore zibilak legeztatuarazi zituenean ikastolak. Bertako eta Amarako batzordekoekin bildu zen maiz Miren Egaña, zer egin erabakitzeko. Azkenean zera erabaki zuten: Eliza katolikoak konkordatua izaki Francorekin, erabat komenigarria zela ikastolak Elizaren menpe legeztatzea, hitzarmen horretan ez baitzen hizkuntzaren arazorik aipatzen, horregatik bada jarri ziren ikastolak elizaren babespean, Donostiako Santo Tomas lizeoa eta Errenteriako Orereta ikastola izan ezik.

Gainontzeko auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968ko legalizazioak zera ekarri zuen: alde batetik itzalean zeuden ikastolak azaleratzea, eta, bestetik, beste auzoetan gainontzeko zer gertatzen ari zen donostiarrek jakitea. Horrela jakin genuen bazirela ikastolak Herreran, Intxaurrondon, Aieten, Añorgan eta Martutenen, besteak beste. Ia guztiak gaur egun jarraipena dute auzo bakoitzean, batzuk publiko bihurtu ziren aukera izan zutenean, besteak aldiz, Ikastolen Federazioaren partaide dira.

Eusko Jaurlaritzak 2003an omendu zituen euskara irakasleak

Aipatutako irakasleek eta 1969a bitartean aritu zirenak hiru probintzietan jaso zuten publikoki 2003an Eusko Jaurlaritzaren ezagutza eta esker ona. Gipuzkoarrek gainera Probintziaren urrezko domina jaso zuten 2009an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aranburu Puente, Xabier (1991) HEZKUNTZAREN HISTORIA EUSKAL HERRIAN: IKASTOLA, Elbira Zipitriaren biografiarako jakingaiak: Ikastola Donostian 1942-1969 urte bitartean Cuadernos de Sección. Educación 4.(1991), San Sebastián: Eusko Ikaskuntza. 15 or. ISBN ISSN 0213-3636.
  2. [www.hikhasi.eus/artikulua/701 «Euskal Eskola Historiako zertzeladak: Maria Dolores Goia Mendiola andereñoa»], Hik hasi.
  3. Orixe Ikastola. Aurkezpena eta historia, . Noiz kontsultatua: 2016-06-04.
  4. Aranburu, Xabier (1990) «HEZKUNTZAREN HISTORIA EUSKAL HERRIAN:IKASTOLA , María Dolores Goya (Gros-eko Ikastola)» Ikastaria. Cuadernos de Educación 3.(1990) (Donostia-San Sebastian) 3 ISSN 84-87471-06-4 ISBN 84-87471-06-4.
  5. Egaña, Miren () «Kantu herrikoiak ikastolan baliabide. Donostiako Karkizano kaleko ikastola, 1964-75» Jentilbaratz. 105-118 (Donostia) 7.