Khazar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Khazaren erreinua

Khazara (hebreeraz כוזרים, Kuzarim; turkieraz: Hazarlar; grezieraz: Χάζαροι; errusieraz: Хазары; tatareraz: Xäzärlär; krimeako tatareraz: Χάζαροι; persieraz: ‏خزر‎; latinez: Cosri) gaur egungo Errusiaren hegoaldean bizi izan zen antzinako turkiar herria izan zen.

VI. mendean khazar herria Göktürkiar inperioaren barne zegoen Kaukaso iparraldeko lurraldean. VII. mendearen hasieran, alabaina, burujabeak ziren eta merkatari-inperio handia eratu zuten Europa aldeko Errusiako hego-ekialdean. Bizantzioko Heraklio enperadoreari (610-641) lagundu zioten persiarren kontrako kanpainan. Gero, VIII. mendera arte garai hartan hedatzen ari zen arabiar inperioaren aurka borrokatu behar izan zuten. Gorabehera askoren ondoren, khazarek beren inperioa izandakoaren erdialdera erretiratu behar izan zuten, eta 737 inguruan Itilen finkatu zuten beren hiriburua (Astrakhan ondoan, Volga ibaia Kaspiar Itsasoan isurtzen den lekutik hurbil).

Nolanahi ere, khazarek geldiarazi zuten arabiarren iparralderako hedapena ekialdeko Europan. Itilekin batera, Semender, Kaspiar Itsasoaren ertzean, eta Sarkel, Don ibaian, izan ziren merkataritzako hiri nagusiak. Herri asko haien kontrolpean zeuden eta zergak ordaindu behar zizkieten: alanoek, magiarrek, godoek, Krimeako greziar koloniek. Halaber, Volgako bulgariarrek eta eslaviar tribu anitzek nagusitzat hartzen zituzten. Bizantziorekin oso harreman onak izan zituzten, eta Justiniano II.a (704) eta Konstantino V.a enperadoreak (732) khazar emakumeekin ezkondu ziren. Khagan deiturikoa zen khazaren buruzagi nagusia eta haren azpian tribuetako buruak zeuden (beg deiturikoak).

740. urte inguruan khaganak eta goi-mailako agintariek judaismoa hartu zuten. Guztiarekin ere, tolerantzia handia zen khazaren artean eta paganismoak bizirik iraun zuen. Khazar inperioak garrantzi ekonomiko handia izan zuen: Bizantziotik Ekialde Urrunerako bidean zegoen eta, bestalde, arabiar inperioa iparreko eslaviarrekin lotzen zuen. X. mendean inperioak petxenegoen indar gero eta handiagoari aurre egin behar izan zion, bai eta Itsaso Beltzera iritsi nahi zuten errusiarrei ere. Kieveko Sviatoslav printzeak Sarkel hartu zuen 963an eta bost urte geroago khazaren azkeneko indarrak birrindu zituen. Arabiarren arteko eta Bizantzioko iturriek khazar kulturaren maila aski jasoaren berri ematen badute ere, haien hizkuntzaren aztarnarik batere ez da gorde.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]