Edukira joan

Hustar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hustar predikua, Carl Friedrich Lessing, 1836

Hustarrak (txekieraz: Husité edo Kališníci) Jan Husen ideien jarraitzaileak izan ziren. Higikunde sozial, politiko eta erlijiozkoa moldatu zuten XV. mendeko Erdialdeko Europan.

Erdi Aroaren azken aldera Bohemian bizi izan zen krisian bide dago Elizaren eta sistema feudalaren kontrako herri higikunde horren jatorria. Jabetzaren hirutik bat apaizgoaren esku zegoen, eta handiki eta burges gutxi batzuen eskuetan gainerakoa. Mugimenduaren ideologia Jan Hus eta Jeronimo Pragakoaren idatzi eta predikuetan islatu zen. Bi predikarion dotrinak ebanjelioko pobretasuna eta hasierako elizaren izpiritua zituen eredu. Interes desberdinak zituzten taldetan banatua zen mugimendua: tabortarrak edo erradikalak, mirabe eta laborarien taldea, batetik, eta utrakista edo moderatuena, jauntxo eta burges jendeak osaturikoa, bestetik.

Wentzeslao IV.a erregearekin hitzarmen batera iritsi ziren, baina Sigismundo, haren anaia, eta ondorengoaren aurka matxinatu ziren. Gerra zibilak 1419tik 1436 arte iraun zuen. Azkenean, 1433an utrakistek compactata deituriko itunak onetsi zituzten eta katolikoekin batera tabortarren aurka borrokatu ziren, eta garaile irten. XVI. mendean Bohemiako hustar gehienak luterano egin ziren.

Behe Erdi Aroan zehar eta bereziki XIV. mendearen bigarren erdialdean eta XV. mendearen hasieran hainbat gatazka eta altxamendu desberdin eman ziren Europa osoan zehar indarrean zegoen sistema politiko-ekonomikoa, hau da, feudalismoa arriskuan jarri zutenak.[1] Mugimendu iraultzaile hauen barruan Hustarrek berebiziko garrantzia izan zuten, altxamendurik garrantzitsuenen artean koka baitezakegu eta “arrakasta” izan zuen bakarra izan baitzen. Koiuntura hain gatazkatsu honen jatorria Behe Erdi Aroan eman zen krisian bertan aurkitu dezakegu, boterearen eta sistema feudalaren aurka eman ziren nekazal altxamenduen zergatia izan baitzen.[2]

Behe Erdi Aroko hasierako testuinguruak ez zuen aldaketa nabarmenik ekarri, izan ere, Europako biztanleriaren zati handienak landa-munduan bizitzen jarraitu zuen, feudalismoaren itzalpean, jaun feudalen eta nekazarien arteko harreman desorekatuak mantenduz[3]. Dena den, garai honetan krisiak Europa osoa astindu zuen, XIII. mendean Europak aurreko mendeetan bizi izan zuen hazkundeak sabaia jo baitzuen, sistema feudalaren ahultasunak agerian utziz.[4]

Krisiaren eragileak asko izan ziren, adibidez nekazarien lursailen txikitzea herentzien ondorioz, hazkunde estentsiboak sabaia jo zuen, luberritzeak jada ez baitziren bideragarriak, produktibitate oso gutxiko lurrak erabiltzen ari zirelako jada[4]. Honekin batera, goseteek eta izurriteek Europako biztanleria astindu zuten, krisi egoera okertuz. Beraz, krisia sortu zuten faktoreak aurreko mendeetan zehar garatuz joan ziren, izugarrizko desorekak sortuz Europako landa guneetan, ez baitzegoen baliabiderik biztanleria guztiarentzat, hau da, produkzioak sabaia jo zuen. Honek izugarrizko inflazioa sortu zuen, kredituen interes tasen igoera, txanponen debaluazioa… presio fiskalaren igoerarekin bat egin zutenak (hainbat herrialde, Frantzia eta Ingalaterra bezala, gerretan murgildurik baitzeuden), populazioaren pobretzea eraginez[5].

Gauzak horrela, XIV. mendearen erdialdean, 1347. urtean hain zuzen ere, Izurrite Beltzak Europa astindu zuen, Europar demografiaren ia heren bat akabatuz. Gainera, hurrengo hamarkadetan izurritearen hainbat berragertze eman ziren, berreskurapena zailduz[6]. Koiuntura honetan, ekonomia kolapsatu egin zen, produkzioa izugarri jaitsi baitzen eta lan eskua asko murriztu zelako nekazarien heriotzen ondorioz. Honek onurak ekarri zituen landa gunean, nekazariek lur libre gehiago zituztelako lantzeko, jaunengan egin zezaketen presioa areagotuz. Hala, jaun feudalen galera ekonomikoak izugarriak izan ziren Behe Erdi Aroan zehar, errentak ordaintzen zizkieten nekazari gehienak izurriteak hil baitzituen[6]. Sarreren gutxitze horren aurrean jaun feudalek hainbat bide jarraitu zituzten egoera aldatzeko, errenten igoera, soldatak mugatzea edo joputza berrezartzea (zenbait tokitan)... Horrelako krisi koiuntura batean, haien aurreko egoera berrezarri nahi zuten nobleen eta pobrezian eta menderatuta bizi ziren nekazarien arteko gatazkak sahietsezinak ziren[7].

Beraz, XIV. mendean zehar eman ziren desoreka hauen guztien ondorioz hainbat mugimendu iraultzaile eta matxinada eman ziren, Erdi Aroko sistema feudala kolokan jartzera heldu zirenak[1]. Hauen artean garrantzitsuenak Jacquerie eta Ingalaterrako matxinadak izan ziren.

Gaston de Febo-ren eta Juan de Graily-ren tropek matxinatuak menderatzen Meaux-en

XIV. mendearen erdialdean, Izurrite Beltzaren lehen astinduaren ostean, nekazal matxinada garrantzitsu bat altxatu zen Frantzian, Jacquerie izenekoa. Lehen altxamendua 1358. urtean eman zen. Honezkero, Frantziak Ingalaterrarekin Ehun Urteko Gudan 20 urte murgildurik zeramatzan eta herrialdea krisi sakon batean zegoen murgildurik, krisi politiko, ekonomiko eta militarra[8]. Gerra testuinguru honetan jaunek gero eta zerga altuagoak inposatzen zizkieten nekazariei. Honetaz gain, Frantziako iparraldeko lurraldeetan konpainia askeen presentzia oso altua zen, hainbat herrixka eta hiri arpilatuz. Beraz, zerga gero eta altuagoen inposizioen aurrean eta jaunen babes urriaren aurka, nekazariek matxinatzea erabaki zuten.[8] Nobleen hainbat egoitza eta zenbait gaztelu suntsitu ostean, matxinatuak garaituak izan ziren. Ondoren nobleek aurrera eramandako errepresioa oso bortitza izan zen. Laburbilduz, nekazari talde armatuen eztanda bat izan zen nobleen eta botere aparatuen aurka[9].

Ingalaterrako matxinadak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrako langileen mugimenduari dagokionez, 1381. urtean eman zen eta ia izaera nazionala izatera heldu zen, Ingalaterrako eskualde garrantzitsu askotan izan baitzuen eragina, baita hiriburuan bertan ere.[10] Altxamendu honen arrazoi nagusiak honako hauek izan ziren: landa eremuko nekazarien eta hirietako langileen egoera kaxkarra, Ehun Urteko Gerraren testuinguruan Ingalaterrak bizi zuen egoera txarra eta gerra finantzatzeko zerga berrien inposaketa.[10] Oso ondo antolatutako mugimendua izan zen garaiko altxamenduekin alderatuz, Ingalaterrako erregetza arriskuan jartzera heldu zena, mugimenduaren jatorria landa gunean bazegoen ere, hirietako biztanleen artean ere arrakasta izan baitzuen.[10]  Matxinatuen helburu nagusia jaurgo zamen eta morrontzaren aurka egitea zen, hau da, sistema feudalaren aurka. Zenbaitetan Wat Tyler-en matxinada bezala ere izendatzen da, bera izan baitzen altxamenduaren buru baina komeni da John Ball ere aipatzea, igualitarismoa aldarrikatzen zuen elizgizon bat, Wycliff-en ideietan oinarritua.[11] Azkenean, matxinatuek ez zuten arrakasta lortu, nobleen ejerzituak Londresen irabazi baitzuen, altxamenduaren bi figura nagusiak, Wat Tyler eta John Ball erailez.[12]

Behe Erdi Aroko matxinada hauek, izaera sozial argia dutenak, izaera erlijioso erreformatzailea bat ere hartu zuten[13]. Bi mugimenduen atzean bi figura erreformatzaileren doktrinak agertzen dira, John Wycliff eta Jan Hus, lehena Ingalaterran eta Bigarrena Bohemian. Oso paper antzekoa izan zuten biek matxinadetan, haiek proposatutako doktrina erreformatzaileak izan baitziren matxinatuek aldarrikatu zituztenak.[14]

Orokorrean haien ideiak ez zihoazen eliza katolikoaren dogmaren aurka, heterodoxiak ziren soilik, elizaren erreforma eskatzen zutenak. Dena den, oso arriskutsuak bilakatu ziren eliza katolikoarentzat, izan ere, ideia erlijioso erreformatzaile hauek izaera soziala zuten ideia erreformatzaileekin bat egin zutelako, ez soilik elizaren pribilegioak kolokan jarriz, baizik eta indarrean zegoen sistema ekonomiko eta soziala, hau da, feudalismoa[14]. Horregatik elizak heresiatzat sailkatu zituen ideia erreformatzaile hauek.

Hustarren ideologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu hustarra gizarte-iraultza bezala hartu dezakegu, iraultza erlijioso eta soziala, eliza erromatarraren eta sistema sozial feudalaren zenbait alderdiren aurka zuzendua. Mugimendu honen helburua zen eliz, politika eta gizarte egiturak sakonki aldatzea. Esan daiteke hustarren iraultzak ezaugarri komun ugari dituela XIV. mendeko herri-matxinadekin. Bi fase bereiztu ziren prozesu honetan; Lehenengo fasean, mugimenduaren helburu nagusia elizaren, erlijioaren eta politika sozialaren eremuan erabateko aldaketa sortzea zen. Mugimenduaren bigarren fasean bereziki botere politikoaren egitura eta Elizaren antolaketa bera aldatzean zentratu zirela esan daiteke[15].

Jan Hus mugimendu hustarrari hasiera eman zion teologoa izan zen, berak garatutako doktrinek eta bere bizitzaren azken urteetan egindako predikuek eta gertakizunek mugimendua sortu eta bere etorkizunerako baldintzatu zuten, Jan Husen bizitza, inspirazio iturri nagusiena izanik. Husek bere predikuetan gogor egin zuen Elizaren simoniaren aurka. Bere ustez, Elizak ez zuen bat egiten Jesukristoren jatorrizko komunitateak aldarrikatutako bizimoduarekin[16]. Jan Husentzat Wyclif-en kritikak eta hausnarketak elizarekiko Jainkoaren legeekiko inspirazio iturri handiak ziren. Pentsalari ingelesaren eraginpean Husen doktrinaren oinarriak mamitzen joan ziren. Pixkanaka teologo bohemiarrak elizan erreforma garrantzitsua burutzeko ideiak garatu zituen, baina ez soilik arlo erlijiosoan, baita maila sozialean eta politikoan ere[17]. Elizaren diruzalekeria salatzeaz gain, bere herriaren injustiziak eta pobreziak salatu zituen[18].

Herrialde txekiarra eragin alemandarren menpe zegoen, nahiz eta biztanleriaren gehiengoa jatorri txekiarrekoa izan, alemandarrek boterearen baliabide eta kargu garrantzitsu gehienak kontrolatzen zituzten[19]. Jan Hus Bohemiaren arazo “nazionaletaz” jabetzen joan zen[16]. Era horretan, garatzen ari zen elizaren doktrina berriei Bohemiako erreinuaren eskubideak gehitzen hasi zien, horrela pixkanaka gizarteko maila sozial herrikoien sinpatia bereganatuz[20]. Esan dezakegu Husek, Wyclefek lortu ez zuen helburua lortu zuela: erreforma erlijioaren nahimena, identitate nazionalarekin eta iraultza sozialarekin elkartzea[19]. Egoera horren aurrean, txekiarrek haien burua pobretzat hartu zuten, eta eskaera sozialak, erlijiosoekin eta txekiarrekin uztartu zituzten. Gainera, behe eta erdi nobleziak ere mugimendu honekin bat egin zuen, azken finean haien boterearen galera nabaritzen ari baitziren alemandarren eraginarengatik[21]. Hustarrek garrantzia handia eman zioten hizkuntza nazionalari ere, eta horrek argi erakusten du mugimendu horrek konnotazio abertzale handiak dituela[22].

Utrakistak eta tabortarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tabor hiriko erdigunearen eraikinetako bat. Gaur egungo argazkia.

Mugimendua bi zatitan banatu zen: utrakistak eta tabortarrak. Esan genezake bando moderatuena utrakisteena zela, eta, ideologiari dagokionez, berriz, erradikalenak tabortarrak ziren. Tabortarrak esaten zaie Tábor izeneko hiria sortu zutelako, haien gizarte itxaropentsuaren sinbolo bezala. Uste da 40.000 pertsonak bat egin zutela hiria sortzeko. Tabortarrak izan ziren eragin edo inpaktu handiena izan zutenak. Hauek iraultza sakona aldarrikatzen zuten, talde honetan gerlari porrokatuenak eta nagusi militar nabarmenenak aurkitzen zirelarik, baina ahaztu gabe fanatiko erlijiosoak zirela, sekta motako kutsuekin, milenarismoan sinesten zutenak. Talde honen barnean sektore erradikalagoak egon ziren, liturgia mota guztien aurka eta bizitza guztiz komunitarioaren alde zeudenak, eta horietako batzuen artean doktrina milenaristak zabaldu ziren. Baina azkenean tabortarrek sektore hau ezabatu zuten[23]. Tabortar gehienak feudal jaunen jopuak ziren. Iraultza sakona aldarrikatzearen adibidea da ez zutela ez jauregian ezta jabetza pribatuan sinesten, merkataritzari eta hiriari uko egiten zioten. Kristautasun nahiko primitiboa garatu zuten eta estamentuen arteko desberdintasun soziala debekatu zuten.

Sektore moderatuenak (noblezia txikia, burgesia, unibertsitateko maisuak,...) negoziaketaren alde agertu ziren; haien lehen eskakizuna ogiaren eta ardoaren jaunartzearen onarpena zen (latineraz sub utraque), horregatik Utrakistak deitu zitzaien, baita ere Kalizistak, kaliza haien sinboloa zelako, eta Pragatarrak, batez ere talde hiritarrak zirelako. Esan bezala moderatuagoak ziren eta batez ere txekieraz predikatu nahi zuten, eta eliza pobrea izatea nahi zuten. Tabortarrek ere nahi zituzten horiek ere, baina haiek beraien ideiak gehitu zituzten. Bi taldeak transubstantziazioaren aurka zeuden (nahiz eta transubstantziazioaren kontuak sektore moderatuenari izena eman -utrakistak-), hau da, ezinezkoa ikusten zuten ogian Kristoren gorputza islatuta egotea, alderdi horretan bat egiten zuten.

Hustar gerrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hustar gerrak»

Jan Hus eta aurrekariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bohemiako eta Pragako errealitatea ezagututa, Jan Hus bere doktrinak garatzen hasi zen, apaizak eliza erreformatzearen eta jatorrizko ohitura eta pobrezietara itzultzeko beharretaz konbentzitzeaz aritu zen. Azkenean Husek Bohemiako artzapezpikuarekin tentsioa izan eta tentsio horrek eztanda egin zuen 1409. urtean Pragan, John Wycliffen jarraitzaileen aurkako anatema aldarrikatu zenean. Pixkana Jan Husen eta bere jarraitzaileen giroa berotzen hasi zen, Jan Husek behin-betiko artzapezpikuarekin eta elizarekin harremanak apurtu eta Wentzeslao IV.ak eta nobleziaren parte batek bere kontra egin zuen. Tentsioaren bilakaera honetan oso erabakigarria izan zen Jan Hus eliza katolikoarengandik ofizialki eskumikatua izana.

Jan Husek ondorengo fasean, garaiko elite sozialarengandik bananduta, behe-mailako gizarte sektoreen hurbilketa izan zuen eta pixkana komunitate indartsua sortu zuen.

Konstantzako kontzilioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizaren egoera XV. mendearen hasieran oso txarra zen, azken finean, zisma baten erdian kokatzen da Jan Husen testuingurua eta bestetik, eliza katolikoan haien burua aitasantutzat zuten hiru hautagai zeuden. 1413. urteko Abenduan, Juan XXIII.ak, Sigismundo I.aren presiopean Konstantzako hirian kontzilioa egitera deitu zuen. Erregeak kontzilio honekin gatazka politiko eta erlijiosoei amaiera jarri nahi zien. Horregatik Sigismundo I.ak Jan Hus gonbidatu zuen kontziliora joateko, bere segurtasuna bermatzeko baimen inperial batekin; Jan Husek gonbidapena onartu zuen, denen artean bere teoriak erakutsi eta hauek onartuak izatea nahi zuelako. Baina, azkenean, atxilotu eta sutara kondenatu zuten. Ez bera bakarrik, baita Jeronimo Pragakoa ere.

Erreformatik iraultzara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jan Husen exekuzioaren helburuak txekiar mugimendu erreformatzailearekin amaitzea eta Bohemiako erresuma baretzea ziren. Baina Hus eta Jeronimo beste era batean ikusiak izaten hasi ziren Bohemian, martirien izaera bereganatu zutelako. 1416. urtetik gizarteko sektore herrikoiak Jan Hus eta Jeronimo Pragakoa gurtzen hasi ziren eta 1417. urtetik aurrera Kristoren laguntzaile eta erreformaren Txekiarraren babesle bezala hartu zituzten. Pixkanaka iraultza prestatzen joan zen. Mugimendu erreformatzailea nazio mugimendua bilakatu zen eta gizarteko maila guztietan jarraitzaile gogotsu asko zituen. 1419. urteko uztailaren 30ean Jan Huseren aldeko jarraitzaile armatu asko Juan Zelivtarraren pulpituaren inguruan bildu ziren, eta honek erasotzeko deia bota zuen. Sermoiaren ondoren halaxe egin zuten, hustar talde batek Pragako udaletxea hartu, leihotik hogei zinegotzi bota eta “Pragako Defenestrazioak” deritzon ekintzarekin Hustar Gerrei hasiera eman zitzaion. Aste batzuen ondoren Wentzeslao IV.a hil egin zen abuztuaren 16ean, txekiar tronua hutsik geratuz. Gertaera hau izan zen erreformatik iraultzara igarotzeko geratzen zen azken faktorea edo pausua.

Hustarren aurkako gurutzadak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1420. urtean mugimendu hustarrak nolabaiteko batasun osoa lortu zuen eta hori isladatu egin zen haien aurkako Lehen Gurutzadari aurre egin behar izan ziotenean, Pragako Artikuluen baitan lortu zuten adostasuna. Hala ere oso nabariak izan ziren joera erreformatzailearen eta joera iraultzailearen arteko kontrakotasunak eta tirabirak.[24]

Bigarren eta Hirugarren Gurutzadak (1421. urtean eta 1422. urtean) hustarren garaipenarekin ebatzi ziren. Baina 1421. urteko udaberrian fakzio moderatuenak Tabortar heretikoak sutara kondenatu zituen.

“Barne garbiketak” igaro eta gero mugimendu hustarra gai izan zen 1427. urtean haien aurka bideratu zen Laugarren Gurutzadari aurre egiteko. Laugarren gurutzada lagungarria suertatu zen hustarren arteko barne-liskarrak baretzeko.

Iraultza egonkortu egin zen eta buruzagiek ideia hustarrak atzerriko erreinuetan hedatzea pentsatu zuten. Prokop Handia izan zen lehenengo espedizioaren buruan jarri zena[25]. Negoziaketarako lehen saiakera Bratislavan izan zen 1429. urtean, baina negoziaketak porrot egin eta 1431. urtean hustarren aurkako Bostgarren Gurutzada agindu zen[26]. Gurutzada honen porrotak nazioartean oihartzun handia izan zuen.

Basileako Kontzilioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenean, bost gurutzaden porrotek, heresia hustarren zabalpenaren beldurrek eta hustarrak zatitzeko alferrikako saiakerek eragin zuten 1431. urtean Basileako Kontzilioa deitzea. Kontzilioaren helburua, hein batean, hustar kontserbadoreei laguntza ematea eta erradikalak isolatzea izan zen. Kontzilioan Compactata deritzon artikuluak onartu ziren, hauek “Pragako Artikuluen” kopia moderatuagoa izan ziren, sektore kontserbadoreena asebetetzeko. Artikulu hauen onarpenak sektore hustar ezberdinen arteko borroka armatua ekarri zuen[27].

Lipanyko bataila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenean Lipanyko batailan, mugimendu Tabortarra betirako suntsitua izan zen indar inperial-katolikoen eta hustar moderatuen bandoarengatik, eta horiekin Prokop Handiaren heriotza eta porrot militarra eman zen.

Iraultza Hustarraren ondorioak eta ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lipanyko batailaren ondoren mugimendu tabortarra betirako desagertu zen, baina hala ere iraultzak aztarna sozial sakonak utzi zituen XV. mendeko Bohemian. Iraultza sakona eskatzen zuten sektoreak atsekabetuta geratu ziren, eta bestetik aristokrazia indartuta atera zen. Hala ere teologiari dagokionez mugimendu hustarraren zantzuak geratu ziren XV. mendearen amaierako zenbait mugimendu erreformatzaileetan, geroago altxamendu armatuak bihurtu zirenak[28]. Luzarora Hus-en doktrinek XVI. mendeko Luteroren erreforman eragin handia izan zuten, horien artean predestinazioa, apaizgo unibertsala eta induljentzien salmentaren aurkako ideiak. Luterok beltxargaren sinboloa erabili zuen, nolabaiteko erreferentzia eginez Hustar mugimenduari, berari leporatu zioten Jan Husen ideiak hedatzearen helburua izatea eta Luterok behin esan zuen moduan: “nahiz eta ez jakin, denok Hustarrak gara”[29]. Hein batean Hustarren erreforma ondo ez burutu izana faktoreetako bat izan zen Erreforma Protestantea pizteko.[28]

Bestetik Iraultza edo Erreforma Hustarraren ondarea gelditu zen txekiar elizari dagokionez, haien eliza propioa mantendu ahal izan zutelako XVII. mendera arte. Azkenik gaur egun Txekian eliza hustarra propioa daukate eta kontzientzia eta mugimendu nazional txekiarrari dagokionez, oraindik Jan Hus txekiar historiaren pertsonai oinarrizkotzat hartzen da.[30]

Bohemian kontzientzia sortu zen, beren burua aldameneko herrialdeetatik bereizten zela, eta bazterkeria-sentsazio hori garai hartako politikarietan eta artistetan nabaritu zen, baina horrek, aldi berean, adierazten du iraultza hustarra mugimendu iraultzaile arrakastatsua izan zela, eta Erdi Aroko Txekiar gizartean errotzea lortu zuela[31].

Suntsipen handia egon zen arren, iraultzak ez zituen txekiar herriaren indarrak ito, neurri handi batean lagundu zuen herriaren mendekotasun-egoera arintzen. Iraultza sakonki sartu zen jabetzan, garaiko egitura politikoan bezala. Puntu horretara iritsi zen, eta 1419. urtetik aurrera burgesek estatu-mailako auzietan esku hartu zuten, eta Bohemiako erregeak aukeratzeko ahalmena izatera heldu ziren. Mugimenduaren beste ondorioetako bat izan zen monarkia nazionalak laikotzeko bidea hartu zuela eta etengabeko liskarrean ikusten zela pentsamendu erromatarrarekin. Esan bezala, txekiera zabaltzeak garai hartan eztanda egin zuen, eta hizkuntza ofizial bihurtu zen.[32]

Mugimendu berritzaile hustarra hasi zenetik, Jainkoaren egiak mundu osoan zehar zabaltzen ahalegindu ziren, haien ustez. Hori dela eta, mugimenduak nazioarteko eragin nahikoa lortu zuen, eta jarraitzaileak aurkitu zituen Europako hainbat herrialdetan. Eraso hustarrak Elizaren boterearen aurkakoak ere bazirenez, haren programa zabaltzeak agintari feudalen aurkako erresistentzia pizten zuen, herrialde bakar baten mugak gaindituko zituen mugimendu iraultzailea sortzeko oinarri zabala sortzen laguntzen baitzuen.[33]

Beraz, laburbilduz, iraultza hustarra gizartearen arlo guztietan eragina izan zuen iraultza izan zen, garaian zegoen antolamenduaren aldaketa erradikala. Eliza Erromatarraren eta nobleziaren aurkako mugimendua izan zen, bereziki botere eta laguntza herrikoiean oinarritu izan zena. Iraultza hustarrak eragina izan zuen Bohemiaz kanpoko herrialdeetan.

Kultura eta artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultza hustarrak ez zituen kultura eta artea baztertu; are gehiago, literaturak eta musika-ekoizpenak erakusten dutenez, iraultza hustarraren garaia ez zen artearen galeraren une bat izan, baizik eta garai hartan haren gorengo unera aielgatzea lortu zuen. Poesia publiko berri batekin egin zen, eta atzean utzi ziren jaurerrietako eraginak edo influentziak eta kaleetara eta gizartearen oinarria zegoen leku publikoetara zuzendu zen. Literatura herrikoira pasatu ziren. Horregatik esan daiteke mugimendu honek herritarren babesa izan zuela nagusiki.[34]

Horregatik, izandako aldaketen ondorioz, kultura, nolabait, demokratizatu egin zen. Sortzaile berriak sortu ziren, eta literatura-ekoizpena handitu egin zen, eta txekiarrak indar handia hartu zuen hizkuntza gisa. Kristoren legea ezagutzeko nahia, Txekiar Bibliarekiko maitasuna eta egia ebanjelikoak lortzeko beharra kultura hezurraren motorraren parte ziren.[35]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Escribano Bernal. (2020)., 4 or..
  2. Monsalvo Antón, Jose María., 182 or..
  3. Monsalvo Antón, Jose María. (2016)., 182-183 or..
  4. a b Monsalvo Anton. (2016)., 184 or..
  5. Monsalvo Anton. (2016)., 184-185 or..
  6. a b Monsalvo Anton. (2016)., 185 or..
  7. Monsalvo Anton. (2016)., 186 or..
  8. a b Escribano Bernal. (2020)., 5 or..
  9. Monsalvo Anton. (2016)., 197 or..
  10. a b c Escribano Bernal. (2020)., 7 or..
  11. Alvarez Palenzuela. (2004)., 247 or..
  12. Alvarez Palenzuela. (2004)., 226-227 or..
  13. Alvarez Palenzuela. (2004)., 243 or..
  14. a b Alvarez Palenzuela. (2004)., 243-244 or..
  15. Macek. (1975)., 166 or..
  16. a b Macek. (1975)., 40 or..
  17. Macek. (1975)., 42 or..
  18. Monsalvo Anton. (2016)., 276 or..
  19. a b Grilló Zamora. (2013)., 45 or..
  20. Macek. (1975)., 43 or..
  21. Monsalvo Anton. (2016)., 276-277 or..
  22. Macek. (1975)., 168 or..
  23. Alvarez Palenzuela. (2004)., 256 or..
  24. Macek. (1975)., 94 or..
  25. Macek. (1975)., 145-147 or..
  26. Macek. (1975)., 148-150 or..
  27. Alvarez Palenzuela. (2004)., 257 or..
  28. a b Alvarez Palenzuela. (2004)., 258 or..
  29. Grilló Zamora. (2013)., 54-55 or..
  30. Grilló Zamora. (2013)., 54 or..
  31. Macek. (1975)., 171 or..
  32. Macek. (1975)., 175-177 or..
  33. Macek. (1975)., 179 or..
  34. Macek. (1975)., 172-173 or..
  35. Macek. (1975)., 173 or..
  • Álvarez Palenzuela, V. A (2004): “Wyclif y Hus: la reforma heterodoxa”, Clío & Crímen: Revista del Centro de Historia del Crimen de Durango, 1, 241-259 orr.
  • Escribano Bernal, F. (2020): “El movimiento husita y la conflictividad del siglo XIV”, Revista Desperta Ferro: Centro universitario de la defensa de Zaragoza
  • Grilló Zamora, M (2013): “El germen de la reforma: John Wycliff, Jan Hus y el Concilio de Constanza”, D. Moreno & E. Campo, koord., Estudios sobre Miguel Servet (VI), Zaragoza, I.E.S. Miguel Servet, 39-55 .orr
  • Macek, J (1975): “La crisis de la sociedad medieval en Bohemia”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 20-36. orr
  • Macek, J (1975): “Juan Hus”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 37-68. orr
  • Macek, J (1975): “La revolución Husita”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 69-164. orr
  • Macek, J (1975): “La revolución Husita”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A.,  165-180. orr
  • Monsalvo, J. M (2016): “Los movimientos campesinos de la Baja Edad Media en Flandes, Francia e Inglaterra”, Los conflictos sociales en la Edad Media, Madril, Síntesis, 183-190 orr.
  • Monsalvo, J. M (2016): “Radicalismos cristianos y persecución religiosa en el periodo bajomedieval”, Los conflictos sociales en la Edad Media, Madrid, Síntesis, 265-290. orr

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]