Kapital sozial (soziologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Soziologia

Gizarte zientziak

Aspektu orokorrak

Gizarte ikerkuntza
Gizarte teoria · Teoria soziologikoa
Praktika soziologikoa

Alorrak edo gertuko alorrak

Kriminologia · Demografia
Gizarte mugimenduak
Gizarte psikologia · Soziolinguistika
Soziologiaren arloak: Ekonomia
Erlijioa · Ezagutza · Generoa
Gizarte egitura · Hezkuntza
Hiria · Hizkuntza · Kultura
Legea · Politika · Zientzia

Kategoriak eta zerrendak
Soziologoak · Aldizkariak

Kapital soziala, gizabanakoek zein taldeek beren arteko harreman bereziaren eta beren arteko lankidetzaren ondorioz espero daitezkeen onura kolektiboa eta ekonomikoa da. Nahiz eta gizarte zientzien alor bakoitzak kapital sozialaren aspektu desberdinak azpimarratu, "gizarte sareek balioa" izatearen inguruan bat egiten dute. Taladroak (kapital fisikoa) edo hezkuntza unibertsitarioak (kapital kulturala edo humanoa) produktibitatea bizkortu dezaketen bezala, harreman sozialek ere gizabanakoen eta giza taldeen produktibitatean eragiten dute ere.[1]

Terminoaren nondik norakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapital sozial terminoa 1890 urtearen inguruan tarteka erabiltzen hasi arren, 1990eko hamarkadaren amaiera arte ez zen modu zabalean erabiltzen hasi.[2] "Kapital sozial" terminoaren jatorria kapital ekonomikoaren analogian dago. Dena den, literatura sozialean eta ekonomikoan izan duen finkatze eskasagatik, ez du erabateko adostasunik oraindik. XX. mendearen amaieran garapen ekonomikoaren teoriek berreskuratu zuten terminoa.

Esaldi honek laburtu dezake haren muina: "ez du inporta zer ezagutza duzun, nor ezagutzen duzun baizik". Francis Fukuyamarentzat, bi aldeen arteko lankidetza ahalbidetzen duen arau da. Pierre Bourdieu, Robert Putnam eta James Samuel Coleman kontzeptu honen garatzaile garrantzitsuak izan dira.

Gizarte-sareen ikuspuntutik, kapital soziala erabilia izan da erakundeen politikak izendatzeko.

Robert Putnam - Kapital soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Putnamen kapital sozialaren ulerkeran, Coleman izan da gehien eragin duen autorea. Colemanen kapital sozialaren kontzeptu oinarrizkoenak presente daude bere ideietan, baina desberdintasun batzuk aurki ditzakegu konfiantza eta sareen harremanek marko analitikoan betetzen duten funtzioarekin, bi kontzeptu hauek Colemanen ikuspegitik urrunago baitaude. Putnamek harremanen forma eta antolakuntzaren forma azpimarratzen dituenez, kapital soziala ez da soilik harremanen estrukturaren ezaugarri bat, harreman horien nolakotasunari eta antolatzeko erari ere erreparatzen dio.

Harreman hauek zein elementuk baldintzatzen eta definitzen dituzten aztertzera jotzean, Putnamek konfiantza eta sareen eta arauen analisira jo beharko dela erantzungo du[3]. Galdera honen atzean, zein elementuk bultzatzen duen kooperazioa eta zerk ziurtatzen duen kooperazio horrek zentzu indibidual eta sozial egoki bat izatea galdera dago. Bi autoreen artean desberdintasuna maila analitikoan aurki dezakegu, Colemanek kapital soziala, maila zabaleko teoria sozial bat eraikitzeko erabiltzen duelako eta Putnamek, aldiz, funtzionamendu demokratikoaren inguruko teoria bat eraikitzeko erabiltzen duelako.

Azken finean, Coleman, Bourdieu edo Granovetter autoreetatik bereizten duena bere abiapuntua da: bere aktorea herritar bat da, eta bere azterketa unitatea gizartea da, harreman interindibidualen ezaugarriek definitzen dutena. Gainera, Putnam politologoa da.

Hala ere, autore batzuen iritziz, Putnamek teoria bat baino gehiago, diskurtso bat eraikitzen du[4].

Kapital soziala eta bere osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Putnamek horrela definitzen du kapital soziala:

"Kapital sozialak, antolakuntza sozialerako ezaugarriei egiten die erreferentzia, konfiantza, lege eta sareak bezalakoak, gizartearen efizientzia hobetu deitzaketenak ekintza koordinatuen bitartez"[5].

Beraz, Putnamek kapital sozialean hiru osagai bereizten ditu:

  • Konfiantza: kapital sozialaren osagai nagusia da. Honek, harremanak eta trukeak kostu baxuago batean ematea ahalbidetzen du. Konfiantzak, besteen jokaerak aurreikusten laguntzen dizu, ez zara pertsona batez fio zerbait egingo duela esaten dizulako, egingo duela uste duzulako baizik. Beraz, expektatibekin eta subjektu independente bezala erabakia hartzearekin lotura du.
  • Arauak: kontzeptu honek, Colemanek adierazten duen “externalitateak” barnebiltzen ditu, eta kapital sozialak ondorio positibo edo negatiboak izan ditzakeela onartzen du. Elkarrekikotasuna da araurik garrantzitsuena eta bi motatakoa izan daiteke: elkarrekikotasun espezifikoa eta orokortua. Lehenengoa balio berdina duten bi objektu edo jabetza elkartrukatzen direnean ematen da eta gainera soilik elkartruke horretara mugatzen da. Bigarrena, aldiz, elkartruke harreman iraunkor bat da, eta momentu batean baliokidea izan ez badaiteke ere, epe luzera elkarrentzat onuraduna izango denaren expektatiba dago. Kapital soziala sortzeko osagai bat da, beraz, eta norbanakoak kooperatzeko aukerak handitzen ditu, onurak handiagoak izan daitezen.
  • Sareak: Putnamentzat, elkarrekintza sozialeko sare lodiak, elkarrekikotasun orokortua bultzatzen dutenak dira eta bi hauen arteko erlazioak bi faktoreri erantzuten die. Alde batetik, sareek harremanen maiztasun handiago bat ahalbidetzen dute, besteekiko konfiantzaren inguruko informazio gehiago jasotzea ondorio bezala duena. Eta bestalde, sareek definizioz, konpromiso eta betebehar batzuk inplikatzen dituzte (garrantzitsua da ere konpromiso eta betebehar horien nolakotasuna). Beraz, sareak garrantzitsuak dira kapital sozialerako, kooperaziorako onuragarriak diren arauak sortzen dituztelako. Eta elkarrekikotasuna eta kooperazioa dira kapital soziala posible egiten duten lege eta sareak ehuntzen dituztenak. Hala ere, ukaezina da sare eta antolakunde batzuek, kideen artean elkarrekikotasuna mantenduz, onura komunak murriztu ditzaketela, mafien kasuan bezala.

Kapital Sozialaren dimentsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Putnamek lau dimentsio berezitu ditu kapital sozialaren kasuan[6], bik antolakuntzari egiten diote erreferentzia eta beste biek norabideari.

  • Antolakuntzari erreferentzia egiten diotenen artean, lehenengoak kapital soziala formala edo informala den adierazten du, hau da, elkartzeko moduari. Bigarrenak, kapital sozialaren izaera lodi edo argalari egiten dio erreferentzia. Hau da, kontaktuen maiztasunari eta jardueren aniztasunari. Granovetterri jarraituz, harreman indartsu eta ahulak bereizten ditu[7]. Lehenengoak maiztasun eta hurbiltasunagatik ezaugarritzen dira (lagunak diren pertsona batzuk denbora asko elkarrekin pasatzen dutenean adibidez); eta bigarrenak, kontaktuak noizbehinkakoak eta beraien artean laguntasun gutxi dagoenean gertatzen da. Hala ere, Putnamek dio harreman ahulak positiboak izan daitezkeela gizarte bat batzeko, eta elkarrekikotasun orokortuko arau zabalak eraikitzeko. Harreman indartsuak, aldiz, positiboagoak izan daitezke mobilizazio sozialerako.
  • Norabideari erreferentzia egiten dietenen artean aldiz, lehenengoak kapital soziala barnekoa edo kanpokoa den adierazten du, hau da, kapital sozialaren erabilpena pribatua edo publikoa den adierazten du. Baina bi kapital sozial hauen erlazioa ez du dikotomikotzat hartzen, kapital sozial era batzuk barnerantz begiratzen dute eta kideen interesez kezkatzen dira eta beste batzuk aldiz jabetza publikoaz kezkatzen dira. Bi aspektu garrantzitsu daude: kapital soziala forma askotan ematen da, testuinguru eta xede desberdinetarako erabilgarria dena, baina forma bat ere ez da denetarako erabilgarria. Bestalde, sareek ezin dute onurek sortzen dituzten kanpo eraginak saihestu. Azken dimentsioa, barne harremanak indartzeko edo zubiak eraikitzeko joera duen adierazten du. Kapital sozialak barne harremanak indartzera jotzen du ezaugarri garrantzitsu eta antzerakoak konpartitzen direnean (arraza, adina, klase soziala, generoa, kokapen politikoa); eta zubiak eraikitzera jotzen du, ezaugarri desberdineko jendea batzen duenean. Bigarren motako sare hauek, sozialki onuragarriagoak diren externalitateak sortzen dituzte oro har. Hala ere, egia da norbanakoek onura gehiago lortzen dituztela lehenengoetatik.

Konpromiso herritarra, kooperazioa eta jarduera instituzionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konpromiso herritarraren eta jarduera instituzionalaren arteko harremana, Putnam-en ikerketaren kezka nagusia da, gobernu demokratiko batzuk beste batzuk baino hobeto zergatik funtzionatzen duten galdetzen dio etengabe bere buruari. Tocquevilleren baieztapena onartuz [8], bizitza zibikoak (edo gaur egun ulertzen dugun bezala, kapital sozialak) jarduera instituzionalean eragiten duela pentsatzen du. Bizitza zibikoak, herritarren eta elkarteen dimentsioa gobernuarekin komunikatzen du. Honen harira, arlo publikoarekiko interesak, zein berdintasunezko eta konfiantzazko sareak edukitzeak, mesede egiten diote bizitza demokratikoari; gobernuaren ekinbidea zuzenduz eta baldintzatuz.

“Elkarrekikotasun arauetan, gizalegezko konpromisoan eta konfiantzan oinarritutako gizarte harreman horizontalei esker funtzionatzen dute estatuek modu eraginkorragoan. Alde horretatik Putmanen iritziz, erakunde publikoek hobeto funtzionatzen dute, gizalegezko komunitateetan. Kontrako norabidean, uste du erakunde publikoen lana ere funtsezkoa dela gizarteko jokoaren arauak sortzen dituztelako eta norbanakoentzako errazagoa delako hauetara moldatzea, hauek aldatzea baino”[9].

Poltika instituzionalaren emaitzak, aplikatzen diren zonaldeko testuinguru sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalaren araberakoak izango dira Putman-en iritziz, eta horregatik, gobernuek aintzat hartu behar dute kapital sozialaren garapena. Horretarako neurriak ere proposatzen ditu; elkarteek politika publikoen aplikazioan parte hartzea, herritar taldeek gai publikoetan parte hartzea errazten duten ekimenak eta borondatezko erakundeentzako zerga abantailak, besteak beste[9].

Aipatu bezala, kapital sozialak “externalitateak” ditu, onurak edo murrizketak sortu ditzatekenak, eta ezaugarri hau da, ondasun publiko bezala definitzen duena.

Putman-en ustez, konpromiso sareek, ekitatezko elkartruke zein harremanen bitartez, elkarrekintza horizontala sustatzen dute, eta kapital soziala sortzen dute horizontaltasun horregatik. Sare horizontal hauek zabaltzeak, berebiziko garrantzia hartzen du, kolaborazioa maila komunitarioan eman dadin. Sare sendoen eta maiztasunezkoen alde egiten du Putman-ek, kapital sozialaren zein komunitatearen interesen mesederako.

Putmanen ustez, “konpromiso zibila” gai publikoekiko interesaren bitartez neurtu daiteke. Konfiantzazko eta elkartasunezko gizarte bat sortzen da, interesa altua bada.

Borondatezko asoziazioaren bitartez lortzen dute norbanakoek, bakarka ez leukaketen boterea zein baliabideak eskuratzea.

James Coleman- Kapital soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde batetik, aktoreak eta gizarte egituraren eragina aztertzen dituen kapital soziala dugu. Arau sozial, erregela eta betekizunen arabera jarduten duena. Testuinguruaren araberakoa, hau da, errealitate soziala kontuan hartzen duena. Beste aldetik, aktoreak, jarduleak, edozein testuingurutan azalduko dituen ikuspegia dago. Interesen arabera jarduten dena, norberaren irabazien bila. Colemanek biak uztartu behar direla dio. Hor kokatzen du kapital sozialaren kontzeptua, Loury, Ben-Porath, Granovetter eta Nan Lin-ek egindako ekarpenak kontuan hartuta.

Kapital soziala banakoek erabiltzen dituzten gizarte egiturako bitarteko gisara definitu daiteke. Bi maila hartuko ditu bere barne; egitura eta ekintza. Egitura batzuk ekintzak ahalbidetzen dituzte, eta ekintzek, egiturak osatu. Helburu batzuk lortzen laguntzen du. Harremanen egiturak berezkoa du kapital soziala.

Hau hobeto ulertzeko adibide bat jartzen digu Coleman-ek. New York-eko, diamanteen merkatua aipatuko du, zeinetan garrantzitsua diren komunitatearen harremana eta konfiantza. Modu honetan, kapital soziala geroz eta handiagoa izan trukea errazagoa egingo da ere.

Sozialaren ezaugarriak erakusten dituzte: berehalakotasuna, konfiantza, arauak. Eta ezaugarri horiek kapital soziala sortzen dute, helburuak lortzea errazten dutelako.

Ezberdinak dira kapital fisikoa (material aldaketatik sortzen da. Ukigarriena da) eta giza kapitala (banakoen aldaketen bitartez sortzen da. Maila batean ukigarria). Kapital soziala, berriz, banakoen harremanak aldatzen direnean, errazago jarduteko (gutxien ukitu ahal dena).

Kapital soziala kontzeptu bikoitza da: egituraren eta gizartearen ekintzaren elementuak dauzka.

Kapital sozialaren inguruko Colemenen kontzeptua erreferente moduan hartu izan da 1933tik, hau da, aurrekaritzat jo izan da.

Ekintza sozialaren bi tradizio desberdinduko ditu. Alde batetik, soziologismoaren kontzeptua, berton legeak, betebeharrak eta arauak egongo liratezke. Eta beste aldetik ekonomizismoa, non interes propioak sartuko liratezke.

Bi tradizio hauen aurrean kapital soziala agertuko da hauen integrazioa gauzatzeko, herraminta bat izango da.[10]

Hasiera batean Coleman-ek aldaketa sozialaren teoria landu zuen, eta hortik jada arazoari aurre egiteko grina sortu zitzaion. Maila mikro sozial batetik makro sozial batera igarotzea ahalbidetzen zuten modeloetara jotzea beharrezkoa zela zioen. Modelo hauek modifikazioekin teoria ekonomiko neoklasikotik hartu daitezkeelarik. Kapital sozialaren kontzeptua erantzuntzat hartuko du eredu berri hauen bilaketan.

Analisirako prespektiba: horizontala eta bertikala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi aukera sortu zitzaizkion; azalpen horizontal zein bertikala eman ahal izatea fenomeno sozialaren espektroaren barruan.

-Azalpen bertikala: mikro makro maila horretan azalpenak ematea. Aktorearen maila indibidualean emaitza ezberdinak agertuko dira eta gainera maila mikro-makro sozial horretan trantsizioak egin daitezke estrukturaren ezaugarri zehatzak ezagutu barik. Hego Korean, ikasleen aktibismo politiko erradikala ikasleen zirkulo klandestinoetatik igarotzen da. Modu honetan, ikasleak antolatuko dira manifestazioak eta protesta ezberdinak egiteko. Antolakuntza eredu hauek izango dira, autore honen ustez, kapital sozialaren era indartsuenak. Taldeek ahalbidetuko dute protesta indibidualak iraultza antolatu batera igarotzea.

-Azalpen horizontala: Karakter funtzionala, instrumentala. Kasu honetan, estruktura baten ezaugarriak aktore baten helburuak betetzea laguntzen badu, kapital soziala egongo da. New York-eko kale bateko diamante saltzaileen dendarien artean sortuko da kapital soziala, baita nagusiek kaletik dauden umeetan jartzen duten arretan. Harreman zein estruktura sozial guztietan kapital soziala sortuko da, nahiz eta mota batzuetan gehiago emango den.

Kapital sozialaren onurak eta jatorriaren dimentsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harreman eta gizarteak eragina dute kapital sozialaren eraikuntzan, eta baita ere honen forma batzuk errazten dituzte. Hau ahalbidetzeko egituraren itxiera mailak eta harreman motak eragina dute kapital sozialaren egituraketan.

Egitura itxiekin errazagoa da egituraketa, aktoreek bere egiten dituztelako harremanak eta beraz onarpen handiagoa ematen da. Itxiturak arauak eta betekizunak eta igurikipenak ahalbidetzen dituzte.

Egitura itxietan sortutako arauak eraginkorragoak eta zuzenagoak dira, arauak betetzeak ospea dakarrelako, baita konfiantza ere. Azken batean egitura itxietan sortzen diren arauak, azken batean itxia denez aldaketa gutxiago dago adostasunak emateko orduan, beraz errazago onartzen dira. Orduan arau hauek errespetatzea onuragarri da egiturarentzat. Horren ondorioaz, handitu egiten da kapital soziala.

Eta gehitzeko beste modu bat da egoera batean sortutako kapital soziala beste egoera ezberdin batean erabiltzea, ala kapital soziala ireki egiten da.

Colemanek bi harreman aipatzen ditu: sinpleak (testuinguru bakarrean ematen dira, hau da gauza jakin baterako sortutako harremanak) eta askotarikoak (testuinguru bat baino, adibidez: lana, bizilagunak… hau da, jendea harreman batean baino gehiagotan dago harremanduta. Harremana sortzen da, beste leku batean ere erabiliko dena).

Kapital soziala familian: familian hiru kapital daude. Finantza-kapitala (diru-sarrerak), giza kapitala (heziketatik datorrena) eta kapital soziala (guraso eta seme-alaben arteko harremanen kalitatea eta kantitatea). Giza kapitalak soziala behar du, osatzeko.

Kapital soziala komunitatean: garrantzitsua da gazteentzat batez ere. Gizarteak kapital soziala eskaini behar die. Azken batean eurek euren kapitala osatzen hari dira ingurutik jasotzen dutenetik eta beraz beharrezko dute kapitala jasotzea. Baita ere oso garrantzitsua da hau egokia izatea.

Kapital sozialaren ulerkera ezberdinak[11][12][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapital sozialaren sei modu ezberdinduko ditu nagusienen artean:

1. Betebeharrak eta espektatibak: Aktore batek besteari fabore bat egin dionean, bigarren aktoreak faborea betetzearen betebeharra agertuko da. “pagare” moduko bat. Hori kapital sozial modura uler dezakegu.

2. Informazio potentziala: Aktoreek izan ditzaketen abantaila harreman ezberdinetatik informazioa lortuz bere helburuak betetzeko, fabore bat betetzearen aurreko kontzeptuarekin lotu barik. Sare sozialak aipatuko ditu Coleman-ek , aukera indibidualak eta kohesio sozialaren bultzatzaile gisa.[13]

3. Arau eta zigor eraginkorrak: Jendea hiltzea debekatzen duen legeak aukera ematen digu gauean kaletik paseatzeko.

4. Autoritate harremanak: Aktore batek beste bati akzio zehatz batzuen gaineko kontrola transferitzen dizkio. Kontrolerako eskubide hori izango da kapital soziala.

5. Helburuak dituzten antolakuntza talde sozialak

6. Intentzio bat duen taldea

Kapital soziala sendotzea eta desagertzea eragiten duten arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapital soziala besterenezina da; ondasun publiko bat da, eta ez dagokio banako bakar bati. Badaude gizarte kapitalean eragiten duten faktore ezberdinak:

-Itxitura: sareak ixteak egitura osoak sorrarazten ditu. Ondorioz, igurikipenak eta betebeharrak zabaltzen dira. Colemanek dio, guraso biek seme-alaben ardura hartzen badute, handiagoa dela seme-alaben kapital soziala

-Egonkortasuna: egitura egonkorretan errazago sortzen da kapital soziala. Mugikortasunak eragina du. Jendea asko mugitzen bada, egonkortasuna txikitu egiten da eta kapital soziala mantentzea zailagoa da

-Ideologia. Besteen interesen alde lan egitea sustatzen duten ideologiak dira onenak. Erlijioari egiten dio erreferentzia Colemanek; Ikastetxe erlijiosoetan besteen interesen alde lan egitea sustatzen dela aipatzen du.

-Mendekotasuna: kaltegarria da, aktoreek besteen premia dutelako.

-Berrikuntza: ezinbestekoa da berrikuntzak sartzea, bestela kapital soziala agortu egiten da.

Pierre Bourdieu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapital kulturalaren kontzeptu soziologikoa Pierre Bourdieuk munduratu zuen. Gizarte klase batek metatutako kulturari erreferentzia egiten dio, oinordez zein sozializazioaren bidez lortutakoa. Lehenengo aldiz aipatzen da 1993.urtean “La Reproducción” liburuan, Pierre Bourdieuk eta Jean-Claude Passeron-ek idatzia. Mundu sozialak historia pilatzen du eta, beraz, ezin da berehalako oreka batetara murriztu. Mundu honetan, gizakiek truka daitezkeen partikulen zeregina betetzen dute. Murrizketa hori ekiditeko, kapitalaren kontzeptua berrerabili (ekonomiari lotutako kontzeptua izan delako betidanik) behar da, eta, horrekin batera, kapitalaren pilaketa kontzeptua, bere inplikazio guztiekin. Kapitala lan metatua da, bai materiaren forma batean, barneratuta edo norbaiten baitan dagoenean. Banakako eragileek edo taldeek kapital pribatuaz jabetzen direnean, energia sozialaz ere jabetzen dira.

Kapitalak bizitza sozialean elkartrukerako joku batzuk planteatzen ditu, zehazki bizitza ekonomikoak, baina askotan ez dira ematen zorizko jokuak izango balira bezala. Erruleta, adibidez, diru asko irabazteko aukera ematen du denbora gutxian eta, beraz, egoera sozial berri bat lortzeko, geroago, hurrengo txandan, aurreko txandan lortutako irabaziak arriskutsuak eta galduak izan daitezke.Erruletak ahalbidetzen du irudi nahiko zehatz bat, aukera berdinak bermatzen dituelako, kanpoan utziz, inertziarik gabe, metaketarik gabe, jabegorik eta oinordetzarik gabe, momentu bakoitza erabat aurrekoarekin bat ez datorrena. Edonork eskuratu dezake bere helburua zoriaren bidez teoria ekonomikoak inplizituki definitzen ditu truke sozialen forma guztiak .

Poder, Derecho y Clases Sociales [14] (1983) liburuko “Las Formas de Capital” pasartean, Bourdieuk hiru kapital forma bereizten ditu:

Horrela, kapital ekonomikoa zuzenean eta berehala bihur daiteke diruan, eta batez ere instituzionalizazioan adierazten da horrela jabetza eskubideen arabera. Kapital kulturala baldintza jakin batzuetan kapital ekonomikoa bihurtu daiteke, batez ere titulazio akademiko moduan. Kapital soziala, konpromiso sozialen eta "harremanen" kapitala dena, konplexua da, baldintza jakin batzuetan, kapital ekonomiko bihurtzeko; izenburu noble moduan instituzionalizatu daiteke. Geroago, Bourdieuk “Kapital sinbolikoa” gehitzen dio bere zerrendari. Beste hiru kapitalak bereganatzean lortzen dena.

Kapital kulturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bourdieuk hiru ataletan sailkatzen du Kapital Kulturala; kapital kultural erantsia, objetibatua, eta instituzionalizatua. Kapital kultural erantsia: Kapital kultural erantsiak erreferentzia egiten dio gizakiak bere burua lantzeko eta zaintzeko duen gaitasunari. Pertsona baten habitus-a adierazten da kapital kulturalaren barneratzea eta bereganatzea ematen denean. Hala ere, kapitalaren transmisioa ez da bat batean ematen baizik eta gradualki eta denboran zehar. Kapitak kultural objetibatua: ondasun kulturaletan du oinarria (liburuak, margoak, diskoak…). Kultur ondare batetaz jabetzeko, beharrezkoa da habitus-a izatea. Kapital Kultural instituzionalizatua: Erakunde politikoek aitortzen dute esate baterako, eskolako tituluen bidez. Eskola titulua merkatu baten arabera baloratzen da, eskola tituluen bidez. Bere balioa erlatiboa da eta eskola-tituluen eskala erlatiboan kokatzen da. Titulu baten balioa da onuraduna bihurtzen zaituena; lan merkatuan edo ondasun kulturalen merkatuan. Kapital hau denbora inbertituz eta diru-inbertsioak eginez lortzen da. Beraz, Bourdieuk, dirua trukatzeko kapital gisa ikusten du.

Kapital sozialaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imanol Zuberok, Gizarte Kapitala irakurgaian dio,Kapital soziala, gizarte zientzietan asko erabilzen den kontzeptuetako bat da. Egun, kapital sozialaren barruan, bi ikuspegi garrantzitsuren artean badago distantzia. Bi ikuspegi hauek, Bordieu eta Colemanen zein Putnamen ingurukoak dira.[15]1986an, Bordieuk, kapital soziala deskribatu zuen, esanahia plazaratu zuen. Bordieuren aburuz, kapitalak, onurak lortzea ahalbidetzen digu. Hau da, gizabanako zein taldeek, beren arteko harreman eta lankidetzaren ondorioz, lortu dezaketen onura ekonomiko eta kolektiboa da. Lortzen diren onurak, bi eratakoak izan daitezke: Pribatuak zein publikoak. Labur esateko, kapital soziala, sortzen diren harremanen sareetan, errekurtsoak lortzea da.[16]Kapital sozialaren barruan, bi elementu bereizten ditu Bordieuk: Harreman sozialak eta abantailak. Sarearen barruan, sozializatzetik at, abantailak lortu ditzakegulako. Beraz, esan daiteke, kapitalaren xedea, onurak lortzea dela. Hala ere, onurak ez dira lortzen beti, sarri emaitza negatiboak ere suertatzen direlako.

Kapital soziala ikerketan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapital soziala, hainbat ikerketetan erabili izan da eta kapital soziala, ikerketetan, hainbat modu ezberdinetara interpretatu daiteke:

1-Kapital soziala, pobreziari aurre egiteko estrategia moduan. Adibidez, Munduko Bankuak.

2-Kapital soziala, ongizate estatua areagotzeko instrumentua da.

3-Kapital soziala, politika sozialen esparruan. Partaidetza handiko herrialde batek, satisfakzio handiagoa du sistema demokratikoarekiko, partaidetza baxuko herrialde batek baino.

Harreman sareak eta kapital soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Ignacio Garciak (2011) dio, harreman sare bakoitzak, forma desberdinak dituela eta harreman sare bakoitzaren estrukturaren arabera, kapita soziala eraldatu egiten dela, modu batekoa edo bestekoa bihurtuko delarik.[17] Harreman sare batean, era askotako harremanak aurkitu daitezke. Horien artean daude esaterako, lagun talde bateko harremanak, familia harremanak zein lan-esparruko harremanak. Estruktura desberdin hauek medio, bi sare mota desberdintzen dira: Sare itxiak eta Sare irekiak.Sare itxietan, konfiantza sortzen da eta mesedeak elkartrukatzen dira. Sare irekietan berriz, ideia eta jarrera berriak sortu daitezke.

Kapital sozialaren teoriei kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapital soziala oso kontzeptu anbiguoa da, ikuskera teoriko ezberdinetatik landu dena, eta, horrenbestez, irakurketa ezberdinak sortu dituena. Asko erabili den kontzeptua izan arren, honen garapena ez da bukatu, eta oraindik ez dago irakurketa bakar eta orokortu bat hau definitzerako orduan, eta etorkizunean egotea ere oso zaila da, oso planteamendu eta irakurketa ezberdinetatik egiten baitira hurbilketa teorikoak. Egin diren azterketa metodologiko eta enpirikoek ez dute behar bezala definitu eta mugatu kontzeptua, eta horrenbestez sarritan oso anbiguoa gertatzen da. Guk hainbat irakurketetatik Kapital Soziala ulertzen duten era aztertuko dugu, eta irakurketa konkretu horien gainean dauden kritika nagusiak bildu.

Hala ere, esan beharra dago, ikuskera teoriko gehienetatik, Kapital Sozialaren kontzeptua era positiboan aztertzen dela, hau da, kapital sozialarem gainean ikuskera baikorra dutela, edo behitzat batez ere aspektu positibo horiek aztertzean zentratzen direla, atzetik egon daitezkeen elementu negatiboak ezkutatuz, aurrerago azalduko den bezala. Harreman sozialen aspektu positiboak aztertu izan dira, eta alde batera utzi dira horrek eragin ditzakeen elementu ez horren erakargarriak. Horrenbestez eta batez ere, harreman sozial horien atzean beti ematen diren botere harremanak estali dira.

Orden sozialarekin harremana duten teoriei[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik eta behin, Kapital Soziala orden sozialarekin lotzen duten perspektibak aztertuko ditugu. Kapital Sozialaren definizio hauetan, esan bezala, botere harremanak ez dira praktika sozialak aztertzeko elementuak. Teoria hauek (Nazioarteko Erakundeek, Colemanek, Putnamek... ebabesten dituztenak) kontsentsuaren azterketa, integrazioarena, armoniarena... bultzatzen dute. Ez dituzte ezberdintasun sozialak, aktoreen posizio ezberdinak, kontuan hartzen. (Julieta Capdevielle, 2014)[18]

Munduko Bankuaren egoitza

Nazioarteko erakundeen ikuspegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo ikuskera Nazioarteko Erakundeek erabiltzen dutena izango litzateke. Ikuskera honetan botere harremanak, praktika sozialak azaltzeko elementu gisa guztiz baztertzen dira. Errealitate soziala begiratzerako orduan, ordena dute oinarri, hau da, pertsona zein kolektiboen harreman armoniatsuak garatzea. Horrenbestez, kapital soziala aztertzeko era honetan ez da erraza tresna analitikorik aurkitzea, botere eta gatazkaren iturriak aztertzea ahalbidetuko dutenak. Ikuskera hauen arabera sare sozialak, harreman sozial informalak dira, pertsonalak, non batez ere familian ondasun eta zerbitzuak elkartrukatzen diren, elkartruke monetario gabe. Horrela, pobreziaren aurkako tresna baliagarria da familia, non ekonomiak sortutako segurtasun faltaren aurrean, egonkortasuna ematen duten. kapital ekonomiko eta kultural baxua duten familientzat beraien arazoei erantzuteko estrategia da kapital soziala. Adibidez Munduko Bankua bezalako instituzioentzat Kapital Soziala baliagarria da, gizartearen auto-antolakuntzaz merkatuaren desorekak osatuko baitira, Estatuaren interbentzio beharrik gabe.

Argi geratzen da, ikuspegi honek kapital sozialaren aspektu positiboak lantzen ditu, negatiboak alde batera utziz. Ekonomiaren arazoak sozialki konpontzearen logika defendatu nahi izan da. Beraz hauen ustez kapital soziala guztiz positiboa da, komunitatearen bizi mailan onurak ekartzen dituelarik.

Ikuskera honi lotuta, hainbat elementu daude kontutan hartzen ez direnak, eta kritikagarriak direnak. Adibidez klase sozial altuetan kapital sozialak duen garrantzia, baina ez famili pobreen termino berdinetan. Adibide bat jartzearren, klase ertain altu eta altuek, ikasketen bidez baino, beraien harreman edo sare sozialen bidez lortzen dute enplegua. Beraien lan mundura sarrera familia edo ezagunen bidez egiten da, ikasketen eragin oso baxuarekin. Beraz, klase sozial altuentzat ere bereziki garrantzitsua da kapital soziala. Azken batean, kapital soziala positiboa bada pertsona pobreentzat, zeintzuk normalean sare ahulak izaten dituzten, jende aberatsentzat zeintzuk oso sare indartsuak mantentzen dituzten izugarrizkoa da izango duten boterea. Hori, ordea, teoria gehienetan ezkutatua edo isildua izan da. Gainera jende pobrearen sareak bihurtzen dira beraien bizi maila mantentzeko bidea, eta hori gainera indibidualki egiten da, beraz famili pobre horien gain jartzen da erantzukizuna. Sarritan esklusioari erantzuna harreman sareetan jartzen da, ahazturik esklusio hori harreman sare faltak sortzen duela.

Beste alde batetik, familia pobreei dagokionez ere, kapital soziala ez da beti elementu positiboa edo efektu positiboa behintzat, oso mugatu da. Kapital sozialaren harreman sareak ez dira amaiezinak, horiek sortu eta mantendu egin behar dira, kostu bat suposatzen duelarik horrek. Horrek eragiten du sarritan, sare sozial horiek mantentzearen kostuak (denbora eta betebeharretan), onurak gainditzen dituela.

Indibidualismo metodologikoarekin harremana duten teoriei[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren ikuskera, indibidualismo metodologikotik egiten dena da bertan, beherago azaltzen diren Coleman eta Putnam kokatzen direlarik. Ikuspegi honetatik sare sozialak aktore indibidual guztien batura baino ez da. Analisirako elementua, beraz, indibiduoa da, beste indibiduo batzuekin harremanetan jartzen dena. Indibiduoaren logika gainera, koste-onura logika ekonomiko bat baino ez litzateke izango. Ikuskera honen arabera pobreziaren oinarriak merkatuaren arazoetan aurki daitezke, baina horren irtenbidea indibiduala izango litzateke. Iniziatiba pertsonalen bidez erantzun behar zaie arazoei, harreman sozialak erabiliz kapital ekonomiko faltari erantzuteko.

Coleman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuskera honetan aurki daiteke Coleman, Aukeraketa Arrazionalaren Teoriaren baitan ulertzen duelarik Kapital Sozialaren arazoa (indibiduo arrazionalaren harremanetan). Indibiduoek elkartruke harremanak osatzen dituzte, interes propioen arabera. Horregatik, Colemanentzat kapitala “produktiboa” den hori izango litzateke, eta kapital sozial horrek zenbait helburu betetzea baimentzen du, kapital gabe lortzea ezinezkoa izango zena. Beraz, Colemanentzat kapital soziala guztiz instrumentala da, kalkulu arrazionalen ondorio bat, interes partikular ezberdinez osatua. Ikuspuntu utilitarista eta unidimentsional gisa definitua izan da. (Coleman, 1987)[19]

Ikuskera honetan ez dira kapital sozialaren kostuak kontuan hartzen, hau da, harreman sare horiek izateak eta mantentzeak sortzen dituzten kostuak. Portes-ek hainbat elementu negatibo deskribatzen ditu: sare sozialak izateak pertsona batzuen aukerak handitzen dituen bezala, beste batzuen aukerak murrizten ditu (sare horietatik kanpo uzten baititu); ezezagunen esklusioa ematen da, taldeko kideei gehiegizko exijentziak egiten zaizkie, askatasun indibiduala murrizten da, autonomia eta pribatutasunarekin batera. Badago beste elementu gako bat: talde barruko elkartasuna arazo komun batek edo posizio komun batek definitzen duenean zera gertatzen da: subordinazio esperientzia komun horrek taldearen egoera bera egonkortzen duela.[20]

Portesen ustetan 3 funtzio betetzen ditu kapital sozialak. Lehena, kontrol sozialaren iturria da. Honek hainbat arau sortzen ditu, kontrol formalak alde batera utziz. Bigarrena, babes familiarraren funtzioa da. Gurasoek seme-alabei egindako transmisioa. Azkena, familiatik gaindiko sare sozialak, onura lortzeko iturri gisa. Beraz, Kapital Sozialak komunitateko balio eta arauak erreproduzitzeko balio du eta, beraz, orden soziala erreproduzitzeko. Horrela Kapital Sozialak kontrol sozialaren funtzio bera ere bete dezake. Kritika nagusi gisa beraz, non geratzen da eraldaketa sozialerako aukera eskema horren baitan?

Putnam[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Putnam

Putnamen teoriak Colemanen influentzia handia dauka baina hala ere desberdintasun nabarmenak daude haien artean. Putnamentzat kapital soziala ez da soilik harremanen estrukturaren ezuagarri bat, harreman horien nolakotasunari eta antolatzeko erari ere erreparatzen dio. Putnamek, funtzionamendu demokratikoaren inguruko teoria bat eraikitzeko erabiltzen du kapital sozialaren inguruko teoria.

“Gizarte kapitalak gizarte antolakuntza sozialaren ezaugarriei egiten die men, hala nola, konfiantza, arau eta sareei, zeinek gizartearen efizientzia hobe dezaketen ekintza koordinatuak erraztu ahal dutelarik.” (Putnam, 1995, 212)[21]

Hiru osagaiez gain, 2 dimentsio bereizten dira, antolakuntzari erreferentzia egiten diotenak eta norabideari erreferentzia egiten diotenak:

Antolakuntzari erreferentzia egiten diotenak:

  1. Zenbakidun zerrendako elementua Formala edo informala.
  2. Zenbakidun zerrendako elementua Lodi edo argala.

Norabideari erreferentzia egiten diotenak:

  1. Zenbakidun zerrendako elementua Barneko edo kanpokoa.
  2. Zenbakidun zerrendako elementua Barne harremanak indartzeko edo zubiak eraikitzeko.

Putnamen teoriak hainbat kritika jaso ditu, teoriari orokorrean eta baita ikerketari dagokionean. Teoria orokorrari dagokionean, Boix eta Posnerrek Putnamek aipatutako zirkulu birtuosoek kapital sozialetik erakundeetara doan zirkularitatea soilik lantzen duela diote, erakundeetatik kapital sozialaren norabidean doana alde batera utziz. Honekin guztiz harremanetan dago konfiantza eta sareen arteko harremana, Kenneth Newtonek[22] (1997) bien arteko harremanaren norabidea zein den ere galdetzen baitu.

Lemannek (1996), Putnamek teoriak gizarteak hautematen duen gizartearen hondatzearen arazoari konponbide errez eta orokorregia ematen diola kritikatzen du, kapital sozialaren sustapenaren bidez gizarteak bakarrik “konpontzeko” ahalmena duela baztertuz. Horrez gain, Lemannek ikuspegi hain orokorregia izateak arazo lokal eta etnikoak alde batera ustea dakarrela aipatzen du, era horretan kapital soziala biltzeko desberdintasunak ezkutatuz.

Bestetik Olsonek, Putnamek bere ikerketan talde barneko harremanak lantzen dituen arren, talde arteko harremanak, hau da harreman inter-taldeak alde batera usten dituela dio.

Pierre Bourdieu

Kapital soziala botere harreman gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bourdieuren kapital sozialaren ikuspegiak, botere harremanak eta gatazka aztertzeko aukerak ematen ditu.


Bourdieuren ikuspegitik Kapitala beste ezer baino lehen harreman sozial bat da (Marxengandik hartutako kontzeptu gisa). Beraz, Bourdieuk erabiltzen duen Kapital kontzeptua harremanei guztiz lotua azaltzen da, eta baita kapital soziala bera ere. Honela definitzen du kapital soziala:

"Momentuko edo etorkizun hurbileko errekurtso multzoak, harreman sareen jabetzari lotuak azaltzen direnak; beste era batera esanda, talde batean parte hartzea, taldea, agente multzo bat bezala ulertuta, zeinak jabetza komunak izateaz gain, harreman sare iraunkor eta baliagarriz eratuak daudenak." (Bourdieu 1980, p. 2).[23]

Azken batean, kapital soziala agente batek (eragile sozial, interes talde...) momentu batean mobilizatu dezakeen harreman sozial kopurua da, berak aurretik duen jabetza ( kapital ekonomiko eta kulturala batez ere) hobeto aprobetxatzea errazten duelarik. Beraz, kapital soziala, kapital ekonomiko eta kulturalaren biderkatzaile bat izango litzateke.

Harreman sareak, beraz, ez dira pertsona berdinen edo parekideen artean egiten diren elkartruke eta konfiantzazkoak, baizik eta desberdintasun sozial, interes eta gatazka ezberdinen ondorio, zeintzuek sare ezberdinak osatzen dituzten. Beraz, kapital sozialaren banaketa oso desorekatua da, sare oso ezberdinak daudelarik eta ondorio oso ezberdinekin. Desorekak sortzen dituzten elementu asko daude eta guzti horiek kontuan hartzea beharrezkoa da.

Bourdieuren ikuspegitik kapital soziala errekurtso bat da, eta ondorioz botere iturri bat, zein eskuratu daitekeen, inbertitu, galdu edo beste kapital forma batzuetara eraldatu.

Kritika zehatzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, talde batek kapital soziala izatea ontzat hartzen da, kapital sozial hori arrakastaren funtsa dela argudiatuz. Kapital sozialaren erabileraren ondorioak ordea negatiboak izan daitezke gizarte maila eta maila indibidualean ordea. Adibidetzat AEBko komunitate zuri bateko kide batek ez bazituen segregazio arauak betetzen sozialki zigortua zen, jarrera horiek gizarte osora zabalduz.

Jenny Muirrentzat[24], gizarte kapitalaren eta komunitate bateko harremanen indarraren arteko harremana ez dago enpirikoki demostratutik bereziki maila makroan, definizio elusibo, dimentsio multifazetiko eta herraminta gehiegikeriaren ondorioz.

Durlaufen[25][26] esanetan, gizarte kapitalak ordezkatzen dituen arauen eta honen presentzia edo ausentzia adierazten duten adierazleen arteko harremanaren inguruko teoria baten falta dago. Bere ustetan, gizarte kapitalaren iturriaren eta ondorioaren artean dagoen ezberdintasunaz jabetzea beharrezkoa da.


Gizarte kapitalaren teoria tradizionalak instituzioei behar besteko garrantzia eman ez izana ere kritikatu da, eta ikerketa markoa gehiegi mugatu izana baita. Instituzioak eraldatu eta hauen influentzia jasaten duten prozesu historikoen argitara, kapital kulturalak jasaten dituen eraldaketak denbora eta espazio analisiei tokirik utzi gabe.

Bowles eta Gintisek[27] (2002) kapital sozialaren existentzia argudiatzen duten kooperazioak eta bestelako jarrerak interakzio estrukturen baitan aztertu behar izana kritikatzen dute, indibiduo bakoitzak talde desberdinetan jarrera desberdinak erakuts ditzakeela argudiatu.

Kapital Soziala Genero  Ikuspegitik                                                                                                                     [aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat autoreen (Caselals eta Pallarès Barberà,2005, Nayaran, 2001) arabera kapital soziala eta generoaren arteko erlazioak nahiko estuak dira , eta hainbat aukera daude kapital sozialaren barruan genero ikuspegia txertatzeko. Beraz, gai honen gainean sakontzea da helburua, baita hainbat proposamen aurkeztea ere.

Lehenik, kapital sozialaren  Caselals eta Pallarès Barberà-ren definizioa aztertuko da:  “kapital soziala, erlazioen emaitza eta sare sozialek sorturiko baliabide bezala ulerturik, informazioaren zirkulazioa erraztu, elkarteak sortu, eta indibiduo zein komunitateei elkartasun soziala eta kohesioa sortzen laguntzen du”. [28]

Bestetik, genero ikuspegiaren definizioa ere azalduko da: “Genero ikuspegia, kategoria analitiko bat da , non, «gizon eta emakume izatearen eraikuntza sozialak eta hauei feminitate eta maskulinite rolekin identifikatzea eragiten duten ikasketak» barnebiltzen dituzten metodologia eta mekanismoak jasotzen ditu, klase sozial guztietan generoen artean ematen diren desberdintasunak kontuan harturik”. [29]

Bertan, ikus daiteke genero ikuspegiaren definizio asko daudela, kasuan hau aukeraturiko definizioa hurrengoarekin kontrajartzeko edo konparaketa bat egiteko helburuaz izan da.  Beste definizioa Nayaran en eskutik dator:

“Si el capital social es el que debe modificarse, el foco de las acciones es ahora la sociedad, y no el individuo, hacia donde ha estado dirigida la mayoría de las estrategias propuestas por los organismos internacionales de desarrollo. Se trata de ahora identificar estrategias que gesten nuevas formas de capital social que permitan mayores niveles de libertad de escogencia y acción. El uso de los medios de comunicación, invertir en fortalecimiento institucional para las mujeres de manera que puedan construir capital social integrador, invertir en construcción de sus activos y cambios en las instituciones y leyes para que se conviertan en verdaderos apoyos para las mujeres son las políticas previstas”.[30]

Azken definizio honetan ikus daiteke, nola askoz gehiago azaltzen eta sakontzen den genero ikuspegia eta aurretik erakutsitako definizioen bateratze bat da; hau da, kapital sozialaren eta genero ikuspegiaren definizioak barnebiltzen ditu. Bertan, generoen artean dauden ezberdintasunak, non, “gizonezkoek” “emakumeengandik” pribilegioak ateratzen dituzte etekin moduan. Ikuspegi honen txertaketak bereizketa eta desberdintasun hauek agerian utziko ditu, honela benetako kapital sozial bat lortuz.

Kapital Sozial Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narayan bi motatako kapital sozial bereizten ditu: Bonding- kohesionatzailea eta Briding- integratzailea (Narayan, 2001).

Lehenengoa, Bonding komunitate baten parte diren pertsonen arteko batasuna eta elkartasuna adierazten, edo sustatzen du. Beraz, kapital sozial mota hau taldekideen barruko partaideen ongizateari erreparatzen dio, hau sustatzeko asmoz.

Bigarren kapital sozial mota;  Briding, sinergia sortzen du talde ezberdinen artean. Kapital sozial mota honetan talde ezberdinak batzen edo elkartzen direnean sortzen diren rol edo harremanetan kokatzen da.  Bertan talde batek bestearekiko etekin bat ateratzen duelarik. Kasuan, honen adibide bat gizonezkoek emakumezkoengan zaintza arloan ateratzen duten etekina izan daiteke; hau da, gaur egun emakumeek garatzen dituzte zaintza lanen portzentajerik handienak eta hauek ez dute inolako ordainsaririk ezta esker onik jasotzen.

Beraz, bi mota hauetatik eta genero ikuspegia aplikatuz esan daiteke, hau kapital sozialaren arloan gehitzeak edo kontuan hartzeak ondorio positiboak eta negatiboak izan ditzakeela.  Honela, emakumeek eginiko lanak izena, garrantzia, identifikatu eta merezi duten balio indibidual zein kolektiboa jasoko dute, azkenean emakumeek egiten dituzten ekarpenei balioa emanik (familia arloan, komunitatean, zaintzan …). Baina hala ere, honek bere alde txarra izan dezake. Ekarpen hauek gehienetan historian zehar feminizaturiko gaiak eta ekarpenak izan dira; hau da, mundu produktibotik at geratzen dira. Honela, ikus daiteke nola lan eta ekarpen hauek ez dute ordainsaririk merezi.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   1930-2002., Bourdieu, Pierre, Poder, derecho y clases sociales (2a edition. argitaraldia) ISBN 9788433014955 PMC 893974057 https://www.worldcat.org/oclc/893974057 .
  2. 1Imanol Zubero (2011): Kapital soziala. EUSTAT.pp 249
  3. 2 Gipuzkoa Sarean Proiektua(2011): Gizarte kapitala eta Balioak Gipuzkoan. pp 44-47
  4. 3 Jose I. Garcia (2011): UNA DEFINICIÓN ESTRUCYURAL DE CAPITAL SOCIAL. REVISTA HISPANA PARA EL ANÁLISIS DE REDES SOCIALES. https://rfdvcatedra.files.wordpress.com/2013/02/pierre-bourdieu-poder-derecho-y-clases-sociales.pdf
  5. Putnam, R. "The prosperous community. Social capital and public life". The American Prospect, vol.4, nº13 (1993): 35-42.
  6. Putnam, Robert D., y Kristin A. Goss. 2002. Democracies in Flux. The Evolution of Social Capital in Contemporary Society. Oxford y Nueva York: Oxford University Press.
  7. Granovettter, M. 1973. “The Strength of Weak Ties”. American Journal of Sociology (78) 6: 1360-1380.
  8.   1805-1859., Tocqueville, Alexis de, (D.L. 2010) La democracia en América Trotta ISBN 9788498791228 PMC 732338936 https://www.worldcat.org/oclc/732338936 .
  9. a b Barandiaran, X.; Korta, K. (2011) Gizarte kapitala eta balioak Gipuzkoako Foru Aldundia.
  10. Ramirez, Jorge: 2005. “Tres visiones sobre el capital social”. Acta republicana politica y sociedad.
  11. (2000 a). "Social capital in the Creation of Human Capital". En: Lesser, Ericl. Foundations and Applications. Boston: Butterworth Heineman.
  12. (2000b). Foundations of Social Theory. Cambridge: Belknap Press of Harvard University Press.
  13.   Granovetter, Mark La fuerza de los vínculos débiles Politica y Sociedad 33. orrialdea .
  14.   1930-2002., Bourdieu, Pierre, Poder, derecho y clases sociales (2a edition. argitaraldia) ISBN 9788433014955 PMC 893974057 https://www.worldcat.org/oclc/893974057 .
  15. 1Imanol Zubero (2011): Kapital soziala. EUSTAT.pp 249
  16. 2 Gipuzkoa Sarean Proiektua(2011): Gizarte kapitala eta Balioak Gipuzkoan. pp 44-47
  17. 3 Jose I. Garcia (2011): UNA DEFINICIÓN ESTRUCYURAL DE CAPITAL SOCIAL. REVISTA HISPANA PARA EL ANÁLISIS DE REDES SOCIALES. https://rfdvcatedra.files.wordpress.com/2013/02/pierre-bourdieu-poder-derecho-y-clases-sociales.pdf
  18.   Capdevielle, Julieta (Uztaila-iraila), «Capital social: debates y reflexiones en torno a un concepto polémico», Rev. Sociol. Polit. (Curitiba) 22 (51), ISSN 0104-4478, http://www.scielo.br/scielo.php?script=sci_arttext&pid=S0104-44782014000300001 .
  19. Coleman, J. 1987. Norms as Social Capital. In: G. Radnitzky; P. Bernoholz, eds. Economic Imperialism: The economic method applied outside the field of economic. New York: Paragon House Publishers.
  20. Portes, A.1999. Capital social: sus orígenes y aplicaciones en la sociología moderna. In: J. Carpio; I. Novacovsky, eds. De igual a igual. El desafío del Estado ante los nuevos problemas sociales. Buenos Aires: Fondo de Cultura Económica.
  21. Putnam, Robert, 1995, “Bowling Alone: America’s Declining Social Capital”, Journal of Democracy, 6, no. 1.
  22. Newton, K. “Social capital and democracy”. American Behavioral Scientist, vol.40, n°5(1997): 575-586.
  23. Bourdieu, P. 1980. Le capital social. Notes provisoires. Actes de la Recherche en Sciences Sociales
  24. Muir, Jenny, 2011, “Bridging and Linking in a Divided Society: A Social Capital Case Study from Northern Ireland”, Urban Studies, 48, no. 5: 959–976.
  25. Durlauf, Steven, 1999, “The Case ‘Against’ Social Capital”, Focus, 20: 1-5.
  26. Durlauf, Steven, 2002a, “On the Empirics of Social Capital”, The Economic Journal, 112, no. 483: F459-F479.
  27. Bowles, Samuel; Gintis, Herbert, 2002, “Social Capital and Community Governance”, The Economic Journal, 112, no. 483: F419-F436.
  28. CASELLAS eta PALLARÈS BARBERÀ, 2005, 8 or
  29. Chávez Carapia, Julia del Carmen, ed. (2004). «Introducción». Perspectiva de Género. Plaza y Valdes. p. 179
  30. Narayan , Deepa y Talah Shah, 2001, 13

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]