Nafar-lapurtera

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
██ Nafar-lapurtera

Nafar-lapurtera edo nafar-lapurtar euskara iparraldeko euskalkia da, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Nafarroa Garaiko Luzaide ibarrean eta Zuberoako ipar-mendebaleko zenbait udalerritan (Domintxaine-Berroeta, Etxarri, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, Lohitzüne-Oihergi eta Pagola) hitz egiten dena. Baztango eta Aezkoako ibarretan (Nafarroa Garaia) tarteko hizkerak mintzatzen dira, nafarreraren eta nafar-lapurteraren artekoak.

Azpieuskalkien sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafar-lapurtar euskararen gaur egungo mapa (Koldo Zuazo, 2015)
Euskalkien mapa, sailkapen zaharrean.
     Lapurtera      Behe nafarrera

XX. mendean, lapurtera eta behenafarrera bereizirik sailkatu ziren, baina Koldo Zuazoren arabera, egun euskalki bakar bat osatzen dute (nafar-lapurtera), bi azpieuskalki nagusi dituena:[1]

  1. Sartaldekoa: Lapurdiko mendebalean egiten da.
  2. Sortaldekoa: Lapurdiko ekialdean, Nafarroa Beherean, Nafarroa Garaiko Luzaiden eta Zuberoako ipar-mendebaldean egiten da.

Tarteko eremu bat dago bien artean: Lapurdiko erdigunekoa. Uztaritze aldeko hizkerak daude multzo horretan sartuta.

Gainera, hizkera berezi bi ere badira:

Tarteko hizkerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuazoren arabera, tarteko hizkerak mendebaldean Lapurdiko kostaldean Hendaiatik Bidarteraino dira; barnealdean Azkaine, Arbona, Basusarri eta Arrangoitzen; ekialdean Amikuze (Nafarroa Beherea) eskualdea eta Pettarrako (Zuberoa) mendebaldea.

Neurri txikian (eta gero eta txikiagoan) bada ere, Oiartzualdeko eta Bidaso Behereko hizkerek badute lapurteraren ezaugarririk, XVI. mende arte lapurterak izan baitzuen eraginik handiena Gipuzkoako ipar-ekialdeko eremu horretan.[2]

Lehenagoko aldaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lapurtera klasikoa: XVII. mendean Materrak, Joanes Etxeberri Ziburukoak eta Pedro Axularrek, beste askoren artean, erabili zuten euskara, Donibane eta Sara herrietako euskaran oinarritua, Joanes Leizarragak aurreko mendean erabili zuenetik arras ezberdina; euskara batuaren aitzindari eta oinarrietako bat.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miren Aire urepeldar laborari eta abeslaria, Koldo Zuazorekin hizketan, Urepelen egiten den nafar-lapurtar euskararen erakusgarri.

Nafar-lapurtar euskarak ezaugarri nagusi hauek ditu:[1]

  1. Euskalkiaren eremu gehienean arrotza da i bokalak eragindako bustidura; il, in eta it bere horretan esaten dira gehienetan, busti gabe: edozoini 'edozeini', gainetik, etxezaina, etxeraino... Gainera, erdaratik hartutako maileguetan ere palatalizazioa saihesteko joera egon da: bainu, botoila 'botila'. Dena dela, azken bilakaera hori ez da gaur egun emankorra.
    Bazter bietako hizkerek hausten dute euskalkiaren batasuna: Zuberoatik gertuko hizkeretan bada bustidurarako joera ahul bat eta askoz indartsuagoa da Lapurdiko itsasbazterrean.
  2. tx- hasieran duten hitzetan, horren ordez x- esaten da: ximino, xingarra 'urdaiazpikoa', xirula, xoko, xori... Salbuespenen bat gorabehera (txar), arrotza da tx- hitz hasieran.
  3. nehor 'inor' egiturako izenordainak erabiltzen dira: nehork 'inork', nehori 'inori', nehun 'inon', nehundik 'inondik', nehorat 'inora'... Antzina Nafarroako alderdi batzuetan ere baziren horrelakoak, baina jatorriz Ipar Euskal Herrikoak direla ematen du; ziurrenera Lapurdin sortuak.
  4. -ño da eremu gehienean erabiltzen den atzizki txikigarri ohikoena: amaño 'inude', baño 'bakarra', haurño 'haurtxo', poxiño 'apurtxo'…
  5. Erdarako -on amaiera -oin egiteko joera egon da euskalkiaren eremu gehienean: arrazoina 'arrazoia', botoina 'botoia', kantoina 'kantoia', sasoina 'sasoia'... Gaur egun frantsesetik sartzen ari diren mailegu berrietan -ona egiteko joera dago: balona, marrona...
  6. -aia amaiera ageri da mailegu zaharretan: bisaia 'aurpegia', lengoaia 'hizkuntza', kuraia 'kemena', salbaia 'basatia', usaia 'ohitura'... Arau hori ez da gaur egun emankorra; izan ere, -adxa egiten da mailegu berrietan: depanadxa 'konponketa' (dépanagetik), rezikladxa 'birziklatzea' (recyclagetik)…

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Koldo Zuazo: Euskalkiak.com.
  2. Koldo Zuazo (1997): «Oiartzungo hizkeraren kokagunea», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 76. zenbakia, 397-426. orrialdeak.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]