Edukira joan

Jokoenea

Koordenatuak: 43°18′12″N 2°00′24″W / 43.30332643°N 2.00671696°W / 43.30332643; -2.00671696
Wikipedia, Entziklopedia askea
Jokoenea
Jatorria
Sortzailea(k)Patxi Angulo Martin
Sorrera-urtea2018
Ezaugarriak
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°18′12″N 2°00′24″W / 43.30332643°N 2.00671696°W / 43.30332643; -2.00671696
Map
jokoenea.eus

Jokoenea munduko jokoen museo bat da, non tarteka gai desberdinei lotutako erakusketak egiten diren. Esaterako, xakeen erakusketa, joko zaharrenen erakusketa, mankalen erakusketa…[1][2][3]

Museoa zabaltzeko asmoz, izen bereko webgune bat bada sarean. Gune horretan hiru atal nagusi daude: museoko jokoen katalogoa; jokoen historia eta arauak eta, azkenik, jokoei buruzko bestelako informazioak. Jokoetan sakontzeko eta ikasteko 150 liburu baino gehiago dituen biblioteka ere bada, jokoei buruzko informazioa eskura izateko. Museo bizia izateko, gune irekia da jendeak museoa bisita dezan eta, nahi izanez gero, jokoetan aritzeko aukera izan dezan.

Egoitza fisikoa Donostian dago, Ibaeta auzoan. Patxi Angulo Martin matematika-irakasleak sortu zuen 2018an. 1997an Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala liburua argitaratu zuen munduan zehar aurkitu daitezkeen jokoei buruz, eta 20 urte geroago antolatu du museo hau.[3][4][5]

Jokoen historia antzinako garaietatik dator, kultura eta garai guztietan aurkitzen ditugu jokoak. Antzinateko jokoak zein joko sortu berriak biltzen ditu Jokoeneak. Euskal kulturan ohikoak diren jokoak ez ezik, guretzat exotikoak direnak ere bildu ditu. Museoko jokoak hainbat arlotan sailkaturik daude: bakar-jokoak, dado-jokoak, domino-jokoak, karta-jokoak, taula-jokoak, gizarte-jokoak, trebetasun-jokoak, zorizko jokoak, osagaiak eta osagarriak. Erakusketa iraunkorrean arlo horietan sailkatutako jokoak ikus daitezke; aldi baterako erakusketan, ordea, gai baten inguruko jokoak ikusiko dira.

Webguneak lau atal ditu. BILDUMA atalak museoko jokoen ezaugarriak azaltzen dituzten fitxak jasotzen ditu. JOKOAK atalean jokoen historia, arauak eta bestelakoak jasotzen dira. DENETARIK atalean jokoen inguruko gaiak agertuko dira. JARDUERAK atalean museotik antolatuko diren ekitaldiak azalduko dira.

Museoko bibliotekak 150 liburu baino gehiago ditu. Liburu batzuk joko bati buruzko monografiak dira; beste liburu batzuek jokoen familia baten ezaugarriak lantzen dituzte; eta beste batzuk orokorki jorratzen dituzte jokoen gaia.

« Egungo jendartean eskas sumatzen den belaunaldiartekotasuna jokoaren bidez zertzen zen lehen. Aita, edo ama, haurrekin aritzen zen kartetan; aitona-amonak bilobekin. Eta familia otorduen ostean konturatuko zinen nerabe bat, umeagoengandik urrundu eta helduen mahaira hurbiltzen zela, hango jokalarien gorabeherak ulertu nahirik. Handik piska batera Institutuan hasiko zen, eta zerbait ikasita joatea komeni zitzaion. Jokoan hizkuntza ere transmititzen zen. Nola oilartu. Nola erronka jo. Nola zorte txarra madarikatu. Nola zirikatu aurkaria...

Joko aretoek jokoak zekarrenaren kontrakoa dakarte hain juxtu: bakardadea, hizkuntzarik eza, egiazko garbantzuak galtzeko arriskua, itomena.

»

Andoni Egaña[6]


Museoa sortzeko motibazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Patxi Angulo Jokoenean jolasean.

Aspaldikoa da ideia. Jokoak erosten hasi zen pixkanaka, zaletasun horretaz jakinda lagunak jokoak oparitzen hasi ziren… Inolako asmo berezirik gabe hasi zen horrelakoak biltzen, baina 1998an Londresera egindako egonaldi batean oso erakargarri egiten zitzaizkion joko ugari ezagutu zituen. Bertakoek jokoak biltzeko zaletasuna bazutela ere ikusi zuen, azoketan ere bazela mugimendua mahai-jokoen inguruan… Londrestik bueltan jada mundu osoko jokoen bilduma bat egitea erabaki zuen. Horrela garatu zen ideia.[1]

Gainera, jendea Londresko pubetan mahai jokoekin oso lasai aritzen zela ikusi zuen bakoitza bere txokoan, garagardo batekin… Horixe bera egin nahi zuen Patxi Angulok ere: txoko bat, jokoekin, kafe bat edo garagardo bat hartzeko prestatuta… Museo kafetegiaren proiektua bururatu zitzaion hasieran, baina museo bat jartzea erabaki zuen azkenean.[1]

Mundu zabaleko jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoenean beste askoren artean 1997an Patxi Angulok argitaratu zuen Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala liburukoak aurkitu daitezke, esaterako hauek:[7][8]

Afrikako buru-hausgarria, Bakar-jokoa, Hanoiko dorreak, Pentamino, Soma, Tangram, Txinako bakar-jokoa.

Abacum Claudere, Asturuaren etxea, Peruludo,[9] Rapa, Tortolosak.

Domino-jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominoa, Domino hexagonala, Qwirkle, Tantrix.

As Nas, Bezike, Denborazup, Ganjifa, Hanafuda, Jolasmatika, Mah jong, Rumi, Set, Taroka.

Jolasteko esapideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joko arruntetan euskaraz erabiltzen diren esapide batzuk bildu zituen Santiago Angulok:[10]

Esapidea Esanahi
Jolasean, jokoan aritu, ibili, jardun... Mugimendua eskatzen baitu eta egon hitzak egoera adierazten du.
Ausazko jokoa Probabilitate hutsaren araberako jokoa
Huts ala bete Bi eskuetako batean zerbait jarriz egiten den zozketan esaten da.
Ogi ala ardo Txanpon, harri edo beste zerbait airetara boteaz eta lurrera erortzen utziz egiten den zozketan esaten da.
Zotz egin Hau pagotxa, hau! Hori bitsa, hori!
Zer dela eta zer dela... Asmakizunen hasieran esaten da.
Baietz... / Ezetz... (irabazi, sartu...) Postuetan edota zerbait egin nahian erabiltzen da, aditza infinitiboan jarriz.
Tati egin Haurrek eskaini eta ez eman egiten dutenean.
Norgehiagoka Lehian, txapelketan ari direlarik esaten da.
Buruz buru Bata bestearen aurka ari direnean esaten da.
Bitsa / Pagotxa / Zorte ona Hau pagotxa, hau! Hori bitsa, hori!
Balbea / Zorte txarra Hau balbea, hau! Hori balbea, hori!
Hiruko lerroa, lauko lerroa Hiruzpalau fitxa lerro berean eta jarraian jartzean dautzan joko batzuen helburua
Jana / harrapatua Beste jokalariaren pieza kanporatu
Jokaldia / partida jan (dugu, dute...) Jokaldia edo partida irabazi
(Jokaldia/partida) jana daukat, dauka Irabaztear dagoelarik erabiltzen da.
Airez aire eraman (du, eramango duzu) Aise, erraz irabazten denean esaten da.
Nagusi Irabazle
Zuek adinean geratu (gara...) Berdin geratu, berdindu
Mendean eduki (dauzkat, nauka...) Batek aurkakoak bere menpe dituenean
Menderatu (dituzu.../ gaituzte...) Aurkakoak garaitu, irabazi
Aurrea hartu (diegu...) Aurkakoen aurretik jarri
Aldea atera (digute...) Batek aurkakoari diferentzia atera
Marka ondu /marka hautsi Marka hobea lortu
Amore eman (amore ematen dut...) Etsi (etsi egiten dut...)
Ase (ase naiz...) Joko batean edo asmakizun batean gehiago ezin denean esaten da.
Purrukatu (naute...) Jokoetan lur jota utzi, jipoi ederra hartu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Zubeldia, Unai. (2023-09-22). «Patxi Angulo, Jokoenea proiektuaren sortzailea: «Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»» Gipuzkoako Hitza - Berria (kontsulta data: 2023-09-23).
  2. «Gozatu sarean euskaraz» gozatusareaneuskaraz.eus (kontsulta data: 2021-12-19).
  3. a b «Jokoenea» blogoetak 2018-11-24 (kontsulta data: 2021-12-19).
  4. «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala | Elhuyar» www.elhuyar.eus (kontsulta data: 2021-12-19).
  5. Interaktiboa, Iametza. (2018-12-10). «Patxi Angulo EHUko irakasleak azken 30 urteotan mundu osoko 1000 joko inguru jaso ditu» Iametza Interaktiboa (kontsulta data: 2021-12-19).
  6. Egaña, Andoni. «Jokoan» Berria (kontsulta data: 2022-02-05).
  7. «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala (PDF)» Angulo Martin, Patxi. (1997). www.elhuyar.eus, Liburua PDF fitxategian deskargatzeko aukera
  8. «Jokoak - Jokoenea» www.jokoenea.eus (kontsulta data: 2026-01-07).
  9. «Peruludo - Jokoak - Jokoenea» www.jokoenea.eus (kontsulta data: 2026-01-07).
  10. Angulo, Santi. (1998). «Euskaraz jokatzen - Jokoenea» www.jokoenea.eus (Hik hasi) (kontsulta data: 2022-02-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]