Edukira joan

Joanes Etxakon

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joanes Etxakon
Baile

Bizitza
Jaiotza1490(e)ko hamarkada
Heriotza1535 (35/45 urte)
Jarduerak
Jarduerakfuntzionarioa
Senpereko gazteluaren hondakinak

Joanes Etxakon Salazar, Senpereko (Lapurdi, Frantziako erresuma) eta Etxakoneko (Duzunaritze, Nafarroako erresuma) jauna, Nafarroako buruzagi militar bat izan zen Nafarroako independentziaren aldeko gerla denboran.

Etxakonea zen Duzunaritzeko etxe noble bat, eta haren jaunak bazuen tokia Nafarroako Gorteetan. Joanes Etxakon aita ezkondu zen Joana Salazar, Lapurdiko Senpereko andrearekin. Joanes semea jaio zen 1490 inguruan. Alaba bat jaio zen ere bai, Maria Etxakon Salazar, Luis Monreal, Urtubiako jauna eta Lapurdiko bailearekin ezkondu zena 1512an.

Oraindik gaztea zelarik gertatu zen Nafarroako erresumaren inbasioa Albako dukea eta Espainiarren eskutik (1512). Une hartan Joanesek Duzunaritzeko ontasunak galdu zituen eta Lapurdin gotortu zen. Bere koinata Luis Monreal Gipuzkoarrek burututako segada batean hil ondoren, Joanes Etxakon bihurtzen da bere iloba Joanes Monreal haurraren tutorea eta izendatuta dago Lapurdiko baile kargurako (1516). Ondoko urtean (1517) Joanes ezkontzen da Ixabel Agaramontekin, Roger Agaramont jaunaren eta agaramontarren buruzagiaren alaba zena. Rogerren seme nagusia hilda zegoen ordurako eta bere biloba txikia izanik, Senpereko jauna bilakatu zen nunbait agaramontarren buru militarra. Bitartean Karlos Agaramont apezpikua, Rogerren beste semea, agaramontarren buruzagi politikoa zen (bitartean Roger hil zen 1519an Baionan).

Henrike II.a erregeak agindurik, 1521an agaramontar guztiak sartu ziren Iruñea berreskuratzera, Esparros eta Karlos Agaramonten gidaritzapean. Noaingo porrotaren ondoren, gatazka Bidasoaldean kokatu zen eta Hondarribia pasa zen nafarren aginduetara. Joanes Etxakon gertakari guzti hauekin lotura izan zuen.

1522an Joanes Etxakonek bideratu zuen mugimendu bat Oiartzualdean. Horretarako bildu zituen 1.000 lagun inguru Urtubian eta San Martingo jaunak gidatzen zituen 3.500 landsknecht alemaniarrekin batera sartu zen Oiartzunerantz. Orduan gertatu zen Aldabeko gudua, Beltran de la Cuevak buruzagi espainiarrak mobilizatu zituen Irungo milizien aurka, san Martzial egunean (ekainak 30), eta horretan Etxakon garaitua eta preso hartua izan zen eta San Martin hilik geratu zen. Ondoko egunetan Beltran de la Cuevak deliberatu zuen bere presoa trukatzea Hondarribian preso hartua izan zen beste jaun espainiar batekin.

1523an berriz, Lapurdi guztia erasotua izan zen, Philibert de Chalon Orangeko printzearen eta Espainiarren eskutik. Odet de Foix orduan gortortu zen Baionan. Etxakon, Lapurdiko bailea izanik, ezin zuen gauza handirik egin Espainiarren aurrean eta lurraldea suntsitua geratu zen. Dena den Philibert Gipuzkoara itzultzen zelarik, Uztaritze eta Senpere artean antolatu zen segada batean Lapurtarrek Espainiarren hainbat jende eta hornikuntza mendean hartu zuten (1524ko urtarrilaren 2an). Alta, Orangeko printzearen kanpainia eraginkorra izan zen Lapurdi ahultzeko eta 1524ko otsailaren 27an Espainiarrak Hondarribiaz jabetu ziren berriro.

1526an Bidasoan bertan, aurreko urtean Paviako guduan preso hartutako Frantziako erregea askatu zuten, bere semeen entregaren truke.

1528an, Henrike II.ak, Nafarroako erregeak definitiboki berreskuratu zuen “Nafarroa Beherea”. Orduan gatazkak baretu ziren Nafarroako erresumari inposatutako mugen inguruan. Bide batez Joanes Etxakonek berreskuratu zituen bere Duzunaritzeko ontasunak.

1529ko Frantzia eta Espainiaren arteko Cambraiko Bakearen ondorioak Lapurdin eta Bidasoaldean gauzatu behar ziren. Horrela, 1530ko uztailaren lehenean, gertatu zen Frantziako erregearen semeen askatzea dirutza baten truke. Egun berean Frantziako erregearekin ezkondu behar zen Leonor Austriakoari harrera egin zitzaion. Prozedura diplomatiko guzti hauetan inplikatua egon zen Senpereko jauna.

Joanes Etxakon, Senpereko jauna, Lapurdiko baile karguan 1535 arte mantendu zen. Bere suhiaren mesederako utzi zuen kargua eta denbora gutxira hil zen.

Ixabel Agaramontekin izan zuen alaba bakar bat:

  • Frantziska Etxakon Agaramont. Aita hil ondoren, berak hartu zuen Senpereko eta Etxakoneko ondorengotza. Ezkondua izan zen 1532an Jean de Caupenne Amouko jaunarekin. Azken honek ondorengotza hartu zion Joanes Etxakoni Lapurdiko baile karguan 1535an.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Frantsesez) Pierre Yturbide, Les baillis de Labourd, in Bulletin de la Société des sciences et arts de Bayonne, Baiona 1904
  • (Frantsesez) Hubert Lamant-Duhart, Armorial du Pays Basque, Miarritze 1997
  • (Gaztelaniaz) Peio Monteano, La Guerra de Navarra (1512-1529), Iruñea 2010

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biografia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Artikulu hau Nafarroako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.