Edukira joan

Elena Arizmendi Mejia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elena Arizmendi Mejia

Bizitza
JaiotzaMexiko Hiria1884ko urtarrilaren 18a
Herrialdea Mexiko
HeriotzaMexiko Hiria, 1949 (64/65 urte)
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria

Elena Arizmendi Mejia (Mexiko Hiria, 1884ko urtarrilaren 18a - Ib., 1949ko azaroaren 3a) Mexikoko feminista bat izan zen. Mexikoko Iraultzan, Gurutze Zuri Neutrala (es) sortu zuen, soldadu errebeldeei arreta medikoa eskaintzen zien erakundea. Feminismoaren lehen aktibistetako bat izan zen herrialdean, eta Las Mujeres de la raza (Arrazako emakumeak) eta Liga Internacional de Mujeres Ibéricas e Hispaniamericanas (es) (Emakume Iberiar eta Hispanoamerikarren Nazioarteko Liga) bezalako erakundeak ere sortu zituen, Sofia Villa de Buentellorekin elkarlanean.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elena Arizmendi Mejia 1884ko urtarrilaren 18an jaio zen, Mexiko Hirian; pribilegioak zituen familia bateko kide ziren Jesus Arizmendi eta Isabel Mejiaren alaba zen.[1] Ignacio Mejia dibisioko jeneralaren biloba zen, Benito Juarez presidentearen erregimenaren garaian Gerra eta Itsas Arazoetarako ministro izan zena.[2] Bere birraitona Manuel Cristobal Mejia teniente koronela zen, Mexikoko Independentzia Gerran Agustin de Iturbideren armadan borrokatu zena. Arizmendik aitonarekin eman zituen lehen urteak, Oaxacan, eta zortzi urte zituela itzuli zen Mexiko Hirira, eta han egin zituen ikasketak. 1898an, ama hil zitzaionean, Arizmendik bere bost anai-arreben eta etxearen ardura hartu zuen. Bere aita 1900ean berriro ezkondu zenean, Arizmendi Francisco Carretorekin ezkondu zen, baina berehala banatu ziren, eta erizaintza ikastea erabaki zuen.[1]

Bere familiak lotura estua zuen Francisco I. Maderorekin eta Arizmendi izena emanda zegoen eskola Texaseko Madero aterpetxearen ondoan zegoen. 1910ean, Santa Rosa Ospitaleko erizaintza eskolan ikasten ari zela (orain Verbo Encarnado Unibertsitateko erizaintza eskola dena), San Antonion, Texasen, Mexikoko Iraultza piztu zen. 1911ko apirilaren 17an, graduatu baino aste batzuk lehenago, Arizmendi trenez itzuli zen Mexiko Hirira, zauritutako borrokalariei laguntzera; izan ere, Mexikoko Gurutze Gorriak uko egin zion matxinoei laguntza emateari.[2][3] Arizmendik bilera pertsonala antolatu zuen Gurutze Gorriko buruarekin, eta hark berretsi zuen ez zituela iraultzaileak babestu nahi. Herrikideei laguntzeko asmoz, erakunde bat sortu zuen Arizmendik, eta Carlos anaiarekin medikuntza eta erizaintza ikasleak bildu zituen Gurutze Zuri Neutrala antolatzeko.[2]

Elena Arizmendi eta Gurutze Zuri Neutraleko boluntarioak, 1911.

Genevako Hitzarmenen ildotik elkarte bat osatu zuten, eta Arizmendi dirua biltzen aritu zen, Maria Conesa, Virginia Fabregas eta Leopoldo Beristain ospetsuen laguntzarekin. 1911ko maiatzaren 11n, Ciudad Juarezen, Chihuahuan, kanpin-ospitale bat ezartzeko adina diru lortu zuten. Arizmendik eta Carlosek lehen brigada osatu zuten Ignacio Barrios eta Antonio Marquez doktoreekin eta Maria Avon, Juana Flores Gallardo, Atilana Garcia, Elena de Lange eta Tomasa Villareal erizainekin. Bigarren brigada, Frantzisko doktorea buru zela, hurrengo egunean abiatu zen, eta hilaren 14an, aldiz, hirugarren brigada bat, Lorenzo doktoreak eta hamar erizainek gidatuta, Innocenta Diaz, Concepcion Ibañez, Jovita Muñiz, Concepcion Sanchez, Maria Sanchez, Basilia Velez, Maria Velez eta Antonia Zorilla besteak beste. Juarezera iristean, sekulako txikizioa aurkitu zuten, eta Arizmendik berriz ere dirua bildu behar izan zuen. 1911ren amaieran, Gurutze Zuri Neutralak 25 brigada ezarri zituen Mexiko osoan. Arizmendi Mexikoko Geografia eta Estatistika Elkarteko lehen emakume bazkidea izan zen, baina Arizmendik uko egin zion ohoreari; hala ere, urrezko domina bat onartu zuen Langile Liga Handiak zaurituei emandako laguntza eskaintzeko egindako lanagatik.[2]

Bere filantropiagatik miretsia zen Arizmendi, baina baita kritikatua ere bere lidergoagatik, emakumeak otzanak eta mendekoak izan behar ziren garaian.[2] Gurutze Zuriko bere administrazioaren aurkako erasoak izan ziren, soldaduek erabiltzen zituzten kanana iraultzaile gurutzatuekin txantxetan argazkia atera eta osasun erakundearen neutraltasuna urratzea leporatu ziotenean bezala.

Iraultzaren garaian, José Vasconcelosekin maitasun-harreman luzea izan zuen, zeina ezkondua zen, eta bi seme-alaben aita; honela deskribatu izan da: «Bere bizitzako maitale ugarietako lehena, baina, zalantzarik gabe, bere abenturarik biziena eta eroki maitatuena».[4] Arizmendik 1915ean ihes egin zuen Mexikotik AEBetara, eta Victoriako (Texas) komentu batean babestu zen tarte batez, Vasconcelosekiko harremanak eragin zuen eskandalu publikotik ezkutatzeko. Geroago, New Yorkera joan zen bizitzera, eta han amaitu zen harremana.[5] Enrique Krauzen arabera, Arizmendi Vasconcelosekin joan zen Limara (Peru), eta harremana hautsi zuen, hura Mexikora itzultzeko prestatzen ari zela.[6] Vasconcelosek La Tormenta izeneko bere autobiografian idatzi zuen hari buruz, eta «Adriana» ezizena eman zion. Krauzen arabera, Vasconcelosek honela deskribatu zuen haien harremana: «Mexikoko literaturan izan den "maitasunezko eromenaren" irudikapen famatuena da».[7] Arizmendi New Yorken zela, Vasconcelos harekin adiskidetzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.[8]

New Yorken feministek inguratuta, Europako eta AEBetako feministen ikuspegi anglosaxoia aitortu zuen. Emakume latinoei ahotsa emateko asmoz, Feminismo Internacional izeneko aldizkari feminista bat sortu zuen, eta feminismoaren bertsio hispanoak islatzen zituzten artikuluak argitaratzen hasi zen.[9] Sofia Villa de Buentellorekin batera, 1923an, “Mujeres de la raza” izeneko elkarte kooperatiboaren sortzaileetako bat ere izan zen, emakume latinoak beren eskubideen aldeko borrokan batzeko helburuarekin. Garai hartan, Latinoamerika hurrengo «agertoki» gisa ikusten zuten, emakumeen sufragioa Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan lortua zelako. 1922an, Baltimoren (Maryland) egin zen Emakumeen Lehen Konferentzia Panamerikarrean egon ondoren, Arizmendik ulertu zuen emakume hispaniarren errealitate kulturalak ez zituztela ulertzen europarrek eta iparramerikarrek. Villak eta Arizmendik uste zuten ezkontzak eta amatasunak —identitate latinoaren parte integrala— emakume izatearen esperientzia «erabatekoa» izatea eragiten zutela.[5] Gainera, Arizmendik uste zuen iraultza osteko gobernuen mugimendu antiklerikala Mexikoko identitatearen zati nagusi baten aurkako erasoa zela.[5]

Arizmendik eta Villak “Mujeres de la raza”ko emakumeentzako hitzaldi bat antolatu zuten, Emakume Iberiarren eta Hispanoamerikarren Nazioarteko Ligak babestuta. Arizmendik bere prentsa kontratuak eta The New York Timesen estaldura ziurtatua erabili zituen ekitaldia sustatzeko.[5] 1924ko martxoaren 2an, Mexikoko mugimendu feministari buruzko artikulu luze batek, New Women of Mexico Striving for Equality izenekoak, Villa de Buentellori egindako elkarrizketa bat zekarren, non beren helburuen laburpena azaltzen zuen.[10] Bilera Mexiko Hirian egin zen, 1925eko uztailean, Villa konferentzia hartako presidente zela. Arizmendik idazkari nagusi gisa funtzionatu zuen, baina ez zen bertaratu, Villarekiko iritzi-ezberdintasun baten ondorioz.[11]

1927an, Arizmendik autobiografia nobelatu bat argitaratu zuen, Vasconcelosekiko harremanari buruz zuen ikuspuntua ezagutarazteko eta zurrumurruak isilarazteko, izan ere, hark bi lan argitaratu zituen, Ulises Criollo eta La Tormenta, non Arizmendi Adrianaren fikziozko pertsonaiaren bidez iraintzen zuen. Arizmendiren autobiografian, Vida incompleta; ligeros apuntes sobre mujeres en la vida real (Bizitza osagabea; bizitza errealean dauden emakumeei buruzko apunte arinak), bere garaiko emakumeek aurre egin behar zioten moral bikoitzari buruz hausnartu zuen.[5] Liburua, bere jatorrizko edizioan, New York hirian bakarrik banatu zen, 2012an berrargitaratu zen Gabriela Canoren hitzaurrearekin, El Colegio de Mexicoko akademiko eta ikertzailea eta Arizmendiren biografoa.[12]

1936ko Gurutze Zuri Neutralaren hogeita bost urteurrenaren ospakizunetarako itzuli zen Arizmendi epe labur batez Mexikora, hein batean, Lazaro Cardenas presidentea emakumeen sufragioaren alde agertu zelako, agian. Orduko hartan, New Yorkera itzuli zen, baina, 1938an, behin betiko joan zen Mexiko Hirira, eta bertan hil zen, 1949an.[5] Arizmendiren biografian ekarpena egiten duen beste lan bat Gabriela Cano historialariak argitaratu zuen liburua da: Se llamaba Elena Arizmendi (Elena Arizmendi zuen izena).

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Vida incompleta. Ligeros apuntes sobre mujeres en la vida real

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Collado Soto, Juan Rodolfo. (Abril de 2012). «Historia de la Enfermería: Se Llamaba Elena Arizmendi» Desarrollo Cientif Enferm 20 (3): 102–106..
  2. a b c d e Nance, Douglas C. (2010). «Enfermeras del Hospital General de México a la Revolución» Rev Enferm Inst Mex Seguro 18 (2): 111–115..
  3. Factional Fight May Be Started. Newark, Ohio 23 de mayo de 1911.
  4. Enrique Krauze, Redeemers: Ideas and Power in Latin America, Nueva York: Harper Collins 2011, p. 55.
  5. a b c d e f Cano, Gabriela. (January–June 2011). «Elena Arizmendi, una habitación propia en Nueva York, 1916–1938» Arenal 18 (1): 85–114..
  6. Krauze, Redeemer, p. 57.
  7. Krauze, Redeemers, p. 57.
  8. Krauze, Redeemers, p. 61.
  9. Beltrán, Rosa Esther. (8 de octubre de 2010). Una biografía. Vanguardia.
  10. Leland, Maria. (Mayo de 2010). «Separate Spheres: Soldaderas and Feminists in Revolutionary Mexico» Honors Thesis (Ohio State University).
  11. Ramos Escandon, Carmen. (2002). «Desafiando el Orden Legal y las Limitaciones en las Conductas de Género en México. La Critica de Sofía Villa de Buentello a la Legislación Familiar Mexicana 1917–1927» La Aljaba VII: 79–102..
  12. «Obra de Elena Arizmendi, fundamental en la visión feminista en México» Ciudadanía Express 14 de febrero de 2012.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Elena Arizmendi Mejia Aldatu lotura Wikidatan