Edukira joan

Hamar Aginduak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jekuthiel Soferren Hamar Manamenduak, 1768
Hamar aginduak Aezkoako euskaran Bonaparte printzeak bildu bezala (irudian, 3. agindutik 8.era)

Hamar Aginduak edo Dekalogoa kristautasunaren eta judaismoaren lege erlijioso eta moralen sail bat da. Bibliaren arabera, Sinai Mendian Jainkoak Moisesi ezagutarazi zizkion Hamar Aginduak, Israelgo herriak Egiptotik ihes egin ondoren. Bibliako Irteera liburuko 20:2-17an zein Deuteronomio liburuko 5:6-21ean azaltzen dira.

Hamar Aginduen zerrendaren bertsioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpenezko zerrenda laburtua:

  1. Jainkoa maitatuko duzu gainerako guztiaren gainetik.
  2. Ez duzu Jainkoaren izena alferrik erabiliko.
  3. Jaiegunak santuetsiko dituzu.
  4. Aita eta ama ohoratuko dituzu.
  5. Ez duzu erailko.
  6. Ez duzu ekintza lizunik egingo.
  7. Ez duzu lapurtuko.
  8. Ez duzu testigantza faltsurik egingo, ez eta gezurrik esango ere.
  9. Ez duzu pentsamendu edo ekintza lizunik onartuko.
  10. Ez dituzu besteren ondasunak desiratuko.

Elizen Arteko Bibliakoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Neu nauzu Jauna, zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena.
  1. Ez izan ni beste jainkorik.
  2. Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik. Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz: gorroto didaten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dut hirugarren eta laugarren belaunaldiraino ere; baina mila belaunaldiz agertzen diet onginahia maite nautenei eta nire aginduak betetzen dituztenei.
  3. Ez erabili alferrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko.
  4. Gogoan izan larunbata, Jaunari sagaratzeko. Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko; baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari, zeure Jainkoari, sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi den etorkinak ere. Zeren sei egunetan egin baitzituen Jaunak zeru-lurrak, itsasoa eta berorietan bizi den guztia, eta zazpigarren egunean atseden hartu baitzuen. Horregatik, larunbata bedeinkatu egin zuen Jaunak eta egun sakratutzat ezarri.
  5. Ohoratu aita-amak, luzaro bizi zaitezen, Jaunak, zeure Jainkoak, ematen dizun lurraldean.
  6. Ez hil inor.
  7. Ez egin adulteriorik.
  8. Ez ostu.
  9. Ez egin gezurrezko testigantzarik lagun hurkoaren aurka.
  10. Ez gutiziatu lagun hurkoarenik ezer: ez haren emazterik, ez morroi-miraberik, ez idirik, ez astorik, eta ez beste ezertxo ere.
»
Elizen Arteko Biblia, Irteera 20, 1-17, 2008

Linguae Vasconum Primitiae

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
«

¶ Hamar manamenduyac:

  1. Adoreçac iãgoycobat onhestz oroz gaynetic
  2. Haren ycena ez iura causa gabe vanoqui
  3. Ygandiac eta vestac sanctifica deuotqui
  4. Ayta eta ama ohoraiçac vici yçan lucequi
  5. Ehor erho eztaçala ez etare gaycetsi
  6. Norc veria vayecila emazteric ez hunqui
  7. Vercerena eztaçala ebaxi ez eduqui
  8. Fama gayciq eztemala lagunari falsuqui
  9. Bercen emazte alabac ez desira gayxtoqui
  10. Eçetare vnhasuna lecotbedi iustoqui.

Manamenduyac hoyec dira iangoycuac emanic
Hoc veguira diçagula salua guiten hegatic.

»
Bernat Etxepare: Linguae vasconum primitiae, 20. orria, 1545

Duvoisinen Bibliakoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
«
  1. Ni naiz hire Jainko Jauna, Egiptoko lurretik, gathibutasuneko etxetik ilkhi hautana. Ez duk izanen Jainko atzerik ene aitzinean.
  2. Ez duk eginen eskuzko jainkorik, ez-etare itxurarik zeru-gainean diren gauzenik, ez lurraren gainean direnenik, ez uretan luphean direnenik. Ez dituk hekiek adoratuko, ez-etare zerbitzatuko: ni naiz hire Jainko Jaun hazkarra, bekhaizkorra, aiten gaixtaginkeria bilhatzen dudana semeetan, ni gaitzirizkotan nadukatenen hirugarren eta laugarren belhauneko haurretan; Eta miletan ondokoen-ondoko miserikordia egiten dudana ni maithatzen nautenei eta ene manamenduak begiratzen dituztenei.
  3. Ez duk alferki erabiliko hire Jainko Jaunaren izena: Jaunak ezen ez du hobengabe idukiko haren izena gauza hutsetan erabiliko duena.
  4. Orhoit hadi larumbata sainduesteaz. Sei egunez hariko haiz lanean, eta eginen dituk hire lan guziak. Bainan zazpigarren egunean duk hire Jainko Jaunaren larumbata: ez duk egun hartan lanik eginen batere, ez hik, ez hire semeak, ez hire alabak, ez hire muthilak, ez hire neskatoak, ez hire abereak, ez hire etxean den arrotzak. Jaunak alabainan sei egunez egin izan zituen zeru-lur-itsasoak eta hekietan diren guziak, eta phausatu zen zazpigarren egunean: horren gatik Jaunak benedikatu eta sainduetsi du larumbata.
  5. Ohoratzak hire ait-amak, luzeki bizi hadientzat, Jainko Jaunak emanen darokan lurraren gainean.
  6. Ez duk hilen.
  7. Ez haiz lohikerian khutsatuko.
  8. Ez duk ohorgorik eginen.
  9. Ez duk hire lagunaren kontra lekhukotasun gezurrezkorik eginen.
  10. Ez diok hire lagunaren etxeari irritsik ekharriko; ez duk gutiziatuko haren emaztea, ez muthila, ez neskatoa, ez idia, ez astoa, ez eta deusere harena denik.
»
Duvoisin kapitaina: Bible Saindua, Eksodoa 20:2-17, (1865)

.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]