Edukira joan

Itsas zaldi muturmotz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsas zaldi muturmotz
Iraute egoera

Daturik gabe  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSyngnathiformes
FamiliaSyngnathidae
GeneroaHippocampus
Espeziea Hippocampus hippocampus
Linnaeus, 1758
Kumaldiaren tamaina865
Errute denbora25 egun

Itsas zaldi muturmotza (Hippocampus hippocampus) Syngnathidae familiako ur gaziko arraina da, ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi dena[1].

Hippocampus generoko gainerako itsas zaldietatik bereizten duen ezaugarri nabarmenena mutur laburra da, buru osoaren heren batetara iristen ez dena[2]. Muturraren punta gorantz du[3]. Begi bakoitzaren gainean adar bana du.

Itsas zaldi muturmotzaren gorputza gehienez 15 cm luze da eta hezurrezko eraztun angelutsuak ditu. Hezurrezko plakek estaltzen dute gorputza[4]. Isatseko hegatsa falta du eta haren ordez buztan oratzaile bat du[5], algatan eta landare zurtoinetan finkatzea ahalbidetzen diona, bai eta ugalketa garaian bikotea oratzeko ere[3].

Bizkarreko eta alboetako hegatsek abaniko itxura dute baina oso finak dira. Bizkarrekoak 16-18 izpi ditu eta lerro ilun bat du ertzaren paralelo. Hau erabiliz horizontalean mugitzen da eta azkar mugitzen du, 3 aldiz segundoko. Alboetako hegatsak 13-15 izpi ditu eta zakatzen irekieraren azpian txertatzen zaizkio. Horiekin mugimendu bertikalak egiten ditu eta egonkortzeko ere erabiltzen ditu.

Hainbat kolore izan ditzake itsas zaldi muturmotzak, beltza, gorrindola, laranja edo marroia esate baterako. Inguruko balditzen arabera alda dezake kolorea eta kamuflatzea lortzen du. Batzuetan puntu zuriak ere izaten ditu.

Sexu dimorfismoa du, arrak sabelalde handiagoa eta borobilagoa du, emearen sabelaldea aldiz 90º-tako angelu batez amaitzen da.

Itsas zaldi muturmotzak 3 eta 5 urte artean bizi dira.

Egunean zooplanktona osatzen duten 30-50 krustazeo txiki irensten ditu. Geldi egoten da kamuflatuta eta albotik pasatzen zaizkion animaliak harrapatzen ditu. Independenteki mugitzen diren begiek laguntzen diote harrapakinak lokalizatzen. Gutxi mugitzen da, gehienez ere 18 m2-ko eremuan mugitzen da egunean. Ez du hortzik ez urdailik, horrela beraz muturra erabiliz animalia xurgatu eta azkar igarotzen zaio digestio aparatuan zehar. Kopuru handiak harrapatu behar dituzte, bakoitzaren aprobetxamendua nahiko eskasa baita. Zurrupaketa bakoitzak soinu lehor bat ateratzen du.

Apirila eta urria artean izaten da ugalketa aldia, baina inguruko baldintzek markatzen dute; uraren tenperatura, argiaren iraupena eta intentsitatea edota uraren uhertasunak eragina izango du[3].

Arra eta emea buztanak erabiliz lotzen dira. Ezkon dantza horrela egin ondoren emeak arrautza poltsa bat ematen dio arrari. Honek duen inkubazio poltsa ehun bigunez estalita dago eta gelaxka ugari ditu, bakoitzean arrautza bat sartzen du. Hainbat emerekin elkartu daiteke arra eta denez arrautzak emango dizkiote inkubazio poltsan sar ditzan. 20-21 egun pasa ondoren itsas zalditxoak jaioko dira, ar bakarrak 50-100 inguru erditu ditzake. Itsas zaldi zaharragoek kopuru handiagoak askatzen dituzte. Itsas zaldi txikiak askatzeko unea oso nekagarria izaten da aitarentzat, zurtoin batean finkatu eta sabela harkaitz edo oskol baten kontra igurzten du denak atera daitezen. Lehenengo egunetan itsas zaldi jaio berriak aitaren poltsara sartuko dira arriskua somatzen duten aldiro[3].

Itsas zaldi muturmotza.

Ozeano Atlantikoaren ekialdeko eremu azpitropikaletan zabaldurik dago, Azore, Madeira eta Kanarietan eta Irlanda, Eskozia, Ingalaterra eta Wadden itsasotik Afrika itsasertzean zehar Ginearaino. Mediterraneoan ere aurkitzen da[2].

Kostaldetik gertu bizi da, normalean 10-30 metrotako sakoneran[4], gehienez ere 60 metrotako sakoneran. Hondo hareatsuak atsegin ditu, materia organiko ugari dutenak[4] eta alga eta belardiak ugari dituztenak, Posidonia zelaietan esate baterako[5]. Ur uharretan aurkitzea ohikoa izaten da[6].

Babesturiko espeziea da[4]. Asko harrapatu izan da, lehortu eta dekorazio elementu gisa saltzeko, bai eta Asiako hainbat herrialdetan botika tradizional gisa erabiltzeko[5].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. BBC News. (2007-04-07). Rare seahorses breeding in Thames. .
  2. a b «Hippocampus hippocampus, Short snouted seahorse : fisheries, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  3. a b c d (Ingelesez) «Short snouted seahorse (Hippocampus hippocampus) - MarLIN - The Marine Life Information Network» www.marlin.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  4. a b c d «Club de Inmersión Biología :: 21. Peces óseos, Hippocampus hippocampus» www.cibsub.cat (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  5. a b c (Gaztelaniaz) «Caballito de mar común • Hippocampus hippocampus • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  6. «MarLIN - The Marine Life Information Network» web.archive.org 2015-09-05 (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]