Karlos Austria-Teschengoa
Karlos Austria-Teschengoa (alemanez: Erzherzog Karl von Österreich, Herzog von Teschen; Florentzia, 1771ko irailaren 5a - Viena, 1847ko apirilaren 30a) Teschengo dukea (1822-1847), Austriako artxidukea eta Ordena Teutonikoko Maisu Handia izan zen. Austriar armadaren komandantea eta Napoleon Bonaparteren aurkari sutsua izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leopoldo II.a enperadorearen eta Maria Luisa Borboikoaren semea, eta Franzisko II.a enperadorearen anaia zen. Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoak (1742-1798) eta Alberto Saxonia-Teschengoak (1738-1822), izeba-osabak, adoptatu zuten. Gaztaroa Toscana, Viena eta Flandrian igaro zuen[1].
1792tik aurrera, Frantziako Iraultzako Gerretan nabarmendu zen eta Flandriako austriar armadaren Feldzeugmeister (komandante-buru) izendatu zuten. 1795ean Rhinera bidali zuten eta, armadaburu zela, garaipen handiak lortu zituen.
1805eko gerra hasirik (Hirugarren Koalizioa), Italiara igorri zuten eta Caldieroko guduan nagusitu zen. 1806an, Franzisko II.ak austriar armadaren komandante-buru egin zuen. 1809ko gerran (Bosgarren Koalizioa), Napoleon I.a Aspern-Esslingeko guduan garaitu zuen baino Wagramen porrot egin zuen. Schönbrunngo Itunaren ondoren armadako kargu guztiak utzi eta erretiratu zen[1].
1815ean, Enriketa Nassau-Weilburgeko printzesarekin (1797-1829) ezkondu zen. 1822an, Alberto osabaren heriotzaren ondoan, Teschengo duke bihurtu zen. 1847ko apirilaren 30ean hil zen, Vienan, eta bertako Kripta Inperialean ehortzi zuten. 1860an, zaldizko estatua bat ezarri zuten Heldenplatzen[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Charles (1771-1847), archduke of Austria. in: 'Encyclopædia Britannica (11th ed.). Cambridge University Press. gutenberg.org (Noiz kontsultatua: 2016-05-02).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos Austria-Teschengoa |