Inma Gomila
Inma Gomila | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1957 |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Urruña, 2011ko abenduaren 22a (53/54 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Deustuko Unibertsitatea lizentzia : ekonomia |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | ekintzailea eta enpresa exekutiboa |
Inma Gomila Carro (Bilbo, 1957 – Urruña, 2011ko abenduaren 22a)[1], enpresa kudeatzaile eta euskaltzalea izan zen. Euskaldunon Egunkariaren sorreran parte hartu zuen, eta haren itxiera operazioan atxilotu zuten pertsonetako bat izan zen 2003an.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilboko Deustu auzoan sortu zen 1957. Deustuko Unibertsitatean ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziatu zen, eta gaztetandik egin zuen enpresa kudeaketan lan, Iruña eta La Granja kafetegien kudeaketan Bilbon, eta Mataderos Monteron gero, Irunen.
1988tik Argia aldizkariaren Ametzagaiña taldean aritu zen kudeatzaile. Postu horretandik, Euskaldunon Egunkariaren sorreran ere inplikatu zen, eta egunkariko zuzendaritzan integratua egon zen 1991eko ekaina arte. Ondoren Ametzagaiña taldera itzuli zen. 2001 eta 2003 urteen artean, ekintzaile gisa enpresa proiektu propioa eratzen lan egin zuen (Diana Teknologia).
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985ean Simeón Barroso informatikariarekin ezkondu zen. Barroso gertuan izan zuen ekimen profesional askotan Gomilak, Ametzagaiña taldean, zein Egunkariaren sorrerako azpiegitura informatikoa antolatzen, edo Diana Teknologian. Bi seme izan zituzten, Odei eta Orhi, eta harreran beste bi hartu zituzten, Migel eta Sebas.
Urruñan jarri zen bizitzen familia, non bertako ikastolaren sortzaileetako bat izan zen Inma Gomila[1].
Egunkaria auzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003ko otsailaren 3an, Egunkariaren itxiera operazioan atxilotu zuten bost pertsonetako bat izan zen (emakumezko bakarra). Urruñan bizi zen, eta muga igaro zuen hegazkin bat hartzeko Hondarribian: zain zeukan Goardia Zibila. Bost egunez inkomunikaturik egon ostean 18.000 euroko fidantza ordainduta utzi zuten kalean. Tortura salaketarik aurkeztu ez zuen arren, lagunek jakin zuten oso bortizki tratatu zutela. Pello Zubiriaren bidez jakin zen, emakume izateagatik umiliazio sexistak pairatu behar izan zituela atxiloketako ziegetan[2]. Joan Mari Torrealdaik Gomilaren negarra ezagutu zuen[3].
Kasuak aurrera egin ahala, auzitegiek aferatik kanpo utzi zuten eta ez zuten epaitu.
Atxiloketa eta tratu txarrek bere osasunean eragina izan zutela susmatu izan dute lagunek, beste atxilotu batzuen kasuan bezala. 2010ean minbizia diagnostikatu zioten, eta 2011ko abenduan hil zen[4][1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Deustuko alaba, Urruñan ama, gureratutako dama» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).
- ↑ «Paperezko Hegoak (elkarrizketatua: Malores Etxeberria)» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Torrealdai: TORTURA y CÁNCER. “Itxi gabeko zauriak…”» IGOR MELTXOR (Escritor y analista político) 2015-04-14 (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Egunkaria, la muerte de un periódico que era inocente – Rebelion. (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).