Ordena Teutonikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Jerusalemgo Santa Mariaren Germaniar Etxeko Anaien Ordena
Insignia Germany Order Teutonic.svg
Mota Ordena militar
Kuartier nagusia Viena, Akre, Venezia, Malbork Castle, Kaliningrad eta Bad Mergentheim
Buruzagiak
Burua Bruno Platter (Maistru Handia)
Webgunea Webgune ofiziala

Jerusalemgo Santa Mariaren Germaniar Etxeko Anaien Ordena (latinez: Ordo domus Sanctæ Mariæ Theutonicorum Hierosolymitanorum, alemanez: Orden der Brüder vom Deutschen Haus der Heiligen Maria in Jerusalem), eskuarki Ordena Teutonikoa (alemanez: Deutscher Orden) edo Zaldun Teutoien Ordena (alemanez: Deutscher Ritterorden) deitua, ordena militar kristaua da. 1190ean sortu zen, Hirugarren Gurutzadan, Akreko gotorlekuaren setioan, eta 1198an bihurtu zen ordena militar. XIX. mendetik, karitatezko erakunde kristaua da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordena Teutonikoa germaniar gurutzatuek sortu zuten, Palestinako Donibane Akrekoan, 1190ean, Hirugarren Gurutzadaren garaian, Saladinek Jerusalem hartu ondoren. 1192an, Inozentzio III.a aita santuaren onespena lortu zuen. Erietxe baten inguruan egituratu zen lehen taldea, eta erromes kristauei laguntzen zien karitatezko erakunde bat baino ez zen. 1198an, ordena militar bihurtu zen, Tenpluko Ordenaren eta Maltako Ordenaren ereduari jarraiki. 1220an, Montforteko gotorlekuan ezarri zuten egoitza nagusia, 1229an Ordena Teutonikoko Maistru Handien egoitza bihurtu zena.[1]

1266an, arabiarrek ez zuten lortu gotorlekua hartzea. Baina, 1271n, itzuli eta gazteluaz jabetu ziren, harkaitzean zulatutako tunel baten bidez. Zaldun Teutoiak Donibane Akrekoan babestu behar izan ziren.[2]. Mende bat geroago, 1291n, musulmanek Akre hartu zutenean, gurutzatuek Lur Santutik alde egin behar izan zuten.

Transilvania eta Prusian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1211. urtean Kronstadt hiria sortu zuten Zaldun Teutoiek Transilvanian, eta ondasun asko eskuratu zituzten berehala Alemanian zehar. 1225ean, Andres II.a Hungariako erregeak egotzi zituen handik.

1226. urtean, Konrado I.a Mazoviako dukeak deituta, kristautu gabe zeuden prusiarren aurkako kanpaina bati ekin zioten, base nagusia Kulmerlandian ezarririk. Frederiko II.a germaniar enperadoreak, inperioko printzeen pribilegio guztiak eman zizkien, konkistatutako lurraldeen gaineko subirautza barne. 1237an, Ezpataren Anaia Livoniarrekin bat egin ondoren, Livoniako lurrez jabetu ziren, baina huts egin zuten ekialdeko herrien aurkako gurutzadan. 1242an, Alexandro Nevskik guztiz menderatu zituen Peipus aintzira hormatuan, eta aurrerantzean kristautu gabeko herrien aurka jardun zuten. 1252an Klaipeda hiria sortu zuten Lituanian, eta 1255ean Königsberg. 1283an amaitu zen Prusiaren erabateko konkista, prusiar gehienak hilik, azpiraturik edo atzerriraturik.

Garai gorena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordena Teutonikoaren hedapena 1300ean

Prusia konkistaturik, Kulmerlandiatik Estoniaraino iristen zen Ordena Teutonikoaren estatu monastikoa, ekialdeko Pomerania (Pomerelia), Kurlandia, Letonia eta Danzig barne. Horrezaz gainera, jabegoak zituen Germaniako Erromatar Inperio Santuko hainbat tokitan. Gune garrantzitsuena Marienburg zuen; hura izan zen, 1309tik aurrera, ordenaren egoitza nagusia.

Eslaviarren kristautze prozesuarekin batera, Zaldun Teutoiek milaka germaniar nekazari eraman zituzten lurrak kolonizatzera, Lübeck eta Bremen hirien laguntzarekin. Horren ondorioz, lur asko eta asko landu, eta hiri berriak sortu ziren, merkatari hiriak gehienbat, hala Rostock, Wismar, Stralsund, Danzig, Brandenburgo eta Frankfurt an der Oder, berehala Hansaren merkataritza federazioan txertatu zirenak.

Atzerrian ere oso eraginkorra izan zen ordena, nazioarteko merkataritzaren alorrean bereziki, enpresa baten modura jokatu baitzuen, ekonomatu handiak zeuzkalarik Marienburg eta Königsberg hirietan, eta ordezkariak Baltikoko eta Ipar itsasoko hiri nagusietan. Lan handia egin zuen salerosketan, eta Flandria eta Ingalaterrara laboreak, zura, anbarra, larrua eta argizaria esportatzen gailendu zen batez ere.

 Marienburgeko Gaztelua, Ordena Teutonikoaren egoitza nagusia, egun Malbork, Polonia
Marienburgeko Gaztelua, Ordena Teutonikoaren egoitza nagusia, egun Malbork, Polonia

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordena Teutonikoaren goren maila Winrich von Kniprode maistru handiaren gobernuaren garaian lortu zuen arren (1351-1382), pixkana behera eragin zion Lituania, Polonia eta Moskuko Printzerriaren indar gero eta handiagoak. 1410. urtean, desagigo izugarria jasan zuten Grunwaldeko Guduan, Jogaila eta Vytautas buru zituen poloniar-lituaniar armadaren aurka: 40.000 gizon galdu zituzten gudu hartan. Hamahiru Urteko Gerraren garaian (1454-1466), Sudovia eta Pomerelia galdu zuten, eta 1466. urtetik aurrera Ekialdeko Prusia baizik ez zuten Zaldun Teutoiek.

1525ean, Alberto Brandenburgokoa maistru nagusia luterano egin zenean, ordenaren ondasunak laikoen esku gelditu ziren, eta erreformaren alde jo zuten zaldun gehienek hurrengo urteetan. Eliza Katolikoari leial iraun zutenak Alemanian babestu ziren, jabego ugari atxikiz. 1809an Napoleon I.ak galarazi zuen ordena Alemanian; ondorioz, ondasunen zati handiena galdu zuten. Austrian gaur egun arte jarraitu dute jardunean, Elizako kristau zaldun gisa, karitatezko eginkizunetara mugaturik. Lehen Mundu Gerra arte, habsburgotarrak izan ziren buru.

Ordenaren enblema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldunek, gurutze beltz bat duen kapa zuria daramate. Armarri gisa, batzuetan, gurutze pattée erabiltzen zen; gurutze horretan oinarriturik dago Burdinazko Gurutzea, Prusiako Erresumak eta Alemaniak erabili zutena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. “1220: Leopoldo VI.a Austriakoak Monforteko gunea eman zien zaldun teutoiei, gaztelu batentzako... 1227: Teutoiek, Monforteko gaztelua berreraiki zuten.”, Juan G. Atienza, Caballeros Teutónicos, 301. orrialdea.
  2. “Maistru Handiaren egoitza nagusia, izatez ordenaren egoitza nagusia zena, San Joan Akrekoan ezarri zen lehenik eta, ondoren, herri horretatik Monforteko gaztelura pasa zen, eta handik berriz Akrera, baldintzek agintzen zutenaren arabera...” Juan G. Atienza, Caballeros Teutónicos, 190. orrialdea

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ordena Teutonikoa Aldatu lotura Wikidatan