Hustar

Hustarrak (txekieraz: Husité edo Kališníci) Jan Husen ideien jarraitzaileak izan ziren. Higikunde sozial, politiko eta erlijiozkoa moldatu zuten XV. mendeko Erdialdeko Europan.
Erdi Aroaren azken aldera Bohemian bizi izan zen krisian bide dago Elizaren eta sistema feudalaren kontrako herri higikunde horren jatorria. Jabetzaren hirutik bat apaizgoaren esku zegoen, eta handiki eta burges gutxi batzuen eskuetan gainerakoa. Mugimenduaren ideologia Jan Hus eta Jeronimo Pragakoaren idatzi eta predikuetan islatu zen. Bi predikarion dotrinak Ebanjelioko pobretasuna eta hasierako Elizaren izpiritua zituen eredu. Mugimendua interes desberdinak zituzten taldeetan banatua zen: batetik, tabortarrak edo erradikalak, mirabe eta laborarien taldea; bestetik, utrakista edo moderatuena, jauntxo eta burges jendeak osaturikoa.
Wentzeslao IV.a erregearekin hitzarmen batera iritsi arren, Sigismundo anaiaren eta ondorengoaren aurka matxinatu ziren. Gerra zibilak 1419tik 1436 arte iraun zuen. Azkenean, 1433an utrakistek compactata deituriko itunak onetsi zituzten, katolikoekin batera tabortarren aurka borrokatu ziren, eta garaile irten. XVI. mendean Bohemiako hustar gehienak luterano egin ziren.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behe Erdi Aroan zehar eta bereziki XIV. mendearen bigarren erdialdean eta XV. mendearen hasieran, hainbat gatazka eta altxamendu gertatu ziren Europa osoan zehar, sistema politiko-ekonomikoa, hau da, feudalismoa, arriskuan jarri zutenak.[1] Mugimendu iraultzaile haien barruan hustarrek berebiziko garrantzia izan zuten, haiena “arrakasta” izan zuen bakarra izan zelako. Gatazka horren jatorria Behe Erdi Aroko krisian bertan dago, boterearen eta sistema feudalaren aurkako nekazari-altxamenduen zioa izan baitzen.[2]
Behe Erdi Aroko hasierako testuinguruak ez zuen aldaketa nabaririk ekarri, Europako biztanleriaren zati handienak landa-munduan bizitzen segitu baitzuen, feudalismoaren itzalpean, jaun feudalen eta nekazarien arteko harreman desorekatuak mantenduz[3]. Dena den, krisiak Europa osoa astindu zuen, XIII. mendean Europak aurreko mendeetan bizi izan zuen hazkundeak sabaia jo baitzuen eta sistema feudalaren ahultezia agerian utzi.[4]
Krisiaren eragileak asko izan ziren, adibidez nekazarien lursailen txikitzea oinordekotzen ondorioz, hazkunde estentsiboak sabaia jo zuen, luberritzeak jada ez baitziren bideragarriak, ekoizpen oso txikiko lurrak erabiltzen ari zirelako jada[4]. Horrekin batera, goseteek eta izurriteek Europako biztanleria astindu eta krisi egoera okertu zuen. Beraz, krisia sortu zuten faktoreak aurreko mendeetan zehar garatuz joan ziren, izugarrizko desorekak sortuz Europako landa guneetan, ez baitzegoen baliabiderik biztanleria guztiarentzat, hau da, produkzioak sabaia jo zuen. Horrek izugarrizko inflazioa sortu zuen, kredituen interes tasen igoera, diruaren debaluazioa… presio fiskalaren igoerarekin bat egin zutenak (hainbat herrialde, Frantzia eta Ingalaterra bezala, gerretan murgildurik baitzeuden), populazioaren pobretzea eraginez[5].
Gauzak horrela, 1347an Izurrite Beltzak Europa astindu zuen eta europar demografiaren ia heren bat akabatu; gainera, hurrengo hamarkadetan hainbatetan berragertu zen eta berreskurapena zaildu[6]. Egoera horretan, ekonomiak porrot egin zen, ekoizpena izugarri jaitsi baitzen eta esku lana asko murriztu, nekazarien heriotzen ondorioz. Horrek onurak ekarri zituen landa gunean, nekazariek lantzeko soro libre gehiago zituztelako, jaunengan egin zezaketen presioa areagotuz. Hala, jaun feudalen galera ekonomikoak izugarriak izan ziren Behe Erdi Aroan zehar, errentak ordaintzen zizkieten nekazari gehienak izurriteak hil baitzituen[6]. Sarreren gutxitze horren aurrean, jaun feudalek hainbat bide jarraitu zituzten egoera aldatzeko, errenten igoera, soldatak mugatzea edo joputza berrezartzea (zenbait tokitan)... Horrelako krisialdian, haien aurreko egoera berrezarri nahi zuten nobleen eta pobrezian eta menderatuta bizi ziren nekazarien arteko gatazkak saihestezinak ziren[7].
Beraz, XIV. mendean zehar gertatu ziren desoreka horien guztien ondorioz hainbat mugimendu iraultzaile eta matxinada izan ziren, Erdi Aroko sistema feudala kolokan jartzera heldu zirenak[1], besteak beste, Jacqueriea eta Ingalaterrako matxinadak.

Jaqueriea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIV. mendearen erdialdean, Izurrite Beltzaren lehen astinduaren ostean, nekazari matxinada garrantzitsu bat izan zen Frantzian, Jacquerie izenekoa. Lehena 1358an izan zen: Frantziak Ingalaterrarekin Ehun Urteko Gudan hogei urte murgildurik zeramatzan eta herrialdea krisi politiko, ekonomiko eta militar sakonean zegoen[8]. Gerra testuinguru horretan, jaunek zerga gero eta altuagoak ezartzen zizkieten nekazariei. Horretaz gain, Frantziako iparraldeko lurraldeetan konpainia askeen presentzia oso altua zen: hainbat herrixka eta hiri arpilatu zituzten. Beraz, zerga gero eta altuagoen aurrean eta jaunen babes urriaren aurka, nekazariek matxinatzea erabaki zuten.[8] Nobleen hainbat egoitza eta zenbait gaztelu suntsitu ostean, matxinatuak garaituak izan ziren. Gero, nobleen errepresioa oso bortitza izan zen. Laburbilduz, nekazari talde armatuen eztanda izan zen, nobleen eta botere aparatuen aurka[9].
Ingalaterrako matxinadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingalaterrako langileen mugimenduari zegokionez, 1381ean izan zen eta ia izaera nazionala izatera heldu, Ingalaterrako eskualde garrantzitsu askotan izan baitzuen eragina, baita hiriburuan bertan ere.[10] Altxamendu horren arrazoi nagusiak honako hauek izan ziren: landa eremuko nekazarien eta hirietako langileen egoera kaxkarra, Ehun Urteko Gerraren testuinguruan Ingalaterrak bizi zuen egoera txarra eta gerra finantzatzeko zerga berrien inposaketa.[10] Oso ondo antolatutako mugimendua izan zen altxamendu garaikideekin alderatuta, Ingalaterrako erregetza arriskuan jartzera heldu baitzen, mugimenduaren jatorria landa gunean bazegoen ere, hirietako biztanleen artean ere arrakasta izan baitzuen.[10] Matxinatuen helburu nagusia jaurgo zamen eta morrontzaren aurka egitea zen, hau da, sistema feudalaren aurka. Zenbaitetan Wat Tylerren matxinada izenaz ere izendatzen da, bera izan baitzen altxamenduaren buru, baina John Ball ere aipatu behar da: berrdintasuna aldarrikatzen zuen elizgizona zen, Wycliff-en ideietan oinarritua.[11] Azkenean, matxinatuek ez zuten arrakastarik izan, nobleen armadak Londresen garaitu baitzuen, eta altxamenduaren bi figura nagusiak, Wat Tyler eta John Ball, hil.[12]
Behe Erdi Aroko matxinada horiek izaera sozial argia zuten; halaber, izaera erlijioso erreformatzailea hartu zuten[13]. Bi mugimenduen atzean bi figura erreformatzaileren doktrinak agertzen dira, John Wycliff eta Jan Hus, lehena Ingalaterran eta bigarrena, Bohemian. Oso paper antzekoa izan zuten biek matxinadetan, haiek proposatutako doktrina erreformatzaileak izan baitziren matxinatuek aldarrikatu zituztenak.[14]
Orokorrean, haien ideiak ez zihoazen Eliza katolikoaren dogmaren aurka, haren erreforma eskatzen zuten heterodoxiak ziren. Dena den, oso arriskutsuak bilakatu ziren Eliza katolikoarentzat, izan ere, ideia erreformatzaileok izaera sozialekin bat egin zutelako, Elizaren pribilegioak ez ezik, indarrean zegoen sistema ekonomiko eta sozialaren probilegioak ere kolokan jarri zituztelako, hau da, feudalismoa[14]. Horregatik, Elizak heresiatzat sailkatu zituen.
Hustarren ideologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugimendu hustarra gizarte-iraultzatzat har daiteke, iraultza erlijioso eta soziala, eliza erromatarraren eta sistema sozial feudalaren zenbait alderdiren aurka zuzendua. Mugimenduaren helburua zen Eliza, politika eta gizarte egiturak sakonki aldatzea. Haien iraultzak ezaugarri komun ugari zituen XIV. mendeko herri-matxinadekin alderatura. Bi fase bereizi ziren prozesu horretan: lehenengoan, mugimenduaren helburu nagusia Elizaren, erlijioaren eta politikaren eremuan erabateko aldaketa sortzea zen; bigarrenean, bereziki botere politikoaren egitura eta Elizaren antolaketa bera aldatzean zentratu ziren[15].
Jan Hus teologoak mugimendu hustarrari hasiera eman zion, berak garatutako doktrinek eta bere bizitzako azken urteetako predikuek eta gertaerek mugimendua sortu eta bere etorkizunerako baldintzatu zuten, inspirazio iturri nagusia izanik. Bere predikuetan gogor egin zuen Elizaren simoniaren aurka. Haren ustez, Elizak ez zuen bat egiten Jesukristoren jatorrizko komunitateak aldarrikatutako bizimoduarekin[16] eta Wyclifen kritikak eta hausnarketak Elizarekiko Jainkoaren legeekiko inspirazio iturri handiak ziren. Pentsalari ingelesaren eraginpean, Husen doktrinaren oinarriak mamitzen joan ziren. Pixkanaka teologo bohemiarrak Elizan erreforma sakona egiteko ideiak garatu zituen, arlo erlijiosoan ez ezik, maila sozialean eta politikoan ere[17]. Elizaren diruzalekeria salatzeaz gain, bere herriaren bidegabekeriak eta pobreziak salatu zituen[18].
Bohemia eragin alemaniarren menpe zegoen: biztanleriaren gehiengoa jatorri txekiarrekoa izan arren, alemaniarrek boterearen baliabide eta kargu garrantzitsu gehienak zituzten[19]. Hus bertako arazo nazionalez jabetzen joan zen[16]. Era horretan, garatzen ari zen Elizaren doktrina berriei Bohemiako erreinuaren eskubideak gehitu zien, eta horrela pixkanaka herri xehearen abegia bereganatu[20]. Wyclefek lortu ez zuen helburuaz jabetu zen Hus: erreforma erlijioaren nahimena, identitate nazionalarekin eta iraultza sozialarekin elkartzea[19]. Egoera horren aurrean, txekiarrek beren burua pobretzat hartu zuten, eta eskaera sozialak erlijiosoekin eta txekiarrekin uztartu zituzten. Gainera, behe eta erdi nobleziak ere mugimendu horrekin bat egin zuen, azken finean haien boterearen galera nabaritzen ari baitziren alemaniarren eraginarengatik[21]. Hustarrek garrantzia handia eman zioten txekierari ere, eta horrek argi erakusten du mugimendu horrek ñabardura abertzale handiak dituela[22].
Utrakistak eta tabortarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mugimendua bi zatitan banatu zen: utrakistak (ideologiaz, moderatuenak) eta tabortarrak (erradikalenak: horrela esaten zaie, Tábor hiria sortu zutelako, beren gizarte itxaropenaren sinbolo gisa; uste da 40.000 pertsonak bat egin zutela hiria sortzeko). Tabortarrek eragin handiena izan zuten: iraultza sakona aldarrikatzen zuten, gerlari porrokatuenak eta nagusi militar nabarienak ziren, baita fanatiko erlijiosoak ere, sekta motako kutsuekin, milenarismoan sinesten baitzuten. Taldearen barnean sektore erradikalagoak egon ziren, liturgia mota guztien aurka eta bizitza guztiz komunitarioaren alde zeudenak, eta horietako batzuen artean doktrina milenaristak zabaldu ziren, sektore hori azkenean tabortarrek ezabatu zuten arrenn[23]. Tabortar gehienak jaun feudalen jopuak ziren. Iraultza sakona aldarrikatzearen adibidea da ez zutela ez jauregian ezta jabetza pribatuan sinesten, merkataritzari eta hiriari uko egiten zioten. Kristautasun nahiko primitiboa garatu zuten eta estamentuen arteko desberdintasun soziala debekatu zuten.
Sektore moderatuenak (noblezia txikia, burgesia, unibertsitateko maisuak...) negoziaketaren alde agertu ziren; beren lehen eskakizuna ogiaren eta ardoaren jaunartzearen onarpena zen (latineraz sub utraque); horregatik, utrakistak deitu zitzaien, baita kalizistak(kalizaren sinboloa zutelako) eta pragatarrak ere, batez ere hiritarrak zirelako. Batez ere txekieraz predikatu nahi zuten, eta Eliza pobrea izatea nahi zuten. Haiek bezala, tabortarrek ere horiek nahi zituzten, baina beren ideiak gehitu zituzten. Bi taldeak transubstantziazioaren aurka zeuden (nahiz eta transubstantziazioaren kontuak sektore moderatuenari izena eman —utrakistak—), hau da, ezinezkoa ikusten zuten ogian Kristoren gorputza islatuta egotea, alderdi horretan bat egiten zuten.
Hustar gerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jan Hus eta aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bohemiako eta Pragako errealitatea ezagututa, Jan Hus bere doktrinak garatzen hasi zen, apaizak Eliza erreformatzearen eta jatorrizko ohitura eta pobrezietara itzultzeko beharrez konbentzitzeaz aritu zen. Azkenean, Husek Bohemiako artzapezpikuarekin tentsioa izan zuen: horrek eztanda egin zuen 1409an Pragan, John Wycliffen jarraitzaileen aurkako anatema aldarrikatu zenean. Pixkanaka, Husen eta haren jarraitzaileen giroa berotzen hasi zen, Husek behin-betiko artzapezpikuarekin eta Elizarekin harremanak apurtu eta Wentzeslao IV.ak eta nobleziaren zati batek bere kontra egin zuen. Tentsioaren bilakaera horretan, oso erabakigarria izan zen Hus Eliza katolikoak eskumikatuta egotea. Ondorengo fasean, Hus gizarteko elitetik bananduta, behe-mailako gizarte sektoreak hurbildu zitzaizkion eta pixkanaka komunitate indartsua sortu zuen.
Konstantzako kontzilioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elizaren egoera XV. mendearen hasieran oso txarra zen, azken finean, zisma baten erdian zegoen Jan Husen testuingurua eta bestetik, Eliza katolikoan beren burua Aita Santutzat zuten hiru hautagai zeuden. 1413ko abenduan, Juan XXIII.ak, Sigismundo I.aren presiopean, Konstantzako hirian kontzilioa egitera deitu zuen. Erregeak horrekin gatazka politiko eta erlijiosoei amaiera jarri nahi zien. Horregatik, Sigismundo I.ak Hus gonbidatu zuen kontziliora, bere segurtasuna bermatzeko baimen inperial batekin; Husek gonbidapena onartu zuen, denen artean bere teoriak erakutsi eta haiek onartuak izatea nahi zuelako. Baina, azkenean, atxilotu eta sutara kondenatu zuten. Ez bera bakarrik, baita Jeronimo Pragakoa ere.
Erreformatik iraultzara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jan Husen exekuzioaren helburuak txekiar mugimendu erreformatzailea amaitzea eta Bohemiako erresuma baretzea ziren. Baina Hus eta Jeronimo beste era batean ikusiak izaten hasi ziren Bohemian, martirien izaera bereganatu zutelako. 1416tik, gizarteko sektore herrikoiak Jan Hus eta Jeronimo Pragakoa gurtzen hasi ziren eta 1417tik aurrera Kristoren laguntzaile eta erreformaren txekiarraren babesletzat hartu zituzten. Pixkanaka, iraultza prestatzen joan zen. Mugimendu erreformatzailea nazio mugimendu bilakatu zen eta gizarteko maila guztietan jarraitzaile gogotsu asko zituen. 1419ko uztailaren 30ean Jan Huseren aldeko jarraitzaile armatu asko Juan Zelivtarraren pulpituaren inguruan bildu ziren, eta horrek eraso egitera deitu zituen. Sermoiaren ondoren halaxe egin zuten: batzuek Pragako udaletxea hartu zuten, leihotik hogei zinegotzi bota eta Pragako Defenestrazioak deritzon ekintzarekin hustar gerrei hasiera eman zitzaion. Handik zenbait astetara, abuztuaren 16an Wentzeslao IV.a hil zenean, txekiar tronua hutsik geratu zen: horixe izan zen erreformatik iraultzara igarotzeko falta zen urratsa.
Hustarren aurkako gurutzadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1420an mugimendu hustarrak nolabaiteko batasun osoa lortu zuen eta hori islatu zen haien aurkako Lehen Gurutzadari aurre egin behar izan ziotenean, Pragako Artikuluen baitan lortu zuten adostasuna. Hala ere, oso nabariak izan ziren joera erreformatzailearen eta joera iraultzailearen arteko kontrakotasunak eta tirabirak.[24]
Bigarren eta Hirugarren Gurutzadak (1421ean eta 1422an) hustarren garaipenarekin ebatzi ziren. Baina 1421eko udaberrian talde moderatuenak tabortar heretikoak sutara kondenatu zituen. “Barne garbiketak” igaro eta gero, mugimendu hustarra gai izan zen 1427an haien aurka bideratu zen Laugarren Gurutzadari aurre egiteko. Laugarren Gurutzada lagungarria izan zen hustarren arteko barne-liskarrak baretzeko.
Iraultza egonkortu egin zen eta buruzagiek ideia hustarrak atzerriko erreinuetan hedatzea pentsatu zuten. Prokop Handia izan zen lehenengo espedizioaren buruan jarri zena[25]. Negoziaketarako lehen saiakera Bratislavan izan zen 1429an, baina negoziaketak porrot egin eta 1431n hustarren aurkako Bostgarren Gurutzada agindu zen[26]. Horren porrotak nazioartean oihartzun handia izan zuen.
Basileako Kontzilioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azkenean, bost gurutzaden porrotek heresia hustarren zabalpenaren beldurrek eta hustarrak zatitzeko alferrikako saiakerek eragin zuten 1431n Basileako Kontzilioa deitzea. Kontzilioaren helburua, hein batean, hustar kontserbadoreei laguntza ematea eta erradikalak isolatzea izan zen. Kontzilioan Compactata deritzen artikuluak onartu ziren, “Pragako Artikuluen” kopia moderatuagoak zirenak, sektore kontserbadoreena asebetetzeko. Artikuluon onarpenak sektore hustar moten arteko borroka armatua ekarri zuen[27].
Lipanyko bataila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azkenean, Lipanyko batailan indar inperial-katolikoek eta hustar moderatuek mugimendu tabortarra betirako suntsitu zuten, eta horiekin Prokop Handiaren heriotza eta porrot militarra gertatu zen.
Iraultza hustarraren ondorioak eta ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lipanyko batailaren ondoren mugimendu tabortarra betirako desagertu zen baina, hala ere, iraultzak gizartean aztarna sakonak utzi zituen XV. mendeko Bohemian. Iraultza sakona eskatzen zuten sektoreak atsekabetuta geratu ziren, eta bestetik aristokrazia indartuta irten zen. Hala ere, teologiari dagokionez, mugimendu hustarraren zantzuak geratu ziren XV. mendearen amaierako zenbait mugimendu erreformatzailetan, geroago altxamendu armatuak bihurtu zirenak[28]. Luzarora, Husen doktrinek XVI. mendeko Luteroren erreforman eragin handia izan zuten, horien artean predestinazioa, apaizgo unibertsala eta simoniaren aurkako ideiak. Luterok beltxargaren sinboloa erabili zuen, nolabaiteko erreferentzia eginez hustar mugimenduari, berari leporatu zioten Jan Husen ideiak hedatzearen helburua izatea eta Luterok behin esan zuen moduan: “nahiz eta ez jakin, denok hustarrak gara”[29]. Hein batean, hustarren erreforma ondo ez gauzatu izana Erreforma Protestantearen faktoreetako bat izan zen.[28]
Bestetik, Iraultza edo Erreforma hustarraren ondarea gelditu zen txekiar Elizari dagokionez, beren Eliza propioa mantendu ahal izan zutelako XVII. mendera arte. Azkenik, gaur egun Txekian Eliza hustarra propioa daukate eta kontzientzia eta mugimendu nazional txekiarrari dagokionez, oraindik Jan Hus txekiar historiako pertsonaia oinarrizkotzat hartzen da.[30]
Bohemian kontzientzia sortu zen, beren burua aldameneko herrialdeetatik bereizten zela, eta bazterkeria-sentsazio hori garai hartako politikarietan eta artistetan nabaritu zen, baina horrek, aldi berean, adierazten du iraultza hustarra mugimendu iraultzaile arrakastatsua izan zela, eta Erdi Aroko txekiar gizartean errotzea lortu zuela[31].
Suntsipen handia egon zen arren, iraultzak ez zituen txekiar herriaren indarrak ito, neurri handi batean lagundu zuen herriaren mendekotasun-egoera arintzen. Iraultza sakonki sartu zen jabetzan, garaiko egitura politikoan bezala. Puntu horretara iritsi zen, eta 1419tik aurrera burgesek estatu-mailako auzietan esku hartu zuten, eta Bohemiako erregeak aukeratzeko ahalmena izatera heldu. Mugimenduaren beste ondorioetako bat izan zen monarkia nazionalak laikotzeko bidea hartu zuela eta etengabeko liskarrean ikusten zela pentsamendu erromatarrarekin. Txekiera zabaltzeak gora egin zuen, eta hizkuntza ofizial bihurtu.[32]
Mugimendu berritzaile hustarra hasi zenetik, Jainkoaren egiak mundu osoan zehar zabaltzen ahalegindu ziren, haien ustez. Hori dela eta, mugimenduak nazioarteko eragin nahikoa lortu zuen, eta jarraitzaileak aurkitu zituen Europako hainbat herrialdetan. Eraso hustarrak Elizaren boterearen aurkakoak ere bazirenez, haren programa zabaltzeak agintari feudalen aurkako erresistentzia pizten zuen, herrialde bakar baten mugak gaindituko zituen mugimendu iraultzailea sortzeko oinarri zabala sortzen laguntzen baitzuen.[33]
Laburbilduz, iraultza hustarrak gizarteko arlo guztietan eragina izan zuen, antolamenduaren aldaketa erradikala ekarrita. Eliza Erromatarraren eta nobleziaren aurkako mugimendua izan zen, bereziki botere eta laguntza herrikoian oinarritua, eta eragina izan zuen Bohemiaz kanpoko herrialdeetan.
Kultura eta artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraultza hustarrak ez zituen kultura eta artea baztertu: are gehiago, literaturak eta musika-ekoizpenak erakusten dutenez, ez zen artearen galera izan, garai hartan haren gorengo unera iritsi baitzen. Poesia publiko berri batekin egin zen, eta atzean utzi ziren jaurerrietako eraginak eta kaleetara eta gizartearen oinarria zegoen leku publikoetara zuzendu zen. Literatura herrikoira pasatu ziren. Horregatik esan daiteke mugimendu horrek herritarren babesa izan zuela nagusiki.[34]
Beraz, aldaketen ondorioz, kultura, nolabait, demokratizatu egin zen. Sortzaile berriak sortu ziren, literatura-ekoizpena handitu, eta txekierak indar handia hartu zuen hizkuntza gisa. Kristoren legea ezagutzeko nahia, Txekiar Bibliarekiko maitasuna eta egia Ebanjelikoak lortzeko beharra kultura hezurraren motorraren parte ziren.[35]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/09/29 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Escribano Bernal. (2020)., 4 or..
- ↑ Monsalvo Antón, Jose María., 182 or..
- ↑ Monsalvo Antón, Jose María. (2016)., 182-183 or..
- ↑ a b Monsalvo Anton. (2016)., 184 or..
- ↑ Monsalvo Anton. (2016)., 184-185 or..
- ↑ a b Monsalvo Anton. (2016)., 185 or..
- ↑ Monsalvo Anton. (2016)., 186 or..
- ↑ a b Escribano Bernal. (2020)., 5 or..
- ↑ Monsalvo Anton. (2016)., 197 or..
- ↑ a b c Escribano Bernal. (2020)., 7 or..
- ↑ Alvarez Palenzuela. (2004)., 247 or..
- ↑ Alvarez Palenzuela. (2004)., 226-227 or..
- ↑ Alvarez Palenzuela. (2004)., 243 or..
- ↑ a b Alvarez Palenzuela. (2004)., 243-244 or..
- ↑ Macek. (1975)., 166 or..
- ↑ a b Macek. (1975)., 40 or..
- ↑ Macek. (1975)., 42 or..
- ↑ Monsalvo Anton. (2016)., 276 or..
- ↑ a b Grilló Zamora. (2013)., 45 or..
- ↑ Macek. (1975)., 43 or..
- ↑ Monsalvo Anton. (2016)., 276-277 or..
- ↑ Macek. (1975)., 168 or..
- ↑ Alvarez Palenzuela. (2004)., 256 or..
- ↑ Macek. (1975)., 94 or..
- ↑ Macek. (1975)., 145-147 or..
- ↑ Macek. (1975)., 148-150 or..
- ↑ Alvarez Palenzuela. (2004)., 257 or..
- ↑ a b Alvarez Palenzuela. (2004)., 258 or..
- ↑ Grilló Zamora. (2013)., 54-55 or..
- ↑ Grilló Zamora. (2013)., 54 or..
- ↑ Macek. (1975)., 171 or..
- ↑ Macek. (1975)., 175-177 or..
- ↑ Macek. (1975)., 179 or..
- ↑ Macek. (1975)., 172-173 or..
- ↑ Macek. (1975)., 173 or..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Álvarez Palenzuela, V. A (2004): “Wyclif y Hus: la reforma heterodoxa”, Clío & Crimen: Revista del Centro de Historia del Crimen de Durango, 1, 241-259 orr.
- Escribano Bernal, F. (2020): “El movimiento husita y la conflictividad del siglo XIV”, Revista Desperta Ferro: Centro universitario de la defensa de Zaragoza
- Grilló Zamora, M (2013): “El germen de la reforma: John Wycliff, Jan Hus y el Concilio de Constanza”, D. Moreno & E. Campo, koord., Estudios sobre Miguel Servet (VI), Zaragoza, I.E.S. Miguel Servet, 39-55 .orr
- Macek, J (1975): “La crisis de la sociedad medieval en Bohemia”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 20-36. orr
- Macek, J (1975): “Juan Hus”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 37-68. orr
- Macek, J (1975): “La revolución Husita”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 69-164. orr
- Macek, J (1975): “La revolución Husita”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 165-180. orr
- Monsalvo, J. M (2016): “Los movimientos campesinos de la Baja Edad Media en Flandes, Francia e Inglaterra”, Los conflictos sociales en la Edad Media, Madril, Síntesis, 183-190 orr.
- Monsalvo, J. M (2016): “Radicalismos cristianos y persecución religiosa en el periodo bajomedieval”, Los conflictos sociales en la Edad Media, Madrid, Síntesis, 265-290. orr