Itsas mika
Itsas mika | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Charadriiformes |
Familia | Haematopodidae |
Generoa | Haematopus |
Espeziea | Haematopus ostralegus Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 46,7 g 518 g |
Zabalera | 0,82 m |
Kumaldiaren tamaina | 3,2 |
Errute denbora | 25 egun |
Itsas mika (Haematopus ostralegus) glareolidae familiako hegazti zangaluzea da[1].
Bere generoan espezierik hedatuena da, mendebaldeko Europan, erdialdeko Eurasian, Kamtxatkan, Txinan eta Koreako mendebaldeko kostaldean bizi da. Euskal Herriko kostaldean negu garaian ikusten dira, adibidez Urdaibaiko paduratan[2].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegazti limikoloen artean handienetakoa da, 39-44 cm arteko luzera eta 72-83 cm arteko hego-zabalera baititu. Gainerako limikoloetatik erraz bereizten da, buru, bizkarralde eta hego beltzak eta azpialde zuria ditu. Mokoa gorri-laranja kolorekoa eta luzea da, 8-9 cm ingurukoa. Hankak arroxak ditu. Begia ere gorria du. Negu partean lepoko zuri bat agertzen zaio.
Gazteak buru beltz apalagoa du eta bizkarralde arrea. Begia marroia du eta mokoaren punta iluna izaten du[3].
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian ikusten ditugun itsas-mikek Europa iparraldean kumatzen dute. Ugalketa garaian gizakiaren presentzia eskasa dagoen hondartza, estuarioak, dunak, paduretako uhartetxoak, gatzagak eta itsaslabarren behekaldeak ere aukeratzen ditu. Landaretza urria duten eremuak ditu gustuko. Negu partean Europa hegoaldera edo Afrika iparraldera migratzen dute[3].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ornogabe mota ugari jaten ditu, lur-zizareak, intsektuak, moluskuak, krustazeoak... Limoetan mokoa erabiltzen du ukimenez harrapakina detektatzeko[4]. Bibalbo eta karramarroen oskola zulatzeko gai da, bai eta lapa, muskuilu eta berberetxoak arrokatik askatzeko ere[3].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apirila eta iraila artean ugaltzen da. Bikoteak habia lurrean ezartzen du, gainerako kideetatik urruti. 20 cm-ko diametroa eta 5-7 cm arteko sakonera duen zulo bat egiten du eta oskol eta harritxoz inguratzen du. Hiru arrautza jartzen ditu, kolore anitzekoak baina orbain ilus asko dituztenak, eta guraso biek txitatzen dituzte 24-27 egunetan zehar. Txitak jaio eta gutxira gai dira habiatik ateraeta beren kabuz elikatzeko. 28-32 egun igaro ondoren erabat garaturik daude[3].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean, Systema naturae liburuaren hamargarren edizioan[5], eta gaur egun duen izena eman zion[6]. Lau azpiespezie ditu[7]:
- Haematopus ostralegus ostralegus (Linnaeus, 1758), Europan bizi dena.
- Haematopus ostralegus longipes (Buturlin, 1910), erdialdeko Asian eta Errusian bizi dena.
- Haematopus ostralegus buturlini (Dementiev, 1941), Kazakhstan eta Txina artean bizi dena.
- Haematopus ostralegus osculans (Swinhoe, 1871), Kamtxatkan eta Txinako iparraldean bizi dena.
Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haematopus izenak grekerazko bi hitz elkartzen ditu, hematos (αἷματος) "odola" eta pus (πούς) "hanka", dituen hanka gorriei erreferentzia eginez, eta ostralegus izena latinezko bi hitzen elkarketatik dator ostrea "ostra" eta legere "aukeratu", moluskuak jaten dituelako[8]. Hizkuntza askotan izen hori ematen zaio, gazteleraz ostrero, frantsesez huîtrier pie eta ingelesez oyster catcher, esate baterako.
Euskarazko izena aldiz bere kolore beltz eta zuriagatik da mikaren antza baitu, baina hure ez bezala hau kostaldean agertzen da.
Folklorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsas mika Faroetako hegazti nazionala da. Bertan tjaldur izenaz ezagutzen dute. Iparraldeko Europako hainbat hiritako armarrian ere agertzen da, adibidez Wrixum[9] (Alemania) edo Wirral (Ingalaterra).
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Itsas mika txitarekin.
-
Neguan lepoko zuria azaltzen zaio.
-
Itsas mika hegan.
-
Itsas mika hegan.
-
Itsas mika multzo handia.
-
Itsas mika gaztea.
-
Arrautzak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ BirdLife International (2004). Haematopus ostralegus. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
- ↑ «Urdaibai.org. Urdaibaiko Galtzagorriak» www.urdaibai.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
- ↑ a b c d «Ostrero euroasiático» SEO/BirdLife.
- ↑ The Birds of the Western Palearctic. Oxford University Press ISBN 0-19-854099-X..
- ↑ Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
- ↑ «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
- ↑ www.worldbirdnames.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
- ↑ Jobling, James A. (2010). The Helm Dictionary of Scientific Bird Names. London: Christopher Helm, 184, 286 or. ISBN 978-1-4081-2501-4..
- ↑ «Wrixum» www.wrixum.de (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).