Kristiane Etxaluz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kristiane Etxaluz

Bizitza
JaiotzaDomintxaine, 1941 (82/83 urte)
Herrialdea Zuberoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzafrantsesa
Familia
Ezkontidea(k)Alfonso Etxegarai
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jardueraknekazaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaEnbata

Kristiane Etxaluz[1] (Domintxaine, Zuberoa, 1941 -) ezker abertzaleko militante historikoa da. Alfonso Etxegarai urte luzeetan deportatuta egon zen bikotekidea. Zuberoa eta São Toméren artean bizi da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domintxainen jaio zen; gaur egun ere, Euskal Herrian denean, herri hartako Sorhabilia etxaldean bizi da.

Medikuntza, Biologia eta Kazetaritza ikasketak egin ditu eta Espainierazko Filologian lizentziatua da. Hazparneko Lanbide eskolan irakasle aritu zen gaztetan.

Abertzaletasunarekiko lehen loturak 1961-1962an Bordelen ikasle zebilela izan zituen. 1963an Enbata mugimenduaren sorreran esku hartu zuen. 1965ean Dantxarinean atxilotu eta Iruñean kartzelaratu zuten, ETAren aldeko postari lanak egin zituelako. Taldeko kidea izanik 1967an Enbatako hautagaia izan zen; kanpaina arrakastatsua izan bazen ere, espektatibak ez ziren bete eta ez zen % 5era heldu.

Politika arloan egin duenaz gain antzerki eta kultura munduak ere jorratu ditu aspalditik. 1968an Matalas antzezlanean eta 1969an Piarres Larzabalek idatzitako Ibañeta izenekoan parte hartu zuen; 2008an obra beraren berrantzezpenean ere parte hartu zuen. Geroago tobera herri antzerkiaren berreskurapena ekarri zuen Lurra gurea da lanean aritu zen; Iholdin egin nahi zuten urtegi baten gaineko problematikari buruzkoa izan zen. Bigarren tobera Baigorrin egindako Etxe sartzea izan zen.

1985an Frantziako gobernuak Alfonso Etxegarai senarra Baionan atxilotu eta Ekuadorrera deportatu zuen; han bahitu eta torturatu egin zuten, eta argitu gabeko gertaera batzuen ondoren, São Tomén azaldu zen. Politikaren eremuan zenbait urtetan Herri Batasunaren ekitaldietan esku hartu zuen. AB eta Batasunaren arteko hausturaren aurrean, ezker abertzalearen batasunaren alde atera zen.

1990eko hamarkadan nekazaritzan aritu zen Domintxaine jaioterrian eta, horretaz gain, Ekin aldizkarian ere idazten zuen.

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Frantsesezko grafian Christiane Etchalus edo Etchaluz, euskararako Kristiane Etxaluz sarritan aurki daiteke; Xipri Arbelbidek Enbata bere liburuan Kristiana Etxaluz erabiltzen du.
  2. Liburua Fundazioaren webgunean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]