Frances Parker

Wikipedia, Entziklopedia askea
Frances Parker

Bizitza
JaiotzaOtago eskualdea1875eko abenduaren 24a
Herrialdea Zeelanda Berria
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
Heriotza1924ko urtarrilaren 19a (48 urte)
Familia
AitaHarry Rainy Parker
AmaFrances Emily Jane Kitchener
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaNewnham College (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta sufragettea
Jasotako sariak
KidetzaEmakumeen Batasun Sozial eta Politikoa

Frances Mary “Fanny” Parker (Otago, Zeelanda Berria, 1875eko abenduaren 24a - Arcachon, Frantzia, 1924ko urtarrilaren 19a) Zeelanda Berriko sufragista britainiarra zen. Emakumeen boto-eskubidearen aldeko mugimendu eskoziarraren pertsona garrantzitsua zen. Bereziki ezaguna izan zen Robert Burns poetaren jaiotetxeari su ematen saiatu zelako. Hainbat aldiz espetxeratu zuten ekintza militanteengatik, eta, kartzelan zegoela, bortxaz elikatu zuten.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frances Parker Little Rodericken (Otago, Zeelanda Berria) jaio zen. Bere gurasoak Frances Emily Jane Kitchener eta Harry Rainy Parker ziren; lau anai-arreba zituen. Familia Waihao Downs Homesteaden bizi izan zen, 1870etik 1895era, Little Roderickera joan baino lehen. Little Roderick Station Peakeko zati bat da, Waitaki ibaiaren iparraldean dagoena, Waimate eskualdean. Frances Parker familia aberats batekoa zen. Armada britainiarreko mariskala zen Lord Kitchener britainiarraren ilobetako bat zen, zeinak finantzatu baitzizkion unibertsitateko ikasketak.[1][2] Lord Kitchenerrek geroago esan zuen “atsekabetuta” zegoela bere ilobak sufragisten mugimenduan zuen inplikazioagatik.[1]

Frances Parkerrek 1896an alde egin zuen Zeelanda Berritik, Cambridgeko Newnham Collegen ikastera joateko. 1899an graduatu zen, eta maistra jardun zuen zenbait urtez Frantzian eta Zeelanda Berrian.[1]

Konpromiso feminista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainia Handira itzultzean, Frances Parkerrek emakumeen boto-eskubidearen aldeko konpromisoa hartu zuen; lehenik, Scottish Universities Women's Suffrage Union-ekin, eta, gero, Emmeline Pankhurstekin, Women's Social and Political Union-ekin, 1912tik 1914ra arduradunetako bat izan baitzen.[2]

Frances Parkerrek hainbat ekintza militantetan parte hartu zuen, eta askotan kartzelaratu zuten. 1912ko martxoan, lau hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten Hollowayko emakumeen kartzelan (Londres), WSPUk antolatutako ekitaldi batean leihoak suntsitzeagatik. Garai hartako sufragista askok bezala, Frances Parkerrek gose-greba egin zuen kartzelatik ateratzea eskatzeko. Bortxaz elikatu zuten.[1] David Lloyd George Ogasuneko kantzilerraren agerpena eteteko asmoz Aberdeeneko Music Hall-en sartu zelako ere kartzelaratu zuten.

Frances Parker, sufragisten zapiaren sinatzaile.

1914an, sufragisten mugimenduaren jarduna gogortu zen, bereziki Britainia Handiko zenbait eraikinetako bonbardaketa eta borondatezko suteekin. 1914ko uztailean, Frances Parker eta Ethel Moorhead Allowayko Robert Burns poeta eskoziarraren Burns Cottage jaiotetxeari su ematen saiatu ziren.[1] Gaueko guardiak Frances Parker atxilotu zuen, eta Ethel Moorheadek ihes egitea lortu zuen.[3] Atxiloaldian, Frances Parkerrek beste gose-greba bati ekin zion. Kartzela agintariek bortxa handiz elikatu zuten, lehenik ahotik, eta, gero, ondestetik; zauri larriak eragin zizkioten.[4] Oso zauritutik eraman zuten azkenean erizaindegira, baina, hala ere, handik ihes egitea lortu zuen. Lehen Mundu Gerra lehertua zela, berriz atxilotu zuten. 1914ko abuztuan, gobernu britainiarrak amnistia eman zien sufragistei, eta Frances Parkerrek jardun militantea utzi zuen.[5]

Gerra-garaian, Frances Parkerrek armada britainiarreko emakumezkoen talde laguntzailearekin (Queen Mary's Army Auxiliary Corps) bat egin zuen. Bere konpromisoa Britainiar Inperioko Ordenako ofizial izendapenarekin ohoratu zuten. Gerraren ondoren Arcachonera joan zen, eta han hil zen 1924an.

Aintzatespena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014an, Victoria Bianchik Cause Way idatzi zuen, 100 urte lehenago Frances Parker eta Ethel Moorhead Robert Burnsen Burns Cottage jaiotetxeari su ematen saiatu zirenekoan oinarritutako antzezlana. Antzerkia Burns Cottage-n eman zuten, poeta eskoziarrari eskainitako museo bilakatuan.[3]

2016an, Zeelanda Berriko Te Papa Tongarewa museoak Frances Parkerri sufragio-jarduerarengatik emandako Hunger Strike Medala erosi zuen, Eskozian egin zen enkante batean.[6] Zeelanda Berriari lotutako sufragista baten domina bakarra ei da.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Flora Drury. (3/02/2016). «Leading suffragette's antics shamed her war hero uncle Lord Kitchener who wanted her to put her feminist beliefs to one side» Daily Mail Online.
  2. a b c Rachel Thomas. (26 février 2016). «Te Papa buys rare bravery medal awarded to suffrage activist Frances Parker» Stuff.
  3. a b Victoria Bianchi. (6 juin 2014). CauseWay: The Story of the Alloway Suffragettes. Guest post by Victoria Bianchi.. .
  4. Jane Purvis. (1995). «The Prison Experiences of the Suffragettes» Women's History Review.
  5. Geddes, J-F.. (2008). «Culpable Complicity: the medical profession and the forcible feeding of suffragettes, 1909–1914» Women's History Review: 79–94..
  6. Who was Frances Parker?. 2016..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Leah Leneman, Parker, Frances Mary (1875–1924) - Oxford Dictionary of National Biography, Oxford University Press, 2004, [1] doi:10.1093/ref:odnb/63882

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]