Edukira joan

Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria
MotaEuskal Herriko kulturaz hainbat diziplinatako ideia, joera eta teoria zientifikoen elkartoki eta eztabaidaleku duen seihilabetekaria
Fitxa teknikoa
Lehen zenbakia1983
Hizkuntzaeuskara
Argitaratze lekuaParis
ArgitaletxeaPaul Geuhtner
Gai nagusiaEuskal Herria eta eremuko ikerlanak
Banaketa
Banatze-eremua Euskal Herria
Historia
SortzaileaJulio Urkixo
ZuzendariaJulio Urkixo (1907-1936)

Julio Caro Baroja (1983-1995)

Aingeru Zabala Uriarte (1995-)
Identifikadoreak
ISSN0212-7016
www.eusko-ikaskuntza.org/eu/publicaciones/colecciones/riev/

Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (gaztelaniaz: Revista Internacional de Estudios Vascos, frantsesez: Revue Internationale des Études Basques), gaztelaniazko izenaren RIEV siglekin ezagunagoa, Eusko Ikaskuntzaren argitalpen nagusia da, Julio Urkixok 1907an sortua. Julio Urkixok zuzendari karguan jarraitu zuen 1936ko gerra piztu arte. 1983an RIEV berriro plazaratu zen, eta orduz geroztik Julio Caro Baroja izan zen zuzendari, 1995ean hil zen arte. Gaur egun, Aingeru Zabala Uriarte da zuzendaria. Seihilabetekaria da, eta Euskal Herriko kulturaz hainbat diziplinatako ideia, joera eta teoria zientifikoen elkartoki eta eztabaidaleku izatea du helburu.[1]

Koldo Mitxelenaren esanetan, Euskal Herriko kulturari buruzko azterlanak era guztietako fantasien eta zoramen guztien babesleku ziren, lehenago zelta kulturari buruzko azterlanak izan ziren bezala; RIEVek lortu zuen —ez lanik gabe— hori atzean utzi eta zientziaren arlora ekartzea.[2]

1907an sortu zen eta 1936. urtea arte iraun zuen. Hasierako urteetan Georges Lakonbek lagundu zion Urkixori eta 1922an Eusko Ikaskuntzaren aldizkari bihurtu zen, Urkixo bera zuzendari zela. Lehen zenbakiak Baionan atera ziren, eta gero Gipuzkoako Aldundiko irarkolan, bi hilabetez behin. Lanak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo alemanez idatziak izaten dira, idazlea nor den. Urkixok garrantzi handia eman zion atzerriko euskalarien lanei.

Parte hartzaile izan ziren, besteak beste, Meillet, Saroïhandy, Vinson, Hérelle, Jaurgain, Daranatz, Dubarat, Schuchardt, Linschmann, Winkler, Uhlenbeck, Meyer-Lübke, Dodgson, Farinelli eta beste asko, euskaldun eta atzerritar. Euskal idazle zaharren obrak ere argitaratu ziren, zatika eta zenbaitetan faksimilez. Era horretan argitaratu ziren, esaterako, Etxepareren lanak, Oihenarterenak, Tartasenak, Etxeberri Sarakoarenak, Axularrenak, etab.

Gerrak eten zuen RIEVen argitalpena. 1981ean, Eusko Ikaskuntzaren babespean, berriz ere ekin zitzaion RIEV aldizkaria argitaratzeari, Julio Caro Baroja zuzendari zela, eta Juan Garmendia Larrañaga kudeatzaile.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariaren web orria, Eusko Ikaskuntzaren webgunean.
  2. (Gaztelaniaz) Juan Aguirre Sorondo: «Revista Internacional de Estudios Vascos», Auñamendi Eusko Entziklopedia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]