La vie, mode d'emploi
La vie, mode d'emploi | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Georges Perec |
Argitaratze-data | 1978 |
Jatorrizko izenburua | La Vie mode d'emploi |
Argitaletxea | Hachette Livre |
Herrialdea | Frantzia |
La vie, mode d'emploi Georges Perec idazlearen eleberria da, 1978an argitaratutakoa, urte bereko Medicis saria irabazi zuena.
Obraren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Raymond Queneau eta François Le Lionnais kideekin batera, Oulipo taldea osatu zuen Georges Perecek 1967an. Estilo eta gramatika arauak konbinatzearen poderioz, literaturaren potentzialtasuna ikertzea zuten helburu, narraziorako aukerak zabaltzeko, beti ere.[1]
Hogei urte zituelarik bururatu zitzaion La vie, mode d'emploi eleberriaren ideia. Lehenengo pasarteak 1967an idatzi zituen, eta bi urte geroago asmatu zituen kontakizuna gidatuko zuten legeak. 1972an amaitu zuen lehendabiziko zirriborroa, eta idazlanaren azken bertsioa, berriz, hogei hilabetean idatzi zuen: 1976ko urritik 1978ko apirilera. Urte hartan bertan argitaratu, eta Medicis saria jaso zuen Perecek. Horri esker, idaztetik bizi ahal izan zen bizi artean; handik lau urtera hil zen, birikako minbiziaren ondorioz.[1]
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Simon-Crubellier kale imajinarioko 11. zenbakian kokatua, eraikin baten bizitza deskribatu nahi zuen Perecek, momentu batean izoztuta: 1975ko ekainaren 23an, iluntzeko zortzietan. Preseski, une hartan hiltzen da liburuko pertsonaia nagusietako bat: Percival Bartlebooth. Puzzle bat bukatzeko zorian da, hutsune bakarra falta zaio, X itxuraduna. Hiltzen den unean eskuan eusten duen piezak, alabaina, W itxura du.[1]
Fatxada erauzita marraztu zuen eraikina Perecek, Francisco Ibañez komikilariak 13, Rue del Percebe lanetan irudikatzen zuen moduan. "Amorragarria zatekeen eraikina deskribatzea, gelaz gela eta pisuz pisu. Baina atalen segida ezin nuen utzi zori hutsaren esku. Orduan bururatu zitzaidan printzipio bat erabiltzea, xake jokalariek ederki ezagutzen duten problema batetik eratorria: zaldikoaren poligrafia". Hala, eraikina 100 laukitan banatu zuen —10 x 10— eta, abiapuntua ausaz hautatu ondoren, lauki batetik bestera eraman zuen kontakizuna, xake-zaldiaren mugimendua eginez, lauki beretik birritan igaro gabe. Bitxikeria gisa, Perecen liburuak ez ditu 100 atal, 99 baizik. Idazleak berak zioenez, "295. eta 394. orrietan azaltzen den neskatxak du horren errua".[1]
Atal bakoitzak leku edo gela bana hartzen du. Era metodiko, ia klinikoan deskribatzen ditu Perecek leku bakoitzeko objektuak, beren artean hierarkiarik eraiki gabe. Estiloa lehorra suertatzen da maiz, notario edo polizia akta baten antzekoa. Izan ere, deskribatzen duenaren aurrean neutral jokatu nahi zuen idazleak. Leku, objektu eta pertsonen artean bereizkeriarik ez egitearren, denak deskribatzen ditu xehetasun maila berberaz.[1]
Milaka aipu biltzen ditu Perecen idazlanak. Batzuk bere horretan, eta beste batzuk, moldatuak. Post scriptum atalean dioenez, honako idazleen hitzak hartu ditu, beste askoren artean: Italo Calvino, Agatha Christie, Alfred Jarry, Malcolm Lowry, Vladimir Nabokov, Laurence Sterne, Unica Zürn eta Georges Perec bera. Ehunka leku eta objektu deskribatzearekin batera, askotariko istorioak kontatzen ditu, besteak beste: trapeziotik jaitsi nahi ez duen trapezistarena; sekula borrokarik irabazi ez zuen boxeolariarena; antzerkiarekin maiteminduta zegoen sukaldariarena; jokorik maiteena kendu zioten hamsterrarena; inoiz pozten ez zen jazzmanarena; hiru aldiz hil zuten bitxigilearena; biolin jotzaile jeloskorrarena eta, nola ez, puzzlegilearena.[1]
Kontuak kontu, atalez atal, makina bat objektu, jende eta istorio korapilatzen ditu kontakizunak, eta emaitza ez da inondik ere pilatze hutsa. Mosaiko baten pare, nobelen nobela josi zuen Perecek: ezin aberatsagoa, eta parekorik ez duena.[1]
Kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askoren iritziz —Enrique Vila-Matas eta Roberto Bolaño, esaterako—, Perecen eleberririk onena da La Vie mode d'emploi, XX. mendeko erditik aurrera idatziriko literatura maisulan handienetako bat. Liburua Raymond Queneauren oroimenari eskainia dago, eta Jules Verneren aipu batekin hasten da, Mikel Strogoff nobelatik hartua: "Zabal itzazu begiak. Begira ezazu".[1]
Zenbait adituk Jan Potocki poloniarraren Manuscrit trouvé à Saragosse lanaren eragina antzeman diote. Potockiren lana, era berean, Geoffrey Chauceren Canterburyko ipuinak eta Mila gau eta bat gehiago lanekin alderatu izan dute.[1]