Gero (Axular)

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Gero
Gero azala.jpg
Liburuaren azala
Datuak
Egilea Pedro Agerre Axular
Argitaratze-data 1643
Generoa Erlijioa
Hizkuntza euskara
Herrialdea  Euskal Herria

Gero, bi partetan partitua eta berezia[1] liburua —laburturik, maiz Gero izenaz aipatua— Pedro Agerre Azpilikueta —Axular deitua— euskal idazleak idatzitako lan nagusia da, bai eta euskal literatura osoko maisulan handienetarikoa ere. Axular hil baino urtebete lehenago argitaratu zen, 1643an, Bordelen, lapurtera klasikoan idatzirik.

Lehenengo edizio hartatik zenbait ale kontserbatzen dira, bost edo sei apika. Urte batzuk geroago bigarren edizio bat kaleratu zen. Aldi honetan, izenburua aldatu eta Gueroco guero izenburupean argitaratu zuten, inprimategi berean, hots, Bordeleko Milangues inprimatzailea, baina hainbat aldaketatxo eginik.

Erlijio betekizunak geroko uzteak dakartzan kalte eta zorigaitzez dihardu liburuak; gizakiak, luzamendutan ibili gabe, Jainkoarengana bihurtu behar duela, alegia. Izenburuak «bi partetan partitua» dela aipatzen duen arren, liburu bakarra baizik ez da ezaguna (Piarres Lafittek bi parteak batera eta nahasian ageri direla dio, baina iritziak bereiz dabiltza, Luis Villasante bigarren partea betiko galdu delakoan baitago). Obrak ez du mistizismo apurrik ere erakusten; aszetikako egia bat azaldu, erakutsi eta frogatu nahi du, eliz pulpitutik ari bailitzan taxutua.

Euskal literaturako liburu klasiko bat da, maisulana: eduki aberatsa, literatura ederrekoa, egitura dotorez taxutua, antzinatasuna eta originaltasuna dituena. Estiloari dagokionez, euskal sena du, egileak betiere abiapuntu eta maila literario egokia erakutsi zuen bere euskalkian; hitz jokoak, argudioak, errefrauak, ateraldiak, eta abar, denak euskal hizkera dotorez eta ulergarriz moldatuak daude. Ideiak hobeto adierazteko, Axularrek adibideak erabiltzen ditu sarritan, sinonimoak pilatuz eta autore klasikoen aipuak tartekatuz.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal literaturaren historian lehen prosazko liburu originala da. Joanes Leizarragaren itzulpena eta XX. mendean aurkitutako Lazarragaren testu laburrak alde batera utzirik, hau dugu euskaraz idatzitako lehen liburu mardula. Euskal idazle klasikoek, Iparraldekoek nahiz Hegoaldekoek, euskal maisulantzat goraipatu zuten, eta denbora luzez euskara jasoaren eredu izan da. XIX. mendean Pedro Antonio Añibarrok bizkaierara itzuli zuen liburua ia osorik; beraz, Axularren ospeak bizkaierazko literaturan ere eragina izan zuen, bai zuzenean, bai Añibarroren itzulpenaren bidez.

Axular hil baino urtebete lehenago inprimatu zen, 1643an. Inongo mistikarik gabe, irakurlearen jokabidea aldarazi nahi du: Kristauari zeinen arriskutsu izan dakiokeen arimaren zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea, beti gerotik gerora luzamendutan ibiltzea. Liburuaren gai nagusia «gero dioenak bego dio» atsotitzarekin laburtzen delarik, hori ez da izan, noski, kritikoek maisulan gisa hartzeko arrazoia, ezpada Axularren estilo bizi eta aldi berean landuagatik.

Sinonimia darabil, ahalik eta euskaldun gehienek uler dezaten, eta bere argudioak sendotzeko autore klasikoen eta testu sakratuen aipuak tartekatzen ditu. Nabarmena da latinezko aipuak euskaratzean erakusten duen sena eta dotorezia.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauxe da liburuaren sarrera, hitzez hitz:

«

Bi partetan partitua eta berezia. Lehenbizikoan emaiten da aditzera, zenbat kalte egiten duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko utzteak.
Bigarrenean kidatzen da, eta aitzinatzen, luzamenduak utzirik, bere hala, bere egin bideari lothu nahi zaikana.
Eskritura Saindutik, Elizako doktoretarik eta liburu debozinozkoetarik, Axular Sarako errotorak bildua.
Ne tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem, Eccles 5.
Bordelen. G. Milanges erregeren inprimazaillea baithan. 1643.

 »

Izenburuaren «bi partetan partitua eta berezia» azpitituluak hainbat eztabaida ekarri ditu adituen artean. Axularrek «Irakurtzaileari» izeneko atarikoan dioenez, bere nahia liburua bi liburukitan argitaratzea zen, baina liburuaren bigarren zatirik ez da inon ageri. Batzuen ustez, argitaratu gabeko bigarren zatia betiko galdutako testua genuke. Beste batzuen iritziz ostera, bi parte haiek liburuki bakarrean batera argitaratu bide ziren, bata bestearengandik bereizi gabe.

Gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu horretan aditu gorenetakoa den Patxi Salaberri Muñoa filologoak zortzi ataletan banatzen du liburuaren edukia, gaiei dagokienez (Axularren historiak, 1998):

  1. "Etsaiak".
  2. "Alferrak eta nagiak".
  3. "Usantza eta fidantziak".
  4. "Kolera eta haserrea".
  5. "Aho-sabelaren erresuma".
  6. "Sabeletik beherakoak".
  7. "Barne ausikiak".
  8. "Amaiera ordukoak".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Gero (Axular)
Wikiiturrietan badira testuak, gai hau dutenak:
Gero (Axular)