Maria Dolores Agirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Dolores Agirre
Bizitza
JaiotzaErrezil1903ko ekainaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1997ko uztailaren 26a (94 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, itzultzailea eta irakaslea

Literaturaren Zubitegia: 381

Maria Dolores Agirre Azpiazu (Errezil, Gipuzkoa, 1903ko ekainaren 8a - Donostia, Gipuzkoa, 1997ko uztailaren 26a) euskal idazlea, itzultzailea eta maistra izan zen. Bere belaunaldiko euskal idazle eta itzultzaileen artean, zaharrena eta arituenetakoa.[1] Euskaltzain urgazle eta Euskerazaintzako kide izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Dolores Agirreri buruzko bideoa Ahotsak.eus proiektuko testigantzekin

1903ko ekainaren 8an jaio zen Errezilgo Etxeberri etxean. Bost senideetan gazteena izan zen. Tomas Agirre "Barrensoro" idazlea anaia zuen. Sei urtetik hamabira bitartean herriko eskolan ikasi zuen eta hamalau urte bete zituenean maistra ikasketak egiten hasi zen Donostian, Mandas Dukearen kalean zegoen Escuela Normal izenekoan. Maistra karrera egin zuten lehen emakumeetako bat izan zen, besteak beste Julene Azpeitia, Katalina Eleizegi, Elbira Zipitria, Elixabete Maiztegi, Maria Dolores Goia eta Julia Fernandez Zabaletarekin.

1942an ezkondu zen Eugenio Lasheras donostiarrarekin eta bi seme-alaba izan zituen: Maria Dolores, Mariaren Lagundiko moja eta Eugenio, medikua.[2]

Irakasle ikasketak amaitu bezain laster Antiguoko eskolan hasi zen ikasgela batean maistra lanetan. Bestalde, bere etxean ere euskara irakasten hasi zen eta baita ere Euskal Iztunde Eskolan, Ateneoan, Alargunen Klubean, Emakumeen Kultur Etxean eta abarretan eman omen zituen euskarazko klaseak. Horretaz gain ikastaro bereziak ere ematen zizkien andereño eta andereñogaiei. Euskararekiko kezkak bultzatuta, Donostiako Udalaren Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolan apuntatu zen, eta bertan Toribio Altzagaren ikaslea izan zen ikasturte bakar batez. Hurrengo urtean oposizioak egin ziren, eta Maria Doloresek lortu zuen bertako irakasle lanpostua. 1933an ekin zion Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolako lanbide berriari.1936ko gerrak etena ekarri zuen euskal kulturaren munduan, bai eta Euskal Iztundean ere, eta Maria Dolores Udaletxeko Obretako Batzordean jarri zuten lanean. Bitartean ordu libreetan antzerkigintzarekin jarraitu zuen, eta 1949an Azpeitiko Nekazari Alkartasunak antolatutako sariketara aurkeztu zuen bere Aukeraren maukera, azkenian... okerra obra.

Urte batzuk geroago, 1953an Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolak berriro ateak ireki zituenean Maria Doloresek hartu zuen bertako ardura 1973an jubilatu zen arte. Urte haietan Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolak gerraurrean Toribio Altzagak jorratu zuen bideari ekin zion eta bi egitarau nagusi landu zituen: alde batetik euskara irakastea eta bestetik urtero antzerki emanaldi bat antolatzea Antzoki Zaharrean Santo Tomas egunean eta San Sebastian egunez ere egin ohi zituzten. Euskal antzerki-idazle preziatuenen lanak antzeztu zituzten, besteak beste, Toribio Altzaga, Abelino Barriola, Antonio Maria Labaien, Agustin Anabitarte, Olaso, Jazinto Karraskedo, Frantzisko Arostegi, Pierre Loti, Otxoa, Piarres Lartzabal eta Telesforo Monzon. Bestalde, hainbat antzerki lan itzuli eta antzeztu zituzten: Rabindranath Tagore, Federico García Lorca, Antonio Buero Vallejo, Alejandro Casona, Molière eta abar. Bizitza osoan zehar 33 antzerki-obra eta 100 antzezemanaldi eskaini izan omen zituen. Besteak beste: 1949: Aukeraren maukera, azkenian... okerra (bakarrizketa) Maria Dolores Agirre; 1953: Ramuntxo, Toribio Altzaga; 1958: Lourdesko lorea, Henry Gheon; 1958: Au dek maltzurkeria! Maria Dolores Agirre; 1962: Amal, Rabindranath Tagore; 1963: Txalupak jaberik ez, Alejandro Casona; 1965: Oriko txoria orin, F. Lozano; 1966: Txapela bete euri, M.V. Gazzo; 1967: Irugarren itza, Alejandro Casona; 1968: Iturri-agor, Federico García Lorca; 1968: Etzan ate joka etorri, J.C. Sotelo 1968: Iturriko urretxindorrak, Federico García Lorca; 1970: Beste ertza, Jose Luis Lopez Rubio; 1971: Iparragirre, J. Guerreiro Urresti; 1973: Illunpe gorritan, Antonio Buero Vallejo; 1979: Altzateko jaun, Pio Baroja, Felipe Yurramendirekin batera itzulia[3] eta Ilargian ere euskaraz, Jose Luis Muñoyerro, itzulpena eta marrazkiak Maritxu Urreta. Laguntzaileen artean Joxemari Etxebeste nabarmenduko zen, gerora Euskal Izkera ta Iztundean antzerkiaren arduraduna izango zena eta Eusko Jaurlaritzak 1983an Antzerti sortu zuenean lehen zuzendaria izan zen. Etxebesterekin batera Felipe Yurramendik euskarazko eskolen ardura hartu zuen.

Itzulpengintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

María Dolores Agirrek garrantzi handia eman zion itzulpengintzari. Literaturaren arloan, genero bakarra itzuli zuen: antzerkia. Literaturaz kanpoko testuak ere itzuli zituen, itzulpenak egiten baitzituen Donostiako Aurrezki Kutxarako. Adituen iritziz, Agirreren itzulpengintzaren ezaugarri nagusia da herriaren hizkeran oinarritzea, eta itzulpen bizi eta ulergarriak egitea.

Maria Doloresen hitzetan, «salaketa, itxaropen eta elkartasun mezua ekar zezaketen lanak» euskarara itzuli eta egokitu zituen, eta antzokietara eraman. Horrela, antzerkiak herria isiltasunetik atera zuen, eta herriak bere sentimenduak adierazi ahal izan zituen bere hizkuntzan, kantuetan, kultura zaharrean... «Bihotzak eraginda, euskaltzaletasunak bultzatuta, gure herria izango nuen mintzagai eta mintza-maisu. Haren bihotz pilpirak entzun, larri-minak jaso eta garaian garaiko kezka eta sentipen guztiak herri-euskaraz jartzea», esan zuen behin Maria Doloresek.[1]

Irratigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landu zuen beste arlo bat irratigintza izan zen, 1955ean La Voz de Guipúzcoa irratian hizlari lanetan hasi zen eta hogeita bost urtetan aritu zen astean bi aldiz ordubeteko irratsaioak egiten, besteak beste Inazio Eizmendi "Basarri", Manuel Oñatibia, Enrike Zurutuza eta Joxemari Etxebesterekin batera.

Lanen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sariak eta aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1979: Donostiako Udalak Hiriaren Zilarrezko Domina eman zion, 1980ko urtarrilaren 20an entregatu ziotena.
  • 1991: EIZIEk Ohorezko Bazkide izendatu zuen, antzerkia euskaratzen egindako lanagatik, eta horren harira sortutako Itzulpen Antologia I liburuan haren lan baten lagina eman zen argitara: Txalupak jaberik ez.
  • 1998: Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia Sarian aipamen berezia eskaini zion.
  • 1998: Donostiako Udalak Egiako kale bati Maria Dolores Agirreren izena ematea erabaki zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Maria Dolores Agirre» NOR da NOR euskal itzulpengintzaren datu basea (EIZIE) (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  2. Auzmendi, Lurdes: Maria Dolores Agirre (1903-1997). Bidegileak bilduma, 28. 3-4 orld.
  3. «Maria Dolores Agirre» www.susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Auzmendi, Lurdes: Maria Dolores Agirre (1903-1997). Bidegileak bilduma, 28. Eusko Jaurlaritza, 2002.
  • Cano, Harkaitz: Emakumea euskal antzerkian (1915-1981). Bidegileak bilduma, 9. Eusko Jaurlaritza, 1997.
  • Gil Fombellida, Maria del Carmen: El teatro en Gipuzkoa 1970-1986): apuntes para una historia de las artes escenicas en Euskal Herria = Antzerkia Gipuzkoan (1970-1986): Euskal Herriko antzerkigintzari buruzko historia egiteko oharrak. Monográficas Michelena; 12. 2004.
  • Iurre, Arantxa : La mujer en las artes escénicas de Euskadi: siglo XX, teatro. Getxo, 2011.
  • Urkizu, Patri; Agirre Sorondo, Juan: Euskal antzerti eta zinea. Lasarte, Etor-Ostoa, 2002.
  • Urkizu, Patri: Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzertia. - Egan, 2003-3/4, 27-54

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]