Jopara (Paraguaiko gastronomia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jopara (Paraguaiko gastronomia)
Osagaiakbabarruna eta Lokroa
Historia
JatorriaParaguai

Jopara (/ɟo.paˈɾa/, guaranieraz: jopara eta gaztelaniaz: yopará) Paraguaiko sukaldaritzako eltzekari tipiko bat da. Jaki hau ondorengo osagaiekin prestatu ohi da: babarrunak, lokroa, tipula, kuia, piperrak, baratxuria eta Paraguai gazta.[1] Guaranierazko jopara hitzak nahaste esan nahi du euskaraz.[2]

Paraguaiko ohituraren arabera, jopara urriaren 1ean jan ohi da Karai Octubre izeneko izaki mitologiko gaiztoa etxeetatik uxatzen eta oparotasuna ekartzen duelakoan.[1] Izan ere, guarani mitologiaren arabera Karai Octubre iratxoak etxeak miatzen ditu urtero urriaren 1ean ea familiek urtea bukatzeko jangarri adina bildu duten ikusteko. Jangarri adina bildu ez duten familiei hainbat gaitz dakarzkie, hala nola, miseria. Ondo egin dutenei, berriz, oparotasuna dakarkie.[3]

Errezeta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 1eko aurreko gauean babarrunak eta lokroa beratzen jarri behar dira. Urriaren 1ean, goizean goiz, tomatea, tipula, piperrak, perrexila eta tipuleta frijitzen dira. Nahi izanez gero, jarraian haragi zatiak gehitu eta nahierara frijitu. Gero, babarrunak, kuia, lokroa eta ura bota. Nahastea irakiten utzi behar da babarrunak eta lokroa bigundu arte. Amaitzeko martorri xehatua jartzen zaio.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Paraguaiko Osasun Publiko eta Gizarte Ongizate Ministerioa. Jakaru jopara, para espantar al Karai octubre. (Noiz kontsultatua: 2023-10-01).
  2. (Gaztelaniaz) «Jopara para espantar a karai Octubre» ABC Color 2022-10-01 (Noiz kontsultatua: 2023-10-02).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Jopara: la tradicional comida que espanta al Karai Octubre» ABC Color 2023-09-30 (Noiz kontsultatua: 2023-10-02).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]