Ameriketako Estatu Batuetako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ameriketako Estatu Batuetako historia
Great Seal of the United States (obverse).svg
Pertsonaia garrantzitsuak

Ameriketako Estatu Batuetako historia Ameriketako Estatu Batuen eraketa eta bertako gertaera nagusiak biltzen dituen prozesua da. Alde horretatik, prozesu hori europarren kolonizazioari lotuta ikusten dute historialari gehienek, XVI. mendetik aurrera eta 1776ko Independentzia Deklarazioaren aurretik zein ondoren, nahiz eta lehenagotik bertako biztanleak, amerindiarrak, bertan bizi. Errealitate politiko hori, gainera, lurralde hedakuntza baten historia da.

Gaur egungo Estatu Batuetako lurraldea duela milaka urte okupatu zuten Asiatik heldutako gizakiek, egungo amerindiarrek. Gero, ehunka hizkuntza eta kulturatan banatu ziren. Arrasto gutxi utzi dute, batez ere herri nomadek.

XVI. mendea - 1776: Europako kolonien iritsiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendean iritsi ziren europarrak Estatu Batuetara, eta metal aberatsik ez zelako ustez bazter utzita egon zen luzaro lurralde hura. Espainiarrak 1540. urtean heldu ziren Floridara eta 1540ean Mexiko Berrira. Frantsesak 1673. urtean Mississippiko haran zabala esploratzeari ekin zioten. Errusiarrak 1741ean iritsi ziren Alaskara.

Baina ingelesak izan ziren, 1607. urtean, bertan bizitokia hartu zuten lehendabizikoak, Jamestownen hain zuzen. 1607-1732 bitartean 13 kolonia eskuratu zituzten. Azkena James Oglethorpek sortu zuen Georgian, gerora zordunen eta gaizkinen gordeleku izan zena. Esklabotza beltzen salerosketaren bidez erabiltzen hasi zen, batez ere hegoaldeko kotoi sailak garatzeko, baina baita ere azpiegitura mota guztiak eraikitzeko. Bertako populazioa indiarra desagertzeraino gutxitua izan zen, aitzindariek ekarritako gaixotasunen epidemiak (baztanga, elgorria) eta haiekin izandako liskar odoltsuak zirela-eta. Liskar haietako handienaren aukera hartuz, Europako Zazpi Urteko Gerraren une berean, kolono britainiarrek frantziarren lurraldeen erdia bereganatu zuten, azalera bikoiztuz.

Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatuen Batuen Independentzia Gerra»

Arian-arian ingelesek Ipar Ameriketako gainerako kolonizatzaileak kanporatu zituzten. Zazpi Urteko gerrari amaia eman zion Parisko Hitzarmenak (1763) frantses kolonizatzaileak bazter batera utzi zituen.

Bien bitartean, orduan ziren hamahiru kolonien eta metropoliaren arteko tirabirak areagotuz zihoazen. 1776. urteko uztailaren 4ean Independetzia aldarrikatu bazuten ere, kolono askok ez zuen Ingalaterrarekiko atxikimendua galdu nahi izan; biztanleak zatituta zeuden. Matxinatu zen soldadu taldeak espainiar eta frantses armaden laguntza izan zuen eta, azkenik, britainiarrak garaitu eta independentzia iritsi zuten, eta 1783. urteko irailaren 3an Versalles-ko Hitzarmenak halaxe berretsi zuen.

1776-1861: Estatu Batuen independentzia eta bere lehen mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuen Konstituzioaren izenpetzea
Estatuen sorrera
AEBen kontinenteko hedakuntza

1776ko uztailaren 4ean, hamahiru kolonia britainiarrek independentzia aldarrikatu zuten Erresuma Batuarekiko (Independentzia Adierazpena). 1787an Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioa onartu zuten, Mendebaldearen lehena. Bi testu horiek dira nortasun amerikarraren sortzaileak. George Washington izan zen Estatu Batuetako lehendabiziko lehendakaria (1779ko martxoa). Konstituzio berria eratzearekin batera Estatu Batuak mendebalderantz hedatuz joan ziren bertako amerindiarren lepotik. 1803an, Napoleon frantses enperadorea gerrarako diru premian zebilela eta, Louisiana saldu zien Estatu Batuei, Mississipi eta Missouri ibaien arteko lurralde oso zabal bat, hasierako hamahiru estatuei mendebebaldeko bidea irekiz.

Aldi berean, Estatu Batuetako Banku Zentralaren gaiak kontrako eta aldeko talde politikoak sortu zituen. 1791tik 1811ra Estatu Batuetako Lehenengo Bankua izan zen indarrean, baina urte horretan dolarra igortzeko baimena kendu zion gobernuak. Ingalaterrak gerrarako deia egin zuen, baina Andrew Jackson jeneralaren gidaritzapean Estatu Batuak Britainiar Inperioari izkina egiteko gai izan ziren 1815ean. Galtzaile nagusiak Estatu Batuen hamahiru estatuetako mugetan bizi ziren amerindiarrak izan ziren, britaniarrekin aliatu ondoren. Beren lurraldeetatik mendebaldera pusatu zituzten, eta betiko galdu zen Laku Handien lurraldean beren estatua sortzeko zerabilten asmoa.

Hala ere, Estatu Batuek kanpo zor handia hartu zuten, eta 1816an 20 urteko baimenaldia eman zioten Estatu Batuetako Bigarren Bankuari (banku pribatuari). Mugaeguna gertu zela, Bankuaren gerra piztu zen, Andrew Jackson presidente berriak Bankuaren kontra jo zuenean. Borroka latzaren ondoren, Bigarren Bankuarenak egin zuen 1836an.

Bestalde, Jackson presidentetzara igo zenean, ordu arte erabili gabeko politika sistematiko bat hartu zuen amerindiarrekiko. 1830ean, Indiarrak Kanporatzeko Legea erabaki zen, ipar-mendebaldeko eta hegoaldeko herritar amerindiarrak egozteko, mendebaldeko beste lurralde batzuetara. Orduan gertatu zen Malkoen Bidea izenaz ezagun egindako exodoa. 1840tik aurrera, halaber, irlandar eta alemaniar katolikoak barra-barra heltzen hasi ziren Estatu Batuetara, gehien-gehienak oso pobreak. Horrek aurkako mugimendu sekretuak piztu zituen, "benetako" estatubatuarrak ez zirelakoan, eta bai, aldiz, Erromako kristautasunaren ordezkari. Hartara piztu zen Know Nothing mugimendu sekretua.

Bitartean, areagotu egin ziren Iparralde industrializatuaren eta Hegoalde nekazariaren arteko tentsioak merkataritza gaiak zirela eta. Hegoaldeko estatuak Europarekin hasi ziren trukean, baina gobernu federalak hori eragotzi nahi zuen. Hala ere, aldi berean, aduana tasa handiak jartzen zizkien Hegoaldeko estatuei elkarren arteko merkataritzan. Horrek erabat asaldatu zituen Hegoaldeko estatuak, eta Hego Karolinak Estatu Batuak uzteko ahalegina egin zuen. Ez zioten utzi ordea. Europako finantza gizon handiek Hegoaldea sendotzearen aldeko hautua egin zuten, Estatu Batuetako gobernua ahultzearren; izan ere, 1836ko Bigarren Bankuaren kontrako kolpe latzaren ondoren, ez zituzten Estatu Batuetako finantzak kontrolatzen.

Estatu Batuetako gobernuek gerra saihestu nahi izan zuten. 1860. urtean Abraham Lincoln hautatu zuten lehendakari eta, ahaleginak ahalegin, gerra saihestezina zirudien.

1861-1865: Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gettysburgeko gudua (1863)
1864ko Estatu Batuen zatiketa politikoa
Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila»

Hegoaldeko estatuek haien premien arabera arautu nahi zuten beren merkataritza. Gobernu federala estatu guztientzat lege-agindu murrizgarri batzuk ezartzen saiatu zen (zergak edo tariffs). 1861eko otsailean, Lincoln gobernura baino lehen, Ameriketako Estatu Konfederatuak aldarrikatu zituzten hegoaldeko estatuek, estatuek Washingtonen aginte zentraletik zuten autonomia argi eta garbi agerian utziz. Fort Sumter-en gaineko kontrolaren borroka piztean, Lincolnek Hegoaldeko portuei blokeoa jarri zien (1861eko apirila), nazioarteko merkataritza eteteko. Kotoia bere merkaturako irtenbiderik gabe geratu zen, eta gerra piztu.

Nazioarteko finantza zirkuluak (Londres eta Paris, Rothschild familiaren eskutik) bi aldeak finantzatzeko prest agertu ziren. Aldiz, Batasunaren armada finantzatzeko, Lincolnek New Yorkeko bankuetara jo zuen, baina finantza baldintza harrigarriak jarri zizkioten: %26-36 arteko interesa zorrean. Lincoln asaldatuta itzuli eta, aholkularitza eskatuta, banku handiei bizkarra eman eta ezusteko mugimendu bat egin zuen: gobernuak bere dirua ateratzea, greenbacks direlakoak, %0ko interesaz itzultzekoa, eta adieraziz hori zela Estatu Batuetako baliozko dirua, gobernuaren bermeaz eta edozein transakziotarako baliagarria. Dolar hori harrera ona izaten hasi zen, eta gobernua bere burua finantzatzen hasi zen. New Yorkeko finantza gizon handiei ez zitzaien batere gustatu.

Lincolnek Batasunaren ideia nabarmendu nahi zuen, eta ez zuen esklabotzari buruzko erabaki exekutiborik hartu 1863 arte, baina urte horretan, azkenean, bertan behera utzi zuen Batasun osoan. Grant jenerala buru zutela eta Batasunak erabilitako telegrafo berrikuntza teknikoa baliatuz gerraren txarrena emana zela, John Wilkes Booth hegoaldetarrak Lincoln hil zuen 1865eko apirilaren 14an, presidentetzarako hautatu eta urtebetera. Hainbat teoriaren arabera, ez zen Konfederazioaren bultzadaz egindako erasoa izan, finantzako handikiek bultzatutakoa baizik.

Telegrafoak zein trenbideak eta inmigrazioak Industria Iraultza ekarri zuten. Horregatik, industriaren aroko lehendabiziko gerratzat jotzen da.

Ameriketako Estatu Batuak 1865-1918 artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriaren garapen handia Gerra Zibil ondoko urteetan (1876)
Irudi satirikoa: Kubari buruzko gerra Espainiarekin (1898)
Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuetako historia (1865-1918)»

Banakuntza gerrak 1861. urteko apirilaren 12tik 1865eko apiril arte iraun zuen. Iparra atera zen garaile; gerrak erabat hondatu zuen herrialdea, baina Lincolnek Batasunari eutsi zion, esklabotasuna ezabatu zuen, esklabo ohientzako hiritartasuna eta gizon helduentzako boto eskubidea ekarri zituen. John D. Rockefeller bera esklabotasunaren kontrakoa zen, Batasunaren aldekoa, eta Alderdi Errepublikano berriaren zalea.

Petrolioa birfintzeko teknikak asmatu eta bere aplikazioak ere gerra garaian aurkitu ziren. Balea olioa nabarmen garestitzen ari zela eta, petrolioa lehengai estrategikoa izango zela konturatu zen John D. Rockefeller enpresaburu gaztea eta, 1865eko otsailean, bere bizi ibilbiderako (eta Estatu Batuen historiarako) urrats erabakigarria eman zuen: Rockefeller & Andrews konpainia sortzea, Standard Oil konpainiaren aurrekaria (1870ean sortua).

Gerra ondorengo garaiak, industrializazioaren handitzea, mendebalerantzako hedatzea, etorkin oldeak iristea eta Estatu Batuak pixkanaka munduko lehen indartzat azaltzea du ezaugarri nagusitzat. AEBetako biztanleak lurralde berrietara hedatzeak Mexikorekin gerran sartzea ekarri zuen eta artean libre ziren amerindiarrekin gerran sartzea. 1876an, siuxen gerra handia izan zen: europar jatorriko estatubatuarren eta amerindiarren arteko azken gatazka handia. Siuxak garaituak izan ziren, beren lurraldeetatik kanporatuak, eta erreserbak sortu ziren. 1890ean gertatu zen horrelako azken gudua, Wounded Knee-n.

1900-1914 bitartean 13 miloi etorkin iritsi ziren Estatu Batuetara. Estatu Batuetako interes ekonomikoak defenditzeak beste herrialdeetan jardutera bultzatu zituen, Hego Ameriketan eta Erdiko Ameriketan batez ere. Hala, Kuba Espainiaren kontra altxatu zenean (1895), esku hartu zuten; Filipinak, Guam eta Puerto Rico ere bereganatu zituzten.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuetako historia (1918-1945)»

Lehen Mundu Gerratik kanpo geratzea erabaki bazuten ere, 1917an AEBen laguntza guztiz erabakiorra izan zen aliatuak garaile ateratzeko. Lehen Mundu Gerra ondorengo hamarkadan urte latzak bizi izan zituzten. Estatu Batuetako ekonomiak hondoa jo zuen (1929.eko urriaren 24ko porrota).

15 miloi langabe zegoen. Krisiari irtenbiderik eman ezinean zegoen alderdi errepublikarrari alderdi demokrata garaitu zitzaion eta Roosvelt hautatu zuten lehendakari 1932. urtean. Haren gobernualdian ez zuten krisia geldiaraztea lortu baina bai samurtzea eta Estatu Batuetako kapitalismoa salbatzea.

Bigarren Mundu Gerrak eta gerra ekonomiak atera zituen Estatu Batuak hondamenetik 1945. urtean. Marshall Plana jarri zuten martxan Europako eta Japoniako ekonomia suspertu nahian, baina herrialde komunistekiko “gerra hotza” hasia zen. 1950-53 Koreako gerran parte hartu zuten eta 1961-73 bitartean Vietnamen.

Sakontzeko, irakurri: «Koreako Gerra»
Sakontzeko, irakurri: «Vietnamgo Gerra»

Vietnamgo gerrak krisi moral larria eragin zuen Estatu Batuetako gizartean eta gerran parte hartzearen kontrako iritzia hedatu eta kaleratu egin zen. Arrazakeria arazo larria zen artean eta beltzak (Martin Luther King, Pantera Beltzak) ekintza ugarien bitartez beren eskubide berdintasuna eskatu zuten.

Sakontzeko, irakurri: «Afroamerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendua (1955-1968)»

Urte haietako beste gertaera garrantzitsu batzuk: J.F. Kennedy-ren hilketa (1963an Dallasen) —oraindik argitu gabe dirauena—, AEBetako astronautak lehendabiziko aldiz Ilargira iristea (1969) eta Watergate auzia (1974) —Richard Nixon lehendakaria bere kargua uztera behartu zuena—.

1970 ondorengo hamarkadako arazo ekonomikoen ondoren (inflazioa, langabezia), susperraldia heldu zen 1980. urtean Ronald Reaganen lehendakaritzarekin batera. 90eko hasieran Ekialdeko Europan eta SESB ohian izan diren aldaketak eta Estatu Batuek Persiako Golkoko gerran izandako garaipena dira George Bushen agintepeko gertaera nagusiak.

90. hamarraldiaren hasieran Ekialdeko Europan eta SESB ohian izan ziren aldaketak eta Estatu Batuek Persiako Golkoko gerran izandako garaipena izan ziren George Bush errepublikanoaren agintepeko gertaera nagusiak (1988ko azaroan hautatua). Bushen politika oso malgua ian zen Europan: Estatu Batuek ez zuten esku hartu sistema komunistaren hondamenean, eta arma nuklearren baliogabetzea lasterragotu baino ez zuten egin.

Aliatuen esku hartzearen buruzagi izan ziren Kuwaiten (1990-1991) eta Somalian (1992-1993), eta Haitin lehorreratu ziren. Aldi berean, nazio barnean, 1989-1992 urteetan ekonomia atzeraldi larria bizi izan ondoren, errepublikar agintaldiko hamabi urteko aroa bukatu zen, 1992aren azaroan Bill Clinton demokrata hautatu zutenean lehendakari.

1993tik aurrera, ekonomiaren susperraldiarekin batera, Clintonek barne arazoak landu ditu batez ere (aurrekontuaren defizita murriztea, osasun sistemaren berritzea, lanpostu berriak sortzea), eta merkataritza trukeak (nafta, gatt). Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 1994ko azaroan, errepublikanoak garaile atera izanak oztopatu egin zuen lehendakariaren politikagintza.

1996ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Clinton hautatu zuten berriz lehendakari, botoen % 50 baino gehiagorekin, baina aldi berean errepublikanoak Legebiltzarrean sendotu ziren. 1999. urtean gertaera aipagarriena Clinton lehendakari karguan jarraitzea izan da, “Monica Lewinski” dossierrean egin zituen aitorpenek kargugabetzearen mehatxu larria ekarri baitzioten; froga horretatik, ordea, berrindarturik atera zen, eta iritzi publikoa guztiz aldeko zuela, politika ekonomikoarekin pozik.

Nazioartean, gobernua saiatu da Ekialde Hurbilean bake prozesua bultzatzen, eta itxaropenez hartu zen Israelgo Lehen Ministro berria, Ehud Barak. Kosovoko gatazkan parte hartu du, NATOren Jugoslaviaren kontrako bonbardaketetan parte hartuz.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urtean hauteskundeak egin ziren; Clinton ez zen aurkeztu, eginak baitzituen jada bi agintaldian presidentetzan (1992-2000). Al Gore Alderdi Demokratakoa eta George Bush semea Alderdi Errepublikanokoa ziren hautagai nagusia, eta kanpainia oso gogorra izan zen, biak pare-parean baitzeuden hautesle kopuruetan.

Hauteskundeak 2000. urteko azaroaren 17an egin ziren, eta azkeneko inkesten arabera irabazlea Bush bazen ere, Al Gore hautagai demokratikoari alde txikia atereaz, zenbait aste itxaron behar izan zen benetako irabazlea ezagutu eta presidente izendatzeko. Lehen boto zenbaketen arabera, herritarren botorik gehienak Gorerentzat izan ziren, baina Hauteslekuko konpromisario gehienek Bushen alde jotzen zuten.

Gainera, demokratek Floridako hauteskundeetan irregulartasunak izan zirela salatu zuten: Palm Beach konderriko paper zenbaketan akatsak izan zirela-eta, botoak berriro eskuz zenbatu behar izan zituzten. Horren ondorioz, Bushen aldeko botoak erdira jaitsi ziren. Auzia epaitegietara eraman zuten orduan, baina bitartean Bushen aldeko boto gehiago hasi ziren agertzen zenbaketetan. Azkenean, Epaitegi Goreneko epai batek Gorek eskatutako beste zenbaketa bat geldiarazi zuen, eta demokratek amore eman behar izan zuten.

Hauteskundeak izan eta bost astetara Bush Estatu Batuetako presidente izendatu zuten. Bere herrialdeko instituzioen funtzionamendua auzitan jarri zela jakinik, Bushek bere gobernuan adiskidetze nazionala bultzatuko zuela agindu zion herriari, eta horren frogatzat zenbait ministro kargu eskaini zizkien demokratei.

Etxe Zurira gehiengorik eskuratu gabe eta epai eztabaidagarri bati esker iritsi arren, 538 konpromisariotatik 271ren onespena jaso, eta zortzi urteko agintaldi demokratikoari amaiera ematea lortu zuen. Haiek konpondu gabe utzitako arazoei aurre egin beharko zion orduan: barne politikan, ekonomiaren hoztea kontrolatzea, hauteskundeetako nahasmendua zuzentzea, Bushek defendatutako misilen aurkako sistema abian jartzearen kostu ekonomiko eta diplomatikoei aurre egitea, Bill Gatesen monopolioaren auzia konpontzea, eta maila federalean 40 urtean lehena litzatekeen heriotza zigorraren auzia (Clintonen aurreko presidenteak atzeratutakoa) erabakitzea; kanpo politikan, berriz, Ekialde Ertaina bakearazteko lanak amaitzea, Latinoamerikarekiko merkataritza librea sustatzea, eta Sadam Husseinen erregimenarekin amaitzea.

Sakontzeko, irakurri: «2001eko irailaren 11ko atentatuak»

2001eko irailaren 11n, Al Kaidak bidaiariz betetako lau hegazkin bahitu zituen, eta horietako bi New Yorkeko World Trade Centerreko dorreetan leherrarazi zituzten, bestea Pentagonoan (Washingtonen), eta bestea lurrera erori zen, bidaiariak errebelatu eta bahitzaileei aurre egin zietelako. Guztira, 3.000tik gora lagun hil ziren, eta hura izan zen Estatu Batuen historiako atentaturik okerrena.

Ondorio zuzenez gainera, bestelako ondorio larri batzuk izan zituen atentatuak; terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian, Estatu Batuek Afganistan inbaditu zuten, erregimen talibana boteretik botatzeko eta haren lotura terroristak desegiteko; handik hilabetera lortua zuen bere helburua.

Geroago, suntsipen masiboko armak zeuzkatela argudiatuta, Estatu Batuek, aliatu batzuen laguntzaz, Irak inbaditu zuten, nahiz gaur egun ez diren oraindik arma horiek aurkitu. Estatu Batuek eta beren aliatuek oso denbora gutxian menderatu zuten Irak, armez, teknologiaz eta diruz zeukaten nagusitasunari esker, baina arazorik larrienak gerra bukatu ondoren hasi ziren. Saddam Hussein zulo batean eskutatuta harrapatu, eta 2006an hil zuten estatubatuarrek. Geroztik, okupazioaren aurkako insurgentziak sekulako indarra hartu du, eta atentatuz josi du Irakeko bizitza: bonba-autoak, atentatu suizidak eta etengabeko biktima zibilen jarioa eguneroko kontua dira Iraken.

Bestalde, Estatu Batuen utzikeriak, ustelkeriak eta errepresio basatiak —hango espetxe nagusi bateko torturen argazkiek eta adierazpenek frogatu zuten bezala— herritar askoren gaitzespena ekarri zuten. Egoera horrez gainera, Guantanamon (Kuban) Estatu Batuek duten kontrolik gabeko espetxean preso islamiarrei ezarritako erregimen bidegabeak ere eragina izan du Bush lehendakariaren agintaldiaren gainbeheran.

Bestalde, 2005ean Katrina urakanak New Orleans inguruan eragin zuen txikizio izugarriari —hiri osoa hustu behar izan zuten, eta urei eusten zieten harresiak pitzatu egin ziren— gobernu federalak eman zion erantzun eskasak jende askoren haserreak piztu zuen.

Ekonomiak ere sekulako gainbehera egin zuen, eta 2008an sekulako krisia sortu zen, mundu osoan eragina izan zuena, Estatu Batuek 1929ko porrotaz geroztik ezagutu duten krisik latzena, izan ere, finantza sistema osoak porrot egin izanaren ondorioz.

2008ko hauteskundeetan, Barack Obama senatari afroamerikarra hautatu zuten herritarrek Estatu Batuetako lehendakari. Bera da Estatu Batuek izan duten aurreneko lehendakari beltza, eta haren asmo eta hitz itxaropentsuek sekulako jakin-mina eta itxaropena sortu zuten herritarrengan. Mundo osoan ere oso harrera beroa egin zaio Obamari, aldaketa handi baten sinbolo bihurtu baitu jendeak, krisi ekonomiko eta politiko handi baten erdian.

2014[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2014 Ameriketako Estatu Batuetan»

2015[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2015 Ameriketako Estatu Batuetan»

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ameriketako Estatu Batuetako historia Aldatu lotura Wikidatan