Iruñeko burguak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Iruñeko udal plazaren zoruan dagoen irudia, hiru burguen kokapena markatzen duena.

Iruñeko burguak, Nabarreria, San Zerningo Burgua eta San Nikolasko Hiria, Erdi Aroan Iruñea hiria osatzen zuten burguak ziren, nork bere jatorria, nortasuna eta araudia zituela. Urte askotan zehar elkarren artean istilu ugari izan ondoren, 1423an Karlos III.ak batu zituen.

Nabarreria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nabarreria»

Garai kristauaren bigarren milurtekoaren hasieran, Iruñeak ez zeukan erromatar garaian adina populazio. Antso III.ak babespena eskaini zion, eta, katedralaren inguruko eremuan, Nabarreriako burguan hain zuzen ere, biztanleria berreskuratzen joan zen. San Migel izeneko burgutxoa ere sortu zen, baina ia dokumentaziorik ez dago.

Erromatar garaiko hiriko kale-egitura gorde bide zen lehen milurtekoan. Hala ere, antzinako Pompaelo Nabarreriako burgua baino handiagoa omen zen, inbasio musulmanek populazioa katedraleko muino aldera uzkurtu zelakoan. Nabarreriako gerran burgu hau erabat suntsitu ondoren, 1324z geroztik berriz eraikitzeari ekin zioten, kale berriak sortuz eta, hein batean, aurreko egitura errespetatuz. Juduen auzoa burgu honen hegoekialdean zegoen (egungo Artzapezpikuaren jauregian, Erregeko Santa Mariaren plazan eta Merced eta Tejeria kaleetan), 1154an, Antso VI.aren agindupean fundatuta.

San Zerningo Burgua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «San Zernin»
San Zerningo eliza.

Nabarreriatik kanpo sortu zen auzo hau, hasiera batean Pero de Rada apezpikuaren zaintzapean (1083-1115), jatorri okzitaniarreko populazioa finkatzeko. Tolosa Okzitaniako Saturdi Santuaren babespean sortua (euskal tradizioan Jondone Satordi du izena burguak), 1129an Alfontso I.a Nafarroakoak Jakako forua eman zion, erregearen jurisdikziopean geratuz.

Goi lautada batean, egungo udaletxearen atzeko aldean, eraiki zen. Bere parrokia nagusia San Zernin eliza zen. Haren hiri-egitura hexagonala eta simetrikoa da, San Frantzisko eta Descalzos kaleak muga eta Kale Nagusia erdikoa zituela. Hori dela eta, pentsatutako egitura dela dirudi. Geroago burgu hau handitu zen, besteak beste frantziskotarren konbentuarekin.

San Nikolasko Hiria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «San Nikolas kalea (Iruñea)»

San Nikolasko auzoa San Zerninen ondoan eraiki zen, haien artean etengabeko gatazkak sortuz. Errektangulu moldeko planta, bastida motako planta, dauka, Nafarroan Zangozak edo Garesek daukaten bezala. San Nikolas eliza gotorleku izan zuen, balizko kanpoko eraso baten aurrean baita San Zerningo burgutik etorri zitekeen aurrean ere. Biztanleria ere frankoa da, baina nafarren proportzioa San Zerninen baino altuagoa zen.

Burguen arteko hartu-emana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nabarreriako gerra»

Apezpikuen agindupean zeuden hiru burguak. Nolanahi ere, haien arteko erlazioak istilutsuak izan ziren, eta batzuetan gatazka armatuak ere gertatu ziren. Horien eragin nagusiak bi ziren: Nabarreria eta San Zerninen artean geratzen zen lur-eremua, eta, bestetik, Alfontso I.ak San Zernini emandako pribilegioak, zeinek beste bi bekaiztu zituen.

1213an hogei urterako su-etena adostu zenez gero, horren aurretik ere borrokak suertatu zirela esan daiteke. Halaber, hitza ez zen bete, 1222an San Zerningoek San Nikolasi eraso egin baitzioten. Horren ondorioz, eliza-gotorlekua erre zuten. Bi hauek haien arteko murru eta zangaren erabilpenarengatik ere borrokatu ziren. Eta biak batera Nabarreriari egiten zioten buru.

Gatazkaren erpina 1276an etorri zen. San Zerninek eta San Nikolasek, alde batetik, eta Nabarreriak, bestetik, elkarren aurka zituzten ezinikusiek, zein erresumako ondorengotzaren gaineko krisialdiak eta aldemeneko erresumen grinek eta esku-hartzeak matxinada bat eragin zuten, Nabarreriako gerra. Ondorioz, Frantziako armadak Nabarreria suntsitu zuen. Karlos I.ak, azkenean, 1324an, berriro auzo hori eraikitzeko baimena eman zuen.

Batasuneko Pribilegioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Batasuneko Pribilegioa»

Karlos III.ak, Iruñeko burguen arteko ika-mikak amaiarazi nahian, 1423an Batasuneko Pribilegioa plazaratu zuen. Horren bidez, hiri jurisdikzio horiek udal batean bildu ziten, armarri eta zerga bakarren azpian. Agindu horrek, aldi berean, hiruren arteko oztopo eta muga fisikoak suntsitzeko esan zuen, nahiz eta harresiak luze arte ez ziren desagertu.

Denboraren poderioz gatazka latz horiek ahaztu ziren. Hiruren arteko eremuan udaletxea eraiki zen. San Nikolas eta San Zerninen artekoan, berriz, Kale Berria sortu zen 1585an.

Plaza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Ingelesez) «1324 - 1423 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona . Noiz kontsultatua: 2017-09-13.