Japoniako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Tokio japoniar finantzen zentroa da.

2018an Japoniako ekonomia munduko 3. handiena izan zen.

Japoniako ekonomia oso indartsua da, nahiz eta berezko baliabideetan herri pobrea izan. Neurri txikikoa izanik, 1945eko porrotak oso kaltetuta gelditu baitzen, baliabide askotan atzerriaren mendeko (petrolio ia guztia inportatu behar du, ikatza eta metal gehienak, elikagaien % 60), munduko bigarren herrialderik aberatsena da gaur egun, Estatu Batuen atzetik; planetako NPGren % 15 japoniarra da gaur eta 1960. urtean % 4 baino ez zen. 1955-1973 urteetan gertatu zen "japoniar miraria": batez besteko urteko hazkunde tasa % 10etik gorakoa zen; handik aurrera hedatu zen kanpora Japoniako ekonomia. Japoniak usadiozko industrietan leku garrantzitsua betetzen du (munduko aurrenekoa auto eta itsasontzigintzan, bigarrena burdin eta kimikagintzan, hirugarrena ehungintzan), eta orobat teknologia modernokoetan (elektronika, errobotika, material berriak), eta lehiakiderik ez du eremu jakin batzuetan, ikus-entzutekoetan adibidez. Arrakasta horren oinarrian, batetik, gizarte kohesio handia dago (etnia homogeneotasuna, hierarkia hertsien errespetua, lanaren gurtza), eta, beste aldetik, enpresen antolamendua: banku eta industria talde izugarriak eratzen dituzte, eta enpresa txiki eta ertainak ere sare zabaletan daude antolatuak, handientzat lan egin eta krisia bada egoera arintzen dutenak.

Industria eta hirugarren sektorea izanik Japoniako ekonomiaren esparru nagusiak; nekazaritza bazterrekoa jarduera da; NPGren % 4 da eta langileen % 8 hartzen ditu; nekazarien % 80k, gainera, beste enpleguren bat du. Eremu estuak lantzen dira (lurralde osoaren % 15), oso ustiagune txikietan, urbanizazioaren mehatxupean beti: nekazaritzak lurren % 1 galtzen du urtero. Oso nekazaritza intentsiboa da eta estatuaren diru laguntza handiak ditu, barne merkatua babestua duen arrozgintzak bereziki. Arrantza eta akuikultura (1995ean, munduko 4.a), elikaduraren funtsezko oinarriak dira, baina, guztira, elikagaiei dagokienez, Japonia da munduko lehen inportatzailea. Industria ekoizpena oso zabala da, eta erabiltzen dituen metodoak eredu dira mundu osoan; japoniar esportazioen % 95 baino gehiago da. Ia osorik atzerriaren mendeko da lehengaietan, baina elektrizitate ekoizpena ugaria da (munduko hirugarrena 1995ean), eta garraiobideak bikainak dira: errepide eta burdinbide sareak oso modernoak dira, eta portuen gaitasuna munduko garrantzitsuenetakoa eta eraginkorrenetakoa da. Gero eta gehiago, Japoniak garapen bidean diren herrietara eramaten ditu industria kutsagarriak edota prestakuntza gutxiko langile asko behar dituztenak, eta Ipar Ameriketara eta Europara herri garatuen merkatuetara hobekien egokitzen diren ekoizpenak (automobilak, magnetoskopioak, bideoak); bertan geratzen dira, beraz, teknologia garatueneko industriak, balio erantsi handia duten ekoizpenak eta ikerketa. Hirugarren sektoreko jarduerak, azkenik, oso garrantzitsuak dira gaur: 10 biztanletik 6 enplegatzen ditu sektore horrek, eta, banaketa eta zerbitzuen alor klasikoen aldamenean, munta handikoak dira gaur komunikazio, aisialdi eta kultura jarduerak. Ozeano Barearen aldeko hiru guneetan –Kanto (Tokio), Kansaï (Osaka-Kobe) eta Chukyo-Tokaï (Nagoya)–, biltzen dira Japoniako biztanleen % 50 eta ekonomia jarduera eta azpiegitura nagusiak. Kopuru handiegia izanik, arazoak latza dirak; 1950az gero egitarau bereziak aplikatu badira ere eskualdeen arteko oreka hobetzeko, ezer gutxi lortu da. “Ifrenzuko” Japonian (iparraldekoa eta mendebaldekoa), behin-behineko konponbideak baino ez dira egin.

Lehen mailako potentzia ekonomikotzat aitortua delarik, eginkizun militarrak sendotu ditu eta pisu diplomatikoa areagotu du Japoniak. 1995ean gorabehera handiak izan dira, ondorio ekonomikoak eta baita psikologikoak ere izan dituztenak: Kobeko lurrikara, gas pozoitsuaz metroan egindako atentatua, yenaren goraldia. Aldi berean, lehia gogorrean dihardu gainerako potentziekin.

1997. urtean, “asiar krisia” deitu denak, gogor eragin zion Japoniako ekonomiari. Japoniak inguruko herrialdeetara egiten zituen esportazioek behera egin zuten, hain zuzen ere defizit publikoa onbideratzeko gobernuak zergak jaso berriak zituenean. Eskariaren bat-bateko beherakadak arazoak sortu zituen banku sektorean, eta orobat ekarri zuen mailegu krisi bat, egoera areago larritu zuena. Orduz geroztik, diru merkerko politika eta gastu publikoko egitarau izugarriak abian jarri ziren arren, azken urteetan atzera egin du japoniar ekonomiak. 2.000. urtearen erdialdean, atzeraldia gainditzen hasi ote den lehen seinaleak agertu dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]