Gipuzkoako ekonomia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Gipuzkoako ekonomian industria izan da XX. mendean jarduera nagusia. Lehengairik ez izateak eta beharrezko energia sortzeko ahalmen ezak ez du Gipuzkoako industrializazio bidea galarazi. XX. mendean zehar, industriaren aldean, urritu egin da oro har nekazaritza, bizkortu arrantza eta sendotu zerbitzuen sarea.

Lehen sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzan abere hazkuntza (behiak eta ardiak, zerriak eta hegaztiak. Esnea eta esnekiak.) nagusi da laborantzaren ondoan (artoa, bazkarako landareak, barazkiak, sagarra). Kontuan hartu behar da abereen bazkarako erabiltzen dela laborantzan gehien lantzen den gaia.

Gipuzkoako inguru menditsuak aproposagoak dira abere hazkuntzarako lurra lantzeko baino. Bestalde, baserria da bertako nekazaritzagune nagusia. Familia giroko ustiakuntza unitateak dira baserriak; lur eremu urrikoak oro har eta bigarren mailako diru iturria eta etxebizitza baizik ez dira askotan, baserritarrek inguruko lantokietara jotzen baitute lanera (barazkigintzara mugatzen dira gehienetan horrelakoetan).

Gipuzkoako basoek eta mendi lurrek eremuaren % 65 hartzen dute. Pinus Insignis pinu mota da nagusi gaurko egunean zuhaitzen artean. Oro har, baso ustiapena baserriko ekonomiako parte bat baizik ez da izaten. Luzera begira, errendimendu eta kalitate handiagoak eskaintzen dituzten beste zuhaitz mota batzuk hasi dira azkenaldi honetan landatzen (bertako pagoa, haritza…). Fruitu arbolen artean, aipagarria da sagarrondoak landatzen azken urteotan egin den ahalegina, sagardogintzari begira.

Arrantzak garrantzi handia izan du Gipuzkoan XX. mendean zehar, baina behera egin du azkenaldi honetan. Pasaia da bertako portu nagusia (alturako arrantza, arraina izozteko itsasontziak, bakailaoketariak). Getaria (Gipuzkoako bigarren portua), Hondarribia (legatza), Orio (atuna eta antxoa), Donostia, Mutriku eta Zumaia dira gainerako arrantza portuak. Nolabaiteko garrantzia du arrantzari loturiko kontserba industriak. 1992an Europako Ekonomia Erkidegoak hartutako neurri murriztaileek galera handiak ekarriko dizkio Gipuzkoako, eta Euskal Herriko, arrantzari.

Bigarren sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako industriak burdinolen eta kapitalismoaren aurreko industriaren (armagintza, ontziolak) herentzia jaso zuen. XIX. mendetik aurrera garatu ziren burdingintza (Beasain, Elgoibar, Bergara) eta metalgintza (Errenteria) molde berriak eta aldakuntzarako industria (Arrasateko Unión Cerrajera); indartu eta aniztu zen, orobat, Deba arroako armagintza (Eibar, Soraluze), eta industria mota garrantzitsu bat sortu zen papergintzaren alorrean (Oria arroa, Tolosaren inguruan, Hernani, Errenteria).

Altzariak Zarautzen eta Urolako behe arroan landu ziren nagusiki 1936ko gerra arte. Gerra ondoren, 1940-1960 bitarteko urteetan, burdingintzari loturiko aldkuntzarako industria indartsu bat sortu zuten patroi handi batzuek (Orbegozo anaiak, Luzuriaga, Aristrain, Patrizio Etxeberria,…) eta molde guztietako industria zabaldu zen Gipuzkoa osora (besteak beste, garrantzi berezia izan du Gipuzkoan makina-erremintak).

Patroi handi horien alboan, kooperatiba mugimendu bizkor bat sortu zen Arrasaten 1956. urtetik aurrera (Ulgor taldea, makineria elektrikoa eta elektronikoa. Finantza elkarteak eta Lankide Aurrezki Kutxa, 1959) eta herrialde guztira zabaldu zen kooperatiben higikundea 1960ko hamarkadan.

Nolanahi ere, kinka larrian dago gaur egun Gipuzkoako industria; nazioarteko merkatuen esturak, enpresen antolamendu anakronikoak, hornidura zaharkituak, enpresa multinazionalekiko mendekotasunak (Gipuzkoako lantegi txiki asko automobilaren industriako gorabeheren mendean dago), eta finantzabide ezak egoera guztiz larrian utzi dute Gipuzkoako industria eta ekonomia.

Hirugarren sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerbitzuen alorra garrantzitsua da Gipuzkoako gaur egungo ekonomian. Donostia da merkataritza hiri nagusia, baina Gipuzkoako hiri banaketa zabala da eta merkataritzagune garrantzitsuak daude eskualde guztietan. Irun, Errenteria eta Eibar dira horietako nagusiak. Bankuak eta finantza elkarteak Donostiara biltzen dira nagusiki.

Turismoa garrantzitsua da kostaldean (Donostia, Hondarribia, Zarautz, Deba, Zumaia), baina batere ez ia barnealdean. Pasaiakoa da Gipuzkoako merkataritza portu nagusia eta Hondarribian dago Gipuzkoako aireportua.

Gipuzkoako errepide sarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako errepide sarea ongi hornitua dago (Bilbo-Behobia-Baiona; Irun-Goierri-Etxegarate-Gasteiz), hurrengo urteetan beteko diren hutsune batzuk dituen arren: Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko autobidea (Iruñea-Irurtzun-Andoain-Donostia) eta Gasteiz-Maltzaga autobidea.

Bi burdinbide nagusik zeharkatzen dute Gipuzkoako herrialdea gaurko egunean: Espainiako Iparraldeko Burdinbideak (Otzaurte-Irun) eta Eusko Trenbideen Hendaia-Donostia-Eibar-Bilbo burdinbideak.

Hazkunde ekonomikoaren joera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko urteetako erritmo biziarekin alderatuz gero, zertxobait moteldu zen hazkunde ekonomikoa Gipuzkoan 1999an, EAEko gainerako lurraldeetan bezalatsu. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako ekomomia % 4,2 hazi zen 1999an, aurreko urtean baino gutxixeago, baina EAEko, Espainiako eta Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik.

Oro har, zerbitzuak dira Gipuzkoan sektorerik garrantzitsuena. 1996an, lurraldean sortu zen balio erantsiaren % 53 sektore horrek ekarri zuen, eta industriak ekarria zen balio erantsiaren % 39. Horretan ere badira, ordea, alde nabarmenak eskualde batetik bestera. Debagoienak eta Goierrik eskualde erabat industrial izaten jarraitzen dute eta horietan industriak ekarri zuen 1996an sortutako balio erantsiaren % 65 eta % 55. Debabarrenan, Tolosaldean eta Urola Kostan ere ekarpen handiagoa egin zion industriak balio erantsiari zerbitzuek baino, nahiz eta orekatuagoak egon sektore biak.

Lehen sektoreak batez besteko eragin txikia du Gipuzkoan –% 1,5– nahiz eta hori nabarmen handitu Goierrin, Tolosaldean eta Urola Kostan. Hala eta guztiz ere, eskualde bakar batean ere ez da % 3,5etik gora igotzen.

Azken urteetako sektorerik dinamikoenetakoa eraikuntza da, 1996an balio erantsiari % 6ko ekarpena egin ziona. 1999an, esate baterako, horixe izan zen gehien hazi zen sektorea –% 6–, industriaren % 4,3 eta zerbitzuen % 4aren aldean.

Esan beharra dagoen zerbitzuen hazkundearen osagarri nagusia azken urteotan Gipuzkoan turismoak izan duen gorakadan datzala. Garai batean Donostiak eta kostaldeko beste herriren batzuek hartzen bazituzten ere bisitari gehienak, turismoa lurralde osora zabaldu da, eta jarduera osagarri garrantzitsua bilakatzen ari da.

1996an 2.338.000 pezetakoa izan zen Gipuzkoan biztanleko Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 izanik, 102koa izan zen Gipuzkoakoa, nahiz eta lurraldearen batezbestekoaren gainetik egon Debagoiena (124) eta Tolosaldea (111), eta nahiko azpitik Oiartzualdea (84).

Gipuzkoaren egoera ekonomikoaren azken urteetako bilakaeran garrantzi handia izan du 80ko hamarkadako krisialdi industrialaren ondorioz nahiko jota gelditu ziren eskualdeen suspertzeak. Krisialdiak gogor jo zituen Debabarrenako, Goierriko eta Donostialdeko hainbat udalerri. Gehientsuenetan hobera egin du egoerak, baina badira oraindik arreta berezia behar duten eskualde eta udalerriak, eta azken urteotan milaka milioi pezetako inbertsioak egin dira jarduerak biziberritzeko, industriari emandako lurrak sortzeko, ikerketa eta garapena bizkortzeko, proiektu berriak bideratzeko eta jarduera ekonomikoak ezinbesteko dituen azpiegiturak hobetzeko.

Aipagarriak dira, halaber, krisiak gehien kaltetutako eskualdeetan egin diren ahaleginak; diru gehiena bereganatu duena Pasaialdea izan da, eskualde hori biziberritzeko 20.000 milioi pezetako inbertsoak hitzartu baitzituzten instituzioek 2001. urtean. Horretaz gain, beste hainbat eskualdetan ere badira garapen egitasmo berezituak, kasu askotan bertan sortutako garapen agentziek bultzatuak eta bateratuak.

Gipuzkoaren egitura eta bilakaera ekonomikoa aipatzerakoan ezinbestekoa da MCC talde kooperatiboak duen eragina. Izan ere, 1999an Gipuzkoan sortu zen aberastasunaren % 8,3 MCCek ekarri zuen, eta industriaren kasuan % 12,7ra igo zen kopuru hori.

Enplegua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpleguari dagokienez, 2000-2005 bitartean langabezia tasak behera egin zuen (% 4,6 2005ean.). Urola Kostako udalerri batzuetan izan ezik, gainerako eskualde guztietan behera egin zuen nabarmen langabeziak, beherakada horren buruan Debagoiena jarri zelarik.

Edonola ere, 2007. urteaz geroztik, BPGaren igoera mantsotu egin zen (urte hasieran, hazkunde tasa % 4,5ekoa izan zen, eta urteko batez bestekoa, berriz, % 3,9koa), eta 2008an joera hori nabarmendu egin zen (Eusko Jaurlaritzak % 2,3 jaitsi zituen % 3,6ko aurreikuspenak).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]