Gabriel Arias-Salgado
Gabriel Arias-Salgado y de Cubas (Madril, 1904ko martxoaren 3a - Madril, 1962ko uztailaren 26a) ideologia falangista zuen politikari espainiarra izan zen. Frankismoan goi karguak bete zituen. Integrismo katolikoarekin lotuta egon zen beti.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Madrilen jaio zen 1904,3ko martxoaren 3an, eta Chamartingo Nuestra Señora del Recuerdo ikastetxean ikasi zuen. Ondoren, Hizkuntza Klasikoetan eta Humanitateetan lizentziatu zen, eta filosofian doktoratu zen, teologian espezializatuz. 1937an, Gerra Zibila hasi zenean, matxinatutako eremura igaro zen. Integrismo katolikotik zetorren gizona, gerora falangista konbentzitua bilakatuko zen. Gerran FET y de las JONSen sartu zen, erregimen frankista hasiberriaren baitan karrera politiko azkarra eginez. 1938ko abuztuan Valladolideko Libertad astekari falangistaren zuzendari izendatu zuten, eta bere zuzendaritzapean egunero argitaratu zuten). Garai hartan Salamancako gobernadore zibila ere izan zen, baita FET y de las JONSetako probintzia-burua ere.
1941eko irailean, Herri Hezkuntzako idazkariorde izendatu zuten. Handik aurrera, Arias-Salgado erregimeneko prentsaren edo propagandaren ardurapean geratu zen; ordura arte, eskumen horiek Gobernazio Ministerioaren kontrolpean zeuden. Neurri askoren artean, Kazetaritza Eskola Ofizialaren fundazioa egon zen (1942an, inaugurazioan, Arias-Salgado eta Juan Aparicio egon ziren), eta NO-DO albistegi frankista sortu zuen baita 1942an ere. Erregimen barruan, bestetik, Ramón Serrano Suñerrekin eta Francisco Gómez-Jordanarekin oso harreman txarrak izan zituen.
1943ko urtarrilean, José Luis Arrese ministro-idazkari nagusiari lagundu zion Alemania nazira egindako bisitan, Manuel Valdés Larrañaga, Agustín Aznar, Manuel Martínez de Tena, Víctor de la Serna eta Xavier de Echarri falangista nabarmenekin batera. Urte horietan, prentsak arreta handiagoz jarraitzen zituen faxisten garaipenak, eta, aldi berean, Alemaniako eta Italiako porrot militarrak isilarazten zituen. Egoera hori zineman ere gertatzen zen, Arias-Salgadok gogo biziz sartu baitzuen nazien propaganda-materiala, eta, aldi berean, Aliatuen informazio- eta propaganda-materiala baztertzeaz arduratu zen. Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin eta potentzia faxisten porrotarekin batera, Arias-Salgado eta beste filonazi batzuk indarra galtzen joan ziren diktadura frankistaren baitan. 1945eko uztailean Herri Hezkuntzako Idazkariordetza desegin egin zuten, eta haren eskumenak Hezkuntza Nazionaleko Ministerioari transferitu zizkioten.
Zentsura frankistaren teoriko eta egile nagusitzat jotzen da, eta sortu berria zen Informazio eta Turismo Ministerioaren buru jarri zuten, 1951ko uztailetik 1962ra arte. Katoliko integrista, Arias-Salgado ministerio-garaian kontrol handia izan zuen Espainiako prentsaren gainean. José María Pemán idazle eta propagandista frankistak honela deskribatu zuen: «Gizon zintzoenetako bat». Ministerioan egon zen hamar urteetan, muturreko sektarismotik zuzendu zuen informazio-politika. Urte horietan, kultura-eredu frankista finkatu zen, nahiz eta komunikatzeko beste modu batzuk ere agertu ziren, telebista, esaterako.
Hala ere, bere ibilbide politikoa 1962an amaitu zen. Arias-Salgadok berak bultzatuta, urte hartako ekainean erregimenaren prentsa ofizialak kanpaina gogorra abiarazi zuen Europako Mugimenduaren IV. Kongresuan parte hartu zuten espainiarren aurka, bileraren irudi distortsionatua aurkeztuz eta gutxiespenez «Municheko kontubernioa» edo «Municheko elkar hartze makurra» deituz. Kanpaina horrek, hala ere, eragin oso negatiboa izan zuen erregimen frankistak Europan zuen irudiarentzat, baita ministroaren irudiarentzat ere.
Bihotzekoak jota hil zen 1962ko uztailaren 26an, Madrilgo bere etxeko eskaileretan, kargua utzi eta egun gutxira.[2][3]
Karguak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Salamancako gobernadore zibila.
- Cartagenako gobernadore zibila.
- Herri Hezkuntzako idazkariordea eta, ondoren,
- Informazio eta Turismo ministroa. Zentsuraren antolaketan lotura estua izan zuen.
- Gorte frankistetako prokuradorea.
- Mugimenduaren Kontseilu Nazionaleko kidea.
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alejandro Arias-Salgado y de Cubas bere anaia izan zen. Frankismoaren lehen urtetan atxilotuta egon zen.[4]
- Rafael Arias-Salgado bere semea izan zen
- Fernando Arias-Salgado bere semea izan zen.