Juliana Zubizarreta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juliana Zubizarreta
Bizitza
Jaiotza Elgoibar1910eko otsailaren 22a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Elgoibar2006ko uztailaren 21a (96 urte)
Jarduerak
Jarduerak abeslaria
Musika instrumentua panderoa

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa 1910eko otsailaren 22a - ib. 2006ko uztailaren 21a)[1] Trikiti musikako panderojolea eta abeslaria izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sallobente-Ermuaran auzoko Armaregieta ("Armaitta") baserrian jaio zen. 11 anai-arrebetatik hamargarrena zen Juliana. 14 urterekin Lekunberri baserrira joan zen hango lanak egiten laguntzera. Bertan bi urte eman ostean, Urruzuno bailarako Urruzunoetxetxo baserrira joan zen. Urruzuno auzoko Aldapa baserriko Juan Larrañagarekin ezkondu zen 21 urte zituela. Panderojole gisa, Katalotzari lagun eginez, hainbat erromeria girotu zituen.[2][3]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko lehen panderojoleak emakumeak izan ziren, soinu txikia sartu arte beraiek kantatzen baitzituzten koplak panderoarekin. Halaxe egiten zuen Juliana Zubizarretak, Oñatiko Primi Erostarbek eta Arratiako Maurizia Aldeiturriagak bezala. Euren aurretik Maria Barrena, Maria Ugarte, Anizeta Barrena eta Timotea Guridi ere agertzen dira koplarien zerrendan eta ezaguna da baita Ezkioko Frantziska Antonia Irizarren izena ere, Oñatiko Inaxia eta Antonia Arantzetarekin batera.[4]

Panderojole ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika zaletasuna etxetik zetorkion Juliana Zubizarretari. Hamaika anai-arreba ziren eta denek jotzen zuten tresnaren bat. Hiru ahizpa ziren panderoa jotzen zutenak, Martzelina, Pantxika eta Juliana. Inork erakutsi gabe ikasi zuten. Autodidakta alaia zen Juliana Zubizarreta, eta barruan zuen poztasun harekin ingurukoak dantzan jartzen saiatzen zen elgoibartarra, panderoa lagun. Gainera, eskuetan indar handikoa zen.Hamasei urterekin amak panderoa oparitu zionetik beti izan zuen lagun. Abarkak josten laguntzeagatik sari gisa oparitu zion amak eta erromerietara joaten hasi zen, nahiz eta etxean begi onez ikusi ez.

Trikitilariak izaten ziren oholtza gainera deitzen ziotenak. Nahiz eta Julianak, askotan, nahiago izaten zuen dantzan jarraitu.[5] Jendeak ostera estimatu egiten zuen panderoa jotzea eta oholtzara igon egin behar izaten zuen. Antolatzaileek txapela pasatu eta biltzen zen dirua soinu-jotzailearentzat izaten zen. Julianak, jendearen gustua egiteko, zatarkeria batzuk kantatzen zituen, hots, kopla berdeak ziren gehienbat, berak asmatuak eta jendeak txaloak jo eta txanponak botatzen zizkion mantalera. Hori zen haren irabazia.Julianak sei seme-alaba izan zituen, halere, panderoarekin jarraitu zuen. ezkontzetara, esate baterako, senarra ere joan ohi zen.[6]

Trikiti lagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaiko trikitilari ezagun gehienekin ibili zen panderojole Juliana. Kataolatzarekin ibili zen asko, Madariagako Gregoriorekin, Lajarekin ere bai, Sakabirekin, Mendaroko Ospasekin (Bitoriano), Txikito Mendarorekin, Gelatxo Manuelekin eta haren seme Pedrorekin ere bai.

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxean sei seme eta alaba izan zituen, baina ez zuen inork afiziorik ekarri panderorako. Zaharrenak, Ramonek, musugitarra jotzen zuen, ahoko soinua alegia, baina utzi egin zuen. Iloba batek bai, Aitziber Larrañagak ikasi zuen panderoa jotzen.[7]

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1993an, Joxe Kruzelegi Kataolatzarekin batera omenaldi bat egin zioten Azpeitian.[4]
  • Laja eta Julianari omenaldia egin zien Trikitixa Elkarteak 2003. urteko San Jose egunez, Azpeitian.[8]
  • Arraten eta Elgoibarren ere jaso zuen beste omenaldirik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Juliana Zubizarreta pandero jotzailea hil da» Argia 2006-07-26 Noiz kontsultatua: 2020-02-22.
  2. «Zubizarreta Gurrutxaga, Juliana - Ahotsak.eus» ahotsak.eus Noiz kontsultatua: 2020-02-22.
  3. «Juliana Zubizareta» Elgoibarko Udala Noiz kontsultatua: 2020.02.23.
  4. a b «Trikitixa-trikimailua» Diario Vasco Noiz kontsultatua: 1993.
  5. «Panderojoleak» Berria 1993 Noiz kontsultatua: 2020.02.23.
  6. «euskalherria.com - GARA - Paperezkoa:20060723 - Juliana Zubizarreta pandero-jotzailea hil da 97 urte zituela» gara.naiz.eus Noiz kontsultatua: 2020-02-22.
  7. Agirre, Joxean. ««Zatarkeriak kantatu eta txanponak bota ohi zizkidaten mantalera»» dantzan.eus Noiz kontsultatua: 2020-02-22.
  8. (Gaztelaniaz) «Emotivo adiós a la panderetista Juliana Zubizarreta» El Diario Vasco 2006-07-25 Noiz kontsultatua: 2020-02-22.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]