Fentaniloa[1] eragin azkarreko opioide sintetikoa da, nerbio-sistema zentrala eta arnasketa deprimitzen dituena. Heroina baino 50 aldiz eta morfina baino 100 aldiz indartsuagoa da, eta gaixoen mina segundo gutxian arintzeko balio du, baita hartzaileei euforia eta ongizate sentipena eragiteko ere. Ameriketako Estatu Batuetan, fentaniloa masiboki eta kontrolik gabe kontsumitzeak droga horren menpeko bihurtu ditu hainbat eta hainbat pertsona.[2] Erabiltzaileek arrisku oso handiak dituzte garuneko kalte iraunkorrak izateko, koman sartzeko eta hiltzeko.[3]2022an, 100.000 pertsonen heriotza eragin zuen AEBetan.[4]
Paul Janssen belgikar kimikariak sintetizatu zuen fentaniloa 1959an. Lehenbizi, bihotzeko kirurgietan erabiltzen hasi zen, baina, 1985ean, fentaniloa sortzeko mendebaldeko lehen laborategia ireki zuen Txinan. 1990eko hamarkadaren erdialdean, AEBetako hainbat farmazia enpresak masiboki merkaturatu zituzten fentaniloa zuten botikak, adikzioa sor zezakeela jakinarazi gabe. Medikamentua bera epidemia bihurtzen hasi zen orduan.[2]
Horretaz gain, minbizi eta beste gaixotasun kroniko batzuen mina tratatzeko ere erabiltzen da. Minbiziaren mina tratatzerako orduan, ez da fentanilo baino eraginkorragoa den opiazeorik ezagutzen. Horregatik, minbizia duten gaixoetan lehen aukerako sendagaia da, eta hartzeko modurik ohikoena txaplataren bidez izaten da, 72 ordutik behin.
Halaber, min akutua tratatzeko gaur egun modu berriak daude aho-mukosa edo sudurrarena zeharkatuz hartutako botiken bidez. Eragin azkarra lortzen da era hauetatik.