Donostiako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Buskando ur-biltegi izandakoan, Donostiako historiaren zirrikituak arakatzen

Donostiaren historia 800 urtetik gora luzatzen da Nafarroako Antso Jakitunak 1180 inguruan hiri-gutuna eman eta egungo izenaz deitu zionetik. Dena den, egungo Donostian eta haren inguruan baziren lehenago ere giza finkapenak. Gizakia orain dela 25.000 urtetik, gutxienez, bizi izan da Donostia inguruan. Ametzagaina izeneko lekuan garai horretako industria litikoa aurkitu dute.[1]

Sortu zenetik, Donostiak garrantzi nabarmena izan du Euskal Herriko gizarte-, politika- eta kultur bizitzan, baita Europako eta Atlantiko itsasoko hainbat gertaera erabakigarriren garapenean ere.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaizkibelgo senadi bat
Nafarroako Antso VI.a erregearen zigilua (puskatua)

Donostiari buruzko lehendabiziko erreferentzia "San Millango botuak" agiriak ematen du, 939an, eta Donostia Hernanin, Ernaniren mugen barruan kokatzen du, Buruntzatik kostaldera zihoan eremuan, eta Sanctum Sebastianum izenaz agertzen da historian lehenengo aldiz. Hala ere, agiri hori aizuntzat ere jo izan da.[2] Nafarroako Antso Handiaren 1014. urteko dokumentu faltsu batek ere Donostia aipatzen du. Horren arabera, San Sebastian monasterioa Leireko abadearen eta Iruñeko apezpikuaren eskuetan jarri zen. Dokumentu hori, 1101ean berretsi zuen Petri I.a Santxez Nafarroa eta Aragoiko erregeak eta, beraz, berriz agertzen da monasterio hori. Gainera, egun ezagunak zaizkigun leku-izenak aipatzen dira: Alça, Iheldo, etab. Gune espirituala izateaz gain, eremu horretako biztanleen bizitza sozial eta administratibo jaio berriaren gune ere bazen. Kontuan izanik portu horrek, itsas erasoetatik aterpetzeko, burgu harresitu batez babestuta egon beharko zuela, Nafarroako Antso VI.a erregeak erabaki zuen Donostiari bere garaian Lizarra eta Jaka birpopulatzeko erabili zen foru berdina aplikatzea.

Tomas Urzainkik azaltzen du Donostiaren hiri-gutuna 1090eko Lizarrako foruan oinarritu zela (aldi berean, 1063ko Jakakoan funtsatua): artikuluen % 60 inguru. Haren berezitasun handiena itsasorako forua izatea da, Antso Jakitunak Nafarroaren itsas merkataritzarako portu nagusia bihurtu nahi baitzuen Donostia.[3] Hauxe da Europako lehendabiziko itsas forua, eta bertan biltzen dira Europako itsas lege zaharrenak.[4] Foruak ez du datarik, baina 1180 edo 1181 baino aurrekoagotzat jo izan dute batzuek, segur aski, 1150. urtekoa;[5] hala ere, azken urteotan, hainbat adituk segurutzat jo dute 1180. urte ingurua.[6]

Baiona denbora luzean Nafarroaren portu izan zen, baina XI. mendean baliorik gabeko portu bat zuen, landetako hareak itsutua. Gertakizun horiek eta foru berriaren abantailek gaskoien (Baionako armadore eta merkatari burgesak) emigrazio garrantzitsu bat eragin zuten; izan ere, XII. mendean, Gaskoiniako familia ugari (gaskoiak, "franko" deituak) Pasaia eta Hondarribitik hedatu ziren, eta Urgull magaleko hareatzan finkatu Erregeren abantailek erakarrita: Orioraino, libre ziren merkataritzan aritzeko, inoren menpeko izan gabe, Erregez salbu.[7] Luze gabe okupatu eta antolatu zuten Urgullen magaleko hareatzako Izurum (Izurun), gotorleku erromatar batekin identifikatu izan dena, harresiak ere eraikiz. Ordurako, bi eliza agertzen dira egungo Donostiako Aldez Zaharrean: Santa Maria eta San Bizente Antiguokoa, eta Antso Jakitunak Izurungo monasterioa eman zien dohaintzan. Lehena, bertako herritarren ("nafar" deitutakoen) eliza zen eta bigarrena, berriz, gaskoiena, Manuel Lekuonak azaltzen duenez.[8]

XII. mende amaieran, Donostiak, Baionak eta Hondarribiak harreman onak zituzten Normandia, Ingalaterra eta Flandriarekin, mende horretatik aurrera haiekin itsas bide seguru eta merkeak izan baitzituzten.[9] Hala ere, Nafarroa eta Gaztelako erregeak tirabira batean zebiltzan albait portu gehienen jabe izateko, eta 1200. urtean Alfontso VIII.a Gaztelakoak Nafarroa inbaditu zuen, baita era horretan portu garrantzitsuak eskuratu ere: Mutriku, Getaria, Donostia,[10] Hondarribia, etab. Konkista hori sendotzeko, Gaztelako erregeak berretsi egin zuen Donostiaren nafar forua 1204an.[9] Gainera, Donostiako forua eman zien Mutrikuri eta Hondarribiari.

Gaztelako koroaren pean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XII. mendetik Atlantikoko kostaldeetan hedatutako koka ontzi baten modeloa

Gaztelako koroaren eskuetan geratuta ere, Donostiak jarraitu egin zuen Nafarroaren itsas merkataritza-bideetan, eta Antso IV.a Gaztelakoak, XIII. mende amaieran, berretsi egin zituen nafar merkatariek hiribilduan zituzten pribilegioak. Nafar produktuen isuri horrez gain, Donostia Gaztelatik zetozen beste salgai batzuen irteera-portu izaten hasi zen: Burgosen zein Gasteizen barrena zetozen, Agurain (Salvatierra), Segura, Ordizia (Villafranca), Tolosa hiribildu sortu berrietan gora, Donostiaraino.[11] Horrek Donostiaren oparoaldia ekarri zuen. Gaztelako erregeek 1248an lehendabizikoz Donostiako itsasontzi indarrak izan zituzten euren agintepean, andalustarren kontrako kanpaina batean erabiltzeko. Ondorioz, Trianako zubia deuseztatu zuten eta, hori dela eta, Sevilla hiri ahulduak amore eman zuen. Donostia, hala ere, autonomia handi batez aritzen zen, eta Gipuzkoan ere ez zegoen sartuta.

Euskal bale-ehizako ontzi baten barruko irudikapena

Donostiarrek, orduan, hiru ainguraleku nagusi zituzten: Kontxa, Zurriola, eta Pasaia (Pasage).[12] Horietatik abiatzen eta sartzen ziren koka motako itsasontziak, garai hartan arrakasta handikoak, Atlantikoko kostaldeko itsas trafikoan erabiltzen baitziren Flandriara bidean. Haien sotoetan ekartzen zituzten oihalak, apaingarriak, tinduak, eta zirtzilkeriak.[13] Garai honetan, itsas merkataritza familietan edo factore elkarteetan antolatzen zen, gehienetan gaskoi edo baiones leinuko donostiarrek zuzenduak. Beraz, Donostia inguruko lurretatik eta ohituretatik nahiko bereizita zegoen. Hala ere, hiribildua garatu ahala, baserri-giroko inguruko herritar asko, eskulangileak eta nekazariak asko, hirian bizitzen hasi ziren; beraz, jende desberdinak elkarren ondoz ondo. Hala ere, Mans familiak ahalmen handiak eskuratu zituen, eta Engomez leinuan betikotu zuten haien boterea gero ere.[14] Kontzejuak, halaber, elite batek kontrolatuak, indar handia hartu zuen, eta eliz agintariekin lehiatu zen nork bere jurisdikzioa handitzeko.

San Bizente eliza (1574an amaitua), Donostiako eliza zaharrena, gaskoien erlijio-bilgune

1266tik aurrera, hiriak hainbat sute jasan zituen: bi mende eta laurdenetan, sei aldiz kiskali zen. XIV eta XV. mendeetako ezurte edo eskasia urteek gogor astindu zituzten baserritarrak eta, ondorioz, babes eta bizibide berriak bilatu zituzten hirigune eta herriguneetan. Jende-pilaketek jurisdikzioen gaineko borrokak eta hiribildu berrien sorrera piztu zituzten eta, Donostiaren lurretan, Pasaiako portuaren erabilerari buruzko istiluen lorratzean, 1320an Errenteria sortu zen; hegoaldeko mugetan, berriz, istiluak izan ziren Hernaniko olagizonekin, Urumeako mendiak erabiltzeko eskubideaz. 1371 eta 1379n, Usurbil eta Orio sortu ziren, eta Donostiaren mugakide bihurtu.[14] Bi mendetik gora, bere itsaso eta barrualde arteko zubi-lana eginez, Donostia Gipuzkoatik aparte mantendu arren, 1397an Gipuzkoako Ermandadea sortzen parte hartu zuen azkenean. Horren bitartez, Koroaren bultzadaz sortutako hiribilduak elkartu egiten ziren jauntxoen eta bidelapurren gehiegikeriei aurre egiteko. Aldi berean, Donostiak espezializatu egin zuen bere merkataritza, lehia handia baitzegoen euskal kostaldeko gainerako beste portuekin. Ondorioz, Donostia batez ere Baionarekin lehiatu zen Nafarroatik zetozen salgaiak garraiatzeko: artilea eta nekazaritzako produktuak, hala nola, ardoa, fruituak, etab.[15]

Gaztelako Petri I.a Ankerra eta Henrike II.a Trastamarakoa erregeen senide arteko borrokak Gipuzkoa astindu zuen eta, bertan, Donostiak Petri I.aren alde egin zuen, baita Mutriku eta Getariaren aurka borrokatu ere. Gipuzkoari dagokionez, oinaztarren eta ganboatarren arteko lehia tragikoak zailtasunak ekarri zizkien donostiarrei barne merkataritzan, Donostia borroka horietatik kanpora geratu arren. Artean, Guiena Plantageneten Koroari atxikita zegoela,[16] Ehun Urteko Gerra piztu zen, eta Alfontso XI.a Gaztelakoa argi eta garbi frantziarren alde agertu zen (1336ko itunean eta, geroago, 1345ean), 1474ra bitartean. Hala ere, Donostiak autonomia handia izan zuen ordu arte, eta Bidasoaz bi aldeen arteko merkataritza harremanak mantendu ziren. 1459an, azkenean, Donostia bete-betean sartu zen Gipuzkoan.[17]

Aro modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia mugako hiri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1489an, sute latz batek hiria kiskali egin zuen, baita aro berri baten hasiera iragarri ere.[18] Errautsetatik altxatako hiria lehen bezala zur-material hutsez baino, harriz eta zurez eraiki zuten. Gaztelako Koroako errege-erregina Fernando eta Isabeli herritarrek kexua bidali zieten 1491ean, Donostia hamabi familiako elite batek, harakinek eta merkatariek, gobernatzen zutela salatzeko, hiribildu berria herritar xumeen eta haien sufrimenduaren lepotik eraikitzen ari zirelakoan.[19] Aldi berean, ordea, hiria gerra-gotorleku bihurtzen hasi zen: Errege Katolikoen etorrerak erabateko aldaketa ekarri zuen, eta Donostiak kokapen estrategikoa hartu zuen Gaztelaren eta Frantziaren artean; hain zuzen, 1476an frantsesen lehendabiziko eraso bat jasan zuen.[19] Handik gutxira, La Motako gaztelua eraiki zuten Urgull tontorrean, baita harresi mardul eta altuak ere. Hurrengo mendeetan, hiribilduak setio ugari izan zituen.

Gaztela-Aragoiko errege-erreginek donostiarrak babestu zituzten, hainbat zergatatik salbuetsi eta abar, haien mesedea irabazteko eta, bereziki, ontzigintza bultzatuz ontziteria indartsu bat sortzeko. Urte horietan gertatu zen Espainiako erregeek zuzendutako Nafarroaren konkista, eta hiriak Karlos V.a enperadorearen aldeko jarrera hartu zuen erabat.[20] Ondorioz, Karlos V.ak Muy Noble y Muy Leal tituluak esleitu zizkion. Aldiz, Frantziarekiko etsaigo berriak ez zien donostiar gaskoiei inondik mesede egin. Ordu arte aginte postuetan eta bizitza ekonomikoa zuzentzen aritu baziren ere, arbasoz kanpotarrak zirela eta, gizarte-klase apalagokoak eta haien aurkariak Espainiako erregeei zuzendu zitzaizkien gaskoiak bazter zitzaten eta, 1527an, Zestoako batzarrak bazterketa horren aldeko lehenengo erabaki ofiziala hartu zuen.[21] Garai honetan, ordena desberdineko hainbat komentu sortu ziren, tartean dela dominikarren San Telmo komentua.

Donostiaren irudikapen bat 1572an

Hiribilduaren oparoaldiak mendearen bigarren erdi arte iraun zuen. Hala ere, Karlos V.a eta bere oinordekoak (Filipe II.a eta Filipe III.a) gerra gehiagotan sartu ahala, Donostiaren egoera okertzen joan zen: korrejidoreak bat-batean eteten zituen merkataritza eta balea-ehiza zein bakailao-arrantzako kanpainak eta, ondorioz, arrantza-kanpainak baino lehen adostutako salerosketa-tratuak eta kredituak hankaz gora geratzen ziren; gainera, burdinoletan oinarritutako ontzigintzarako erregearen pizgarriak desagertzen joan ziren. Okendo leinuak, berriz, Erregeren eskakizunen eta korrejidorearen alde jo zuen horrelakoetan, justu Donostiako herritarren beste muturrean.

Bestalde, defentsarako hiribildua sendotzeak gastuak zekartzan, eta soldaduak mantendu beharra zegoen. 1573tik aurrera, Kontratazio Etxea Sevillara lekualdatu zen eta, beraz, hiri horrek Amerikarekiko transakzioen monopolioa eskuratu zuen, Donostiaren kalterako. Hala ere, datuek agerian uzten dute Amerikarekiko trafiko zuzenak legez bestela ere jarraitu egin zuela. 1580ko lekukotasun baten arabera, 13-14 itsasontzi ateratzen ziren Ternuara urtero Donostiatik, 70-100 marinel bana.[22] Erdi Arotik Donostiako marinelak Santa Katalina Kofradia indartsuan biltzen ziren, haien interesak eta ongizatea defendatuz, adibidez, zaurituen eta familien alde, edota hiletak antolatzeko. Erregek hirutan bisitatu zuen hiria 1565, 1615 eta 1630ean eta donostiarren harrera-ospakizunak egin zituzten: su-festak, ohorezko agurrak, prozesioak eta sokamuturrak.[23]

Artean, artilearen garraioa Donostiara heltzen zen Nafarroatik, Aragoitik zein Errioxatik, Donostia baitzen euskal kostaldean horretarako esportazio-portu nagusia 1570 eta 1580ko hamarkadetan. Flandriako gerra, baita Armada Garaiezinaren porrota ere (euskal ontzidian oinarritua), kaltegarria izan zen, baina trukean, Ingalaterrak eta Frantziak artile-eskaria handitu zuten. Salerosketa horretan nabarmendu ziren Iruñea eta Donostiako Luis Cruzat, Martin Beroiz eta Martin Gurpide.[24] 1597an izurrite bubonikoak hiria eta Pasaia astindu zituen, baita 650 hildako utzi ere Donostian, eta 364 Pasaian.[24] Gorabehera guztiekin, udala (Erregimentua) oso zorpetuta zebilen XVII. mende hasieran[25] eta balantzea berdintzeko, zerga berriak jarri zizkion artileari portuetan (bereziki Pasaiakoan), baita ondorio larriak eragin ere. Harrezkero, Iruñetik zetorren barrualdeko merkataritzak iparraldeko bidea hartu zuen, eta Baiona bihurtu zen artilea itsasoratzeko portua.[24] Gainera, Urduñako bidea ireki zen, eta Gaztelako artilea Bilbotik itsasoratzen hasi ziren.

Filipe IV.a Espainiakoa erregeak, Frantziarekin 1659ko Pirinioetako Bake Hitzarmena sinatu ondoren, 1662an, Noble y Leal Ciudad titulua eman zion Donostiari eta berriz piztu ziren merkataritza hobetzeko esperantzak.[26] Ontzi-ekoizpenak indar handia izaten jarraitu zuen, hala ere. Ordu arte, ontziolak Santa Katalinan, Urumean oro har, eta Ergobia auzoan izan ziren, baina ontziola espezializatuagoen beharrez Pasaiara lekualdatzen joan ziren. Hala ere, XVII. mendea beheraldi ekonomikoko garaia izan zen eta, merkataritza eta nabigazioa suspertzeko, 1682an, Kontsulatua eta Kontratazio Etxea sortu ziren, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren oinarri izango zena.

Ameriketara begira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Caracasko Gipuzkoar Konpainia»

1713ko Utrechteko Ituna oso kaltegarria izan zen hiriarentzat, donostiarrek ipar Atlantikoko arrantza-urak galdu baitzituzten. Gainera, ez zuen bakea ekarri, Frantziaren etsaigoa baizik. Hirigintzaren aldetik, eztabaida sakona sortu zen harresiak defentsa elementu gisa mantentzearen aldekoen eta defentsaren gunetzat gaztelua hartzearen aldekoen artean eta, kinka horretan, Gaztelako (Espainiako) Filipe V.a errege berriak Euskal Herriko Ebroko aduanak kostaldera ekartzeko ahalegina egin zuen 1718ko otsailean, baina matxinada piztu zen Gipuzkoan eta Bizkaian, Erregearen armadak odolez zapaldua. 1719. urtean, lehendabizikoz Donostia Berwick dukea buru zuen 26.000 gerlariko frantziar armadak hartu zuen, setioa jarri ondoren.[27]

Donostiako Santa Maria eliza, Konpainiaren diru-ekarpenez eraikia

Sortutako kontrako giro gaiztoa eta ondorio ekonomiko kaltegarriak ikusita, Erregeak atzera egin zuen aduanen gaian 1722an, baita Gipuzkoako Aldundi Nagusiarekin negoziatzen hasi ere. Kontrabandoa kontrolatzearen gaia garrantzitsua zen Erregearentzat, nola Gipuzkoan, hala egungo Venezuelako lurraldean. Donostiarrek, berriz, nabigazio-bide berriak behar zituzten arrantzarako eta, batez ere, merkataritzarako. Era horretan, Caracasko Gipuzkoar Konpainia sortu zen 1728an, herbeheretarren zein ingelesen Indietako merkataritza-elkarte publikoetan oinarrituta. Baldintzak mesedegarriak ziren nola gipuzkoarrentzat, hala Erregearentzat, inportatutako gaiek, bereziki kakao estimatuak, tabakoak, larruak eta espezieak, aduana-zergarik gabe sartuko baitziren Ebron zehar. Europarako produktu horien gaineko monopolioa izan zuten. Gainera, Konpainiak defentsa- eta eraso-eskumenak izango zituen bere baitan, Erregeak kortso baimena eman baitzion. Negozioa borobila zen, eta Donostia aberastu egin zen urte horietan.

« (...) zaila zen [Donostian] bizitzeko kuarto bat aurkitzen, katalejoaz ere ezin baita igarri lekualdatu nahi den inor, aurreko egoiliarrak gela utzi eta berehala sartzen da beste norbait.  »

— Joaquín Ordeñez presbiteroa, 1769 baino lehen[28]

Ontziolek eta burdinolek lanean jarraitu zuten bete-betean. Euskaldunak eskifaietan sartzen ziren kopuru handitan eta, Konpainiaren ekimenez, hainbat enpresa eta elkarte sortu eta sustatu ziren Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Espainian. Tartean ziren Soraluzeko eta Tolosako arma-fabrikak, baina baita Euskalerriaren Adiskideen Elkartea ere (1765), Ilustrazioaren bultzatzailea, besteak beste Frantzisko Xabier Munibek sortua. Aldiz, Karlos III.a erregeak 1778an Venezuelarekiko merkataritza liberalizatzeko emandako aginduak egoera politiko-ekonomikoa gaiztotu zuen. 1785ean, Caracasko Gipuzkoar Konpainia desegin egin zen.

Aro garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondamenditik turismo-hirira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tentsio politiko handiaren erdian, 1794ko abuztuan, Molina jeneralak eta donostiarrek ez zuten eragotzi frantses iraultzaileak Donostiara sartzea, eta Gipuzkoaren independentzia-aldarrikapen bat ere gertatu zen. Konbentzioaren tropek gillotina ale bat utzi zuten, geroago Plaza Berrian ezarri zena eta desertore batzuekin erabili zena. Gerra amaituta, Donostiako alkate Mitxelena eta udal batzordea kargugabetu, gerra-epaiketara eraman, eta kondenatua izan zen, Iruñean (1796). 1808an, Napoleonen tropak berriz sartu ziren Donostiara Manuel Godoyren gobernuaren baimenaz. Jose I.a (Jose Bonaparte) Espainiako subirano konstituzionala izendatu zuten, eta Donostiara sartu zen ekainean, Narrika kalea zeharkatuz, baina kale horretako leiho guztiak itxita aurkitu zituen. Hurrengo 5 urteetan, militar frantsesek Donostia okupatu zuten, eta haiekiko harremana gazi-gozoa izan zen. Une horretan, hiria hizkuntzaz erabat euskalduna zen, eta elebakar ugari ziren tartean. Ordurako, gaskoi hizkuntza azken hatsetan zen Donostian.

Donostiaren setioa eta suntsipena (1813)
Donostiako Konstituzio plaza (1817), garai bateko Plaza Berria, eta udaletxe zaharra (1832)
San Martin auzoa eta Kontxa harresitik, justu eraitsia izan aurretik

Iberiar Penintsulako Gerra azkenetan zela, Napoleonen Espainiako armada erretretan zetorren Donostiara. Hiribilduan, Emmanuel Rey frantziar jenerala zeukaten zain, 2.600 soldadurekin; berehala, Wellingtongo dukeak zuzendutako britainiar eta portugaldar tropek, Cadizko Gorteetako Espainiako gobernuaren aliatuek, setioa jarri zioten Donostiari. 1813ko abuztuaren 31n, azken erasoa jo zuten Koxkatik sartuta (Bretxatik) eta, behin barruan, suaz eta arpilatuaz, hiria birrindu zuten.[29] Hiribildu barruko biztanleen errolda, setioaren aurretik, 5.500ekoa zen; gero, ordea, 2.600era jaitsi zen. Irail hasieran, samin- eta etsipen-giroaren erdian, Donostiako familia aberatsenetako 20 jaun Zubietan bildu, eta hiria berreraikitzea erabaki zuten. Pedro Manuel Ugartemendia izendatu zuten arkitekto, baina bere plana baztertua izan zen. 1816an onartu zen hiriaren behin betiko itxura, oro har, Donostia zaharraren oinplanoa jarraituko zuena, jabeen orubeak mantentzeko. Foruen gaia puri-purian zen, eta donostiar burgesiak Espainiako merkatuaren aduana-sisteman sartzearen alde ere egin zuen, bere salgaientzat aterabide hobea emango zuelakoan.

1820-1823ko Hirurteko Liberalaren amaieran, berriz, San Luisen Ehun Mila Semeak deitutako europar armada erreakzionarioak setioa jarri zion Donostiari, artean berreraikuntza-lanetan sartua zela. Espainian, Fernando VII.a absolutista berrezarri zuten tronuan (1814az geroztik). Hamarkadetan galarazita eduki ondoren, Donostiak 1828an berreskuratu zuen Amerikarekin salerosketan aritzeko eskubidea.[30] Lehen Karlistaldian, Donostiak (liberala eta, aldi berean, gotorleku militarra baitzen) kiristino liberalen alde egin zuen, Gipuzkoak ez bezala. 1833an, Maria Kristina erregina ere izendatu zuten Plaza Berrian. Karlistek hiribildua bonbardatu zuten eta, hain zuzen, 1835eko uztailean, George Lacy Evans jeneralaren mendeko legio ingeles bat aritu zen haiei aurre egiten hiribildu barrutik.[31] Gerra hura behin amaituta, ordea, Tomas Zumalakarregiren anaia Migel Antoniok zuzenduta, Donostia foruen gehiena galdutako Nafarroari atxikitzea eskatu zuen, 1841ean. Urte horretan bertan, Espartero jenerala Hego Euskal Herrira sartu zen bere armadaz eta, gerra-egoera horretan, Donostian aduanak, lehen mailako epaitegi konstituzionala eta gobernadore zibila ezarri ziren. 1854an Donostia probintziako hiriburu aukeratu zuten. Aduanak Ebrora atzeratzea erabaki zen eta neurri hori probintziaren mesederako izan zen. Halaber, Donostia Amerikarekin merkataritzan aritzeko egokitutako portu gisa itxi egin zen. Garai berriak ziren hirirako.

Hiria handitu, turismoaren hegalean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Porvernir, Kortazarren zabalgune proiektua, egungo erdialdea

Donostiaren hazkunde demografikoak —hirigunean 9.000 bizilagun— pilaketa arazo larriak eragin zizkien harresien barruan bizi zirenei. Prim eta Lertxundi jeneralen bitartekotzaz, herritarrek eta udalak gogo biziz esperotako agindua heldu zen: harresiak eraistea. Hiribildu eta gotorleku militar izateari utzi zion, herritarren pozerako.[32] Hurrengo pausoa, harresien aurreko hareatzan, ordu arte ariketa militarrak egiteko, ontzigintzarako eta abarrerako erabiltzen zen tokian, hiria eraikitzea zen, ekialdera hedatuz lehenik, eta hegoaldera gero. Azken zabalkunde hau, Porvenir deitutakoa, Antonio Kortazarren planetan oinarritu zen, baina Jose Goikoak ere parte hartu zuen.[33] Izan ere, 1845etik, Espainiako Errege Gortea udako oporrak Donostian ematen hasi zen, baita haien segizio osoa ekarri ere, sendatze-bainuen moda berrian kokatuta, eta udal kabildoak Donostia zerbitzuen eta gerora "tourismo" deitu zutenaren hiria izatearen alde egin zuen.[34] Eliteen oporraldietarako Biarritz hartu zuten eredu,[35] eta hareatzaren gaineko eraikuntza, berriz, Bartzelonako eta Georges Haussmannen Paris erdialdearen berreraikuntza-plan dotore baina oso eztabaidagarria.

Hori indartzeko, gainera, 1864an burdinbidea heldu zen Donostiara, Norteko ferrokarrilla, ordu arteko ibilaldiak baino erosoagoa eta azkarragoa. Horrekin batera, liberal kutsuko argitalpenak ugaritu egin ziren, eta horretan buru-belarri aritu zen Baroja moldiztegia Lehen Karlistaldiaren aurretik eta ondoren: La Crónica de Guipúzcoa, El Liberal Guipuzcoano, etab.[36] Errege-erreginen artean, Maria Kristina bisitari zintzoa izan zen urtero hil zen arte. Hala ere, oparoaldi berri horretan baina tentsio politikoen erdian, La Gloriosa delako iraultza piztu zen Espainian (1866ko iraila), eta pixka bat lehenago erreginaren hurbil agertutako agintariek mugimendu demokratikoaren Batzorde Iraultzailean parte hartu zuten[37] Handik gutxira, Bigarren Karlistaldia piztu zen (1872), eta Donostia Gipuzkoako hiri liberal bakarra izan zen. 1875ean, gertutik eraso egin zioten indar karlistek, baina 1874tik aurrera, Canovas del Castillok Alfontso XII.aren tronuratzea prestatu zuen, eta espainiar mugimendu kontserbadore konstituzionalista berriak karlistak ahuldu zituen. Donostiako karlisten setioak 1876ko otsailaren 18 arte iraun zuen.[38]

Ondarretako dantza-ospakizuna (Darío de Regoyosen margolana)

Nolanahi ere, gerraostean, kultur jarduera handiko garai bat hasi zen donostiarrentzat, adibidez, danborrada eta bere Raimundo Sarriegiren doinuak, estropadak, herri kirol ospakizunak, antzerkia eta, pixka bat geroago, Euskal Festen hasiera (1896).[39] Luze gabe, beste masa-kirol eta ikuskizun batzuek ere lehen urratsak eman zituzten goraldi ekonomikoak bultzatuta, mende amaieratik aurrera: zezen-plaza berriak, futbola (adibidez, San Sebastián Ciclista Foot-ball Club eta Real Sociedad de Foot-ballen sorrera), zaldi-lasterketak, etab. Aldi berean, Etnografia eta Arte Ederretako Museoa (San Telmo) ireki zen 1902an.[40]

Hurrengo urteetan, turismo-jardueran kokatuta, hiria hornitzeko eta dotoretzeko eraikuntzak jarraitu egin zuen: 1870ean, Bretxako merkatuaren eraikuntza-lanak; 1872an, Santa Katalina zubi neoklasikoa; 1882an, Donostiako Kasinoa; 1887an,Gipuzkoako Foru Aldundia; 1893an Miramar jauregia; 1897an, Artzain Onaren eliza, Manuel Etxabe arkitektoak estilo neogotikoz diseinatua. 1905eko urtarrilean, Norteko geltoki aurrean, etorri berriak Donostiara igarotzeko Maria Kristina zubi dotorea eraiki zuten, lehenengoz Europan hormigoiz egindakoa; Pariseko Alexandro III.a zubia hartu zuen-inspirazio iturri. Urte horretan bertan, Arte eta Ofizioen Ikastetxea eraiki zuten. Maria Cristina hotelaren sustatzaileei, aldi berean turisten entretenimendurako antzoki bat eraiki beharraren baldintza jarri zitzaien eta, 1912an, Victoria Eugenia antzokia inauguratu zen. Horietan erabilitako estiloak neoklasikoak eta erromantikoak ziren. Egungo erdialde osoaren bokazioa eliteen eta burgesiaren bizileku eta atsegin izatea zen eta, beraz, herritar xumeak eta langileria Groseko zati batera, San Martin auzora, Antiguora eta Amara Zaharrera izan ziren bultzatuak.[41][42] Bestalde, euskal kulturaren aldeko hainbat ekintzarekin batera, euskararen atzerakada handia sumatzen hasi zen, udal administrazioan ere: protesten artean, 1886tik aurrera, euskara ez zen nahitaezkoa gehiago idazkari izateko eta beste postuetarako.[43]

Belle Époquetik gerrara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi Eder 1925 inguruan

XX. mendearen hasieran Donostiak aurreko mendearen amaierako joera mantendu zuen, udako hiriburu eta probintziako gune administratibo eta politiko gisa hobetuta. Elektrizitatea eta kaleetako argiztapena ere heldu zen (1899), baita tranbiak ere luze gabe, automobilekin batera, areago Alfontso XIII.a erregea, Donostiako udatiarra, hain zalea izaki. 1922an, Europan moda-modan zen bezala auto-lasterketa zirkuitua ireki zuten Donostiaren ingurumarian, Lasarten,[44] baita hipodromo bat ere. Kostaldeko Euskal Nafar Trenbidea 1912an ireki zuten, eta Hendaiaraino heltzen zen. Europako gerra hasi baino lehen, zinema-aretoak ireki ziren: Novedades (1912), Miramar (1913), Bellas Artes (1914), etab. Donostiak bere telefono-konpainia izateko baimena eskuratu zuen.[45] Lehen Mundu Gerra garapen eta aberastasun handiko aldia izan zen Donostiarentzat, Espainia neutrala zen aldetik. 1914an, Donostia Europako hiririk kosmopolitena bihurtu zen. Bertako Kasinoan europar bizitzako pertsonaia ugari agertu ziren: Mata Hari, Leon Trotski, Ravel, Romanones, Pastora Imperio, toreatzaile ospetsuak, banku gizon harroak... Donostiaren "Belle Epoque" garaia izan zen, ikuskizunak eta ospakizunak ugaldu egin ziren. Ulia eta Igeldoko aisialdi-parkeak eratu ziren.

Amara eta Urumearen kanalizazioa
Bola-jokoan Donostiako Trinitate plazan (1936)
Eskuindar matxinoen aldekoak Donostia erdialdean, 1936ko irailean

1904an, Itun Ekonomikoa berritzeko gatazka politikoen epelean, askotariko alderdi politikoek Liga Foral Autonomista sortu zuten 1904an. Jauntxokeriaren kontrako indar horrek bere ondorioak izan zituen, eta Donostian errepublikazale, sozialista eta euskal nazionalistak errotu ziren (EAJ-PNV).[46] Marokoko gerra puri-purian zen, eta Donostiatik soldadu-dibisioak atera ziren. Eskualdean handitutako industrializazioa errotu egin zen, eta migrazio mugimendu nabarmena eragin zuen, proletario talde garrantzitsuen oinarria izan zena; hortik sortu zen langile-mugimendua. 1917tik 1923ra, CNT eta UGT sindikatuek protestak eta lanuzteak egin zituzten, istilu gogorrak izan ziren Guardia Zibilarekin. Espainian sistema politiko zaharraren krisi politikoa nabarmena zen, eta Primo de Riverak estatu kolpea jo zuen (1923tik 1930era) eta, gainera, jokoa debekatu zuen 1925ean, Kursaala ireki eta gutxira.[47] Diktaduraz, zentsurak eta errepresioak gogor jo zuten, baita langile-sindikatuek hura nabaritu ere: esaterako, UGTk Donostian zuen kide-kopurua 4.000tik 2.700era jaitsi zen. Hamarkada honetan, hiriburua 61.000 biztanle izatera heldu zen.

« Donostiako bizimodua uda betean hain mekanizatua da, non gizon-emakumeak txotxongiloak baitira, inolako graziarik eta gogorik gabe antzerki-eginkizun bat betetzen dutenak.  »

—Pio Baroja, Donostiako udez 1918an[48]

Hala ere, Donostiak turismo-hiria izaten jarraitu zuen. Orain, Donostiara burgesak ere etortzen ziren, nobleziaren ereduari atxikiz. Hainbat eragile politikoren topagune izaki, 1930ean Espainiako hainbat politikari Donostian bildu ziren, errepublikaren aldeko fronte eta ideia komunak adosteko. Hori Donostiako Ituna izenez da ezaguna, monarkia hondoratu eta errepublika ekarriko zuena. 1931ko apirilean, Espainiako II. Errepublika sortu zen, lehendabizi Eibarren aldarrikatua. Donostian, jarduera politiko bizia izan zen eta Donostiak joera aurrerazalea hartu zuen gehienean: Fernando Sasiain errepublikazalea eta euskal autonomia-estatutuaren aldekoa izan zen alkate hautatua.[49] Udalak Hitzarmen Ekonomikoaren alde egin zuen "Ardoaren Gerra" delakoan (1934). Urte horretan estatu osoan zabaldutako errebolta giroan, langileek lanuztera deitu zuten, eta militarrak kalera atera ziren protesta zapaltzera, León Carrasco komandanteak zuzenduta. 1935ean, berriz, Estraperloaren eskandalua piztu zen, Donostiako Kasinoko erruletaren inguruan.

1936ko otsaileko hauteskundeetan, Fronte Popularrak irabazi zuen Donostian, ordurako 80.000 biztanle zituela. Uztailaren 18ko Altxamenduarekin batera Gerra Zibila hasi zen: ezkerreko indarrek goiz erreakzionatu zuten eta, Donostia erdialdean matxinatuekin gatazka larriak izan arren, Loiolako kuartelaren matxinada itoa izan zen hamar egun baino lehen. Eskuindar matxinatuek, gero, airez eta itsasoz bonbardatu zuten hiria eta, barruan, errepublikaren aldeko alderdi politikoak zatituta zeuden, justizia kudeatu eta hainbat herritar eta turistaren jabetzak errespetatzeari buruz. Hilabete eta erdian, Donostia Altxamenduko indarren eskuetan erori zen. Donostiako 30.000tik gora herritarrek ihes egin zuten Beorlegi koronel matxinoaren indarrak (nazionalak) Donostiara sartu baino lehen (1936ko irailaren 13an). Bertan geratutakoek, ordea, errepresio bereziki gogorra jasan zuten; ehunka izan ziren luze gabe fusilatuak (400dik gora), baita zigortuak eta espetxeratuak ere. Aldiz, Donostia matxino eskuindarren eskuetan eroritakoan, 1936ko uztail eta abuztuan ihes egindako espainiar aristokrata eta udatiar askok Donostiara itzuli eta bertan hartu zuten ostatu Gerra Zibila amaitu bitartean.

Frankismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franco diktadorearen ospakizuna Donostian, gerra behin bukatuta (1939)
Amarako tren-estazioaren ikuspegi bat (1955 inguruan)
Elbira Zipitria, ikastolen haziak erein zituen
Haizearen orrazia, erauntsiaren erdian

Urte kritikoak izan ziren hurrengoak, elikagai eta gasolina eskasia zegoen, tabakoaren errazionamendua, industrietan material falta, ilarak gai asko eskuratzeko (cartilla delakoa ezarri zen). 1939an Musika Hamabostaldia sortu zen eta horren hasierako egoitza Kursaal Antzokian ezarri zen. Gero, 1940. urtean Victoria Eugenia Antzokira aldatu zen. Horren bitartez, ikuskizun handiak eskaini ziren eta musika arloko pertsona garrantzitsuak aritu ziren. Frankismoak Donostia udako hiriburu gisa mantendu zuen eta, II. Mundu Gerraz aparte zegoenez, hainbat kontsulatu-ordezkarik, arduradun politikok eta agentek Donostian hartu zuten aterpe aldi horretan: hotelak ugaldu egin ziren.[50] Beste euskal hiriburuetan ohi zen bezala, boterea falangisten eta tradizionalisten artean banatu zen. Oreka zail horretan, Gipuzkoako gobernadore zibilari botere bereziak eman zitzaizkion jarduera politiko guztien kontrola izateko eta errepresiorako, karguak jarri eta kendu egiten zituen udalean eta aldundian, tartean direla alkateak, zinegotziak, ahaldun nagusiak, etab.[51] 1947an, Donostiako udalbatza Kasinora lekualdatu zen, egungo udaletxera.

Gerra Hotza hastearekin batera, ekonomia eta kultura-bizitza zerbait liberalizatu zen eta, erakunde publikoetara, 1958an profil teknikoko karguak hasi ziren heltzen, teknokrata direlakoak.[52] Lehendabiziko protesta publikoak ere izan ziren, lanuzte jendetsuak (1951, 1956) eta euskal nazionalismoari lotutako protestak. Donostiak, 1950ean 113.776 biztanle zituen, probintzia osoko bizilagunen %30. 1950ko urteen amaieran hasita, hainbat zerbitzu publiko hobetu ziren, adibidez, hezkuntzan eta osasun-arloan.[53] Aldi berean, etorkinak ugari heldu ziren Hego Euskal Herritik eta Espainiako hainbat tokitatik, asko eta asko elikadurari lotutako industrian lan egitera.[54] Aldi berean, hirigintza anabasan erori zen etxegileen diru-goseak eta kontrol politiko faltak bultzatuta; espekulazioa nagusitu zen zabalgune berrien diseinuan: Amaratik hasi eta Altza eta Herreraraino.

Garai hartan euskal artistaren karakterizazio baten ideia eratzen hasi zen. Donostian Gipuzkoako Arte Elkartea sortu zen. Urrezko urteak izan ziren hiriko antzerki amateurrarentzat; igandero obra berri bat estreinatu zen. Donostia, 1953an lehenengo Zinemaldiaren ospakizunarekin, "zazpigarren arteko" jendearen topagunea bihurtu zen. Bertatik igaro ziren Ava Gardner, Vittorio Gassman, Charlton Heston... Urte horietan orduan Espainiako printze zenak, Joan Karlos Borboikoak eta bere anaia Alfontso infanteak Miramar Jauregian hartzen zuten ostatu. 60ko urteen gizarte-aldaketen testuinguruan, herritarren kezkak artearen eta kulturaren arlotik bideratu ziren hasieran: urte horretakoak dira Jazzaldia (urte askoan estatuan egondako bakarra), Gaur artista-taldearen sorrera (1966), edota Ez Dok Amairu euskal poeta-musikarien taldea.[55]

1960ko hamarkadan Donostia, euskal kulturaren berpizkundearen eta euskal mugimendu nazionalistaren gune bihurtu zen[56] eta, aldi berean, protesta sozial eta politikoak harrotzen joan ziren, auzoetan oinarrituta batez ere. Giro horretan agertu zen ETA mugimendu politiko armatua. Manifestazioak ugaldu egin ziren eta, 1968ko abuztuan, lehenengoz, salbuespen-egoera dekretatu zen; gehiago etorri ziren hurrengo urteetan.[57] Egoera hori luzatu egin zen 1970eko hamarkadan zehar, bereziki, Frankismoaren azken garaian (1975). Bestalde, 1973-1974an, ospe handiko hainbat eraikin bota eta zerbitzu galdu ziren une honetan, baina horren ondoan, hiriaren ikur bilakatutako Haizearen orrazia eraiki zuten, Eduardo Chillidarena (1974).[58]

Trantsizioa eta demokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diktadorea hil ondoko urteak tentsio handikoak izan ziren. 1974an alkate izendatutako Francisco Lasa Etxarrik 1976an uko egin zion karguari, ETAk Juan Mari Araluze ahaldun nagusia hil zuen (1976ko urria), eta Barne Gaietako Ministerioak behin-behineko batzorde bat izendatu zuen alkatetza gidatzeko 1978an: Ramon Jauregi eta Iñaki Alkiza. 1977an, Amnistiaren Legea onartu zen, eta euskal preso politiko ugari itzuli ziren. Une horretan, aldi berean, taberna ugari hasi ziren Alde Zaharrean irekitzen. Hala ere, grebak, manifestazioak eta liskarrak poliziekin ugaldu egin ziren, eta indarkeria politikoak jarraitu egin zuen: ETAren bi erakunde armatuek hilketa, estortsio eta bahiketa ugari egin zituzten aldi horretan, baita erregimenari lotutako beste talde ilun batzuek ere. Guardia Zibilak Gladys del Estal egiatar ekologista hil zuen tiroz eta BVEk Herri Batasuneko Tomas Alba zinegotzia hil zuen. 1979tik aurrera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartela birmoldatu eta handitu zuten, eta gotorleku traza hartu.[59] 1976ko abenduan, Erreala eta Athletic futbol-taldeen arteko derbiko ikurriñaren aldarrikapenaren ondoren, 1977ko urtarrilean, euskal ikurra legeztatu egin zen azkenik San Sebastian egun bezperaz.

Donostia Uliatik ilunabarrean
Donostiako Maria Kristina zubia, bus-estazio berria eta Tabakalera, eraikuntza-lanetan

1979ko ekaineko hauteskundeetan, EAJko Jesus Maria Alkain izan zen Donostiako alkate hautatua, demokratikoki aukeratutako lehenengoa eta lehendabiziko abertzalea. Hala ere, urte hauek beheraldi urteak izan ziren, ekonomiaren gainbehera tartean, gatazka eta indarkeria sozio-politiko handikoak eta hirigintza zabar eta zekenekoak. 1980an, Donostiako Zinemaldiak A mailako izateari utzi zion 1985 arte. Gernikako Estatutuari buruzko bozketan, gehiengo handiak eman zion baiezkoa Donostian (% 90,3), % 59,70eko partaidetzaz. 1981ean, Itun Ekonomikoa berrezarri zen Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian bezala bestalde.[60] Gertaera garrantzitsu horiek jazotzen ziren bitartean, futbolean herritarrak poz batean ziren Errealak 1980, 1981 eta 1982. urteetan Espainiako Ligan irabazitako postuekin, inoiz lortutako onenak. 1983ko maiatzeko hauteskundeetan, EAJk berretsi egin zuen bere nagusitasuna Donostian, eta Ramon Labaien hasi zen alkate-lanetan. Ramon Labaienek Donostia turismorako helmuga berriz bihurtzeari gogoz ekin zion, eta hainbat ospakizun bultzatu zituen, adibidez, Musika Hamabostaldia, Zinemaldia, Aste Nagusia eta abar. Auzo-elkarteek ere protagonismo handiagoa hartu zuten udalean.[61] Hala ere, Aste Nagusiko Salbeko prozesioan istilu larriak urteroko kontua bihurtu ziren.

1987tik aurrera, EAko Xabier Albisturren etorrerak mikaztu egin zituen auzoekiko harremanak, bereziki gaztetxeen mugimenduarekin, Leitzarango autobidearen gatazka puri-purian zen unean. 1991n, alkate abertzaleen 12 urteko aldia amaitu zen, PSOEko Odon Elorza gailendu baitzen hauteskundeetan, Donostiako inoizko alkate gazteena. Hirigintza eta zerbitzuen hainbat proiektu estrategikori heldu zien hurrengo hamarkadan, hala nola, Untzi Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Zurriola hondartza eta Kursaal berria, baita hainbat kirol-ekitaldi garrantzitsu sortu ere, batzuk nazioarteko ospea hartu zutenak.[62] Alkateak Salbeko prozesioa bertan behera uztea erabaki zuen eta, aldi berean, 1993an Ertzaintzak Espainiako Polizia Nazionala ordezkatu zuen Donostiako zaintza-lanetan. 1993an, ETAk PPko Gregorio Ordoñez zinegotzia hil zuen, oihartzun handiko erasoa.[63]

Alde batetik, Miguel Ángel Blancoren hilketak eta, bestetik, Olaia Castresana donostiar gaztearen heriotzak (1997 eta 2001) kaleetan eragindako tentsioak eta mobilizazioek itzulpuntu bat adierazi zuten euskal gatazkan eta hiriko bizikidetzan. Hala ere, hauteskundeen garapenean gorabehera handiak izaten jarraitu zuten, Madrilgo epaitegiek Herri Batasuna eta izaera bereko geroko beste alderdi batzuk legez kanpo utzi ondoren.[64] ETAren behin-behineko su-etenen berriak nazioarteko turismoa erakarri zuen eta, aldi berean, hiriak toki bat aurkitu zuen Euskal Eurohirian. 1990eko hamarkadan hasita, hainbat hirigintza- eta kultura-proiektu eredugarri eraman ziren aurrera, hala nola, bidegorri-sarea, kultur etxeen indartzea, Ibaeta auzoaren eraikuntza, Ibaetako EHUren unibertsitate-campusa, Nanogunea, Donostia Physics Center, etab. Hala ere, agerian geratu ziren finantza-tentsioak eta espekulazio-arazoak Odonen alkatetzaren azken garaian, Auditz-Akularreko etxe-sustapen proiektuan. 2004. urtean, Donostiak 182.644 biztanle zituen, Gipuzkoako lurralde osoaren % 26,6. Auzo eta eskualdeko herri batzuek eginkizun industrialak, zerbitzu txikienak eta langileriarentzako egoitzari dagozkionak bere gain hartu zituzten gero eta gehiago. 2011ko ekainean, Bilduko Juan Karlos Izagirre garaile atera zen udal hauteskundeetan, baita alkate aukeratu ere, 2015. urte arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   «Duela 25.000 urte jada Donostian gizakiak bizi zirela egiaztatu du Aranzadiren ikerketa batek», Berria, 2014-06-23, http://www.berria.info/albisteak/93263/duela_25000_urte_jada_donostian_gizakiak_bizi_zirela_egiaztatu_du_aranzadiren_ikerketa_batek.htm .
  2.   Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M. (1998), La Navarra marítima, Pamplona: Pamiela, ISBN 84-7861-284-1 . 161. or. Beharbada Aranoraino luzatzen zen; ikus Javier y Asier Sada. 1995, 19. or.
  3. Une horretan, Chronographus anni 354k zehazten du Urumea ibaian 7 kilometroz nabiga zitekeela, Hernaniraino (egungo Portu auzoraino); ikus Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 165-166, 201. or.
  4. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 162, 166-167 or.
  5. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 163. or.
  6. Angel Martín Duquek eta Jose Maria Lacarrak; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 189. or. 1. oh.
  7. Kontu egin behar da une horretan Bidasoa eta Oriaren bokalearen arteko guztia Donostiaren barrutia zela
  8. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 161. or.
  9. a b Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 203. or.
  10. Idoia Arrietak plazaratutako agiri eta azterketek agerian utzi dute Gaztelako erregeak, Gipuzkoaz gain, Donostia konkistatu zuela, baita gertaera hori Espainiako historiografia ofizialean ezkutatu egin zela ere, Historiaren Errege Akademian sartutako Jose Vargas Poncek zehazki; ikus   Arrieta Elizalde, Idoia (2011-04-08), «Ezkutatu digutena: Donostiaren konkista», Berria (Donostia), http://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2011-04-08/ezkutatu_digutena_donostiaren_konkista.htm .
  11.   Artola (ed.), Miguel (2001), Donostiaren historia, Donostia: Donostiako Udala, ISBN 84-89569-56-8 . 18-20. or.
  12. 'Portu' esan nahi du gaskoiez.
  13. Artola, Miguel (ed.). 2001, 19. or.
  14. a b Artola, Miguel (ed.). 2001, 21. or.
  15. Artola, Miguel (ed.). 2001, 24. or.
  16. Plantagenet dinastia Ingalaterrako erresuman oinarrituta zegoen, baina sustrai sakonak zituen Akitanian (Gaskoinian) eta egungo Frantzia iparraldeko hainbat lurraldetan.
  17.   Mugica Zufiria, Serapio (1923), LOS GASCONES EN GUIPÚZCOA, IMPRENTA DE LA DIPUTACION DE GUIPUZCOA, http://atzoatzokoa.gipuzkoakultura.net/c78f6/. Noiz kontsultatua: 2016ko irailaren 26a .
  18. 1813 arte ez zen berriz sute hain suntsigarririk gertatu.
  19. a b Artola, Miguel (ed.). 2001, 35. or.
  20. 1521ean, laguntza eman zion Komuneroen Matxinadaren kontra; gainera, gizon-partida bat bidali zuen urte bereko Noaingo gudura, eta itsas laguntza erabakigarria eman zion Hondarribia mendean hartzeko (1522 eta gerora); Hondarribian izan zuten rolaz, ikus Sada, Javier y Asier. 1995, 30. or.
  21. Gaskoiak Gipuzkoako aginte-postu garrantzitsuetatik baztertzeko erabaki gehiago etorri ziren gero: Hondarribia 1557, Bergara 1558, Tolosa 1604 and Deba 1662; ikus Mugica Zufiri, Serapio. 1923.
  22. Artola, Miguel (ed.). 2001, 57-58. or.
  23. Artola, Miguel (ed.). 2001, 69. or.
  24. a b c Artola, Miguel (ed.). 2001, 52-54. or.
  25. 1615ean 30.000 dukat zor zituen; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 45-46. or.
  26. 1699an, berriz, Muy Noble y Muy Leal Ciudad eman zion Koroak
  27. Berwickek gotorleku ahulak zituen hiri bat eta elikagai eta munizio urriko garnizio txiki bat topatu zituen. Hiria 2.000 soldadu frantsesez osatutako talde batek okupatu zuen, 1721eko abuztuaren 25a arte. Orduan Hagako Bakearen ondorioz alde egin zuten. Hiriaren zati bat oso kaltetuta atera zen setiotik eta, berreraikuntza-lanetan, Plaza Berria sortu zuten Donostiaren erdian olgeta eta merkaturako.
  28. Javier y Asier Sada. 1995, 64. or.
  29. Mila bat herritar hil zituzten, asko gero hil ziren gaitzen ondorioz, hiriko emakume gehienak bortxatu, eta ondasunak zein etxeak arpilatuak edo suntsituak izan ziren. Trinitate kalea eta erlijio-eraikinak, sendoenak, bakarrik atera ziren onik.
  30. Hala ere, 1836an aplikatu zen agindu hori.
  31. Haien omenez, 1924ko irailean, Ingelesen hilerria izenekoa inauguratu zen, Urgull mendian kokatu zena. Tropa horren ostatua Ategorrieta izan zen eta hor, geroago, Notre-Dame eskola eraiki zen eta alboan zegoen plazari Constitution Hill deitzen hasi ziren. Liberalen kontrako protesta gisa inguruko baserritarrek "Konstituzioa hil" esaten hasi ziren, izena eta esanahia aldatuta
  32. Eustasio Amilibia alkateak jaso zuen mezua. Bera Antzoki Zaharrean zegoela, Mandasko dukearen telegrama bat jaso zuen, baita ikusleei berria zabaldu ere. Espresuki gertakizun horretarako sortutako martxa baten akordeei jarraituz, 1863ko maiatzaren 4an lehenengo harria kendu zen. Zatikatu eta lehenengo ilarako gonbidatuen artean banatu zen.
  33. 12.000 errealeko saria jaso zuen lehiaketaren bitartez, eta "Kortazar Zabalgunea" izenaz egin zaigu ezagun. Haren bitartez, aurreikuspena zen 1900. urtean 475.014 metro koadro hiritartzea, 14.775 bizilagunentzat, alegia, 12 metro koadro pertsonako. Aldiz, Kortazarren kalkulu hori nabarmen gainditu zen, 1900an Donostiak 35.583 biztanle izatera heldu baitzen; ikus Javier y Asier Sada. 1995, 102-103. or.
  34. Javier y Asier Sada. 1995, 102-103. or.
  35. Artola, Miguel (ed.). 2001, 129-130. or.
  36. Artola, Miguel (ed.). 2001, 108. or. Ignacio Ramón Barojak, Ricardo Barojak eta Serafin Barojak zuzendu zuten. Rafael Barojak bazuen moldiztegi bat Trinitate kalean 1813 baino lehen, baina hiriaren suntsipenak Oiartzuna itzularazi zuen. 1818an, haren seme Ignacio Ramón Donostiara itzuli eta berriz ekin zion lanari; 1824an, Juan Ignazio Iztuetaren Guipuzcoaco dantzak eta, 1847an, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia argitaratu zituen, ikus   Baroja, Pío; Navarro (itz.), Koro; Mujika Iraola, Inazio (2006), Pío Barojaren Donostia, Irun: Alberdania, ISBN 84-96643-24-7 . 34-36. or.
  37. Tartean ziren Fermin Matxinbarrena eta Fermin Lasala; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 123-124. or.
  38. Artola, Miguel (ed.). 2001, 125. or. Karlistek hiria bonbardatu zuten eta, San Sebastian egunez, Bilintx bertsolaria latz zauritu zuten; luze gabe hil zen, uztailaren 21ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak desegiteko agindua ren egunean.
  39. Lore Jokoen tradizioan kokatuta; horien bultzatzaile aritu ziren, besteak beste, Jose Manterola (Euskal-Erria aldizkariaren sortzailea, 1880), Jose Zapirain Irastorza (Txapillo), eta Toribio Altzaga.
  40. Baroja, Pío et al. 2006, 31. or.
  41. Alde Zaharra, maizterren bizileku, bertako herri xumearen gune izaten jarraitu zuen gehienean.
  42. Deigarria da, nolanahi ere, donostiarrez Pío Barojak, aitak ez bezala, ematen duen irudi ezkorra orain ere: "Une batez edo bizitza osoan premiaren zaztada sentitzen ez duen jendea elkartzen den Madrilgo auzo baten antzekoa da Donostia. / Madrildar burgesiaren olde hau itxuraz batere nortasunik ez duen herri baten gainean erortzen da, eta, hala eta guztiz ere, nortasuna badu. / Hiriari dion maitasuna eta banakotasunari dion gorrotoa da donostiarraren ezaugarrietako bat. Donostiarrak kalte gisa onartzen du kanpotarren lepotik bizi beharra, baina onartu ere egiten du, hiriari mesede egiten baitio", eta "Zuloagaren fama ez dago Donostiarekin lotuta; hortaz, ez da fama atsegina. Hirian modu horretan gizona desagertzeak demokrazia temoso bat sortu du. Badirudi donostiar baten meritua, beste batentzat, ezer ez izatean datzala. Zerbait izan nahi duen guztia arerioa da"; ikus Baroja, Pío et al. 2006, 25-27. or.
  43.   Gorrotxategi, Aritz; Barriola, Arkaitz (2013), Su haietatik hitz hauek: Euskara Bretxako zirrikitutik arnasbide berrietara (1813-2013), Donostia: Donostiako Udala, ISBN SS-1421-2013, http://www.donostiaeuskaraz.eus/euskaraz/euskara-donostian/sekzioak/donostia-18132013-euskararen-historia . 14-17. or.
  44.   «Lasarteko zirkuitoa», Berria (Andoain), Urria 2016, http://kanalak.berria.eus/1formula/euskal_herrian/ .
  45. Artola, Miguel (ed.). 2001, 134-137. or.
  46. Artola, Miguel (ed.). 2001, 141-142. or.
  47. Kasinoa ere itxi zuten. Ondorioz, sumindu egin ziren ohituraz erregimenarekin eroso ziren eskuindar sektoreak ere; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 134-136. or.
  48. Baroja, Pío et al. 2006, 31. or.
  49. Artola, Miguel (ed.). 2001, 144-146. or.
  50. Artola, Miguel (ed.). 2001, 159. or. Gainera, Donostia Franco diktadorearen udako opor-egoitza bihurtu zen.
  51. Aldaketa gutxirekin hala jarraitu zuen diktadurak iraun bitartean. Gehienetan kargudunak kanpotarrak izaten ziren, erregimeneko postuetan igotzeko irrikaz zeudenak; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 159. or.
  52. Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-162. or.
  53. Aipatzekoak dira Peñaflorida Institutua (1956), Peritu Industrialen Eskola, ESTE eta EUTG (1959), Arantzazuko Ama Erietxea eta Gipuzkoa Ospitalea, etab.; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 163-165. or. Pixka bat geroago hasi zen ikastolen hedakuntza, Elbira Zipitriak 1943an Alde Zaharrean ereindako ikastolatik abiatuta.
  54. 1952tik 1958ra: Sociedad Azucarera del Ebro, Koipe, Savin, Caldos Rápidos, ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or.
  55. Kezka horiek auzoetara hedatu ziren gero eta gehiago, baita kutsu soziala eta politiko handiagoa hartu ere. Ordukoak dira auzo-elkarteen eta zine-kluben sorrerak.
  56. 1968an, euskal nazionalistek Aberri Eguna ospatu zuten Donostian, eta poliziak hiri osoa hartu zuen; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or. Udalean, bi urte lehenago, 1966an, mozio bat onartu zen Gipuzkoaren Itun Ekonomikoa bertan behera uzte zuen 1937ko dekretua baliogabetu zedin.
  57. Artola, Miguel (ed.). 2001, 167-168. or.
  58. Galdutako eraikinen artean daude Kursaala, Txofreko zezen-plaza, edo Arbideko dorreak (lehengo kokapenean), Donostiako Telefono Konpainia Espainiako Telefono Konpainiak erosi zuen, eta tranbiak kendu zituzten; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 168. or.
  59. Hurrengo urteetan, ETAkide edo ez, milaka herritar pasa ziren bertatik atxilotuta, baita tortura kasu ugari azaleratu ere. Enrique Rodríguez Galindoren agindupean, GAL talde parapolizialaren operazio zentro garrantzitsua izan zen. Martxelo Otamendik kuartela garai horretako "mendebaldeko Europako tortura zentro handiena" deitu du, ikus   Redacción (2015-11-13), «“El cuartel de Intxaurrondo fue el mayor centro de torturas de Europa occidental”», Público, http://www.publico.es/politica/cuartel-intxaurrondo-mayor-centro-torturas.html .
  60. Artola, Miguel (ed.). 2001, 170. or.
  61. Artola, Miguel (ed.). 2001, 173. or.
  62. 1992an, Frantziako Itzulia Donostian hasi zen; 1993an, Munduko Maratoi Lehiaketa; etab.; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 175-176. or.
  63. Ondorioz, ETAren kontrako bake-taldeak sortu ziren. Kaleko tentsioa zerbait baretu arren, ez zen desagertu: ETA zilegitzat jotzen hasi zen politikariak ere hiltzea, eta espetxe politikaren eta gerra zikinaren kontrako mobilizazioak ez ziren eten, adibidez, Lasa eta Zabalaren gorpuen aurkikuntzaren inguruan.
  64.   Barruso Barés, Pedro, «San Sebastián en los siglos XIX y XX», Geografía e historia de Donostia-San Sebastián, Ingeba (Andrés de Urdaneta Euskal Geografi Elkargoa), http://www.ingeba.org/liburua/donostia/46contem/46contem.htm .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  Artola (ed.), Miguel (2001), Donostiaren historia, Donostia: Donostiako Udala, ISBN 84-89569-56-8, http://www.donostiaeuskaraz.eus/euskaraz/euskara-donostian/sekzioak/donostiaren-historia-miguel-artola .
  Baroja, Pío; Navarro (itz.), Koro; Mujika Iraola, Inazio (2006), Pío Barojaren Donostia, Irun: Alberdania, ISBN 84-96643-24-7 .
  Gorrotxategi, Aritz; Barriola, Arkaitz (2013), Su haietatik hitz hauek: Euskara Bretxako zirrikitutik arnasbide berrietara (1813-2013), Donostia: Donostiako Udala, ISBN SS-1421-2013, http://www.donostiaeuskaraz.eus/euskaraz/euskara-donostian/sekzioak/donostia-18132013-euskararen-historia .
  Geografía e historia de Donostia-San Sebastián, Ingeba (Andrés de Urdaneta Euskal Geografi Elkargoa), http://www.ingeba.org/liburua/donostia/46contem/46contem.htm .
  Mugica Zufiria, Serapio (1923), LOS GASCONES EN GUIPÚZCOA, Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa, http://atzoatzokoa.gipuzkoakultura.net/c78f6/. Noiz kontsultatua: 2016ko irailaren 26a .
  Sada, Javier; Sada, Asier (1995), Historia de San Sebastián, Donostia-San Sebastián: Txertoa, ISBN 84-7148-318-1 .
  Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M. (1998), La Navarra marítima, Pamplona: Pamiela, ISBN 84-7861-284-1 .