Edukira joan

Giskon (K.a. 239an hila)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giskon (K.a. 239an hila)
Bizitza
HerrialdeaAntzinako Kartago
HeriotzaK.a. 239
Heriotza moduagiza hilketa
Familia
Seme-alabak
Jarduerak
Jarduerakmilitarra eta ofizierra
Graduajeneral

Giskon (K.a. 239an hila) kartagotar jenerala izan zen, Lehenengo Gerra Punikoaren amaierako urteetan zerbitzatu eta Mertzenarioen gerraren gertaeretan parte hartu zuena. Gaur egun Tunisia den Kartago hiri-estatuko herritarra zen. Ezezagunak dira jaiotze data eta heriotza adina.

Gerra amaitzean kartagotarrren porrotarekin (K.a. 241), Hamilkar, kartagotar armaderen agintaria zela, Ericetik Lilibeora iritsi zen bakea sinatzeko bere borondatearen aurka. Giskon, bitartean, Siziliako Lilibeoko (Marsala modernoa) base nagusiko komandantea zen. Hamilkar, armadako komandantea Kartagora amorruz erretiratzerakoan, Giskon utzi zuen Siziliako komandante nagusiena gisa erromatarrekin bakea negoziatzeko. Lortutako akordioa Lutazioren Ituna deitu zen. Hitzarmenaren ondoren, tropa mertzenarioak Afrikara itzuli behar zituen. Horretarako, zuhurtziaz, destakamendu txikietan banatu ziren, iritsi ahala, soldata jaso eta deseginak izateko.

Ehun eta lauren Kontseiluak, Giskonen asmoei jarraitu beharrean, armada osoari, Afrikako lautadetan bildu arte, itxaron arazi zion, soldaduei eskatu nahi zielako Kartagok zor zizkien zorrak eta atzerapenak barkatzeko. Horrek matxinada orokor bat sortarazi zuen, azkenean, Kartagon gerra zibila piztu zuena, Ordaindu gabekoa izenekoa.

Giskonek, tropen gaineko eragina zuenez Sizilian haien buruzagia izan zelako, Afrikara deitua izan zen matxinada apaltzeko. Baina, ordurako, animoak asaldaturik zeuden, eta matxinatuetako batzuek erabaki zuten ezinezkoa zela Kartagorekin inolako akordiorik lortzea. Istiluak piztean, disidenteak harrika hil zituzten. Honetaz gain, Giskon eta bere laguntzaieak preso hartu zituzten baita zeramaten altxorra bahitu ere.

Bi urtez preso egon ziren bitartean, matxinatuek hainbat porrot militar jasan zuten. K.a. 239an, matxinoen indar ugari kartagotarretara desertatu zuen, non harrera ona izan baitzuten. Gauzak honela, matxinoen buruzagiek beldur ziren beren armada desegingo ote zen; jakitun zirelako matxinatutako soldaduekin izandako jokaera eskuzabala ez zitzaiela pertsonalki luzatuko. Horren aurrean eta desertzio gehiago ekiditzeko, Giskon eta beste 700 kartagotar preso heriotzara arte torturatu zituzten.

Giskon[1], eta Gesko izenarekin ere ezaguna[2], Kartago hiri-estatuko herritarra zen[1], gaur egun Tunisia den tokian zegoena. Kartagok K.a. III. mendearen erdialdean honako lurralde hauek menderatzen zituen: Iberiar penintsularen hegoaldea, Afrikaren iparraldeko kostaldeko anitz eskualde, Balear uharteak, Korsika, Sardinia eta Siziliaren mendebaldeko erdia, non inperio militar eta komertzial bat zuen[3]. Giskonen jaiotze data eta heriotzaren adina ezezagunak dira. Era berean, ez dakigu zer egin zuen Lehen Gerra Punikoaren amaieran baino lehenago, non protagonismo handia lortu baitzuen[4].

Lehen Gerra Punikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusiak: Lilibeoko setioa (K.a. 250) eta Egada uharteetako gudua

Erromatarren erasoak (K.a. 250-249) Sizilian

Lehen Gerra Punikoa K.a. 264an hasi zen Kartago eta Erromaren artean, K.a. III. mendeko mendebaldeko Mediterraneoko bi potentzia nagusiak zirenak. Hogeita hiru urtez, etengabeko gatazka luzeenetan eta antzinako itsas gerra handienetan, bi potentziek eskualdeko nagusitasunagatik borroka egin zuten, batez ere Mediterraneoko Sizilia uharteetan eta inguruko uretan. K.a. 250. urtean, Kartagoko Siziliako gotorleku nagusia, Lilibeo (Marsala modernoa), erromatarrek lehorretik setiatu zuten, baina kartagotarrak gai izan ziren Lazioko indarren erasoak uxatzeko. K.a. 248. urterako kartagotarrek Sizilian bi hiri besterik ez zituzten: Lilibeo eta Drepano; hauek ongi gotortuta zituztenez eta mendebaldeko kostaldean kokatuta egotean, itsasoz hornitu eta indartu zitezkeen, erromatarrek beren armada gorena oztopatzeko gai izan gabe[5][6]. Hamilkar Barkari[oh 1][7], Siziliako kartagotarren agintea hartu zuenean K.a. 247an, armada txiki bat baino ez zitzaion eman, eta kartagotar flota pixkanaka erretiratu zuen[8][9][10]. Hogei urte baino gehiago gerran egon ondoren, bi estatuak ekonomikoki agortuta zeuden eta borrokatzeko adin eta sasoi oneko gizonezkoen jaitsiera handia izan zuten[9][11]. Kartagoren finantza-egoera txarra zen, horren lekuko da Egiptori 2.000 talentu maileguen eskaera[oh 2][12], baina Ptolomeotar Erresumak ukatu egin zion[13]. Erroma ere ez ordaintze subiranotik gertu zegoen eta gizonezko herritar helduen kopurua, itsas armadari eta legioei eskainitakoak, %17 gutxitu zen gerra hasi zenetik[14]. Adrian Goldsworthy klasizistak erromatar soldaduen galerak ikaragarriak zirela esan zuen[15]. Kristo aurreko 243. urtearen amaieran, konturatu zirenean ez zutela Drepano eta Lilibeo harrapatuko blokeoa itsasoraino luzatu ezean, Erromako Senatuak flota berria eraikitzea erabaki zuen[16]. Estatuaren altxorra agortuta, Senatuak erromako hiritar aberatsenengana jo zuen, itsasontzi bana ordaintzeko. Dirua itzuliko litzaieke gerra irabazi ondoren, Kartagori ezarri beharreko erreparazioetatik. Emaitza 200 quinquerremetako flota bat izan zen, diru pribatuekin eraikia, ekipatua eta tripulatua[17]. Kartagotarrek flota handiagoa sortu zuten Siziliako hornidurak bideratzeko. Gaio Lutazio Katulo eta Kinto Valerio Faltoren agindupean flota erromatarrak atzeman zuen eta Egada uharteetako gudua hobeto trebatutako erromatarrek, gaizki hartakotutako kartagotar flota garaitu zuten[18][19]. Garaipen erabakigarri hau lortu ondoren, erromatarrek Sizilian lurreko operazioekin jarraitu zuten Lilibeo eta Drepanoren aurka[20]. Giskon une honetan aipatzen da lehenengo aldiz, Lilibeoko komandante gisa. Setioaren hasierako urteetan bere komandantea Himilkon izan zen. Ez da ezagutzen Giskonek noiz ordezkatu zuen. Giskonen agintaldian egoera militarra lasaia zen Lilibeoren inguruan; erromatarrek onartu zuten ezin zutela hiria erasotu, eta lur eta egurrezko horma sendoak eraiki zituzten kartagotar irteerak saihesteko, baina horiek hiriaren aurkako eraso gehiago ere oztopatzen zituzten[21], beraz, borrokaren gunea iparraldera mugitu zuten[22].

Lutazioren Ituna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Lutazioren Ituna

Laguntza-indarrak garaituta, Kartagoko Senatuak ez zuen nahi izan beste flota eraiki eta tripulatu ahal izateko beharrezko baliabideak esleitu. Nolanahi ere, litekeena zen kartagotarren goarnizioak gosez errenditzea, flota berria egin aurretik[23].

Horren ordez, Hamilkarri agindu zion erromatarrekin bake ituna negoziatzeko, lortu zitzakeen baldintzetan. Hamilkarrek bakea egiteko aginduari muzin egin zion, amore ematea ez zela beharrezkoa argudiatuz. Agian, arrazoi politiko eta bere sonagatik, Hamilkarrek ez zuen nahi loturik egon 23 urteko gerraren ondoren Kartagoren porrota formalizatzen zuen itunarekin. Uharteko kartagotarren eskarmentudunen artean, Giskonaren esku utzi zen bake baldintzak kudeatzea[1][24][23]. Giskonek eztabaidak ireki zituen Gaio Lutazio Katulorekin, Siziliako komandante erromatar garaile berriarekin. Aspaldiko erromatar prozedura zen urtero bi gizon izendatzea, kontsulak izateko, hau da armadaren buruzagiak. Katuloren agintaldia amaitzear zegoen eta bere ordezkoa Siziliara laster iritsiko zela espero zen. Horrek behin betiko bakea amaitzeko gogoa piztu zion, berak izan nahi zuelako gerra luze horri amaiera emango ziona[1][2]. Giskonek eta Katulok adostu zuten Kartagoren Siziliako jabegoak entregatuko zituela; erromatar preso guztiak erreskatarik gabe askatuko zituela, nahiz eta erreskateak ordaindu beharko lirateke erromatarrek zituzten presoen askatasuna ziurtatzeko; eta zilarrezko 2.200 talentutako kalte-ordaina pagatu (57.000 kilogramo), 20 urtez. Baldintza horiek Erromara bidali zirenean berresteko, baztertu ziren eta hamar lagunen batzorde bat bidali zen gaia konpontzeko. Batzordea Katuloren anaiak, Kinto Lutazio Zerkok, zuzendu zuen, kontsul lanetan aurrekoaren ordezkoa. Aldaketa hori negoziazioaren trikimailu bat izan zitekeen neurri handi batean. Giskonek bizkor adostu zituen beste kontzesio batzuk batzordearekin: Siziliatik gertuko hainbat uharte ere emango zitzaien[oh 3][12] eta 3.200 talentutara igo zen kalte-ordaina[oh 4][12], berehala ordaindu beharreko 1.000 talentu betebeharrekin eta kitatzeko epea 10 urtera murriztu zen. Lutazioren Itunean formalizatutako azken hitzarmenean beste klausula txiki batzuk zeuden[25][26]. Atoan, Hamilkarrek Siziliarren gaineko agindua eman zion Giskoni eta bere esku utzi zuen Kartagori formalki adostutakoaren berri emateko[27].


Mertzenarioen gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Mertzenarioen gerra

Siziliako kartagotar indarrek uhartearen gainerakoa ebakuatu eta Lilibeon kontzentratu ziren. 20.000 gizon horiek Siziliatik erretiratzea Giskonen esku zegoen. Horietako gutxi batzuk kartagotarrak baziren ere, gehienetan, Kartagok atzerritarrak kontratatzen zituen bere armada osatzeko. Asko Afrikako iparraldekoak, beste batzuek Iberiar penintsulakoak, galiarrak, Italiar penintsulakoak, greziarrak, Sizilia eta Balear uharteetakoak ziren[28][29]. Soldadu inaktibo berriak euren helburuetarako konbinatzea nahi ez zuenez, Giskonek armada destakamendu txikietan banatu zuen haien jatorrizko eskualdeen arabera. Geroago, Kartagora bidali zituen banan banan eta agindu zien, han, berehala zor zitzaien hainbat urteko ordainketa atzeratua jasoko zutela eta aurki etxera itzuliko zirela[24]. Hala ere, kartagotar agintariek, tropa guztiak iritsi arte itxarotea erabaki zuten, soldatei zegokienez, akordio merkeago bat nahi zutelako. Bitartean, talde bakoitzak heldu ahala, Kartago hirian hartzen zuen ostatu, non zibilizazioaren abantailak oso ondo hautematen ziren, hamar urteko setioaren ondoren. Horrela, 20.000 iritsi baino lehen, Sicca Venerian (gaur egungo Al-Kāf) birkokatu zituzten, 180 kilometroko distantziara, nahiz eta bere atzerapenen zati esanguratsu bat, joan aurretik jaso[30]. Beren diziplina militarrez aske eta zereginik gabe, gizonak euren artean hasi ziren kexatzen, eta kartagotarrek zor zutena baino gutxiago ordaintzeko egindako saiakera guztiak arbuiatu zituzten. Kartagotik 16 kilometrora, 20.000 soldadu Tunisiara joan ziren. Izuak jota, Senatuak ordainketa osoa egitea erabaki zuen, baina gudarostearen matxinatuek are gehiago eskatu zuten. Giskon, armadan ospe ona zuenez, Siziliatik ekarria izan zen K.a. 241ean, eta mertzenarioengana bidalia zor gehiena ordaintzeko adina diru zeramala. Honela ordaintzen hasi zen, eta kitapenari zegokionez, dirua bildu bezain laster ordainduko zitzaiela agindu zien. Nahigabeak behera egin zuela zirudien, baina arrazoi ezezagun batengatik diziplina hautsi zen. Zenbait soldaduk Kartagorekin inolako akordiorik ez zela onargarria berretsi eta gero, matxinada piztu zen eta disidenteak hil arte harrikatu zituzten. Giskon eta bere languntzaileak preso hartuak izan ziren baita zeramaten altxorra konfiskatua ere[31]. Spendio[oh 5], eta Mato[oh 6] jeneral izendatu zituzten. Bere lurraldearen bihotzean trebatutako, eskarmentudun eta kartagotarren aurkako armada baten albistea zabaldu zenean, hiri eta herri asko matxinatu ziren. Polibioren arabera[32][33][34][35], hornidurak, dirua eta errefortzuak iritsi ziren; 70.000 gizon gehiago. Soldata eztabaida Kartagoren estatua mehatxatzen zuen eskala handiko matxinada bihurtu zen[36][37]. Kartagok, gerraz nekatuta, ez zuen emaitza onik izan gerraren hasieran. Bere armada Hannonen agindupean zegoen; Nigel Bagnall historialari militarrak lehorreko komandante gisa gaitasunik eza zuela idatzi zuen[38][38]. Beranduago, K.a. 240ean, kartagotarrek, beste indar bat sortu zuten, txikiagoa, 10.000 soldadu ingurukoa, Hamilkarren agindupean jarri zuten[oh 7][38] Spendiok gidatutako 25.000 soldaduko indar errebeldeari aurre egiteko, zeinak ,oraindik, Giskon eta bere languntzaileak preso bitzituen. Hamilkarrek matxinatuen armada garaitu zuen Bagradas ibaiko guduan[36][39][40]. Hannon, Matoren aurka, Hipotik (gaur egungo Bizerta) gertu iparralderantz maniobratzen ari zen bitartean, Hamilkar, matxinatuei pasa zitzaien zenbait herri eta hiriren aurka borrokatu zen. Azkenean, kartagotar leialtasunera itzularazi zituenak diplomazia eta indarraren konbinazioaren bitartez. Matxinatuak jazarriak zirela jakitean, Hamilkarraren zalditeria eta elefanteen beldur, lur malkartsuan babesten ziren, bilatzaileak eta esploratzaileak harrituz[41][42].

Mertzenarioen gerra garaiko maniobra nagusiak

K.a. 239an, Hamilkarrek bere indarra Utikaren hego-mendebaldeko mendietara eraman zuen matxinoak gudara ekartzekotan[38], baina inguratua izan zen. Kartagotarrak suntsitzetik salbatu ziren, Navaras lider numidiar bat, Sizilian Hamilkarrekin zerbitzatu eta miretsi zuena, bere 2.000 zalditeriarekin kartagotarren aldera joan zelako[43][44]. Hori tamalgarria izan zen matxinoentzat, zeinek guduan 10.000 hildako eta 4.000 harrapatu izan baitzituzten[45].

Kartago utzi zuenetik, Hamilkarrek harrapatutako matxinoak ondo tratatu zituen eta bere armadan sartzeko edo etxera aske igarotzeko aukera eskaini zien. Eskaintza bera egin zien azken guduko 4.000 gatibuei[45]. Matxinoen buruzagiek tratamendu eskuzabal hori Navarasen defekzioaren ondoko motibazio gisa hauteman zuten eta, hori dela eta, beldur ziren beren armada desegingo ote zen. Bestela, bazekiten halako baldintza eskuzabalak pertsonalki ez zitzaizkiela zabalduko. Etsaien arteko borondate onaren aukera ezabatzeko, Giskon eta preso zeuden beste 700 kartagotar torturatu zituzten: eskuak moztu, kastratu, hankak hautsi eta zulo batera bota, bizirik lurperatuak izateko[43][46]. Hamilkarrek mendeku gisa bere 4.000 preso hil zituen. Une horretatik aurrera, bi aldeek ez zuten errukirik, eta borrokari ezohiko gogorkeriengatik, Polibiok Gerra amaigabea deitu zion[43][46]. Ondoren, kartagotarrek hartutako preso guztiak elefanteek zapalduta hil zituzten, matxinoek harrapatutako kartagotar ugari gurutziltzatu zituzten bitartean. [47][48]. K.a. 238an, Mendilerroko guduan, Hamilkarrek, bake-konferentzia batean, Spendio eta bere teniente nagusietako bederatzi preso hartu eta gurutziltzatu zituen[49][50].

  1. Hamilkar Barka Hanibalen aita zen.
  2. 2.000 talentu, gutxi gorabehera, zilarrezko 52.000 kg ziren.
  3. Seguruenik Lipari eta Egada uharteak.
  4. 3.200 talentu gutxi gorabehera 82.000 kg zilarrezkoak ziren.
  5. Esklabo erromatar iheslari hau, harrapatua izatekoatan, hiltzeraino torturatua izango zen.
  6. Kartagoren jarrerarekin pozik ez zegoen berberea, Afrikako bere jabetzetako zergen bilketari dagokionez.
  7. Buruzagi honek Siziliako armada gidatu zuen Lehen Gerra Punikoaren azken sei urteetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d LAZENBY (1996): 157 or.
  2. a b GOLDSWORTHY (2006): 128. or.
  3. GOLDSWORTHY (2006): 29–30 or.
  4. HOYOS (2007): 64–67, 73–74 or.
  5. BAGNALL (1999): 64–66 or.
  6. GOLDSWORTHY (2006), 94–95. or.
  7. LAZENBY (1996): 165 or.
  8. LAZENBY (1996): 144 or.
  9. a b BAGNALL (1999): 92-94 or.
  10. GOLDSWORTHY (2006): 95. or.
  11. BRINGMANN (2007): 127 or.
  12. a b c LAZENBY (1996): 158 or.
  13. BAGNALL (1999): 92 or.
  14. BAGNALL (1999): 91 or.
  15. GOLDSWORTHY (2006): 131. or.
  16. MILES (2011): 195 or.
  17. LAZENBY (1996): 49 or.
  18. MILES (2011): 196 or.
  19. BAGNALL (1999): 96 or.
  20. GOLDSWORTHY (2006): 125-126 or.
  21. LAZENBY (1996): 131 or.
  22. LAZENBY (1996): 122 or.
  23. a b BAGNALL (1999): 97 or.
  24. a b GOLDSWORTHY (2006): 133 or.
  25. LAZENBY (1996): 157, 158 or.
  26. GOLDSWORTHY (2006): 128, 129 or.
  27. LAZENBY (1996): 158, 159 or.
  28. GOLDSWORTHY (2006): 32 or.
  29. KOON (2015): 80 or.
  30. BAGNALL (1999): 112 or.
  31. HOYOS (2007): 66 or.
  32. BAGNALL (1999): 112-114 or.
  33. GOLDSWORTHY (2006): 133-134 or.
  34. HOYOS (2007): 371 or.
  35. HOYOS (2007): 63 or.
  36. a b SCULLARD (2006): 567 or.
  37. MILES(2011): 204 or.
  38. a b c d ECKSTEIN (2017):6 or. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "f" defined multiple times with different content
  39. MILES (2011): 207 or.
  40. BAGNALL (1999): 115-117 or.
  41. BAGNALL (1999): 117 or.
  42. MILES (1999): 207, 208 or.
  43. a b c MILES(2011): 208 or.
  44. HOYOS (2007): 150-152 or.
  45. a b BAGNALL (1999): 118 or.
  46. a b ECKSTEIN (2017): 7 or.
  47. MILES (2011): 210 or.
  48. GOLDSWORTHY (2006): 135 or.
  49. BAGNALL (1999): 121, 122 or.
  50. HOYOS (2007): 146-150 or.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]