Eneritz Aranburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eneritz Aranburu
Bizitza
JaiotzaMallabia1980ko uztailaren 11 (43 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria eta musikaria

Eneritz Aranburu Arrieta (Mallabia, Bizkaia, 1980ko uztailaren 11) abeslaria eta panderojolea da, Euskal Herriko eta Bizkaiko Trikitilari Gazteen lehiaketako txapeldun izandakoa.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mallabiko Arandoño auzoko Bengo baserrian jaioa, herriko Learreta-Markina eskolan egin zituen bere lehen ikasketak.[1]

Ermuko Alboka Musika Eskolan soinu handia, akordeoia ikasteari ekin zion neskatotxoa zela eta gerora Mallabiko Trikitixa Eskolan, Adolfo Jainaga soinulariarekin panderoa ikasiaz jarraitu zuen. Hauxe izan zen aurrerantzean bere musika-tresnarik kuttunena.

19 urte zituen, Saltsa Maltsa taldearekin ezkontzetan eta erromeria txikietan joten hasi zenean, panderoari bere ahotsarekin ere lagunduz. Laster Arrikitau taldea osatu zuen beste bost herrikiderekin batera; Iñuziña baserriko kortan entseatzen zuten, etxeko behien murrusak, gitarra, perkusio, trikitixa eta panderoaren hotsekin nahaste melodiko ederrean.

Hainbat abesbatzetako partaide izandakoa da: Durangoko Bartolome Ertzillakoa, eta Mallabiko Mendibil eta Jasokundekoa hasiera-hasieratik.

Panderoak eta hainbeste maite duen kantuak gozamenerako beste bide batzuk ere zabaldu dizkio:

  • Musikari legez lagundu izan ditu Eibarko Kezka eta Elgoibarko Haritz euskal dantzari taldeak
  • 2017an, Jesus Guridiren El Caserío zartzuelaren antzezpenean hartu zuen parte Bilboko Orkestrak Euskaldunan eskainitako emanaldian, Igone Amesti ere tarteko.
  • 2023an, Mallabiko eskolaren 50 urteurrenaren harira sortutako abesti eta bideoklipean, abeslaria izan zen bera, ikasle, ikasle-ohi, guraso eta Arrikitauko kide batzuen koro eta laguntza musikalarekin[1]

Mallabiko eta Ermuko Drogetenitturri aldizkariko kolaboratzaile izan zen ia 10 urtez, bere herriko historia eta istorioak batuta. AEKren Berbalagun egitasmoaren Mallabitarrok Egina ekimeneko antolatzaileetako bat da, hizlari lanetan ere jardundakoa ekintzetakoren batzuetan.[2]

Lanbidez Ingurugiro Kimikan eta Ingurugiro Osasun alorreko teknikaria da.

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1995ko irailaren 10ean Donostian ospatutako Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XIII. Lehiaketan txapeldun,15 urte zituela eta Oihane Valenciano soinulariarekin batera
  • 1996ko Bizkaiko Trikitilari Gazteen IV. Lehiaketan txapeldun Oihane Valenciano bikote zuela eta 16n urte egin berri-berritan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «[BIDEOA Mallabiko Learreta-Markina eskolak 50. urteurreneko bideoklipa aurkeztu du - Mallabia»] Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-24).
  2. «Napoleonen kontra borrokatu zen Longa jeneralaren historia ezagutzeko aukera, Mallabitarrok Egina irteeran - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]