Edukira joan

Frederic Duran i Jordà

Wikipedia, Entziklopedia askea
Frederic Duran i Jordà
Bizitza
JaiotzaBartzelona1905eko apirilaren 25a
Herrialdea Katalunia
BizilekuaEspainia
HeriotzaManchester1957ko martxoaren 30a (51 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmedikua eta hematologoa
KidetzaInstituto de Estudios Catalanes (en) Itzuli

Frederic Duran i Jordà (Bartzelona, Katalunia, 1905eko apirilaren 25aManchester, Erresuma Batua, 1957ko martxoaren 30a) Erresuma Batuan bizi izandako kataluniar medikua izan zen, hemoterapiaren bultzatzaileetako bat.

1936ko uztailean, Bartzelonan, Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, Frederic Duran i Jordà medikua Montjuïceko 18 ospitalean hasi zen hirira iristen ziren gerrako zaurituez arduratzeko[1].

Erietxean, orduan, odol-transfusio zuzenak egiten ziren, hau da, emailearen besotik hartzailearen besora, eta mediku katalana berehala konturatu zen maiz zaurituek emaile bakarrak eman zezakeena baino odol gehiago behar zutela. Gainera, Aragoiko frontetik Wenceslao Dutrem eta Serafina Palma lankideen gutuna jaso zuen, esanez zaurituak artatzeko odolik ez zutela. Ospitalea uztea erabaki zuen orduan, eta, Errepublikako Armadaren Osasun Zerbitzuaren babesaz, zauritu militar nahiz zibilei behar zuten odola helarazteko zerbitzua abiarazi zuen abuztu hasieran. Irailaren erdialdean lehen zazpi litroak iritsi ziren Aragoiko frontera. Munduko lehen odol transfusio zerbitzu modernoa izan zen[1].

Ordurako nolabaiteko transfusio zentroak baziren. Esaterako, Moskuko Sklifosovsky Institutuan transfusioak egiten ziren gorpuen odola erabiliz. Baina Duranen taldeak bazekien hori kaltegarria zela hartzaileentzat. Londresko Gurutze Gorriak ere bazuen zerbitzu bat, baina transfusio zuzen mugatuak egiten zituzten soilik. Eta emaileak frontera eramatea ez zen bideragarria[1].

Eskura zeuzkaten bitarteko urriekin, dagoeneko asmatuta zeuden antikoagulatzaileak hobetzen ahalegindu ziren, baita odola esteril mantentzeko metodoak eta gordetzeko ontziak ere. Gainera, lehenengoz, herritarren artean odola emateko kanpainak egin zituzten. Eta garraioaren arazoari ere konponbidea aurkitu zioten: arraina garraiatzen zuen lau tonako Diamond kamioia egokitu zuten[1].

Bidalketak astero egiten ziren frontera eta bertako ospitale guztietan gutxienez 35 litroko bankua izaten ahalegindu ziren[1].

30 hilabetean, Bartzelonako transfusio zerbitzuak 28.900 emaile izan zituen eta 9.000 litro odol prozesatu eta prestatu zituen. Bigarren Mundu Gerran erabat zabaldu zen Duranen metodoa. Haiek erabili zuten teknologia zaharkituta dago egun, baina mediku katalanak ezarritako oinarriak indarrean daude oraindik[1].

1939ko otsailean Frederic Duran i Jordàk Kataluniatik alde egin eta Ingalaterrara emigratu zuen, Britainiar Gurutze Gorriak gonbidatuta. Hemoterapiaren aitzindaria Manchesterren hil zen 51 urte zituela, leuzemiak, odoleko minbiziak, jota[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Irazustabarrena, Nagore. (2017-11-19). «Odol bildua eta garraiatua» Argia CC-BY-SA lizentzia.